Aurkibidea
LEHEN ZATIA
Ez da Rolex, ezta urrezkoa ere
Madrilgo March Fundazioan (1996)
Krokodilo bentzutuen begiradak
BIGARREN ZATIA
Inpresioa: lohi berdezko bi bolada
HIRUGARREN ZATIA
Arte irakasle (faltsu) baten arrangura egiazkoak
Drakula kondeari berakatza bezala
Bihotzean min dut eguraldia aldatzen denean
LAUGARREN ZATIA
Aurkibidea
LEHEN ZATIA
Ez da Rolex, ezta urrezkoa ere
Madrilgo March Fundazioan (1996)
Krokodilo bentzutuen begiradak
BIGARREN ZATIA
Inpresioa: lohi berdezko bi bolada
HIRUGARREN ZATIA
Arte irakasle (faltsu) baten arrangura egiazkoak
Drakula kondeari berakatza bezala
Bihotzean min dut eguraldia aldatzen denean
LAUGARREN ZATIA
Prestaketak
Madrilgo zita eguerdiko ordu bietan zen, Habana pasealekuko izen bereko hotelean. Arestian berrituriko hotela da, ez handiegia, txukuna. Gela bat erreserbatu nuen bertan, zer gerta ere. Suposatu nuen hantxe bazkalduko genuela; txarrenera, hau da, eginkizuna bazkariarekin bukatzen bazen, buelta bat emango nuen Madrildik barna, Soletik ez oso urrun liburu zaharrak saltzen dituen Esperanza anarko zaharrari egingo nion bisita, eta zerbait erosiko, agian. Ez zegoen kuidadorik, zer edo zer egingo nuen, besterik ez bazen Bernabeura joan, inon leitu bainuen bazegoela partida. Ez nekien Imanolek zer plan edukiko zuen, eta ez zitzaidan inporta; are, Madrilen dagoela bota ohi duen farra horietako bat nirekin bota nahi bazuen, latza zeukan, latza zeukanez. Ez nuen hortik zehar nabarmentzeko batere gogorik.
Zortziak aldera altxatu nintzen eta larruzko bidaia-poltsa prestatu. Badaezpada bi edo hiru alkandora, praka eta zapata pare bat sartu nituen. Bizarra egiteko gauzak, kolonia eta lozioak ere bai. Trajea janztea gehiegizko iruditu zitzaidan. Garrantzirik gabea ematen du, baina guztiz inportantea da zer itxura ematen duzun. Norekin elkartuko ginen oso garbi ez zegoenez, erdibideko aukera egin nuen. Zita Habanan bazen, ez zen uste izatekoa lau gosekilekin elkartuko ginenik, baina edonon eta edonorekin egonik ere ez dut maite inork pinguino bat naizela uste dezan. Praka beltza, alkandora argia eta jaka berde arruntak aukeratu nituen. Zapatak, Lotusse erosi berriak, fuerteak, gomazko zoladunak; inoiz ez da jakiten noiz aterako zaren lasterka edo inori ostikoa eman beharko ote zaion. Batek daki, Imanolekin. Gainontzeko zitakideak benetan finak izango ote ziren beldurrez, nire itxuraren arrunta orekatzeko, osagarrietan jarri nuen arreta: behin zor zahar bat ordaintzen ez zidan putakume bati kendu nizkion urrezko Rolexa eskumuturrean eta Cartierra alkandorako poltsikoan, Cross boligrafoaren ondoan. Jokamolde honek alde ona badauka; besteak dotore antzean ibiltzen badira, jo eta su inoiz ez hemen baino egokiago esana guztion zigarroak piztera Cartierrarekin, jo eta ke alkandoraren mahukak igotzera Rolexa ikus dadin, oharrak eta oharrak hartu Crossarekin. Aldiz, labanaz pasatzen ahal zaituzten zulo batean suertatuz gero, su eske ibili, mahukaren ertzari esku ahurrarekin eutsi eta boligrafoa poltsikora. Honi deitzen diot nik bizitza modernorako prestatua egotea, edota, solaskidea nor den, jarrera eklektikoa izatea janzteko orduan. Eta janzkera osatzeko, Burberrysa, udaberria aurrera zihoan arren eguzkia oraindik euria barra-barra botatzen zuten hodeien atzean ezkutaturik bizi zelako. Gabardinarekin ez dago arazorik: autoan utz daiteke, nabarmenegi gertatzen bada halako batean. Portafoliosean kalkuladora eta orri txuriak sartu ordenadore portaila eramatea demasakeria zen, eta ekipajea eginik zen. Azken orduan Argensolaren poemen liburua ere bota nuen alkandoren artean.
Bederatziak eta laurdenetan autoan nintzen. Lau ordutan erraz iritsiko nintzela espero nuen, baina ez nuen berandu iritsi nahi, ezta larri eta estu ibili ere; ez nion Golfari gehiegi sakatu nahi, bai banituelako ordurako lau isun abiadura zela-eta. Denak errekurrituak, bai, eta sekula ordaindu ez nituenak, konforme; hala ere nekagarria eta nazkagarria da zure isunekin batera eta bestera joan behar izatea.
Ordu biak hogei gutxiagotan autoa garajean eta nire ekipajea gelan zen, eta ni Habana Hoteleko tabernan eseri berria nintzen. Martinia seltzarekin eta ginebra tanta batekin eskatu nuen. Ordu laurden hori ongi etorriko zitzaidan atmosfera hartan girotzeko, lau orduko bidaiaren ondoren lasaitu eta buruko ideiak ordenatzeko. Baita zera ere; zerbitzariak edaria eta kakahuete ebitaezinak ekarri orduko atzapar batek jo zidan bizkarrean. Imanol zen, bera ere zitalekura nahikoa goiz iritsirik. Poliki-poliki, eta Imanolekikoak bukatu aitzin, bilera hartara etorri behar zuten gainerakoak bertaratzen hasi ziren.
Lehena berrogei urte inguruko kaskazuri bat zen, «Fuentes jauna, kontratista» Imanolek esan zuenaren arabera. Zertarako uka, Imanolek eta biok elkar ongi ezagutzen dugu, eta aurkezterakoan egin zituen keinuak zein solasera jaulki esamolde bitxi batzuek mezu jakin bat iritsarazi zidaten. Argensolaren eraginpean nengoelarik oraino, Imanolek helaraziriko mezua hagitz nire gisara interpretatu nuen: «Hau ez da Fuentes, ezta kontratista ere». Konforme, pentsatu nuen. Auskalo nor den Fuentes hau. Oso ohikoa da honelakoetan bat edo batek, edo batzuek, edo denek, nortasun faltsuak erabiltzea. Imanolek informazio hori niri emateko detailea eduki zuela, bakarrik. Dena den, tonuagatik eta ibiltzen zituen moduengatik, garbi adierazten zidan Imanolek Fuentes delako hura nik amultsu, poliki eta goxo tratatzea nahi zuela. Edateko beste zer edo zer gehiago, Imanol, esan nion orduan bestela bezala, besteak ikus zezan mezua harrapatu nuela. Ez, ez, ongi nago, erantzun zidan Imanolek, dena ulertuta esan nahi zuen aurpegia jarriz. Fuentes edo dena delako horri berdin zitzaizkion gure arteko jokoak. Zena zelarik ere seguru ari zen, kezka handirik gabe. Oso modu heziak eta txeratsuak erabiltzen zituen, ikusten zitzaion ohituta zegoela jendaurrean ibiltzen, jendea eroso sentiarazten. Eskola bazuen. Kasu, pentsatu nuen, hau ez da arropa zuzena, hau amuarraina baino labainkorragoa da. Sentsazioa areagotu egiten zitzaidan iruditzen zitzaidalako Fuentes kaskazuria aurretik inon ikusia banuela. Eta, egia esatera, nik ez dut kontratista askorik ezagutzen. Nire espezialitatea ez delako, batez ere.
Fuentesek ustekabean harrapatu ninduen galdera egin zidan, frantsesez ba al dakizu?, horixe galdetu zidan. Egia esan, orduan ez nekien asko-askorik; nire mailaren berri, labur eta zehatz, nola eman hausnartu ondoren, zerbait esaten hasi nintzela azken bi gonbidatuak azaldu ziren. Berrogei eta koska dituen tipo luze eta argala eta hogeita hamar inguruko neska ilehoria, Belmondorekin erresistentziari buruzko pelikula bat egitetik etorri berri izateko itxura guztiarekin, bizikleta eta kapelua edo boneta falta bazituen ere. Arraioa, afera interesgarri jartzen ari da, esan nuen nire kautan. Monsieur Carreaux, Madame Lasalle, jakinarazi zidaten. Agur dorpeak trukatu genituen, Carreauxek eskuak astinduz, eta denok elkarren hizkuntza ez jakitea deitoratuz, haiek espainol kaskarrean, Imanolek eta biok frantses lotsagarrian. Neskak burua mugitu zuen, eta hori izan zen dena. Goazen bazkaltzera, esan zuen norbaitek.
Fuentesek eraman zuen elkarrizketaren nondik norakoa. Bera zen frantsesez hobekien mintzo zena, eta, bestalde, bistan zen kontua aurretik hitz eginda zeukatela. Carreaux jauna eta Lasalle andrearen interesak ordezkatzen ditut, edo horrelako zer edo zer esan zuen. Neskak, Lasallek alegia, apur bat egiten zuen gazteleraz. Fuentes hariari lotu zitzaion berehala.
Henri Toulouse-Lautrec margolari frantziarra ezagutzen al duzu? Horixe galdetu zidan.