Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Ez da zerua, ezta urdina ere

 

Berrogei urte bete eta gero, iratzartzen zarelarik, inon minik ez baduzu, hilik zaudela seinale. Halaxe dio esaera aski famatu eta ironiko samar batek. Esaldi horren arabera, nik hilik egon behar nuen goiz hartan. Ez nuen minik inon. Berez pozik egoteko modukoa bazen; halarik ere, mesfidati naiz nortasunez. Gaurko onura biharko galera dela pentsatzen duen horietakoa, non fida, han gal dioen esaera zaharraren zale.

        Zerk egin nauen honelakoa —ezerk egin banau, hau da, ez banaiz naizen bezalakoa nire baitako esnea, odola, pozoia edo dena delakoa horrelakoa delako— errepasatzen eman nituen laranjak zukutzeko behar nituen minutuak, eta dutxa azpira sartu nintzen laidoen zerrenda luzeegi egin aitzin. Gehiegizko kezka ibiltzen dugu geure buruarekin, inori —Jainkoari ala Naturari, Historiari ala Espeziaren Bilakabideari— benetan inporta bailion. Gehiegizko kezkaren aldapatik labain egiten hasiz gero, ezer ez garela aitortzera nahiko aise irits daiteke. Beti eduki dut aitormen hori egiteko tentazioa, baina, azal ez ditzakedan arrazoiak medio, ez naiz inoiz urrats hori emateko prest izan bere ondorio guztiekin. Une horretan bertan, bor-bor egiten zuen kafe egin berria izan zitekeen urratsa ez emateko arrazoirik pisuzkoena. Hori eta Argensolaren poemaren kontura nerabilen gogoeta. Ez da zerua, ezta urdina ere.

        Kafea eta geroko zigarroak beste jende asko ere bidaltzen duen toki horretara eraman ninduen, nobeletan, propio asmo eskatologikoaz eginda ez direnean bederen, ia inoiz aipatzen ez diren eginbeharrak betetzera; zenbat aldiz gertatzen da hantxe zaudela, jardunean, telefonoak hots egitea. Halabeharrak hala agintzen du. Kontu oso aipatua da; halabeharraren apeta horien karietara sortu esaera zaharrez beterik daude munduan diren hizkuntzak. Behingoz, telefono-deiak, Argensolaren sonetoa berrirakurtzen, bigarren zigarroa eskuan munduari aurre egiteko gertu nintzela harrapatu ninduen. Nire ziegakidea izandakoa zen. Lan bat proposatu nahi zidan.

        Errealitatearen marraz bestaldeko gizon inprobablea naiz. Ez du horrek esan nahi gizon aparta naizenik, edo inor ez bezalakoa, edo dozenan gutxi sartzen den horietakoa. Ezta hurrik eman ere. Aitzitik, arrunta naiz. Hala ere, ez dut ukatuko nire biografiaren zenbait pasarte ez direla oso arruntak. Ez zait gehiegi gustatzen horretaz mintzatzea; are, txarra naiz nire biografia kontatzen saiatzen naizenean. Fetxak nahasten ditut, jazoera garrantzizkoak —denek nik bezain ongi ezagutzen dituztelakoan— ahazten, detaileak ematen gakoa eman aitzin. Denoi gertatzen zaigula uste dut, gehiago edo gutxiago.

        Bi aldiz egon naiz kartzelan. Lehen aldia aspaldi izan zen, hain ezagun egin den erakunde armatuaren komando batean aritu izan eta gero. Lehenengo hartan espetxez espetxe erabili ninduten, eta espetxez espetxeko joan-etorri hartan ezagutu nuen ziegakidea, dei diezaiogun, zerbait deitzeagatik, Imanol. Ziegakidea —hau da, Imanol— oso garrantzizkoa da nire bizitzan, handik atera ginenean, munduari begiratu eta «orain zer?» geure buruari galdetu genionean aterabidea eskaini zidalako. Ez nau besteengandik gehiegi bereizten 72-76 bitartean ziega batean egon izanak, beste askok pasatu baititu lau urte, baita gehiago ere, modu horretan. Imanolek eskainitako aterabideari heldu izanak bereizten nau. Horrek egiten nau inprobablea. Nork bere bizimoduari eman dion irtenbideei begiraturik, denetarik ikusi ahal izan da. Horretaz baliatzen dira nobelistak, gero eta gehiago. Orokorrean, galtzak nondik janzten diren ez dakigun atzeratu tropelaren antzera marrazten gaituzte. Merkatuaren eskaera, nonbait. Zerbait erakusten ari direla uste dute; ez dira konturatzen benetan euren erdipurdikeria eta inozokeria baizik ez direla erakusten ari, gehienetan. Baina ez naiz horretaz ariko, ni ez naiz literatur-kritikaria.

        Bizitza gauza benetan bitxia da, ustekabez beterikoa. Nik, adibidez, 83an ezagutu nuen berriz kartzela. Oraingo honetan urtebete egin nuen giltzapean. Iruñeko Katedraletik lau kaliza eta Ama Birjinaren eskultura bat eraman zituzten, halako batean. Bada, horregatik kartzelaratu ninduten.

        Inprobablea naiz, ezen ez ezinezkoa. Eta errealitatearen marraz bestaldekoa. Izan ere, zer da errealitatea? Bada errealitate arrunt bat, jende gehienak, ustez, ezagutu eta bizi duena. Kazetetan eta telebistan, «mediak» izenarekin ezagutzen diren horietan azaltzen dena. Athletic-en golek, ospe handikoen ezkontzek eta zergen igoerek osatzen duten errealitatea da. Egunero lanera joateaz eta haurren bila abiatzeaz beterikoa. Eta bada beste errealitate ezkutu bat, marra horretatik harantza jaio eta hazten dena. Ez pentsa gero lau arraro edo bost txororen kontua denik. Beste bigarren errealitate honen barruan bada hainbat mundu jori eta oparo, jende eta, batez ere, diru asko mugiarazten duena, bere arau propioak dituena, bere jokabide bereziak. Kontrabandisten mundua, esatera, edo poliziena, edo eta ni bezalako iruzur-egileena. Lapurrena, zerbitzu sekretuena, trafikanteena, hiltzaileena; ekilibristena, mugalariena.

        Ez da justu legez kanpo dabiltzanen mundua, ez dut hori esan nahi. Izan ere, legeak ezar dezake marra bat, harrapatzen zaituztenean. Baina harrapatzen zaituztenean, orduan eramaten ahal zaitu, bakar-bakarrik orduan, marraren alde ezagunera. Aitzitik, gorabehera asko dira marraz bestaldera, marraz besteko alderdi ezkutura, eramaten ahal zaituztenak. Esatera, gogoan dut kartzelan, bigarren egonaldi hartan, jonki bat ezagutu nuela. Gero ikusi nuen berriro, denbora luzexka pasatu ondoren. Droga utzia zuela esan zidan. Kasualidadez egin genuen topo, egun batez, kalean. Oso itxura txarra zeukan, barruan zegoenean baino txarragoa. Nik agurtu eta alde egin nahi nuen, presaz nenbilela estakuru, baina geldiarazi egin ninduen, berarekin egonarazi ninduen pare bat orduz. Hiesak jota zegoela aitortu zidan. Hiesa zer zen ere kasik jakiten ez zen garaietan zen. Nola sentitzen zara, galdetu nion. Erantzun zidan bere bizitza ez zela lehen bezalakoa. Bere burua logika guztietatik kanpo ikusten zuela. Dena erreala ez balitz bezala ikusten zuela. Bada, kanpo egoteko esperientzia horri esaten diot nik marraz bestaldera egotea. Minbiziak jota daudenen kasua ere antzerakoa da, edo izan daiteke. Zerua ez dela zerua, ezta urdina ere dakitenen mundua da marraz bestaldeko hura.

        Bai, errealitatearen marraz bestaldekoa naiz, peto-petoa. Marraz bestaldekoa, inprobablea bezain. Marraz bestaldekoa, egiazkoa bezain. Errealitatearen bestaldeko hartako munduak, mundu bakoitzak, bere lurraldeak eta bere trikimailuak ditu. Bere jokamoldeak. Mundu horiek isolatuak ohi dira, bakoitzak bere bideak eta bere logikak ditu. Baina ez dira estankoak, eta batzuetan gertatzen da mundu horietako ordezkari batzuk elkarturik suertatzea. Topaguneak bitxiak ohi dira, mutur-muturrekoak. Jende arrunta elizan, zineman edo tabernetan elkartzen da. Gure klasekoek putetxea, komisaldegia, kartzela, epaitegia, hiloztegia izaten dute topaleku. Elkarren arteko harremanak laburrak izaten dira, baina oso aberasgarriak.

        Haatik, guztiarekin ere, harrigarriena, paradoxarik handiena da, marraz alde batera zein bestera egon, denok garela, funtsean, berdinak. Jende askok uste duenaren aurka, mundu ezkutu horien eragileak eta mundu ezagunen eragileak —non eta berberak ez diren— behar berberak ditugu, bizipen antzeratsuak, ideia antzekoak. Badakit aitorpen honek zinismoaren goren gradua lirudikeela; bai, badakit batzuen eta besteen arteko diferentziak ere funtsezkoak direla. Baina ez dira, inondik inora, erabatekoak. Geu ere gizakiak gara. Eta aldarrikapen hau egiten badut, arrazoia da jende xaloak, maiz, ezin dezakeela sinetsi gure baitan lora litekeenik gizatasunaren landarea. Baita bere agerpen gorenetan ere. Gure bihotzean, gainerakoenean bezala, loratzen dira zalantza eta beldurra, gorrotoa eta maitasuna. Eta arte ederraren nahia. Jende xaloak bestelakoak garela uste izateari ateratzen diogu guk, hain zuzen ere, etekina.

        Kartzelan egon bitartean ikasketak bukatu nituen. Soziologia, zehatz esanda. Soziologia ikastea ezertaz ez jakiteko bermerik handiena duzue. Baina nire kultur ondarea handiagotzeko eta hobetzeko baliagarria izan zitzaidan. Zehaztapen hau egin beharra daukat. Ez dakit ezertaz, baina badut irakurtzeko eta hausnarketarako halako joera bat, oso nirea, oso neure kasa landua, hagitz autodidakta. Harro nago joera horretaz, daukadan tasunik nireena delako, alde batetik, eta nire zalantzazko lanbidean tresna garrantzizkoa zaidalako. Ez pentsa, kolpe guztiak ez ziren Iruñeko Katedralekoa bezain gaizki atera. Afera batzuk ongi atera ziren. Horrek irabaziak ekarri zizkidan. Ez naiz aberatsa baina, tira, moldatu egiten naiz. Badut nire bestaldeko jardueren estalkia —zerga-estalkia, bizi-estalkia— egiten duen arte-galeria txiki bat. Inoiz behin buelta bat ematen dut, baina ez nago, ez horixe, galeriari kateaturik. Galeriak han lan egiten duen neskaren soldata eta gastuak ordaintzeko beste ematen du berez; galerak sortzen ez dituen bitartean, nahikoa da, ongi doa. Batzuetan zer edo zer irabazten da, gainera. Nire hausnarketarako joerari, nire posizio ekonomikoari eta nire galeriari esker, jada ez nabil Katedralean lau kaliza xixtrin ebastera sartu behar izan nuen garaian bezala. Lanak aukeratzeko eta ongi pentsatzeko moduan bizi naiz. Mugalariek, mugalari guztiok ordaindu behar izaten dugun petxaren bat gorabehera, ase eta libre bizi naiz. Gehiago espero al nezake?

        Lanak aukeratu ahal izatearenak badu bere zera. Adibidez, ezagutzen ditut besteen miseriari etekinak ateratzen ibiltzen diren tratante lotsagarriak, lehen Sobietar Batasuna zena edo Kuba odolustetik bizi diren izainak. Ez dut ukatuko nork bere burua ederresteko tentazioa handia dela; alabaina, orain arte duintasunean ibili ahal izan naizela esan dezaket. Badakit hau dela nire puntu ahula, badakit ez naizela Robin Hood, ezin izango dudala beti berdin jokatu, lehenago edo beranduago lohitu egingo naizela. Lohitu diodalarik, nire begietara lohitu esan nahi dut; gainerakoan badakit besteen begietara zeharo lohiturik nengokeela zertaz eta nola bizi naizen jakingo balute. Izan ere, nola mintza daiteke duintasunaz, azken finean, eta bere gordinean esanda, iruzur-egile, faltsarioa, lapurra dena? Horixe da errealitatearen alde ezagunean bizi den herritar batek egingo lukeen lehenbiziko galdera. Badakit. Zer egingo diogu: kontuak kontu, ez dut lo egiteko arazo handirik, kontzientzia lasai dudalako adibide. Eutsiko diot ahal den denbora guztian. Errealitearen marraz bestaldekoentzat herritarraren logika horrek ez du balio, halakoxeak dira gauzak.

        Izan ere, zer da errealitatea? Imanolek telefonoz hots egin zidanean lan baten eskaintza egiteko, justu bigarren zigarroa erretzen ari nintzenean, Leonardo de Argensola izeneko poeta espainiarraren soneto bat irakurtzen ari nintzen. Naturalezak engainatu egiten gaituela dio sonetoak, denok ikusten dugun zeru urdin hori ez dela zerua, ezta urdina ere. Sonetoa XVII. mendekoa da, eta horixe da soneto ederraren azpian dagoena, errealitatearen gaineko hausnarketa hori. Filosofiak, filosofia modernoak esan nahi dut, edo estetikak ez dio gai horri bi mende geroagora arte heldu; eta orduan, heldu diolarik, erakutsi digu edo azaldu nahi izan digu errealitatea anitza dela. Pertsonok errealitatea deitzen dugun hori geure subjektibotasun konbentzionalaren adierazgarria baino ez dela. Eta zeruaren, zeru urdinaren adibidea ezin egokiago dator: zerua gas batzuen proportzio jakineko nahasketa da, eta gas horietako bakoitzak bere molekulak eta bere atomoak ditu, eta atomo horietako bakoitzak bere protoiak, bere elektroiak eta abar. Hori ere errealitatea bada —eta errealitate fisikoa, errealitate fisiko sakona, nahi bada, halaxe delakoan nago—, zer koloretako da elektroia? Urdina? Baina elektroiarena guk gure begiz atzeman ahal ez dugun errealitatea da, jakina. Guk asmatua edo deskubritua izanik ere. Eta horixe, guk asmatua izatea, ez bada engainurik handiena. Hortaz, guk ezin atzeman dezakegun errealitateak ez du kolorerik? Edo, beste modu batez esanda, gure errealitate konbentzionalak baizik ezin dezake kolorerik eduki? Ez da zerua, ezta urdina ere. Hauxe pena —bukatzen du Argensolak, arranguraz— edertasun hori guztia egia ez izatea! Denarekin ere, txundigarriena da ikustea intuizio poetikoa bi mendez aurreratu zaiola filosofia modernoari eta zientziari. Non eta betiereko filosofia eta betiereko poesia horri bueltaka ibili direla onartzen ez bada, behintzat.

        Hari horretatik ari nintzen Imanolek deitu zidanean. Hain zuzen ere, hauxe pentsatzen ari nintzen, iker zitekeela, baita ere, intuizio hori Argensolarena ote zen bakarrik edo eta orduko poesian —Europakoan bederen— zebilen ideia ote zen, ideia orokortua. Hori nerabilen buruan, hori eta arte modernoaren irudigintza, eta arte modernoaren ezaugarria den irudigintza errealistatik alde egiteko ahalegina, errealitatea atzemateko beste modu baten bila —errealista ez dena— ibiltzea baizik ez dela, Argensolaren esaldi-gako horretatik abiaturik uler daitekeela mende honetako artegintza: ez da zerua, ezta urdina ere. Edo esaldiak artearen garapen hori ulertzeko bidean jar dezakeela edonor.

        Imanolek zita jarri zidan bi egun geroagorako, Madrilgo hotel batean, eguerdian. Lagun batzuk aurkeztu nahi zizkidala esan zidan.

        Horrelaxe esaten du beti. Esaldi labur eta erraz horrekin irekitzen dira beti zeruetako —urdinak izan edo ez— eta infernuetako ateak.