Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Sean Connery

 

Kartak mahai gainean jarri ziren egunean erabakitako lehen gauza Albiko Museoan ikertzaile moduan aurkeztuko nintzela izan zen. Askoz logiko eta errazagoa zen galeria-jabe gisa aurkeztea, baina denbora ez oso luze zela zuzendariari karta egin nionez, neure egiazko izenez eta galeriaren aitzakian, bide hori erreta zegoela erabaki genuen. Izan zere, zioen Yves Carreauxek, Espainiako bi galeria-jabe, hain denbora laburrean, ez dakit ba. Arrazoi zuen. Espainiako ez, Euskal Herriko, setatu nintzen. Egia esan, identitatearen kontua, une hartan, bigarren mailako afera zen. Baina ez nion denetan eta besterik gabe arrazoia eman nahi Carreaux hari. Euskal Herrikoa, konforme, esan zuen, malezia pittin batez. Luze gabe damutu egin nintzen ateraldia bota izanaz, ondorio txarrak eduki baitzituen.

        Ederki ba! Beraz, ikertzailea, ikertzaile euskalduna, horra, bota zuen Yvesek. Barkatu, Yves, esan nion; konforme, ikertzaile bezala aurkeztuko naiz. Eta euskalduna, izan, halakoxea naiz, bai. Baina ez da zertan bi gauzak nahastu. Ez da beharrezkoa «ikertzaile euskalduna» bezala aurkeztea, alegia. Kontra eman nituen arrazoi guztiak —bihurria eta zaila zela, sinesgaitza, eta neronek bete ezin nezakeen papera, azken finean— on zitzaizkion fartsante hari. Ez al gara gelditu euskalduna zarela?, gozatzen zen. Hala da, noski, bihurria, nahasia eta bitxia. Horrexegatik da ona. Nor mesfida liteke, nork pentsa lezake norbaitek halako mozorro barregarria hauta lezakeenik? Yves tematu zen, eta nik ez jakinki kontrako arrazoiak frantses txukunean adierazten. Areago, aurka egiteak ezizena ere ekarri zidan, zeren, Yvesek proposamena egin zuelarik, nik honela erantzun bainuen, c'est un connerie. Alegia, ergelkeria, ergelkeria handia zela. Ez jakin nik «connerie» hitza, frantsesez, «la, une» artikuluekin egiten dela. Eta nire frantsesez ebakitzeko modua ez izaki sobera ederra. Hortaz, gauzak «se an conneri» edo egingo zuen. Yvesek orduan azkar demonio arrapostu, trufa begietan, Sean Connery? Modu ergel horretantxe erabaki zen operaziorako gerra-izena. Sean Connery. Horra hor bataio bitxia. Ez zidan batere graziarik egin; gutxienekoa izena zen. Yvesen ageriko modu txeratsuen azpian ezkutatzen zen gehiago-ustea, nagusitasuna eta erdeinua ziren eraman-zailak. Daukadan irribarrerik xurienarekin onartu nituen txepelkeria horiek. Errebantxa hartzeko unea iritsiko zen. Aurkezpen-gutuna, gomendiozko karta, horrelako zer edo zer beharko duzu Albin sartzeko. Ikusiko dut zer egin dezakedan, erantzun nuen. Imanolekin mintzatuko nintzen. Berak bilatuko zidan modua gomendiozko karta behar den bezalakoaren jabe izan nendin. Unibertsitateko irakaslea, agian. Euskal Kulturaren Aldeko Fundazioren bateko bekarioa, apika. Kazeta baten berriemailea, beharbada. Hori ez zen problema handia izango, inola ere ez, oso bigarren mailakoa baizik.

        Zer dakizu inpresionismoaz, galdetu zidaten berriro. Nik nire matraka bota nuen, ikasle onaren antzera. Hau-tori-tura, marmarmar. Bukatu nuenean Yvesek Margoti begiratu zion, zer iruditu zaizu? Margotek bekainak altxatu eta ezpain itxiak luzatu zituen. Ez zirudien oso konforme. Ez dago gaizki, esan zuen. Didaktikoegi eta klasikoegi nire gusturako, baina oinarria bada. Beharrik, pentsatu nuen, irakasleak nahikoa jarri dit. Nik uste dut komeni zaizula izenak, koadroen izenburuak eta fetxak alde batera uztea, ahal den neurrian. Nabari da ez dela zure fuertea. Erudizioan ez diozu Albiko Museoko zuzendariari, Cartailhac andreari, alegia, alderik aterako; aitzitik, horietako daturen batean kale eginez gero zerbait susma dezake, sorgin halakoak. Sorgina deitzeko erabili zuen tonuaren nolakoak zertaz ari zen bazekiela uzten zuen agerian. Zure kasuan, ahal den gutxien mintzatzea da onena; hizkuntzaren ezagutza hala moduzkoari egotzi zure akatsen errua. Bestalde, zuk zeuk eskatu bezala, zenbait ideia-txikle emango dizkizugu. Lan egin beharko duzu apur bat. Ongi iruditzen al zaizu?

        Gehiegi lan egiteak ez ninduen tentatzen, baina hizkuntzaren ezagutza hala moduzkoari akatsak egoztekoari, aldiz, oso egokia iritzi nion. Horretan ez nuen lan handirik egin beharrik izango, hizkuntzarekin, esan nahi dut. Lika, aspertzeraino luzagarri eta bukaezin, kontraesankor, hau da, txikle moduan irudikatzen nituen ideiei zegokienez, Margot ari zen, orduan bertan, lehenbizikoa ematen: inpresionisten programaren izaera kontraesankorra da XX. mendeko errepresentazioa hondamendira eraman zuena [7]. Ideia horrek despistatuko du Cartailhac andrea. Berak arte japoniarraren eta Lautrecen ilustrazioaren arteko harremana ikertu du batez ere. Arte japoniarraren kontuan, zu isilik, entzun besteak esango dizuna, ageri ezazu miresmena, poza, kontatuko dizkizunengatik, fereka ezazu bere banitatea. Banitatea ferekatu egingo diot, lasai, zurrupatu ere egingo diot beharrezkoa bada, baina azalduko al didazu zer esan nahi izan duzun inpresionisten programaren izaera kontraesankorraren ideia horrekin, mesedez? Esan nahi izan dut inpresionistek uste zutela zekitena alde batera utzi eta ikusten zutena pintatzera iritsi zirela, ikusten zutena baizik ez. Esan nahi izan dudana da, halaber, begi errugaberik, kutsatugaberik, kulturizatu gaberik ez dagoela, alegia, ikustea, ikusizko pertzepzioa guztiz baldintzatuta dagoelako, fisikoki, kulturalki. Ezin daiteke, ezinezkoa delako, konbentzio, arau eta teknika guztiak bazter utzi ikusten dena pintatzeko, aurretik ezer egon izan ez balitz bezala, margolaria bera inolako eraginik ez duen izakia balitz bezala. Beste modu batean esanda, ikusizko pertzepzioan ezagutzak paper bat jokatzen du, ez garrantzirik gabea, ez nolanahikoa. Ezin gara dakigunaz erantzi, praka edo jertsea erantziko bagenitu bezala. Hori jende arruntaren baitan ere ikusten da; orain ehun urte guztiz konpreniezina zena egun korrientea da, normala. Inpresionisten lanak berak horren adibide. Hortaz, inpresionisten proiektua oker zegoen oinarri-oinarritik, abiapuntutik. Errakuntza horrek, alabaina, mila ate ireki zizkion margolaritzaren garapenari, baina ate horietako bakoitzak bide berri bat erakusten zuen, eta bide horietako bakoitzak eramaten zuen, ezinbestean, irudi errealistarik gabeko errepresentazio moduari. Azter ezazu Cézanne, pixkatxo bat baizik ez bada. Pissarro miresten zuen, eta alde horretatik, oinarria inpresionista du, baina bere ikerkuntza piktorikoan aurrera egin ahala inpresionismoaren teoriak ez zaizkio aski, eta bere subjektibitatea adierazteko formula berriak frogatu behar ditu. Saiatu-okertu-zuzendu eskemarekin egiten duen ibilbide horretan perspektiba bera ere alde batera uzteko gertu dago, eta, hara, egin zituen esperimentu teoriko guztiek kubismoari ireki zioten atea. Cézanne ez ezik, Gauguin eta Van Gogh daude abangoardia guztien jatorrian. Lautreci gagozkiola, ohiko kritikaren arabera, zuzena da esatea ikaskuntza akademikoaren ikasgaiak ez ezik, inpresionisten eraginak bereganatu zituela, baina azkenik oso bide pertsonala jorratu zuela, eta grafismoaren molde berrientzat izan zela ataka, jarraibide eta ispilu izan zela. Hori da zuzena, esan behar dena, gaur egun esan ohi dena. Pixka bat zirikatu nahi izanez gero, aurka egin nahi izanez gero, hasieran «espresionismoa»deitu eta benetan abangoardia guztien mintegia zen korrontearen bultzatzaile handienetako bezala jartzen saia zaitezke, Van Gogh eta Munchen pare. Hortik eratortzen dira Kandinskyren abstraktua, Kokoschkaren bide independentea, Groszen Objektibitate Berria, Chagall, Modigliani, eta, azken-azkenik, Bigarren Gerra Handiaren ondorengo New Yorkeko Eskola, Pollock eta De Kooning ordezkari nagusi direla.

        Joan-da-harrapa-zak, horrelako zer edo zer esan nahi bide zuen Carreauxek buruarekin egin zuen keinuak, justu nik, mende honetako artearen errepaso supersonikoak zorabiaturik, bere ipurdiari zeharkako begiradak botatzen nizkionean. Carreauxen sakelako telefonoak hots egin eta isildu egin ginen. Dena ongi doa, Thierry, bai, laster bilduko gara laurok. Thierry?, galdetu nuen. Bai, laugarren sozioa da, jakinarazi zidan Carreauxek, telefono deia bukaturik. Alderdi teknikoaz arduratzen dena da. Laugarren sozioa bazegoela entzun nuen lehen aldia izan zen.

        Zer egingo dut Albiko Museoan sartzen naizenean?, jakin nahi izan nuen. Harremanetan sar zaitez Cartailhac andrearekin, kontrolatu ahal duzun guztia, eta, batez ere, Camembert horretaz zer dagoen enteratzen saia zaitez: hau da, Gauziren lekukotasuna fidagarri iruditzen zaien, hala izatera euren ustez zein den koadroak korritu ahal izango zukeen bidea, badenik edo inoiz aurki zitekeenik uste duten, zer izenperekin sinetsiko luketen... Kontuan har ezazu gauza horiek funtsezkoak direla guretzat; hobe esanda, funtsezkoa zaiguna da kontu horietaz Lautrecen ondorengoek zer uste duten. Azken batean, euren adituek egiaztatu beharko dute Camemberta autentikoa dela. Egon zaitez lasai: bertan zaudela emango dizkizugu argibide zehatzagoak. Ez da komeni inork gu laurok elkarrekin ikusterik. Hortaz, Margoten bidez edukiko ditugu kontaktuak, eta ez gara elkartuko guztiz beharrezkoa denean baizik. Albira baino lehen, Margotek prestatuko zaitu, ideia-txikle batzuez hornituko zaitu barregarri geldi ez zaitezen. Zure irakaslea dela egin ezazu kontu. Margot eta bion begiradak gurutzatu ziren. Bazegoen burla pixka bat bere begietan, gainerakoan espresioa serioa zen arren, agian buru barrutik zebilkidana zer zen bazekiela uste zuelako. Gastuak edukiko ditut. Noski. Hori ez da problema. Madrilen emaniko dirua bukatzen zaizunean, eman fakturak Margoti eta dirua aurreratuko dizugu, berriz ere. Bada ulertzen ez dudan zerbait. Une horretan baikor nintzen; izan ere, bazen ulertzen ez nuen makina bat gauza. Bota. Nor arduratuko da koadroaren aurkikuntza egoki aurkezteaz eta, ondoren, merkaturatzeaz? Hori nire kontu, esan zuen Carreauxek. Pentsatuta ere badaukat, gutxi gorabehera. Zuk emandako informazioaren arabera alda genezake detaileren bat edo beste.

        Esan behar dut Lasalle eta Carreaux serioak zirela, profesional onak; hau da, ez zirela edozein txapuza eginda konforme geldituko zirenetakoak. Esan ere halaxe esan zuten beste ezer baino lehen. Denbora badaramagu negozioa prestatzen, ez dugu koadro arrunta egin nahi. Gauza kategoriakoa izango da, edozein engainatzeko modukoa, goi, oso goi mailakoa. Xede horretan ari gara dirua, denbora eta ahalegina xahutzen. Gure negozioa ongi ezagutzen duen edonork badaki profesionalen arteko mailak bereizten. Hauek onak ziren, detaileei arreta jartzen zietenak. Presarik ez zutenak, hala moduzko kolpea eman eta lau sos eskuratzearekin konformatzen ez zirenak. Nire eskarmentuak, nire sudurrak horixe salatzen zuten. Gainera Imanolek bere garantia eman zuen. Zertarako ukatu, niretzat ere aurrerapausoa izango zen nire ogibidean, curriculumean ederki luzituko zuen. Gogoberotu nintzen apur bat; kilikagarria izango zen. Horrek lagundu zidan nire jaiotzetiko sen mesfidakorra isilarazten. Ez horrek bakarrik, dena esango badut; aitortu beharko une horretantxe bertan nire sudurretik nahikoa gertu kulunkatzen zen ipurdiak ere zerikusia zukeela. Ahula naiz.

        Hala ere, 50 liberako billete bat poltsikotik atera eta hari begira jarri nintzen, izkinan letra txikiz idatzirik dagoena irakurtzeari ekin niolarik: «La contrefaçon de la falsification des billets de banque et la mise en circulation des billets contrefaits du falsifiés sont punies par les articles 442-1 et 442-2 du code penal de peines pouvant aller jusqu'a trente ans de reclusion criminelle et trois millons de francs d'amends». Zein izan liteke niri aplika lekidakeen artikulua? 442-3a? 443a, 444a?, jakin nahi izan nuen. Carreauxek lutoki egin zuen irri. Imanol jaunak potroak zenituela esan zigun, gizon zaildua zinela. Potroak? Gorringo biko parea, alajaina. Baina nire koskabiloak ez dira debalde. Carreauxek irri, berriz ere. Zure partea ehuneko hirua izango da. Inork espero ez duen ezbeharrik gertatuz gero dirua galtzen ateratzen bagara, galeren laurden bat zure kontu. Bitartean, dirua geuk aurreratuko dugu.

        Irabazietako ehuneko hirua eta galeretako ehuneko hogeita bosta!? Sutan jarri nintzen. Nahiko luze jo zuen eta, hemen errepikatuko ez dudan eztabaida gogor baten ondoren, akordio batera iritsi ginen: gastu orokorrak kendu ondorengo ehuneko bosta niretzat, mantenu-gastuak (ostatua, janaria, kilometroak) gastu orokorretan sartuko zirelarik. Nire lanaren partea betetzean sor litezkeen bestelakoak —sobornoak, material bereziren baten eskuratzea—, nire kontu. Diru-galerarik egonez gero, gastuen ehuneko hamabosta. Ez zegoen gaizki. Koadroa salduta 10-15 milioi libera ateraz gero —eta inork ez zuen uste salneurriak horretatik behera joko zuenik—, gastuetarako ehuneko hamarra kenduz, eta nik neronek ordaindu beharrekoak oso handiak izango ez zirelakoan, 500.000-600.000 libera irabaz nitzake, hau da, 12 edo 15 milioi pezeta. Operazio guztia burura eramateko urtebete beharko bazen ere, nire lanak hiru edo lau hilabete iraun zezakeen, gehienez ere. Txarrenean jarririk ere (adibidez, 10 kilo lau hilabetetan), asuntoa ez zegoen batere gaizki, batez ere inork ez zuela benetan uste galerarik sor zitekeenik. Era txarrean saldu behar izanez gero ere, bigarren edo hirugarren mailako galerista eskrupulo txikiko baten bidez saldu behar izanez gero ere, inozoren bat engainatu eta ziria sakatu behar izanez gero ere, zerbait aterako zen. Eta kartzelara joateko arriskua ez zen sobera handia: lehenik erori egin behar zen, erorita ere ikusi egin behar zer froga zitekeen gure aurka. Carreauxek esan bezala, porrot egitea litekeena zen, baina kartzelarik ez genuen erraz edukiko, txukun jokatuz gero. Hirurok eman genion bostekoa elkarri. Zalantzarik gabe, jende xarmant eta hagitz interesgarria ezagutzen ari nintzen. Elkar ulertzeko elkarrekin mintzatzea bezalakorik ez dago, jakinarazi nuen. Alabaina, zergatik antolatu didazue galeria faltsuaren jolas zakar hori? Elkarri begiratu zioten, nork erantzun behar zuen erabakitzen ariko balira bezala. Carreaux mintzatu zen, sorbaldak gora eramanez. Azken prekauzioa baizik ez zen. Ikusi nahi genuen zure erreakzioa. Oinak lurrean tinko jarririk behar ditugu hurrengo urratsa eman aitzin.

        Carreauxek azken bromarako astia eduki zuen. Uztazu inor inpresionatzen ez duen Rolexa etxean, eta eros ezazu sakelako telefonoa, hori baita garaiko semea zarela egiaztatzen duen agiria. Hori zer da, gastu orokorra edo nire konturakoa? Carreauxek irri, orduan, sekula baino fuerteago. Umore onean zegoen egun hartan, nonbait. Espainol hauek...! Euskalduna. Carreauxek malkoetaraino irri. Irri egin ezak, kabroi halakoa, pentsatu nuen. Denaren gainean jakitun hagoelakoan eta heuk ere ez duk bereizten Rolex autentikoaren eta faltsuaren artean.

        Zeren, orain arte aipatu ez badut ere, Carreauxek ez baitzeukan, Madrilen esan bezala, Toulouse-Lautrecen Camembert honezkero famatu hura. Ez zen, inondik inora ere, koadro horren jabe. Eta ez zekien non zegoen, eta ez zekien nork zeukan, eta ez zekien inon bazegoenik ere. Zeren, Carreauxek zeukan benetako asmoa Lautrecen Camembert hura faltsifikatzea baitzen.

 

        [7] Ernst Gombrich - Didier Eribon, aipatu liburua.