Aurkibidea
LEHEN ZATIA
Ez da Rolex, ezta urrezkoa ere
Madrilgo March Fundazioan (1996)
Krokodilo bentzutuen begiradak
BIGARREN ZATIA
Inpresioa: lohi berdezko bi bolada
HIRUGARREN ZATIA
Arte irakasle (faltsu) baten arrangura egiazkoak
Drakula kondeari berakatza bezala
Bihotzean min dut eguraldia aldatzen denean
LAUGARREN ZATIA
Aurkibidea
LEHEN ZATIA
Ez da Rolex, ezta urrezkoa ere
Madrilgo March Fundazioan (1996)
Krokodilo bentzutuen begiradak
BIGARREN ZATIA
Inpresioa: lohi berdezko bi bolada
HIRUGARREN ZATIA
Arte irakasle (faltsu) baten arrangura egiazkoak
Drakula kondeari berakatza bezala
Bihotzean min dut eguraldia aldatzen denean
LAUGARREN ZATIA
Yvette-Carmen-Margot
Ez dut inoiz pentsatu ipurdia dela emakume baten parterik erakargarriena. Jakina, inportantea da, guztiz ikusgarria eta aintzat hartzekoa, baina, aukeran, beste parte batzuk ditut nik garrantzizkoagotzat. Izan ere, ipurdiaz mintzatzea, bere garrantzia aitorturik ere, beti iruditu zait narrasegia, zakarregia. Ipurdiaren inpresioa norberak gorde behar du bere baitan, kanpora gabe. Jainkoaren izena bezalakoa da ipurdia, ez da nolanahi ahotan ibili behar; oso arrazoi lehentasunezkoak behar dira ahotan hartzeko. Lasalle andrearen ipurdiak lehentasunezko arrazoi ugari biltzen zituen. Horregatik ez nion gehiegizko iritzi Madrilgo gure lehen bilera hartan Imanolek, inork entzuten ez zigula ño, hori duk hori ipurrrrdia bota zuenean. Behingoz, ez da Imanolen zakarkeria oso estu hartu behar.
Baina, hala ere, Parisera bitarteko bidaian, autoa gidatzen nuela, ipurdia ez eta behin eta berriz saiatu nintzen Margot Lasalleren aurpegia berregituratzen, gogoratzen, nire egiten. Alferrik. Ihes egiten zidan. Parisera iritsi eta berriz ikusi nuelarik, ordea, etsi nuen. Pintzel finenak ere ez zuen aise harrapatuko zerion magnetismoa. Magnetismoa, haize-boladak, ipurdi perfektuaren ekuazioa... asko ziren nire baitako pelikula inpresionagarrian atxiki nahi nituen kontuak, eta munduan ez zegoen nahiko arte, nahiko poesia, nahiko matematika horretarako, are gutxiago nire barruan.
Toulouse-Lautrecek aspertzeraino karikarizatu duen inor bada, hura Yvette Guilbert kantaria izan da. Yvette Guilbert publikoa agurtzen ari dela, kantari ari dela, atseden hartzen ari dela. Bere irudi mehar-lerdenarekin eta bere eskularru beltz luzeekin. Guilbert bera erdi haserretzeraino. «Egun batez, ni eredu hartuta eginiko marrazki batzuk begiratzen ari nintzela, urduri nire irudia hain desitxuratua ikusirik, zera esan diot: 'Jendea desitxuratzeko zu bezalakorik ez dago'. Eta honelaxe erantzun dit, labana bezalako ahotsez: 'Bai ba! Horixe!'. Gorritu egin nintzen» [8]. Lautrecek litografia-sail oso bat eskaini zion kantariari. «Mesedez arrenka, Yvette Guilbert, ez iezadazu horren itsusi egin!» [9]. Jean Lorrainek, kazetaria, letra-egile eta Guilberten adiskideak eta Lautrecen etsaiak litografia-saila argitaratzen ez uzteko gomendatzen dio. Yvette ez omen zen oso polita, baina hortik Lautrecek egin duenari... «Toulouse-Lautrecek dena itsusi ikustea berezko da, Yvette, baina zuk bilduma argitaratzea onartzea!». Lorraini Lautrecen lana «antzararen kaka» iruditzen zaio.
Hitz hauekin ekin zion Margot Lasallek lehen ikasgaiari.
Margotek Liburutegi Nazionalera eraman ninduen, Richelieu kalera. Zuk behar dituzun fondoak ez dituzte oraino Mitterrandera aldatu, jakinarazi zidan. Bercytik gertu egin dituzten bi dorre erraldoiei buruz ari zen. Mundutik barna ibiltzen badakidala uste dut; alabaina, Margoti ezer esan ez banion ere, berarengatik ez balitz galduko nintzatekeen liburutegi erraldoi hartako burokrazia izugarrian, liburutegia bera bezain erraldoia, ia: bulego batera joan nor zaren eta zer nahi duzun azaltzeko. Txartela hartu. Beste bulego batera. Lehengo txartela eman, fitxa bete eta beste txartel bat hartu. Txartel horrekin irakurgelako atariraino iritsi, non kristalezko kabina batean sarturiko morroi batek zenbaki bat ematen baitzizun, txanda itxoiteko. Bai, harategian edo arrandegian bezala. Txanda iritsitakoan zenbakia eta txartela kabinakoari eman, plastikozko fitxa baten truke. Orduan bai, orduan irakurgelara sartu. Irakurgela ez nolanahikoa: hogei bat metro bai altu, gurutze-gangak sabaian, ezker-eskuineko pareta erraldoiak apalategiz eta liburuz josiak. Egurrezko pupitreak, bakoitza bere lanpara berdearekin. Hau Europa bide da, pentsatu nuen. Ederki ba, enteratu egingo dira.
Behin irakurgelan, aurreneko lana artxibo erraldoia kontsultatzera joatea da, kontsultatu nahi dituzun lanen erreferentziak hartzeko. Erreferentzia horiek harturik, irakurgela burutzen duen tribunara joan behar da, plastikozko fitxa entregatzeko. Trukean beste bat ematen dizute, zure pupitreko zenbakiarekin. Pupitrera baino lehen, ordea, tribuna ondoko ordenadoreetako batera joan behar da, eskuan duzun azken txartela lagun, eskatu behar duzuna bertan eskatzeko. Ondoren pupitrera. Gehienez ere ordu betean atendituko zaitugula garantizatuta dago, jakinarazten dizute liburuzainek. Pupitrean itxoiten nengoela, korapiloa egin zitzaidan eztarrian. Eta txiza egiteko gogoa etortzen bazait?
Baina Liburutegi Nazionalean nire bost pezetako frantsesarekin pasaturikoak gutxienekoak dira. Margotek emandako argibideen arabera, gauza asko ikasi behar nituen Lautreci buruz. Patuaren apeta batek hala agindurik, baina, han ikusi nuen Lautrecen lehen irudia Carmen Gaudinen Carmen la Rousse ezizenez erretratua izan zen. Margoten halako tankera bat harrapatzen nion nik Carmen hari. Misia Natansonek behin galdetu omen zion Lautreci zergatik egiten zituen emakumeak horren itsusi. «Itsusiak dira-eta!» erantzun omen zuen [10]. Misia Natansonek ez zituen ikusi, nonbait, Carmenen erretratuak.
Nik atera nion Margoti Carmen horren erretratuaren gaia, eta han abiatu zen bestea Yvette Guilbert itsusiaren gaiarekin. Zer inporta zuen.
Eta begira, ekin zion Margotek, egun inork ez daki Yvette Guilbert nolakoa zen benetan. Berarengatik gelditu diren oroimen bakarrak Lautrecen karikatura gisako horiek dira, horiek egin dute hilezkor. Zer demostratzen du honek? Norberaren itxura fisikoak ez duela batere inporta, artistaren obrak, margoak balio duela, bakoitzaren egiazko haragizko itxurak baino areago. Arteak naturarekiko duen nagusitasunaren froga da. Edonola ere, Lautrec-Guilbert bikotean nolabaiteko konplizitatea bada: Gombrichek gogorarazten du Yvette Guilbert artista intelijentea zela, eta, konbentzionalki polita irizten zaion horietakoa ez zenez, bere irudia sortu egin zuela, halako detaile bitxi eta deigarrien bidez [11]. Yvettek berak azaltzen du kontua bere biografian; nire ahoa handia zen, dio, baina ez nuen makillajearen bidez txikiago egin nahi, nahiz eta orduan eszenako emakume guztiek ahotxo ñimiño eta bihotz-eitekoak zituzten. Yvettek alderantziz egin zuen: bere ezpainak eta bere irribarrea nabarmendu. Janzkera soilaren osagarri bakarra bere eskularru luzeak ziren [12]. Lautrecek ulertu bide zion, ulertzen?
Ustekabeko irakasle haren altuera intelektualetik horren urruti ez nengoela demostratzeko gertu, nire jakintza guztia bildurik, merezi zuen arrapostua eman nion: erretzen al duzu? Horixe esan nion. Ezetz erantzun zidan. Lehen bai, orain ez. Noiztik? Bi urte. Eta ez duzu erretzeko txirrintarik? Ez. Txiste zahar eta txar bat gogorarazteko tentazioa eduki nuen: ez, badira bi urte, sei hil, hiru aste, bost egun, hamasei ordu, hogeita bost minutu eta hamazazpi segundo ez dudala erretzen baina ez dut txirrintarik, ez naiz batere gogoratzen. Gehiegi zen nire frantsesarentzat, baina. Orduan nire Gauloises paketea zeren, horixe baitzen txarrena, ahaztu zitzaidala etxetik tabakoa eramatea seinalatu nion, eta leitu: «Selon la loi 32/77, fumer provoque le cancer». Eta?, galdetu zuen, ezer ulertzen ez zuelako betarte intrigatu eta graziosoarekin. Bada, aurkitu dudala minbizia Frantziatik desagertarazteko metodoa: 32/77 lege ditxosozko hori indargabetu, eta kitto. Barre ergela bota nuen, txantxa bat zela uler zezan. Ez dut espainiarren umorea ulertzen, esan zuen. Espainiarra ez, euskalduna, nik. Orduan bai, orduan uste dut erremediorik gabeko txoropitotzat hartu ninduela.
Nekez adieraziko dut zergatik jokatu nuen hain ergel. Ironiaren distantzia paratu nahi nuen nire sudurraren eta aurpegi haren artean. Inmune nintzela adierazi nahi nuen. Aurretik trantze hartatik mila bider pasatua nintzela. Inmune naiz hiltzen duen pasioaren gaitzari buruz. Begira, esan nion, ongi ulertzen dizut. Zein da gizarte zehatz eta jakin batek modeloaren eta modelo horren errepresentazioaren artean onar dezakeen gehieneko tartea, gehieneko aldea? Oso kontu zaharra da. Oso oker ez banago, Migel Anjelek honela erantzun zien kexuka hasi zitzaizkien Medicitarrei: mila urte barru, inori ez zaio inportako zer itxura zenuten. Ondoren, beste batek izena ez dut gogoan, honezkero badakizunez beti izan naiz desastre samarra izenetarako, zinikoagoak, zera esan zion kexuka hasi zitzaion modeloari: arazoa ez da nire erretratuarena, zurea baizik: ez duzu nire erretratuaren nahikoa antzik. Filippino Lippik ere ez zuen makala egin: modeloa baino modeloaren antz handiagoa zuen erretratua margotu omen zuen. Paul Kleek ere antzera; bere erretratuek modeloaren antz handiagoa omen zuten modeloak berak baino. Eta Picassok errematatu: ez zaitez kexatu. Orain ez duzu margotu dizudan erretratuaren antz handia, baina edukiko duzu. Baudelairek berak ulertu zuen kontua: «Gizonek margoen antza hartzen dute» [13]. Zer esaten zuen Lautrecek berak?, bota nion, zer esaten zuen erretraturako aurpegi interesgarria ikusten zuenean, kalean, Montmartretik barna ibiltzen ari zenean? Anekdotatik ekin nahi al diozu? Ez da batere gaizki etortzen, anekdota menderatzeak kolorea ematen du, eta koloreak, sinesgarritasuna. Anekdotarako joera daukat, gainera, hobe itsasten zaizkit gogoan izenak eta fetxak baino. Konforme, orduan, Margotek, anekdota bada horri buruz. Honako hau esaten omen zuen Lautrecek: jauna, mesede handia egingo zenidake baldin eta nire etxera erretratu bat egiteko posatzera etorriko bazina. Oso litekeena da zure antz handirik ez izatea, baina hori gutxienekoa da [14].
Orduan Margotek irri egin zuen. Eskerrak. Ez nuen esateko gauza askoz gehiagorik; gehienez ere, modeloaren eta bere erretratuaren antzekotasunarena erremediorik gabeko eztabaida dela; inor ez dela inoiz konforme gelditzen, ia, edozein margolarik ongi dakien bezala. Kurioso bada, kontrako bidea ere korritzen hasiak direla, eta hala, bihotzetako prentsa arrosakoak hasi direla esaten Rociíto Carrascok Lautrecek margoturiko Neskatxa kizkurdunaren antza duela. Hau da, oraingo modelo egiazkoek behialako eta beste norbaiten! erretratuen antza ba omen dutela [15]. Non eta Carrasco delako horrek Lautrecen modelo askok zeukan ofizio bera duela esateko modu oso ezkutukoa ez bada.
Baina, zorionez Margotek irri egin zuen nik horrelako zentzugabekeriak esaten hasi behar izan gabe, orduan lapurtu nion lehen aldiz begietako irria. Ez naiz oso inpresionagarria, tipo gogorra naizelako ideiak kontsolatu nau aspalditik, baina aitortuko dut ikara batek korritu zidala bizkarrezurra. Egon ahal zatekeen, naski, begietako irri hori bere egitearren erailtzeko prest izan zen gizonik. Seguru. Begietako irri hori bere egitearren hiltzeko ere bai. Nolatan erailko zituzten begi horiek? Ni ez naiz zutaz sekula maiteminduko, ez dut zutaz maitemindu nahi, baina nahi dut zu nitaz maitemin zaitezen, eta nahi dut maitemin horrek zure txaluparen aingura guztien lokarriak eten ditzan, itsas handietan neu beste iparrorratzik ezagutzen ez duen txalupa hauskor bilakatu arte, eta erremediorik gabe hondoratzen zarenean eskua luzatuko duzu nigana; nik ez diot esku horri helduko, noski; are, prebenitu egin zaitut, esan egin dizut ez nizula eskua luzatuko, baina goren une horretara iritsiko gara denbora guztian ez zintudala hondoratzen utziko sinetsi nahi izan duzulako. Zuk orduan esango duzu sinetsi nahi izan ez, nik sinestarazi dizudala, baina nik ukatu egingo dut, eta ez duzu inoiz jakingo; zure ergelkeriak xaxatu olatuek jango zaituzte, nire eskua izango da ikusiko duzun azken gauza, nire irria adituko duzun azkena itzulerarik gabeko hondarreko bidaia hori hasi baino lehen. Horrela izango al zen? Margot, ez iezadazu zure gaiztakerien katalogoa erakuts.
Partida jokatu aitzin galdutzat ematean datza gogorraren sekretua. Horrela, benetan galtzen denean, «banengoen ba» esaten du gogorrak, eta, galdu badu ere, gutxienez ez du arrazoia galdu, eta kasik irabazi duela ematen du. Jakina, edozein partida eta, nola ez amodio-partida, galdutzat emateko, nork derrota bere egiteko, pasioaren objektuak birrindu nahi zaituenean esango dizkizunak esan behar dizkiozu aldez aurretik zure buruari. Gakoa da bestearen ezpainetatik onartuko ez genituzkeenak norberen ezpainetatik aditzea. Txertoa bezalako zerbait edo.
Jakina, txertoa hartuta dagoenak ez du gaixotasunik pairatuko, eta ez da hilko. Ordainean, beldurraren ordainean, gaixotasunik gozoenaren besoetan kulunkatu eta bizirik ateratzea litekeena ote den ez du sekula jakingo.
Amodioa ez da kobardeentzat. Nik une hartan erabaki nuen handik aurrera, ahal nuen guztietan bederen, ipurdiari baizik ez niola begiratuko.
[8] L'Art vivant, 1931ko apirila. Pierre Lazareffek Yvette Guilberti eginiko elkarrizketa.
[9] Jean Sagne: Toulouse-Lautrec. Libraire Arthème Fayard, 1988.
[10] Danièle Devynck: Toulouse-Lautrec. Profils de l'art.
[11] Ernst Gombrich: La imagen y el ojo. Alianza Forma, 1987.
[12] Yvette Guilbert: La chanson de ma vie. Paris, 1927.
[13] Charles Baudelaire: Algunos caricaturistas franceses.
[14] Anne Roqueberten artikulua Toulouse-Lautrec liburuan. Julio Ollero Editor, 1991.
[15] Semana aldizkarian azaldua 1997ko azaroan.