Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Museoko lapurreta

 

Puntu ilunak zituen asuntoa zen, eta puntu ilun horiek egiten zuten interesgarria. Lapurreta 1982ko urtarrilaren 12an gertatu zen, astelehenetik astearterako gauean. Asteazkeneko egunkariek eman zuten berria [1]. Dirudienez, lapurrak, bi edo hiru izango zirenak, Palais de la Berbie inguruko lorategian gelditu ziren, denen ezkutuan, museoa itxi zenean. Esan behar da, noski, jauregi hartan, Palais de la Berbie hartan, hain zuzen, dagoela Toulouse-Lautrecen Museoa. Museoa ixten denean jauregia bera ixten da, baina lorategiko sarrerak ere bai. Lorategian itxirik zeudela, itxoin egin zuten, jende guztia desagertu eta gaua abaildu arte. Orduan inguruetako obra batean zegoen eskailera portail eta pisu bat hartu eta, harresiaren kontra bermatuz, lehen pisuko terrazaraino igo ziren. Terrazak sarbide zuzena omen du margoak gordetzen dituen galeria bati buruz. Bertan zeudela, leiho bateko kristala hautsi eta galerian sartu ziren.

        Alabaina, alarmak jo zuen, eta han zeudela jabetuko zirelakoan, lapurrek ihesari ekin zioten. Ihes arriskutsua, egunkariek ziotenez, zeren, eskailera bere tokian utzita, beste aldetik ekin baitzioten, Tarn ibaiaren gaineko harresia jaitsiz, halako jaitsiera perilosa buruturik, Tarn ertzeko bidexka bat irabazi eta katedralaren kanpandorrearen parean ateratzeko. Egunkariek ezer esaten ez bazuten ere, pentsatzekoa zen harresia jaisteko sokaren bat erabiliko zutela rappel egiteko. Harresia ezagutzen ditudan harresi guztiak bezalakoa bazen, behintzat, hau da, bertikala. Sartu eta ateratzeko egindako akrobaziek lapur profesionalak izango zirela salatzen zuten, nire iritziz.

        Arineketan atera izanagatik ere, sei margo eraman omen zituzten. Orduko museoko zuzendariak zioenez, sei horietatik bost ez ziren oso garrantzizkoak. Horrek salatzen bide zuen lapurren premia tokitik lekutzeko, edo, bestela, euren ezjakintasuna. Edo biak. Bost hauen artean bazen pastel bat (Femme debout), Messalina saileko bi (baina ez sail hartako baliotsuena, hau Zurichen baitago), eta bi olio, bata oihalaren gainean (Machiniste à l'Opéra) eta bestea kartoiaren gainean (Lucien Guitry et Jeanne Granier). Jean Devoisins orduko zuzendariak zioenez, bost margo hauek garrantzizkoak ziren museoko ondarearen aldetik begiraturik, baina ez zuten, merkatuan, aparteko balioa. Lapurtutako seigarrenak, ordea, bai. Seigarren hau Aux Courses zen, oihalaren gaineko olioa, adituen arabera artistaren obrarik handienen artean dagoena. Egunkari batean bazegoen argazki bat, ez zen oso kalitate onekoa, baina eszenaren nolakoaz jabetzeko balio zuen: zaldun bat zaldi gainean lasterketa-tokiko belardian, ezkerrean, goian, eta dotore jantziriko bikote bat eskuineko partean, hari begira.

        Ikertzaileak, eramandako harrapakinaren balorazio ekonomikoa egitean, nahiko konforme zeuden. Ez zen oso handia, zioten, sei bat milioi libera. Tira, pentsatu nuen, ez zegoen hain gaizki: buruz ari naiz, baina, urte hartan, libera batek 14-15 pezeta jotzen bazuen, horrek esan nahi zuen 90 milioi pezeta inguru. Eta 90 milioi pezeta 1982 urtean bazen zerbait, orain baino hiru aldiz gehiago gutxienez. Beste hitzetan esanda, gaur 300 milioi pezeta inguru balioko zukeen lapurren harrapakinak. Tira, ez zen izugarria baina ez zegoen gaizki.

        Ordura arteko kontaketa ez zen apartekoa. Batek badu bere eskarmentua eta badaki kontu horiek nolakoak izaten diren. Publiko zabala ez da horrekin konturatzen, baina halako kasu bat gertatzen da munduan eguneko, batez beste. Interpolek berak aitortzen du 250 arte-lapurreta baino gehiago salatzen direla urtean [2]. Lapurretak bilduma pribatuetan, museoetan, erakusketetan, galerietan gertatzen dira. Arte-lapurreta uste ohi dena baino industria zabalduagoa da.

        Benetan bitxia zena zen jakitea zaindariak nola ohartu ziren lapurrak bazebiltzala; kontatzen zutenez, ohartu ziren lehenak zaindariaren semea eta bere lagun bat izan ziren. Zaindaria, Noire jauna, lorategia inguratzen duen harresitxoaren parte den etxetxo batean bizi zen. Gaua ona omen zenez (urtarrilean bazen ere!), zaindariaren semea eta bere laguna paseoan ari omen ziren lorategian, halako batean lurraren kontra jotzen zuen pisu handiko zerbaiten hotsa entzun zutenean. Hots honek asaldaturik, bila hasi eta eskailera aurkitu zuten. Aldi berean, argi-alarma martxan jarri zen, nonbait, eta honek iratzarrarazi zuen zaindaria, Noire jauna. Hau lorategira atera zen, baina ez zuen ezer arrarorik atzeman; hortaz, alarmaren kontrolak zeuden tokira joan eta alarma kendu egin zuen. Zergatik jokatu zuen Noire jaunak modu honetan? Bada —eta hauxe zen barregarriena—, alarmak ikusizko seinaleei erantzuten baitzien, eta saguzarrek, galerietatik barna hegan egiten zutelarik, askotan jartzen zutelako martxan. Hainbesteko maiztasunez non erabaki baitzen museoko alarma —artean komisaldegiarekin zuzenean konektatua— deskonektatzea. Jakina, pentsatu nuen, jendarmeak nazka-nazka eginda egongo ziren. Eszena erraz irudika daiteke: alarma berria paratu, komisaldegiarekin lotu eta, handik gutxira, jo egiten du. Hor doaz jendarmeak arrapaladan. Iritsi eta... ezer ez. Horietako bat, sarjentua ausaz, konturatzen den arte saguzarrak badabiltzala. Etxera, lagunak, esango zien besteei, saguzarrek piztu dute alarma. Eszena hainbat aldiz errepikatuko zen denbora laburrean. Jendarmeak nardaturik. Sarjentuak hitz egingo zuen tenientearekin, tenienteak kapitainarekin, kapitainak alkatearekin, alkateak museoko zuzendariarekin... Ondorioa: alarma komisaldegiarekin lotzen duen sistema iraungi egiten da. Hortaz, Noire jaunak saguzarrak berriro, edo horrelako zer edo zer, murmurikatuko zuen, eta alarma itzali egingo zuen batere kasurik egin gabe.

        Alabaina, etxera itzuli zelarik semearekin egin zuen topo, eta honek aurkitutako eskaileraren berri eman zion. Ustekabea. Arraioa! Zergatik dago eskailera harresiaren kontra jarririk, berez orain dagoen tokitik ehun metrora behar zuenean, lorategiko bertako beste txoko batean egiten ari diren zaharberritze-lanak dauden tokian, hain justu? Zaindariak telefonoa hartu eta zaharberritze-lanak aurrera daramatzan enpresako arduradunarekin hitz egiten du. Imajinatzekoa da eszena, baita ere; arduraduna, igeltseroa edo, ofiziale ona eta fidela, ohetik erauzirik gaueko hainbatgarren orenetan. Gaur, lanak bukatzean, non utzi duzue eskailera? Noire jaunak, lanetako arduradunarekin mintzatu eta gero, finean konbentziturik zerbait behar ez bezalakoa gertatzen ari dela, museoko zuzendariari deitzen dio. Banoa, erantzuten du zuzendariak. Bitartean deitu Poliziari. Noire jaunak jendarmeei deitzen die, baina hauek ez diote jaramonik egiten. Tira, gizona, tira. Seigarren aldia da irailaz geroztik. Saguzarrak dira, gizona, saguzarrak. Devoisins jauna —zuzendaria—, jendarmeak eta Noire jauna —zaindaria— elkartu orduko, lapurrak urruti daude.

        Eta denbora honetan guztian inork ez du pentsatu saguzarrak, negu minean, lo egoten direla. Hibernatu egiten dutela, alegia.

        Kasuaz arduratu ziren ikertzaileek behin eta berriz azpimarratzen dute eraman dutena guztiz ezaguna eta erabat katalogatuta dagoela, eta, hortaz, merkaturatzea ez duela batere erraza izan behar. Are eta gehiago, merkaturatzea ez litzatekeela posible izango Lautrec-zale eskrupulo gutxiko baten laguntzarik gabe. Noski, esan beharrik ere ez zegoen. Horixe izaten da arazorik latzenetakoa obra ezagunen bat lapurtzen denean. Baina Aux Courses merkaturatu al zen? Kausitu edo itzuli al zuten? Hori ez nekien, ikerkerta xume hauek egin nituen arte ez, bederen.

        Bazegoen azken gorabehera bat, guztiz txundigarria. «Nork profita dezake lapurreta hau? —arranguratzen zen kazetaria—. Toulouse-Lautrecen Adiskideek kudeatzen dute Albiko Museoa. Administrazio Kontseiluko lehendakaria Albiko alkatea da. Museoak Lautrecen berrehun eta berrogei margo biltzen ditu. Margo hauek ez daude aseguraturik, aseguruaren kostua gehiegizkoa delako udal museo batentzat. Hortaz, aseguru-etxeari txantajea egitea ez da izan lapurretaren arrazoia. Jakingo al zuten hori lapurrek?».

        Arraioa! Margoak ez zeudela aseguraturik!? Zer burutan sartzen da horrelakorik? Aseguruak kobratzen zuena gehiegizkoa zela udal museo batentzat? Non eta Frantzia harroan, eta XX. mendearen bukaeran, eta «udal museo» xume bezala aurkezten digutena Frantziako mendeko artistarik handienetakoari eskainia denean! Ezin sinesteko modukoa zen. Eta ez nuen sinetsi, noski. Alegia, sinetsi nuen margoak aseguratu gabe zeudelakoa, baina ez egunkariak ematen zuen azalpen hankalabur hori.

        Orain adierazi behar dut datu hauetaz jabetzea kosta izan zitzaidala pixka bat. Bai, Zederrunek Beliakov izeneko tipo horrek Interneten mezua utzi zuela esan zidanean, gutun bat egin nion Mme Cartailhaci, egun Albiko Museoko zuzendaria den andreari, azalduz, artoski, ni arte-galerista nintzela, aditua nuela inoiz lapurreta bat izan zela museoan eta eskatuz, gizabidez, horri buruzko informazioa. Zergatik egin nion kasu Beliakov izeneko horren mezuari? Ez dakit. Desitxuratze profesionala izango da-edo, baina deigarria iruditu zitzaidan. Nagoen negozioan nagoela, nahikoa berezkoa da.

        Espero ez nuena zen museoko zuzendariaren erantzun zakarra. Ramirez jauna, erantzun zidan, halako harrotasunaz, ezer erantzun baino lehen jakin nahi dut zergatik arduratzen zaren hau bezalako afera uherraz. Ostera ekin nionez, halako azalpen bitxia asmatuz (informazioa eskatu zidan bezero batek, eta horrelako gauzak), azkenik erantzun zidan bigarrenez, ezin lehorrago, eramandako margoak zeintzuk izan ziren eta lapurretaren data emanez, labur. Ez, eramandako sei margo horiek desagerturik zeuden, inork ez zituen berriro sekula ikusi. Eta galdatu zuen, berriz ere, aginte-itxuran gainera, esatea zer gisaz pentsatzen nuen datuok erabiltzea.

        Nik ere harro erantzun nion. Cartailhac andrea, idatzi nion, zuk emandako datuak publikoak dira, egunkarietan argitaraturik daude; hortaz, ez dut zertan azalpenik eman behar.

        Lapurreta hartan elkartu ziren baldarkeria, ardura falta eta kontu duda-mudazkoak ikasi nituenean, hasi nintzen ulertzen zuzendari-andrearen egoneza eta zuhurtzia. Baina ez zitzaidan oso intelijentea iruditu: izan ere, nahi zuen informazioa erraztasun handiz eman izan balit ez nintzatekeen gaiaz hainbeste arduratuko, eta ez nukeen lapurreta horri buruz hainbeste jakingo.

        Batez ere ez nuen jakingo Aux Courses munduko tokiren batean gordeta dagoela, eta duela 15 urte falta dela bere betiko eta berezko tokitik, Palais de la Berbie izeneko jauregitik.

 

        [1] Ikus Sud-Ouest 1982-I-13 eta egun bereko Le Figaro.

        [2] El País egunkariak 1993-X-29 egunean emandako berria.