Gure zinemaren historia petrala
Gure zinemaren historia petrala
1996, erreportaia
122 orrialde
84-86766-71-0
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Zinez

 

        Arestik ezartzen duen bereizketa hagitz nabarmena da pinturan eta literaturan. Lekuona ez zebilen Arrueren bidetik. Artetarik onena Burtzeñako Zubia koadroarena da. Zumetak ez du Ibarrolaren lan-kostunbrismorik egiten. Goenaga urrun dago baserritik. «Euskal literatura» egin nahi duelarik, Unamuno idazle probintzianoa da bete-betean. Celayaren donostiartasuna turismo-bulego batena da. Barojak berriz Pierre Lotiren antza dauka... Baina Euskal Herriko artista euskaldunen eta erdaldunen arteko zedarria ez dago hain barna finkatua zineman. Nahiz eta filmerik topikoenak (baserrian kokatuak, konparazione), egile erdaldunek eginak izan direla ukaezina izan, ber gisan da aipagarria, oro har, erdaraz diharduten gure zinemagileak urrun daudela txokotasunetik: Juan Ortuoste, Javier Rebollo, Juanma Bajo Ulloa, Enrique Urbizu, Ernesto Telleria bezalako zuzendariek Euskal Herrian kokatzen dituzte beren filmeak, baina euskal sena litekeen orori zuhurki ezaxolatuak. Euskaldun zinemazaleok eskerdun gatzaizkie.

        Diktaduraren azken urteetan eta erreforma garatu arte oso eztabaida arrunta eta sarria izan zen euskal zinemarik ba ote zegoen ala ez, eta zoin zituen edo lituzkeen oinarriak. Pedro Zarrabeitia argazkilariak ongi laburtu zuen sukar dialektiko haren jatorria:

        Topiko ezaguna da Euskal Herrian ematen diren Artearen adierazpen desberdinetan euskal eskola bat ote daukagun eztabaidatzea. Azkenaldian modan dago Euskal Zinema bat ba ote daukagun. Berriki planteatu da Euskal Argazki bat ote dagoen. Zendako nortasunari buruzko obsesio hau egiten ditugun gauza guztietan? Nik uste dut Euskal Herriak bere nortasuna finkatzeko duen ezinbertzeko premiagatik dela, gure nortasuna kulturaren sakonenean bilatu nahi dugulakotz. Hainbertze urte daramatzagu herri honi nortasun berezirik aitortu gabe, non ez baita harritzekoa seta hori —bertze kasu batzuetan debaldekoa— hemen eginiko artegintza orori «euskal» marka gordailua eman nahia, nortasun bat, begiramen baten bila...

        Konprenitzekoa da. Gure kulturaren ahulak, eta ez anitzak, definizio berrietara garamatza beti. Erakusten duen dinamismoagatik eta sortu dituen lanen kopuru eta kalitateagatik egun gure literatura hegemonikotzat hartzen ez bada ere irainen eta erdeinuen aroa ongi garaitua duen arren, aldiro ageri da irakasleren bat —ahalke handirik gabe politika eginez— euskal literatura zer den erdaratik definitzen ahaleginak jotzen. Ez gaitu harritzen, beraz, egindakoa oraino guti den sailean eztabaidaka aritzea, eta nork bere eredua proposatzea:

        Arazoa da Euskadin ahozko bi komunikabide daudela: gaztelania eta euskara. Adieraztasuna iduriz? Lanak ditu. Baina egon behar du jalgibideren bat. Onar liteke euskal zinema bezala gaztelaniaz solasturiko filme bat? Hau da arazoaren mamia. Euskadin eginiko zinemak bideren bat aurkitu behar du bere nortasun nazionala erakutsita ere gaztelaniaz mintzatua izan dadin.

        Bide bat dugu, bistan da. Bertze zinemagile batzuk ez ziren iritzi berekoak, eta Gotzon Elortzak nahi zuen euskal zinema txakur-ametsa ez zela erakusten saiatu ziren. Kalabaza Tripontzia izan zen euskaraz mustu zen lehen luzemetraia, 1985ean. Marrazkitako haur-zinema zenez, sare berezitan zabaldu zen gehienbat Juanba Berasategiren lan hau. Iduri errealeko filmagintzan leku berezia dauka Anjel Lertxundi idazleak. Eusko Jaurlaritzak 1986an ekoizturiko hiru erdimetraietarik, berea izan zen, Hamaseigarrenean Aidanez, euskal aktoreekin euskaraz antzezteko borondate nabarmena erakutsi zuen bakarra eta —ondoko ñabardura biziki garrantzitsua da— bikain jakin izan zuen hausten telebistako bikoizketaren mota betibera eta dramatikotasunik gabekoa. Gainerako bi erdimetraiak, Zergatik Panpox eta Ehun Metro, urrun gelditu ziren, arlo honetan bezala bertze zonbaitetan, Lertxundiren lanetik. Baina hirurak ere, metraiaren bereziagatik, telebistarako produktu bezala gelditu ziren. Urte berean Jose Julian Bakedanok beste erdimetraia bat filmatu zuen euskaraz, Oraingoz izen gabe, Iro Landaluze eta Felix Arkarazo dotore erabiliz Elene Lizarralderen inguruan. Bakedanok, noski, ez zuen kemena hutsetik sortu, surrealismozalea baitzen: lehenik Bi (A Man Ray for Marcel Duchamp) laburmetraia zen egina... Man Rayren gorazarrez! Gure poeta fusilatuari buruzko luzemetraia —Lauaxeta— gaztelaniaz handizki filmatzen zen une berean Anjel Lertxundi bere bigarren lan zinematografikoa zuzentzeari lotzen zen, Kareletik (1987). Lehenago egin bezala, zuzeneko euskara landu zuen aktoreekin eta, erran gabe doa, haietarik batzuek filme honetan egin zuten nehoizko lanik onena. Kareletik euskaraz mustu zen, jakina. Hauxe izan zen euskaraz ikusi ahal izan genuen iduri errealeko lehen fikziozko luzemetraia, zuzendariak dirua ezartzen zuela ekoizpenean. Geroztik pantaila handian entzun dugun euskara apurra, Ke arteko egunak izan ezik (1989) diglosikoa izan da guztiz, erdararen ondokoa.

        Euskal zinemari nortasuna gaztelaniaz eman nahi zion Querejetaren beraren lagun ohi bat, Antxon Ezeiza, exioliotik heldu eta Ikuska dokumental saila egina zen. Zonbait zuzendari gazteri musteko aukera eman zien, eta Egea eta Olea bezalako ihes eginiko zerebroei euskaraz aritzekoa. Ezeizak garbi adierazia zeukan euskaraz eginiko zinema nazional baten aldeko jarrera artikulu eta elkarrizketatan. Teoriatik praktikara jinik Ke arteko egunak egin zuen, nazioarteko zinemaldi batean sarituriko iduri errealeko fikziozko lehen euskal filmea, erdaraz eginikoak barne. Ezeizak hainbat gauza erakutsi zituen honela, denak ere ezagunak bertze artebideetan, baina ez sobera nabarmenak euskal herritarrek eginiko zineman: euskaraz solasturiko filme batek ez duela zertan baserri girokoa edo etnikoa izan; euskaraz ez jakitea ez dela traba euskaraz filmatzeko (Ezeiza talde-lana burutua zen, eta Bakedanoren ereduak, menderatzen ez zuen bizkaieraz halako filme bikaina eginik, sakon hunkitu zuen, eta deliberatzera ekarri, berak ere euskaraz egitea), azken finean kultura baten aldeko makurdura baita premiazkoena egin behar den lanaren mintzaira erabakitzeko; eta euskaraz eginiko zinemak badaukala ikusleriarik ere erakutsi zuen. Azpitituluz emana, berezko bertsioak hilabete eta gehiago egin zuen karteldegian. Euskal Herrian, gaztelaniaz bikoizturiko bertsioak baino zertxobait gutiago eman zuen euskarazkoak dirutan... Ezeizaren lana ez zen izen guztien begiaren bete. Batzuek itzul-ingururik gabe kondenatu zuten filmearen mezu politikoa, bertzeek ez-interesgarriaren juzkua egin zioten. Eta euskaraz azaltzeak ere ez zion lagundu kritika ofizialaren haserrea eztitzeko:

        Filmeak, eritziak piztea baino gehiago, kritiko ezagunak beren satorzuloetatik ateratzea lortu zuen. Orain arte zine baskoari lotua ibili den jendeak, bat batean hemengo zinea txarra dela deskubritu du, ondoren Ezeizaren filmea kategori berdinean sartuz. Egun batetik bestera zine baskoa behin eta berriro goraipatu dutenak kritiko zorrotzak bilakatu dira. Beraiek jakingo dute aldaketa horren arrazoia, baina alderdikeriaren usaina nabarmenegia izan da.

        Iparraldean eta Nafarroan suspertu ez den arren, zinemak jarraitu izan du EAEan, Kalabaza Tripontzia, Kareletik eta Ke arteko egunak historia dira engoitik. Zuzendari gazte eta antzetsuak sortu dira, eta ez dugu erranen jaso dituzten txaloak eta sariak nehori ebatsiak direnik. Hala ere, hiru K haiek mitikoak izanen dira euskarak, bertze alor batzuetan ageri duen azkartasuna ezin erdietsiz, egundaino bezain motel jarraitzen baldin badu zinemagintzan. Egungo egoera ongi adierazten dute honako hitzok, nazionalismoaren azpian bodrio ugari ezkutatzen ez ote ziren galdetu zuen kazetari espainolari buru eginez errealizadore bilbotar batek erranak:

        — Ez da euskaraz filmatzen eta gero espainolera bikoizten, alderantziz da izan ere, eta (euskarazko) kopia Filmotekan uzten da.

        Iduri luke Eusko Jaurlaritzak euskarazko kopia bat eskatu izana kaltegarria izan dela, zuzendari eta ekoizle gehienek kopia entregatuz baskofoniarekiko luketen zor urrun baten betetze aldeko jokamoldea erakutsi dute. Menturaz, kopia eskatu ezean, egiten ahal zuten hamarretik behin jatorrizkoa euskaraz... Zauriaren gainean pikoa: erdaraz eginiko gure filmeen euskarazko kopiak ez dira nehoiz aretoetan mustu izan.

        Erbia sasipean dago, eta zinemagileek, jakina, badituzte beren armak, ez bakarrik mintzairari buruzkoak. Murtziako mahai-inguru berean ekoizle euskal herritar batek hartu zuen hitza gutaz jarduteko:

        — Gure zineman komediarik ez izatea, hain zuzen, euskal zinemaren ezaugarrietarik bat dugu. Euskaldunen izateko erak markatu egiten du [...]. Euskal Herria ez da umore handirik duen herria, ez dugu zerikusirik andaluziarrekin, adibidez. Euskal Herriak umore beltza du, herri tristea gara.

        Ez dakit duela sei urte baino alegerago bizi garen 1996an. Baina funtsik gabeko komediak egin ditugula, alafede, zineman eta telebistan, aitzinetik benetan umorerik izan ez bagenu bezain presatuak. Ala euskaldunok ez ote gara sartzen euskal herritar tristeen multzoan? Ez gara hasiko mendi bat espantu egiten zinemagile eta zinemazale erdaldunen ozarkeriaz. Baina bistakoa da haien erranetik ibiliz gure kulturak ez duela bide luzerik eginen. Zinema meza nagusi berezia dugu, ereduak proposatzen ditu...

        Jose Antonio izenari Primo de Rivera abizena ezarriko dio espainol batek galde-erantzunen joko psikoteknikoan; euskal herritar bati ordean —nire belaunaldiaz goitikakoari, noski— Agirre etorriko zaio burura izen horren ondoko deitura ezagunena bezala. Halaber, oso zinemazalea eta oso itsua (bai!) behar du izan nehork hemen Mikelen heriotza filme bat dela errateko. Mikel eta heriotza bat egiten ditugunean ez zaigu filme bat bururatzen, tortura eta inpunitatea baizik. Eta orduan ohartzen gara Zabaltzaren heriotza ez zela La muerte de Mikel izan, eta Mikelen halako heriotza guti izan dela hemen, halako Mikelen heriotzak filmean ez bezalakoak izan direla. Izenaren eta izanaren bat ez etortze hau gizartearen eta zinemagileen arteko etendura handiaren adibide egokia da, ondikotz. Gure zinema baino hainbatenaz ere sakon, anker eta anitzagoa dugu errealitatea. Eta ikasiak gara umorez hartzen: erraten ahal litzateke gure zinemaz dihardugularik euskaldunok ez garela zinez ari.

        Man Ray maite dugu behintzat.

 

Molinao (kaskoineraz Eiheraberri)

Hego Euskal Herria, 1996ko uda