Gure zinemaren historia petrala
Gure zinemaren historia petrala
1996, erreportaia
122 orrialde
84-86766-71-0
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Paulinoren arreba

 

        Euzkadi egunkariko kazetariek zinemara ez joatea moral kontua egiten zutelarik eta Aberri-koek berriz denbora-pasa berriaren erdalkeria deitoratzen, euskaldunek filmeak ikustez alatzen zuten begia, eta aretoak mukuru betetzen saioz saio, zinema, aberriaren teorikoek eta ideologoek nahi ez baldin bazuten ere, gure aiton-amonen libertigarri nagusia bilakatua baitzen, baserri ideiala baserri globalak irensten hasia... Handik urteetara, eta bekatu nazionala ezin ukaturik, egunkari eta argitalpen nazionalistek leku egin behar izan zioten zinemari:

        Guk nahi ala ez, egun ezin dira ukatu ez zinema eta ez zinemaren eragina gizartean. Honengatik, El Día egunkari honek, bere ideia katolikoei jarraituz, orrialde zinematografiko hau zabaldu du pantaila kristautzeko xedez, eta filme inmoral, eskandalagarri eta dekadenteek ikusleetan egiten duten kalteari buru egiteko.

        Zinema mendearekin finkatzen eta garatzen da. Bilboko Teatro-Circo-n gezurrezko alarma jotzen dute sua delakoan 1912an, eta 46 ikusle, gutiz gehienak haurrak, itota hilen dira larrialdian... Barrakoiak utzi eta instalakuntza gotorragoetara eraman ziren bobinak, pantailak eta proiektoreak. Louis de Feuillade-k Un drame au Pays Basque filmatzen du 1913an, eskuz margoturiko zinta. Isaac Díez Josechu filmatzeari lotzen da Gasteizen 1917an, baina bertan behera utzi behar du diru arazoak tarteko. Baroncelli-ko Markesak Ramuntcho filmatzen du 1918an, Pierre Loti-ren obran oinarrituta. Donostian zinema eskola bat sortuko da...

        Euskal Herria geografiaz eta folklorez ongi definituriko nazioa da, exotikoa eta bitxia kamera frantses eta espainiarrei. Erran liteke zinemagintzaren lehen egunetik bertatik izan zela gure herria filmatua, hala erreportaia partikularretan nola albistegietan. Horren lagungarri izan ziren, aitor dezagun, aristokraziaren aiserako izan ditugun xoko xoragarri biak: Donostia Espainiarendako eta Miarritze Europarendako. Louis Lumière bera ere Euskal Herriratua zen Biarritz (1900-1901) filmatzeko. Eta ordurako bazebiltzala, egun bezala, paparazziak ausarki argazki on baten bila, eskandalagarria ahalbait. Beha bertzela nola kexatzen ziren... 1907an!

        Geiegizkoa da ia. Ezerez baten egin oidirata. Zer diot ezerez baten? Duan ere bai, norberak eztakiala, norbere lotsarirako. Errian, bidean edo itxas ondoan, izketan, ibiltzen edo garbitzen, usterik gutxien danean, klask, atxitzen dute edonor, ta urrengo domekan edo biaramon goizean, asteko albistariak edo eguneroko papertxoak badakar orkoa edo emengoa, goienetako agintaria bear bada, eroen gisa aoa zabalik, ollarren antzera anka bat jasota, mutikoen irudira uretan edo urertzean etzinda edo zilipurdika. Nork eztu orain bere arpegia paperean ikusi?

        Filmatzea beti izan da gogorra, argazkia hartzea baino nekagarriagoa. Koadroa egokitu behar da, kamera non paratua eduki behar da, eguraldiaren mende zaude, dena ongi prestatu behar duzu, materiala garestia da zinez, kario ordaindu behar izaten da motorrari desgaraian emana. Hori guti balitz, hasieran jator eta pozik azaltzen diren baserritar hauek petraldu egiten zaizkizu. Errezildarrek behinik behin fite ikasi zuten:

        Sartzen ziran neska mutillak belar tartean eta beste gizon kastordun, bizarluze batzuek, aien billa, komeriak egiten. Noizbait billatuko zituzten eta baituta eraman.

        Parre egitekoa izango zala komeri edo pelikula ura, esango nuke gaur.

        Plazan jartzen zituzten eguzkiari begira urre koloreko ixpillu aundi batzuek, drix drix egiteko ta orduan argazten zituzten lanak.

        Ango lumia, ezpatia, trepetia ta aundikeria.

        Gero ziran kontuak, Belamendiko Joxek eta Gurutzeagako Mariak, gurdi, bei ta lan sariak eskatu zizkietenean.

        Geiegi zala, «esajeraus», zioten; ez zietela ordainduko ainbeste diru.

        Itzaiak ere, bidezko zanez, etziran gozoak: ez uste izateko gero astoekiñ ibilli ziranik, beiak zirala; ta aiek biak, baserriko lan danak utzi ta diru asko zala...

        Maria, Pauliño Uzkudunen arreba zan; erderaz ere ondo zekian eta:

        — Venga dinero, si no, palo! —esaten zien nagusi txoteko aieri.

        Indarra ere puskat bai ta, eskuan zeraman akulua jasoaz, anka artetik eltzen bazien, Urrakiraño botako zituala, zion. Eta:

        — Venga dinero, si no, palo; aquí no se trabaja de regalo!

        Prozesioak, pilota partidak, estropadak, Sanferminak, hondartzako jolasak, aizkolariak, tiroketak, auto lasterrak, hipodromoko jaun-andere eta morroi-behorrak... eta Maria Uzkudunen anaiaren borrokaldiak! Plató handi bat izan ginen, dohainikako estra samalda berezia aurkintza eder batean.