Carlito kaskoina
Charles-Louis-François Oyarzun Crostes Baionan jaio zen 1870ean, aita «espainola» zuela, kronikariek dioskutenez. Bataioan bertan Carlito erran omen zion gomitaturen batek haurrari, eta geroztik beti eta denek horrela. Oyarzundarrak bizi ziren etxeak Place des Victoires aldera ematen zuen. Leihoan jarria egoten zen Carlito haurra antzerkirako grinak jo zuen betirako, Juan de Landa bezala: begipean zeuzkan Hotel des Basses-Pyrénées-en ostatuz jarritako karlistak, gau eta goiz kornetinaren aginduetara ibilki... Plaza honetan bertan egoten ziren Zuberoako dantzariak ere, ihauterian aritu ondoren bazkaritara etorriak. Carlitok maite zituen jantzi haiek, hizkera hura. Beti oroituko zen bere auzoak, Sédeilhan andereak, nola erraten zion semeari:
Felix, ez dut nahi ostatura joatea, euskaldunen artera!
Lagunekin, soldadutxoak eta dantzariak panpinatu eta txotxongiloak antolatzen ditu Carlitok ortzegun arratsaldeetan. Gelakide du Louis Labat, onena erretorikan, antzerkitxoak idazten hasi eta Edmon Rostand-en idazkari izateraino helduko zena. Carlito da protagonista. Paulin Loustau aktore baionarrak etorkizun bikaina iragartzen dio. Labiche-ren hainbat komedia jokatzen ditu, eta aldi berean kantuak eta monologoak idazten. Adiskideek arraunera sustatzen dute, baina Oyarzun lehorrekoa da, Aviron Bayonnais-ek ez du asko hobetuko gure mutilaren besoez. Arraunari esker, alabaina, hil arterainoko lankide izanen duena ezagutzen du, Auguste Etchepare musikaria. Carlito Oyarzun operetako kantari bezala gailentzen da, Luis Marianoren aitzindaria ematen du. Oso ospetsua bilakatzen da Salamancako Markesaren saloietan eta Peyrehorade-ko barraketan, 1902an ezkondu eta isiltzen den arte.
Ez luzerako haatik. Hurrengo urtean Léo Lapeyre adiskidearen Lou hourat de la peyre houradade izeneko komedia kaskoina ikusten du, eta errauspean zeukan suak garretan erretzen du. Carlito espainiarra da paperez eta frantsesa bizimoduz, baina bihotza Baionan dauka, Baiona zahar eta kaskoinean. Komedia kantatua, hori du bidea, errebista. Idazten hasiko da suharki, eta Lapeyreren laguntzaz Le Boussole de Mousserolles burutzen. Le Garage de la Nautiquek erretiratua uste zuten aktorearen arrapiztea ezagutuko du.
Errebistak momentuko arrakasta behar du, ez du geroko gerotan ibili nahi. Barre eragiteko, kaskoineraren egoera diglosikoan oinarritzen da. Guti goiti beheiti, Carlito Oyarzun kaskoin baionarren Pepe Artola da xaramelatzen ez duenetan. Umore erraza behar dute jendearen biltzeko, argudioak Baionako historia txipitik aterako dituzte. Tipoak, karrikatik. Pottioli kamioilaria da eta 120 kiloko gorputza du, gosari txipian lau librako ogia du jaten. Pottioli izengoitia ez du Italiatik ekarria, euskarazko pottolo hitzaren aldaera baino ez da.
A Bayoune que suy champioun
Lou rey dou camiounadye,
Tout lou mounde den le régioun
Qu'em counech l'ateladye;
Et, pensats doun,
Si hey besoun
D'un famus camioun,
La faridondaine, la faridondoun!
Enta hala dap Pottioli, c'est bibi,
Soixante-quinze demi-muids, mon ami!
Qu'y a mounde qu'en soun malaous
Que pinten leyt en masse;
Lou leyt per you qu'ént hey dou maou
N'est pas prou efficace:
Lou soul remedi per you boun
Qu'est un bet yamboun,
La faridondaine, la faridondoun!
Dap tres decalitres de bin per boucin
Voilà mon Pottioli guéri, mon ami!
L'aout your qu'ey dit à Cazaubon:
«Pour payer mes services
Je ne veux pas des picaillons,
Suffit qu'on me nourrisse!»
Que m'a respounut lou patroun
Chens hésitatioun,
La faridondaine, la faridondoun!
«Ah! ça non, jamais de la vie, Pottioli,
T'as vraiment trop bon appétit, mon ami!
Kantari, aktore, poeta, Carlito Oyarzunek aro oso bat beteko du. Pot Ana, Les Cochers, Meusclagne, Hougna! Hougna!, En cinc sec!, Un chic de luts, Ichilik! Ço que dit? (Komedia basco-bayonnaise zen hau, aktoreek Gernikako Arbola kantatzen zutela erori behar zuen oihalak), En Pagaille, Malaye, Your de printems... Seiehun eta hiruretan hogoi numero jokatu zituen 1908-1912 bitartean. Hauetariko anitzen kantuak, Carlitok berak eginak. Komedia hauetan Martial izeneko antzezleak egiten du euskaldunarena beti (euskaldun ergel eta bizkor hori), era imitaezinean omen.
Badator Donostiara Carlito Oyarzun Bombita ikustera, kaskoin guztiak bezala zezenzale porrokatua baita, 1907ko abuztuak 15. Festa handia eta plaza jendez gainezka. Ustekabean, bizkarrean jotzen dute. Txapelokerrak dauzka buruz buru, jiratzen denean.
Zu zara...?
Bai, ni naiz, baina...?
Lasai... Alfonso XIII.a erregea zure zain dago Miramar jauregian. Entzun egin nahi dizu.
Salamancako Markesaren gelaria dauka plazatik jalgitakoan auto batean zain, behar bezalako arroparekin, ondoan Auguste Etxepare musikaria duela. Autoan aldatu zen, Etxeparek bahiketaren xehetasunak kontatzen zizkiolarik. Bi ordu jardun zuten erregearendako batak pianoa jo eta bertzeak kantari. Zilarrezko toxa oparitu zion Alfonso XIII.ak Carlitori, eta afaltzen gelditu behar izan zuten jauregian. Espainiako erregearen aitzinean, honela diotso Etxeparek Oyarzuni, ez ahapetik baina kaskoineraz, zer gerta ere:
Pianoa hautsez betea zegoen...!
Ehundaka antzerki, kantaldi eta jaialdi benefiko antolatu zituen Carlitok bere bizian. Bihoztuna zen, eskuzabala. 1926an Pierre Simonet-ek Académie Gascoune sortu zuelarik, han zen Carlito Oyarzun, hogoita hemeretzi kaskoinerazalerekin batera, Henri Gavel euskalaria barne. 1952an hil zen arte, «espainolaren semea» Capitou guztietan azaldu zen biltzarkide, oharrak egiten, txostenak idazten eta hitzaldiak ematen.
Azken hatsetan zeukan aita maiz bisitatu zuen. Behin, gelan sartu zelarik, hilurrenak galdetu egin zuen nor zen. Semea zela ihardetsi zioten, Carlito.
A, Carlito! Munduko artistarik handiena da hori!
Carlito Oyarzun ez zen munduko artista handiena izan. Zinema ozenerako, adibidez, sobera histrionikoa ez ote zen daukat susmoa, ahots ederra baino nabarmenago. Ez zen, itxuraz, kamera aitzinean nehoiz aritu. Gure aktoretzari buruz ari garelarik, merezi zituen oroigarrizko hitz batzuk Euskal Herriaren patrimonioa ere baden kaskoinera bezalako hizkuntza zapaldu eta murriztuan umore apur bat egiten saiatu zenak. Ez gara oso elkarren aldekoak izan haiek eta gu, egia da. Zonbait kaskoinek euskaran ikusi dute etsaia, ez frantsesean. Ez litzateke historiaren kontrakoa izanen kaskoinera politikoki erabilia izan dela erratea. Baina kaskoina, ez ahantz, euskaldunok mesprezuan erabili ohi dugun hitza da, Iparraldeko maketoa.
Guri dagokigu haienganako lehen urratsa.