Gure zinemaren historia petrala
Gure zinemaren historia petrala
1996, erreportaia
122 orrialde
84-86766-71-0
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 
P>  

Martiri ezezagun bat

 

        Fermin Iturrioz, Hernaniko parrokiako erretoreordea, Goizueta aldera jalgi zen tropa frankistei ongietorria ematera 1936ko abuztuaren hondarrean. Matxinatuen kapilau bezala sartu zen uniformatua herrian, erreketearen kapaz, polainaz eta mauka-muturrean lislore bi zeuzkala. Fermin eta bere anaia Jose, apeza hau ere, Ixaka Lopez Mendizabali errekisaturiko altzariekin dotore hornitu zuten etxe batean jarri ziren maizter. Lopez Mendizabal tolosarrak, familiaren inpresore tradizio zaharra berritzeaz gainera, Xabiertxo idatzi eta editatu zuen, gure haur libururik ospetsuena. Eta Euzkadi filmea burutu ahal izateko diru ezarpen garrantzitsua egin.

        Alejandro Mendikute ere Hernanin zegoen apez egun haietan. Irailean bertze bi apezen anaia den Luis Iturrioz Astigarragako maisuaren oharra hartzen du, herria utz dezala aginduz. Mendikute atzegoardian gerlarik ez zela egonen uste zuen inozo haietarikoa izan zen. Anitzek bezala, bizkarrak harrotu eta lasai erranen zuen:

        — Nik ez dut deus egin...!

        Urrian Kristo Erregearen bederatziurrena egiten da. Gonzalez Bastida organo-jolearekin aritu zen Mendikute, organoa garbitzen eta eztitzen. Finitu zutelarik etxera joan zen sotana aldatzera, zikindua baitzuen. Handik gutira ezezagun bat azaldu zen elizan Mendikutez galdezka. Organo-joleak —hau ere inozo— etxera joana zela erran zion. Geroztik ez zuten bizirik ikusi Mendikute Hernanin. Hila ikusiko zuten.

        Preso eduki zuten Hernanin eta gero Ondarretan, Donostiako kartzela zaharrean, eta 1936ko urriaren 23an Ramiro Llamas komandante epaile bereziak Alejandro Mendikute apezaren askatasuna sinatzen eta manatzen du epaitua izan gabe, neholako akusaziorik ez baitu. Gau horretan bertan izan zen fusilatua, bertze zonbait «askaturekin» batera, Hernaniko hilerrian. Borreroek ez zekiten Mendikutek Hernanin egiten zuela lan, eta hala identifikatu ahal izan zuten ehorzleek hurrengo egunsentian.

        Hipotesi desberdinak erabili izan dira fusilaketaren arrazoiak argitzeko. Apezaren arteko jeloskeriak izan ote ziren, lagunen batek galdu ote zuen. Gartzelan zegoela Mendikutek erraten zuen Hernaniko paperolan esku handia zeukan Aseginolaza jaunaren salaketaren bat egon zitekeela, Zegaman eginiko mitin nazionalistan hitz gogorrak bota baitzituen Mendikutek haren aurka. Paperola honetako administrazio kontseiluan indarra zinez zeukana Ernesto Gimenez Caballero zen, Falange Española izeneko alderdi faxistaren teoriko eta demagogo azkarrak. Honelakoak errana zen mitin batean:

        — Alemania, Italia eta Espainia Rhin gainetik, Alpe gainetik, Pirinio gainetik oldartuko dira, Frantziaren azkena egiteko... !

        Egun gauza jakina da Alejandro Mendikuteren galde egin zuena Juan Jose Pradera izan zela, Donostiako familia nabarmen faxistako seme faxista nabarmena, eta atxilotu zuen unean bere heziketaren ezaugarri apezaren ama aipu zuten hitz gordinak egin zituela. Handik urte batzuetara, La Voz de España egunkari nazional-sindikalistako zuzendaria zela, Juan Jose Praderak honela agindu zuen:

        — Badakit Don Alejandro Mendikuteren heriotza leporatzen didatela, baina helduko da nor izan zen jakinen den garaia.

        Ez gara axolatuko, hiruretan hogoi urteren buruan, menaka zapaldu zutenen izenaz. Fusilatu haien duintasuna jasoa dago, epaiketarik ezean, historia berreskuratzearekin. Eta historiaren alderdi xehe eta apalenek ematen diete, zonbaitetan, heroitasuna: Mendikutek bazuen zerikusirik zinemarekin. Nehork ez du oraino bere heriotzarekin lotu, eta hala ere...

        Gipuzkoara eraman zen zinta, eta Hernaniko Zintzotasuna zineman «laborategiko buruzagi» gisa Zaldua, Ernandorena eta Aldazabal jaunek eta Mendikute bertako apez langileak ikustaldiak eta mozketak egin, eta konposaketak behin eta berriz hobetu eta gero, nolabaiteko batasuna eman ahal izan zitzaion filmeari.

        Euzkadi filmea zuten eskuartean. Aipamenagatik, ematen du Mendikute, lanbideko hizkeran egun kopioia erraten zaionaren montadore —jostun!— haietarik bat izan zela... Ez dugu defendatuko hau izan zenik bere asasinatzearen zergatia, baina ez zuen, antzekorik ere, aringarri. Espainiarrek Garcia Lorca-ren maila berean aldarrikatzen baldin badugu euskaldunok Lauaxeta poeta fusilatua bezala komisari politiko-militarra izanagatik, berdin aldarrikatzen ahal dugu Alejandro Mendikute zinemagile fusilatua bezala, apeza zen arren.