Gure zinemaren historia petrala
Gure zinemaren historia petrala
1996, erreportaia
122 orrialde
84-86766-71-0
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Arterik biziena

 

        Emazte bizardunarekin eta giza-herensugearekin batera ferietako ikusgarri bezala heldu zen panpalina berria hiribarneetan hasi zen laketzen. Hondartzetako eta hiriosteko ordokietarik karrikartera etorri zen. Mende berriak aitzinamendua zekarren, elektrizitatearen eta komunikabide autonomoen aroa, eta zinemak gaina hartu zien zonbait dendarik ezarriak zeuzkaten alaigarri ikus-entzunezkoei. Latieule optikoak, konparazione, kendu egin behar izan zuen, entzulerik ezaz, Donostian cante jondo, zezenketa eta Kubako gerla kolonialaren hotsak eskaini ohi zituen entzungailu publikoa...

        Kafetegiak izan ziren lehenak zinematografoa ustiatzen, bezeroak biltzearren. Zergek sarreren diruei kentzen zietena sobera zelakoan, zonbait kafetegitan bertzelako sarrerak asmatu ziren: zinema ematen zen gelan sartu aitzin hainbertzeko kontsumizioa egin behar zen... edaritan! Berehala hasi ziren entrepresariak aretoak antolatzen hiriburuetan eta herri nagusietan. Irunek ez zeukan telegrafo eta telefono publikorik 1908an, baina bazeukan Rocamora jaun trebeak ezarritako zinematografoa. Espainian zebilen «esplikadore» onenetarik bat kontratatu zuen, eta haren ziriek saihetsak mintzeraino jartzen omen zituzten ikusleak barrez... Esplikadoreak baitezpadakoak ziren zinema mutuaren garai hartan, konprenitzen laguntzen zuten, elkarrizketak solasten zituzten, bizitasuna ematen zioten ikusten zenari, orduko bikoizleak ziren. Bilbok San Francisco karrikan zeukan Salón Vizcaya ospetsuan Pérez delako batek oso gauza txireneak erraten omen zituen. Iruñean berriz ezaguna egin zen Manolo izenekoa. Ba omen zuen gatza, eta biperra ere, ikusten zenaren azpildurak erakusteko... Zer hizkuntza erabiltzen ote zuten esplikadore hauek? Nola «laguntzen» zieten ikusleei Tolosan, Elizondon, Ondarroan eta Baigorrin? Izan ote ditugu esplikadore euskaldunak?

        Iruñean lehen zinema aretoa Labarta Zirku-Antzokia izan zen, Sanferminetan izaten ziren antzokitxoen gisako zurezko estalpe bat, Espoz y Mina karrikan:

        Txapaz estali eta buztingorriz margoturiko biltegi hark sarreratik eskuinera zeukan takila; ezkerrean jazpana paratzen zen, gero, estalpe barnean, ikusgarria alaituko zuena. Takilatik hurbil zutoin bat zeukan txirrin karrankari bat zuten lotua, emanaldia hasi baino lehen jotzeko eta Gaztelu Plazatik ere entzuten zena.

        Barnean eszenarioa eta bortzehunen bat aulkiko patioa. Alboetan palkuak zeuden. Sabaia oihalezkoa izan zen hasiera batean. Handik gutira, itoginak zirela eta, beltzune handi batzuk azaldu ziren, eta orduan, disimulatzeko, sabaia urdinez margotu zuten, beltzuneak hodeiak balira bezala.

        Garai hartako kritikari bat pleinu zen zinema «berantetsirik» jaio omen zelakotz, ehun urte lehenago sortu izatera Frantziako Iraultza bizian eta zuzenean filmatua izanen baikenuke... Doietarik huts egin ditugu guk «bizian eta zuzenean» Santa Kruz apezaren auziak eta jauziak. Baina kontsolatzen gara egun dauzkagun karlistaden berreskurapen bikain biekin, eta uste izatekoa da frantsesak ere kontsolatzen ahal direla Danton eta Robespierre pertsonaiek pantailan eman dituzten bertsio ederrekin... Ez zuen kritikari laino eta historiazale hark usteko Iraultza baino gertakizun ikaragarriagoak, gilotinarena baino aho odolgoseagoak irentsi behar zituela, urte apurren buruan, frantsesen eta europarren biziak gerla anker batean. Lehen Mundu Gerla izan zen zinemak estreinakoz «borroka» egin zuena. Muturik arren, salaketa eta publizitate arma gaitza bilakatu zen. Ipar Euskal Herrian emandako filmeek, bortxaz eta gobernamenduaren aginduz, moral-altxagarriak eta aberrialdekoak behar zuten izan. Erreportaia erdiragarri haietako anitzetan Eisenstein-en estetika hautematen ahal da. Zinemaren lehen aroko bertze sortzaile handi bat, Griffith amerikarra, Europako frontean ibili zen kamerarekin... Erran ohi da Nazio baten sorrera filmeak, hain zuzen, baduela zerikusirik, eta ez txipia, Ku Klux Klan erakunde negro-hiltzailearekin.

        Euskal Herriak ere badauka, ondikotz, bere lekutxoa gerlako dokumentaletan: Heinkel eta Junker haiek Gernikarantz, Santurtzitik Odesaraino eramanen duen ontzirako pasarela hartzen duen ume hura, haurra beragandik betirako urrundu eta aldi berean salbatu eginen duen ontziaren joanari malkotan adio egiten dion amaren samina, aireko alarma hura Bilbon, jendea lasterka tuneletara, emakumezko bat erori da, nehork ez du astirik laguntzeko, etxeko traste guztiak daramatzan orga hura, itzain ihesgin sobera triste haiek kamerari behako gozorik ezin eskainita, kazetari frantses hura Santiago zubian barrena lasterka haur bat besoetan fusileria faxistaren tiropean...