Zeruko erreginak
Errepublikari bisita
Alderraia ilunabarrez heldu da Zumarragara. Unatua dago. Tabernan sartu da, eta parrokianoek inguruko herri txipi batean duela guti gertatu den fenomeno harrigarria dute aho-mihitan. Galde egiten dio gazte batek:
Zer duk tresna hori, konpaño?
Bibolina ihardetsi du alderraiak.
Musikoak ez dira ibiltari onak izaten...
Ba ni oinez nator Loiolako santutegitik.
Arraioa! Pelegriñua haiz errepublika garaian! Ezkiora al hator?
Entzuna naiz zer edo zer Ezkiokoaz, bai...
Gazteak edatera gonbidatzen du. Juan Joxe du izena eta ez du apezek eta santujaleek diotena deus sinesten. Hala errepikatzen zion alderraiari:
Hori guztia jesuiten antzerkia da.
(Istorio honetako pertsonaia Walter Starkie da, hispanista irlandarra. Dublingo Unibertsitateko irakaslea, eta uda oro, Dr. Jekyll bailitzan, alderraia bilakatzen dena. Euskal Herrian dabil 1931ko uda honetan: Errepublika ezarri berria da, jesuitak duela guti izan dira Espainiatik egotziak, eskuin kontserbadorea antolatzen eta Errepublikaren aurka konspiratzen hasia dago...)
Alderraiak eta bere lagun berriak Ezkio kilometro barne daukatelarik, autoek eta autobusek trabatzen diete bidea. Inguruetako zelaiak gar nimiñoz izarniatuak ageri zaizkie, halako sorgin-lilura sortzen dutela gauaren erdian. Edariak saltzeko txosna mordoa ikusten dute: ontziz beteriko mahaiak, bonbilen lepoan edo kristalezko pitxarretan paraturiko kandelek argituak. Alderraia harritua dago. Juan Joxek zurrut eta birao egiten du.
Kantua sumatzen dute urrunean, zerutik baletor bezala. Aldiro hurbiltzera egiten du, aldiro haizeak eramaten du. Aitzina jo arau, jendetza urduri batek eginiko giza-itsasoan sartzen dira lagun biak. Bazter guztietarik dator jendea beherantz ilara sarritan. Gizon-andrazkoek keinu eta oihu egiten dute, kotxe eta autobusen tutuekin nahasiz.
(Ama Birjina Ezkion azaltzeak parpaila ugari ekarri zien tabernari, ostalari, estanpa-saltzaile, baserritar gela-alokatzaile eta garraiolariei... La aparición de Ezquioga. Llamad a Azcarate Hermanos. Autos Buick, 7 plazas, abiertos y cerrados; mecánicos expertos, con más de diez años de práctica. Teléfono 12.571. Egunero ageri zen iragarki hau El Dian, bertze hau baino zertxobait gorago: F. Loidi Zulaica. Especialista en enfermedades de la piel y secretas)
Starkie ibiltariak badu alproja aire bat, baina ez da Charlot. Dirua dauka, eta herriko ostatu hoberenean hartzen du aterpe. Taberna eta telefonoa dauka. Bertan daude erromes aberatsak, apezak, medikuak eta kazetariak. Fededunen batek Ama Birjina ikusten duenean etxe honetara ekartzen dute, eta apezak eta medikuak jasotzen dute hark errandakoa, idazkari batek papereratzen duela. Afaltzeko tenorea da. Jangelan alderraiak andere guren bat ezagutzen du, Doña Carmen de Medina, Tarifako dukesaren ahizpa eta Espainiako aristokraziako familia zaharrekoa.
(Alderraia irlandarra da, baina ez hainbertzerainokoa. Damari buruz ari dela honela diosku: Espainolek «andra puska bat» dioten horietarik zen, guk, ingelesok, adeitsuagoak izan nahirik, «emakume gaitza» erranen genukeena. Itzultzailearen hitz-bertzea ote?)
Zer zabiltza Espainian? Zendako utzi duzu zure herri katoliko ederra Jainkoaren aurkako sakrez beteriko gure honetara etortzeko? Laguntzera jin baldin bazara, ongi etorria! Hemen gerlari bulartsuak behar ditugu Eliza defendatzeko Satanasen indarren aurka!
Doña Carmenen espiritu erlijiosoak hunkitu egiten du alderraia. Egunero komekatzen du, otoitzean iragaten du egunaren gehiena eta endemas oso emakume eragilea da, Elizarekin eta politikarekin loturiko erakundeak kudeatzen baititu, deserrira igorritako monarkiaren sustengatzaile sutsuari dagokionez... Doña Carmenek auto bat alokatu du Donostiara joateko. Alderraia ere autoan doa hiribururaino, Plaza Berrian ezagutu zuen Lucas buhameari bisita egin ahal izateko. Hiribarnean, Easo karrikako komentu baten ateetan despeditzen dira.
(Easo karrikan San Martin eliza dago. Baditu inguruan komentuak, datua zehatza da. Zertara joan zen hara Doña Carmen de Medina? Konspiratzera? Bitartean, alderraia saiatu zen Lucas buhamea Ezkiora joan zedin, han bazegoela dirua biltzeko modua... Lucasek ez du deus jakin nahi erromeria erlijiosoekin, apezek ez omen dute orbelik uzten bertzeendako. Eta erran biribil honekin etsitzen du gure irlandarra:
Hori zinema batean jotzea baino okerragoa duk!)
Ikusten dut! Ikusten dut! Amatxo gurea, ikusten dut!
Neska gazte bat dago zutik jendetza belaunikatuaren erdian eta Starkieren ondoan. Hiltzeko zorian zuri, zoratuarenak begiak handi. Bere buruarekin hasten da palabran. Dolores Núñez, ikustuna, Doña Carmen de Medinak Tolosatik ekarria da, hala behar eta, honanzko bidean. Hitz egiten duen bitartean, irlandarrak eutsi egiten dio, zorabiatzen baldin bada ere. Baina erortzen uzteko zorian egon da, ikaraturik. Gizaki luze eta argal bat datorkio mamutzar gisa, eskuan oihal beltz handia dakarrela. Makurtzen da neskagana eta galde egiten dio oihal beltza begien aitzinean paratuta:
Ez da egia. Ikusten duzu orain?
Mamutzar hau fraile luze bat da, sotana beltzez jantzia, eta inkisidorearen aurpegi zurbila du. Oihala erabiltzen duelarik isiltasun handia egin da inguruan, eta urrun entzuten dira letaniaren galde-erantzunak. Zalantza egiten du neskak, baina berriro ekin dio garrasika:
Egia da... Ikusten dut, ikusten dut, ikusten dut...!
Ezkutatu da apeza. Alderraia hipnotizatua dago. Handik zonbait urtetara honela idatziko du Dublinen:
Ene logika desagertu egin zen eta beldurtu ere egin nintzen mirakuluzko garren batek ez ote ninduen sutuko. Beldur nintzen zerura behatzeko, mendi beltzean ikuskizuna azaltzen ote zen. Noizbait behatu nuen mendi gailurrera. Zerua irekitzen bezala ari zen, emeki, bi zati eginen balitz bezala, erdian argi bitxi batek distiratzen zuela. Luzaz egon banintz argitasun berezi horri beha, ziur nago iduriren bat hautemanen nuela...
(Baina filmeak bertzelako erritmoa eskatzen du: kamerak frailearen urratsak hartzen ditu, jendetzaren artean larderiaz bide egiten ari. Heldu da medikuaren ostatura. Honen diosalari kasurik egin gabe, gelara igan eta kutxa irekitzen du. Zinema kamera bat ateratzen du handik, Bolex bat edo Arri bat...!)