Paul Eluarden testuak
Alain Resnaisen filme baterako
Luigi Nonoren musika
Gernika. Bizkaiko herri koskor bat duzue, Euskal Herriaren betidaniko hiriburua. Han dago zutik Haritza, euskal usadioen eta askatasunaren sinbolo sakratua. Gernikaren garrantzia historikoa eta sentimentala da.
1937ko apirilaren 27an, feria eguna, arratsaldeko lehen orduetan, Francok zerbitzupeko dauzkan hegazkin alemanek hiru ordu t'erdiz bonbardaketatu zuten Gernika, txandatu egiten ziren zonbait eskoadrilatan. Herria guztiz erraustua eta suntsitua izan zen. Bi mila hildako izan ziren, denak zibilak. Bonbardaketa honen helburua bonba leherkarien eta bonba errausleen konbinaketak biztanleria zibilaren gainean zeuzkan gerokoak aztertzea zen.
Suari zaildutako aurpegiak,
Hotzari zaildutako aurpegiak,
Ukoei, gauari, irainei,
Kolpeei,
Guztiari zaildutako aurpegiak
Hemen dago betikotu zaituzten hutsa
Aurpegi urrikari sakrifikatuak
Zuen heriotza eredu izanen da
Heriotza bihotz harriturik
Biziaren ogia
Ordainarazi dizuete
Zerua, lurra, ura, Ametsa
Eta miseria gorria ere ordainarazi dizuete
Aktore maitagarriok,
Aktore triste baina eztiok
Drama atertu ezin bateko aktoreok
Ez zenuten heriotza gogoan
Bizitzearen eta hiltzearen beldurra eta kemena
Hain zaila eta hain erraza baita heriotza.
Gernikako biztanleak jende apala dira. Aspaldian bizi dira beren herrian. Tanta bat aberastasun eta uhin bat miseria dute bizimodua. Maite dituzte seme-alabak. Metaka bozkario txikik eta kezka handi batek osatzen dute bizitza: geroarena. Bihar, jan egin behar, bihar bizi egin behar. Egun, gogor egin behar. Egun, lan egin behar.
Kafea hartzen genuela irakurri dugu: Europan, nonbait, hiltzaile multzoak giza inurritegi bat zapaldu du. Zaila da ume zapartatu bat idurikatzea, emakume burugabetu bat, bere odol guztia goitikoz botzen duen gizon bat. Espainia urrun dago, geure mugetan dago. Kafea hartutakoan lanera joan behar da. Ez dago denborarik bertze nonbaiten gertatzen dena idurikatzeko. Eta ito egiten ditugu geure arrangurak.
Bihar helduko da oinazea sofritzeko ordua
Eta izua eta heriotza.
Baina berandu izanen da krimena ezabatzeko.
Metrailadoreen balek
Hilurrenak akabatzen dituzte.
Metrailadoreen balek
Umeekin jolasten dute.
Haizeak baino hobeki.
Mina bat bezala
Zanpatzen da gizona suaz eta burdinaz
Hondoratzen da ontzirik gabeko portu bat bezala
Surik gabeko sukalde bat bezala da hondoratzen.
Umeek eta emakumeek altxor bera dute
Hosto berdeak udaberria esne garbia
Eta iraunkorra
Begi garbietan
Umeek eta emakumeek altxor bera dute
Begietan
Gizonek ahal duten bezala defendatzen dute
Umeek, emakumeek, arrosa Gorri berak dituzte
Begietan
Nork bere odola erakusten du
Eta gugandiko hainbat ekaitzaren beldur
izan zirela pentsatzea ere!
Gaur badakigu ekaitza bizitza zela
Gugandiko hainbat tximistaren,
Trumoiaren beldur zirela pentsatzea ere!
Nolako ergelak ginen, trumoia aingeru bat da,
Tximistak haren hegalak dira
Eta ez ginen nehoiz sakonenera jaitsi
Natura sutuaren izua ez ikusteko
Nork bere odola erakusten du
Guztiz
Umeek ausente moldea dute
Eta hutsaren hurrengoa izateraino
Suntsituko gaituzte
Bozkariozko malkoak bazirela pentsatzea ere
Eta gizonak besoak zabaltzen zizkion
Emakume maiteminduari
Ume kontsolatuek negarrez egiten zuten irri
Hildakoen begiek
Izuaren dentsitatea dute
Hildakoen begiek
Lur mortuen mehea dute
Biktimek beren odola edan dute
Pozoina bezala.
Kaskoa, botak, jantziak dakartzatela, mutil zintzo eta jatorrak, abiadoreek zehaztasunez jaurtitzen dituzte bonbak.
Lurrean hondamena gertatzen da. Ontasunari emandako filosoforik handienak bi aldiz behatu behar du honetarik sistema bat sortu ahal izateko. Izan ere, orainarekin, lehena eta geroa dira suntsitzen direnak, sail osoa apurtzen dena, erretzen dena, krater batean. Bizitzaren oroitzapena da, putz eginda itzaltzen dutena, kandela bezala.
Lepoan odola, zamarietan odola,
Borreroak berak baino nazkagarriagoko
Uzta ustela,
Borreroak garbi hala ere.
Begi guztiak lehertu dira,
Bihotz guztiak itzali dira
Hildakoak bezain hotza dago lurra.
Saia zaitezte heriotzaren usaina hartu duen aberea lotzen. Saia zaitezte bada umearen heriotza esplikatzen amari. Saia zaitezte lasaitasuna jartzen garren erdian. Nola adierazi mundu honetako handikiek umeak dituztela etsai eta gerlako makinaz erasotzen diotela sehaskari? Ez dago gau bat baino, gerlarena, miseriaren ahizpa nagusia eta heriotza higuingarriaren alaba.
Altxor hau gizonek kantatu dute
Altxor hau gizonek xahutu dute.
Egizue kontu zuen amaren, zuen anaien, zuen seme-alaben agoniaz, egizue kontu bizitza hiltzen duen borroka honetaz, zuen maiteminen agoniaz. Egiezue gogor hiltzaileei. Ume batek, agure batek, sabela urratu du bizitza bere buruaren aurka ikustearen doluminez. Hala dakite, bat batean, akabantza honekin, bizi nahi izanaren absurdua.
Dena bihurtu da lohi, eguzkia ilundu da
Ikararen monumentuak
Etxetxoen, meategien
eta baratzen mundu ederra
Hemen gatoz haurrideok
Ustelki eginik
Hezur hautsi eginik
Munduak itzuli egiten du zuen orbitetan
Basamortu usteldu bat zarete
Eta heriotzak hautsi egin du denboraren oreka.
Harren eta beleen gaia zarete.
Eta hala ere zuek izan zineten
Gure esperantza ikaratua.
Gernikako haritzaren zuraren gerizan, Gernikako hondakinen gainean, Gernikako zeru garbiaren azpian, itzuli da besoetan antxume marrakari bat eta bihotzean uso bat dakartzan gizona. Kantari datorkie gainerako gizonei, maitasunari eskerrak eta zanpaketari ezetza ematen dizkien kantu ozena. Promesa ingenuoak izaten dira zoragarrienak. Eta gizonak dio Gernika, Oradour eta Hiroshima bezala, bake biziaren hiriburuak direla. Haien suntsipenak izua bera baino gogorragoko protesta adierazten du.
Kantari dago gizona, zain dago gizona. Eta bere oinazearen liztorrak badoaz urdin gogortuan. Eta bere kantuaren erleek gizonen bihotzetan egin dute eztia.
Gernika! Errugabetasuna garaituko zaio krimenari.
Gernika!...