Gure zinemaren historia petrala
Gure zinemaren historia petrala
1996, erreportaia
122 orrialde
84-86766-71-0
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Moraltasuna eta
haurrendako zinema

 

        Hiru gaitz, prentsa inmorala, zinema eta jai-egunak ez gordetzea, izugarrizko kaltea egiten ari dira fededunen arimetan, eta oroz gainetik gazteenetan; baina hala ere, erran dezakegu bigarrena, hau da, zinema, kaltea baino kalte zaparrada ari dela egiten.

        Pío XI.aren hitzok berehala glosatu zituzten bere apezpikuek: Jainkoagandik datoz zientziaren aurkikunde eta aitzinamendu guztiak, eta horrengatik teknikaren berrikuntza orok Ahalguztidunaren loriatzeko behar du izan. Kristau zintzoak erne egon behar du, egiten dituen aurrerapenek, zoragarriak izanik ere, berez baitakarte gizakion ahuldadea eta inperfekzioa... Hitz batean, zinema ona, adibidez, Buenos Airesko Batzar Eukaristikoa dela, Pio XI.ak berak errana. Zinema aretoak Erroma dekadentea eta Alexandria ustela erakusten diren eszenarioak dira ondikotz.

        Elizaren indarra hain da handia non Hays boteretsuak ere, Motion Pictures And Distributors of America Inc-eko zuzendariak, onartu egin behar dituen Zinematografiarako Batzorde Episkopaleko lehendakaria den Cincinnatiko apezpikuaren eskaerak eta batzordearen baldintzak: erakutsi aitzinetikako zentsura, bertzeak bertze.

        Zentsore eta kontrolatzaile izatetik protagonista izatera egin zuen jauzi Elizak. Sariak ezartzeaz gainera (Zinemaren Nazioarteko Bulego Katolikoa), aldizkariak argitaratu zituen zonbait naziotan eta haur-zinema sustatu zuen ekoizpenean eta zabalkundean. Zinema areto ugari erosi eta sortu zituen, «familiarrak» erran izan zirenak. Gipuzkoan bakarrik 27 zeuzkan epe laburrik barne, eta izen adierazgarrikoak: Centro Católico, Buenos Amigos, Zintzotasuna, On-Bide...

        Donostian, Udalaren aurrezki kutxak proiektore zinematografikoak erosi zituen eskoletarako. Bi emanaldi eduki izan zituzten haurrek astero. El Dia egunkari katoliko eta abertzaleak atal berria zabaldu zuen Cine y Pedagogía izenekoa, Ecos del Cine nagusiaren barnean. Bertan, La hora alegre de Mickey aldarrikatzen du Irrizlarik eredu bezala. Lizardik, Tolosako euskarazko lehen eskolaren goraipamena egiten duelarik 1927ko erdarazko artikulu batean, umeek, Baby izeneko zinemagailuari esker, zinema astean bitan ikusten zutela han ere jakinarazten digu. Eskolak zinemarekin har zezakeen onuraz aspaldi zeuden ohartuak Euzkadi egunkariko idazle bakan batzuk, eta ez zuten lotsarik izan abertzale zuhurrak hainbertze ikaratzen zituen berrikuntza pedagogikoki balia zedila eskatzeko, baita Bermeoko eskoletan ere:

        Zer balio dute marrazkiek, margoek eta eskulturek zinemaren aldean? Zer karta planoek eta are esferikoek? Zinemak errealitatea, forma eta higidura betikotzen ditu, gertakariak oro pintzelkada zehatzez, egiazko iduriz erakusten. Horrengatik, eta bizitzaren maisu bakar eta bikainena delakotz, sinetsi ezin ahala da zabaldu eta nagusitu.