Gure zinemaren historia petrala
Gure zinemaren historia petrala
1996, erreportaia
122 orrialde
84-86766-71-0
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Bogart & Bilintx

 

        Harrigarria ere bada Zabaletako ardi galdua, Juan Andres bekataria, baserrian jaiotako kaletar amorratua, zinematografoan sartu ez izana. Astero joanen zela dugu ustea, baina narratzaileak ez digu erraten. Domaia da, gure lehen nobelagilea ez baitzen areto ilunen zalea izanen, eta deskribapen zoragarriak utziko zizkigukeen...

        Behin-behineko baieztapen bezala hartu beharrekoa bada ere, zinema ikusi duen gure literaturako lehen pertsonaia Pello dugula erranen dizuet, Enrike Zubiri Manezaundik eginiko zirriborro kostunbrista haietako batean. Pello Parisen da, lehengusuari bisita egitera joana:

        Cinema ere behar zutela ikhusi, afal ondoan yuan ziren teatro haundi batetarat.

        Ba eta etzien sekula Pellok hainbertze irririk egin.

        Oihal xuri hartan agertu zen asto eder bat, eta Pelloz ohartu balitz bezala, hari so, beharriak zut zutak, hasi zen arrantzaka. Eta behakoa baztertu gabe ari zen orro eta orro barne guzia inharrosiz.

        Pello irri karkaila urragarrietan lehertua, sahetsak minduak zituen, eta yende guzia hari so irri zalapartan zagon.

        Handik atheratzian, oraino begiak bustiak irri nigarrez, erraiten zien Pellok, buruari inguruka:

        — Bainan, nundik demuntre ezagutzen ahal nu asto debru horrek?

        Parisen hurbilago dute gure baserritarrek zinema nonbait, Miarritzen baino. Marixan, Anttonen emaztegaia, Frantziako hiriburuan dago sehi lanetan. Han hasiko da andereño izaten eta bekatubideak hartzen, hala nola zinemarena, eta bereziki filma polizierrak... Nola ez, 1946ko nobela moralgile bateko protagonista da, Patri Urkizuk berriki ezagutarazia. Ohiko maitasun triangelua lan eta moral triangelu batek ordezkatzen du nobela honetan: Baserria-Hiria-Amerikak.

        Usadioetarik eta moralismotik urrun samar, Leturia, lehen euskal nobela existentzialaren protagonista, tabernara bezain natural joaten da zinemara, zonbaitetan bere neskalagunarekin. Guztiz hiritarra, Leturia euskaldun modernoa da, bere garaian ongi kokatua eta irakurketa, idazketa eta zinema bere bizimoduaren alderdi jatorrenetakotzat dauzkana.

        Bilakabide logikoa zen zinema bera literaturgai izatera jitea, hala lanbide bezala, nola mitoen iturburu gisa. Marylin Monroe-ren heriotza dago Juan Mari Lekuonaren poema honen oinarrian:

 

                Ille oriko eme oparo:

                gure gurariz illikan ago.

                Illotza:

                ostu diñagu biotza!

                [...]

                Ederrak au din amarren:

                ororentzat izan aurren,

                iretzako urren,

                gain da barren.

                [...]

                Nazkatu aiz da

                kendu den bizia.

                Pastillak irentsi, aaztu guzia.

                Erabaki den ire auzia...

                Artu den betiko egun luzia!

                Eme oparo:

                guk eraginda illikan ago.

 

        Eta hala behar noski, aipamena izatetik ondare izatera heldu da zinema, bere heroi eta bilauetan, bere eder eta munstroetan gure alorrean laketu dugun kultura izateraino. Ongi islatzen du Bernardo Atxagaren poema hark:

 

                Eta bota dezakezu baita ere txanpon bat makinan,

                Only you entzunez txorakeria batzuk esateko;

                Edo bertzela my love, nahi izanez gero,

                Hertsi itzazu begiak,

                Eta pentsa Bonny and Clyde garela eta zu soineko gorriz;

                Irlaren batetara joanen ginateke, bestalde,

                Inon irlarik balego

                [...]

                Ez, my love,

                Tximinoek ez dute planeta konkistatuko zoritxarrez,

                King Kong ez da iritsiko ziutate honetara;

                Eta izar zaharrenaren indar profetikoa profeituz,

                Koskortuko dira oraindik itxaropena,

                Eta balkoiko geranioa.

                (esan zuen Humphrey Bogartek sonbreilua okertuz)

 

        Andoni Egañak berrosatu egin du 1912ko gertakari hits hura, dozenaka haur ito zirenekoa Bilboko Teatro-Circo aretoan, zinematografoak gaindituriko entrepresari baten jokamolde zabarra erakutsiz, moral hipokritaren satira ipuin eder batean bilduz. Eta hori aski ez balitz, ezin hobeki jakin izan du uztartzen zinemaren kultura kosmopolita hain gurea dugun bertsolaritzarekin, heroi «unibertsalari» antiheroi «nazionala» kontrajarriz, amodioa galdutakoaren pleinua jotzen duelarik Bogart eta Bilintx izeneko kantuan:

 

                Konturatu naiz oroitzapenik

                ezin dela musukatu,

                beste gauzarik ezin dut egin,

                neure malkoak xukatu.

                Irabazletik galtzailerako

                paperak azkar trukatu,

                Bogarten gisan hasi nuena

                Bilintxen eran bukatu

                errukiaren ukendurikan

                ez zaidazula ukatu.