Josteko makina jazz kantari
Entrepresa yanki boteretsuenetarik bat, Warner Bros, erreka jotzeko zorian zegoen. Hondamendia eragozteko esperantzan, Western Electric konpainiari erositako berrikuntza kaleratu zuen: zinema soinuduna, zinema hiztuna, zinema ozena. Solasak, musikak eta zaratak sinkronizaturik ikusi ahal izan zen lehen filmea, The Jazz Singer, Alan Crosland-ena, 1927ko urrian mustu zen. Lautréamont-en arau surrealista harturik, erraten ahal genuke josteko makina, izen komertzial moduan badere, artista izan nahi zuen ume judu bati lotzen josten zitzaiola...
Garbizaleak nonahi dauzkagu. Intelektual ez gutik begia eta belarria ukatu zioten zinema ozenari, zinema izan behar lukeena ez baitzitekeen izan, haien iritziko, isila baino. Gure herrian ere, zinema hiztuna antzerkiaren itxuratze hutsa izanen zelakoan, orroa egin zuten adituek:
Lehenbizikorik jakinarazi behar dugu guk ez diogula ez eman, ezta emanen ere, neholako entzuterik zinema mintzatuaren asmakeriari. Badut susmoa, ziurtasunaren hurren, behin-behineko desbideratzea ez ote den...
Baina ez zen halakorik gertatu. Entzungarritasunak, aitzitik, zinematografoa ikuskizun ikusgarria bezala sendotzea ekarri zuen. Gaizki erraleak argudiorik gabe gelditu ziren berehala. Arzelus'tar Ander zutabegile ezagunak aitor du:
Len zinea mutua zalarik, antzertizaleak «itza» aitatzea naikoa zuten guziak aozpera antzerti gurtzale biurtzeko. Ni orduan ere zinezalea izanik, gaur zeñen alde egongo naizen esan bearrik ez det noski. Orduan aitortzen nion antzertiari itzak, gizonaren doinurik ederrena danez, erasten zion gallentasuna: gaur ori ere ez. Gaur, antzerkilariak bizirik aurrean dituzula esan dezaizuteke. Baña zineak ikusten dezun guziairi ematen dion egi itxura nun du antzertiak? Ta zineak «reliebea» ematea asmatzen duan egunean, antzokiarenak egin zun. Ta nere iritzian ori ere zinelariak nai dutenean egingo dute.
Zinema ozenak filmatzeko eta jokatzeko moldeak irauli zituen. Eman beharreko iduri-informazioa murriztu egin zen, ozenean ez baita beharrezkoa lurrina ikustea zipotz-zulotik jalgika trenak fistu jo duela jakin dezagun. Hitzak debaldekoak bilakatu zituen sentimenduen adierazpen larriak, eta anitz eszena elipsian ulertzen hasi ziren, solasak argituko baitzuen idurien arteko joskeraren zailtasuna. Honek narrakeraren arintzea ekarri zuen, muntaia edo osaketaren garrantzia handiagotu egin zen. Ahotsa, ordura arte ezertarako erabiltzen ez zena, baliagarri funtsezkoa bilakatu zen aktoretzan. Mikrofonoa eta ozengailua sortu baino lehenagoko bertsolari eztarri-ahula balitz bezala, Douglas Fairbanks, aurkintza exotikoetan gertatu beharreko mentura guztietako heroia, gainditua eta egokiezina gelditu zen zinema sinkronizatuan...
Bertzalde, ozena sortu eta handik ez luzera, Charles Chaplinek, zinema mutuaren defendatzaile amorratua izan arren, City Lights filmatzen du 1931n, teknika berrian. Kritiko edo irizlari zonbaitek antzerkiaren antza sobera hartzen badiete ere zinema ozenaren lehen emaitzei, mutuaren eta mintzatuaren elkar bizitza oso laburra izanen da hain industrializatua dagoen artegintzan. Berehala datoz musikalak, eta hauek iduriaren eta soinuaren sinkronizazioaren erabateko garaipena ezarriko dute. Ez noiztenkako porrotik gabe...
Arana kondea, igandero bezala, bere zineman dago, egun Miguelón ikusten. Filmea gaizki sinkronizatua dago eta mozketa ugari ditu, ozta entzuten ahal dira kantak. Ikusleria herria beti zerri emanaldiaren kaskarraz baliatzen da kondeari aspaldiko ordainak emateko. Errepublikan gaude, aro gaiztoa konde batendako. Aulkiak hautsi, gortinak urratu, oihalari su emateko saioak. Kondearen lorazain-proiekzionistak eten egiten du emanaldia, jalgi da eszenatokira eta, belauniko, pantaila ez hondatzeko eskatzen du, garestia omen da eta. Arana kondea, parlamentarismoari fede gutiago edukirik, txapelokerrak hartzen ditu morroi. «Bazter nahasleak» fusilorpo kolpeka izan ziren kanporatuak...
Josteko makina zinemaren estreinako kantariarekin lotu baldin badugu, gure Anteron txamarrotia ezagunaren aldaera ugarietarik bat ekartzea ere ez legoke hain itsusi:
Anteron txamarrotia
Singerren bibotia
Aretxek ei dauko, ei dauko
Preso tximinoia.
Formula kabalistikoa? Zer pasadizok eragin zuen arrantzale lekeitiar batek Singer izena har zezan? Al Jolson imitatzen ote zuen? Bizitza gidoi nahasi samarra da.