Harrien lauhazka
Harrien lauhazka
1998, poesia
96 orrialde
84-86766-91-5
azala: Iņaki Martiarena
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

ARRATSEKO GALDERAK

 

Ontzi alemanak bihotzak bezalako ikatz kozkorrak

        atera ditu sabeletik

Baina orain hutsik daude moilak

Fabrikak ez dira herri abandonatuak baino

Hondoa jotako bapore irauliak ondorik gabeko

        ibai herdoilduan

Eta etxera bidean ubidera hurbildu denak

Mehe du itzultzeko esperantza, eta luzaroan

        egoten da beha

Badaki etxera itzuli beharko duena ilundu orduko

Telebista biztuta egonen da, eta afaria gertu

Mahai gainekoa betirako balitz bezala

Eta autobusak gero eta bakanago igaroko dira leihopetik

Aurreko etxeetako argiek heldu ziren gaua

        gogorarazten diote

Orduan etxea ere berriagoa zen

Beti iritzi dio zatarra kanpotik

Berandu da, baina badaki gaur ere erasoko diona

Horrela izan da beti:

Gauez eta aurrez abisatu gabe lotu izan du

Baina itzultzekotan, nora itzuli? Eta zertarako?

Han utzi zuen herria ez da

Haurtzaroko argazki piloa baino memoriaren hondoan

Hildako senitartekoak, betirako galdutako lagunak

Zergatik etorri zen hona eta ez beste leku batera?

Nora baina?

Orain gauak bezain estu estekatzen duen etxea

Beste nonbaiten egonik ere

Antzekoa izanen zuela pentsatzen du

Arrotza eta beste guztien antzekoa

Berdin itxaron beharko zion zahartzaroari

        beste hiri arrotz batean

Bapore alemanak ez

Baina fabrika hutsak ere han izanen ziren

Semaforoak keinuka etorbide hutsetan

Abiadan pasatzen den auto bat

Edo poliziaren argi urdinen urduria

Edo anbulantzia baten ulu gorria

Norbait hiltzera agudo eramaten

 

Gaurkoa bezalakoxe gau eder batean heldu zen

Eta itzultzea dena hemen uztea da

 

Etxea, etorbide hutsak

Eta arratsero ikusi gogo dituen bapore alemanak

Bihotzak bezalako ikatz kozkorrak ateratzen sabeletik