Harrien lauhazka
Harrien lauhazka
1998, poesia
96 orrialde
84-86766-91-5
azala: Iņaki Martiarena
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

TRUMOIAREN ZAIN

 

Aspaldidanik zor zaigun udako lehen orduak

        behar dutenak

Belar moztu berriaren itzalera biltzen den arratsa

Auto baten hotsa, traktorea aldatsaren magalean geldia

Leihoa zabalik, trumoiaren zain geratzen naiz

 

Argi iheskorrak noiz pitzatuko hodeien pisua

Oinutsik, urduri ekiteko bere burua

        berdintzen duen bideari

Etxe barnean beti, urrats handiegi, presatuz

Mundu osoa goizalba baino lehen egiteko balego bezala

 

Auzoko azken etxeen atzean, umeen itzalak labainka

        ostentzen dira

Kartoizko kaxak, arrama hautsiak, pintura

        pote hutsen garraioan

Elkarren orpotik doazen oihuak

Nonbaitetik hemen den trumoiaren ihesian

 

Pisua? Oroimenez baino astuntzen ez diren hondar arinak

Horrek behar du izan urduritzen nauen erantzuna

Ahantz ditzadan behingoz lurpera ezineko orainak

Ez da inoiz horrela izan

Beste zerbait ekarri gomutara: Rory Gallagher hil da

Bezperako izara bustiak

Sargoria eta lasaitasun beldurgarria

Begi hobiak lur palakadaz betetzen

Euriak gogoz busti gabeko zokorrak

Busot-eko egutera txilartuan

Ihesi malkarraren argia, traktorea itzal bihurtu da

Umeek utzi diote surik handienerako egurketari

Eta ortziari beha nagoela egin didate oihu beherakoan

Zaindu ondo!

Itzaltzera egin du bonbilak

Argiaren artegatasuna isiltasunean abailtzen

 

Lurra. Ez nau loak hartuko lurra dugun bitartean,

        diotsot Anari

Batanarekin nahasten den ostargiaren usaina

—Zaudete lasai!

Ez nioke honelako baieztapenik egin behar

Lurra da krimenik handiena

Ez naiz inoiz beste bihotz bakar baten jabe izanen,

        eta badakit

 

Sinpleago. Haren begiek berbaroan ikasi dute behatzen

Ahantz ezazu begietan ekarritakoa diost

Hartzeko arnasa

Belar moztu berriaren indarra biriketan lehertzen

Traktorearen goldearena airean ildoa egiten

Lurpera ezinak garela egin

Kamioi-hozkailuetan batera eta bestera

Gogoeten errepide haustuetan

Inork ezpainak bustitzeko ere gelditu gabe

Ez du euririk eginen, behatzen nauen eragatik dakit

Argindarrezko zuhaitz dira

 

Inoren iraganetik erredizak zutoin etzanaren kontra

Garbigailu kaxa hutsen azpian

Aurpegirik gabeko txorimaloa masta muturrean

Arrats urratuaren zama sudur-mintzetan

Eta edertasun hura, ezin herrenago

 

Trumoiaren zain, sorbalda izerdituan beratzen den eskua

Mihuraz bezala janzten da zerua

Euririk ez, lurra

Entzun al duzu zer zarata ateratzen duen gure gainean?

Ez da ezer. Trumoia lehertu gabe joango da

Egunen batean aitortuko dizut

Nire eskua zurera heldu ezinik

 

Umeak, zeruraino eginen den tontorra busti ez dadila

        erregutzen elkarri