Elkarrekin esnatzeko ordua
Elkarrekin esnatzeko ordua
2016, nobela
344 orrialde
978-84-92468-92-8
Azaleko irudia: Antonio Gezala, Ate birakaria 1927 (zatia)
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2012, nobela
2001, poesia
 

 

Liburu eroria

 

 

148

 

Oldarkorrak eta frenetikoak izan ziren Francoren diktadurako azken urteak, eta geroago Espainian Trantsizioa deitu zioten hartakoak. Garai historiko bik, badoan batek eta badatorren besteak, elkarrekin talka egiten dutenean hala jazo ohi da, gertakariak tarrapataka metatzen hasten dira eta, orobat, gertakari horiek bizi dituzten pertsonen kontakizunak, ikuspegi desberdinetatik azaldurik, aniztu egiten dira; istorio arrunt eta xeheak, baina kontraesankorrak direnetan ere zehatzak.

      Vietnamgo gerrako triskantzak dituzte gogoan batzuek, edo Krabelinen Iraultza Portugalen. Beste batzuek Augusto Pinocheten estatu kolpean Salvador Allenderen heriotza, edo Puig Antichena, edo Eli Gallastegirena. Shock uneak izan ziren Luis Carrero Blanco Almirantearen hilketa, Madrilgo kafetegi batean 13 hildako utzi zituen Correo kaleko, Gasteizen eliza baten barruan bilkuran zeuden bost langileren heriotza Poliziak tirokatu ostean... Asimilatzeko gauza larriak, emozionalki; zalantzarik ez egiteko kontu latzak, politikoki.

      Diktaduraren aurka zeudenen artean talde eta zatiketa ugari zegoen, dena atomizatuta; eta gainera, euskal nazionalismo klasikoaren eta mugimendu aurrerazaleen arteko tentsioak beti ziren nabarmenak, sarritan narritagarriak. Gaur egun zentzuzko eta normaltzat hartzen diren borrokek, esate baterako abortuarenak, eztabaida itzelak sortzen zituzten. Ezkerra bera ere estua baitzen alor batzuetan, zaila izan zen gizabanakoaren askatasunak aldarri egiten zituzten ideiak Francoren oposizioan zeuden taldeek onartzea. Borroka feministari dagokionez, Txominen eta Nekaneren giroan ahaztezina izan zen Adela Ibaberen heriotza. 1973ko otsailaren 11n, legez kanpoko abortu bat egitearren odolustuta hil zen. Pasadizo honek arrasto sakona utzi zuen; Oskorri taldeko Natxo de Felipek, Gabriel Aresti poetarekin batera, kanta bat egin zion: “Orain, / batere zaratarik gabe / joan haitzaigu / eskoletan ere, / euskal eskoletan ere, / klaseen arteko burruka / gogorkien / lehertzen zenean, / zeinean / gizonak / gizonen kontra, / eta euskaldunek / euskaldunen kontra / dihardukaten”.

      Txomin propaganda lanez arduratzen zen sasoi hartan. ETA VI.ak 1972an bat egin zuen Liga Komunista Iraultzailea izeneko alderdi troskistarekin, eta alderdi iraultzaile berri honek inprenta txiki bat zuenez Bilbon, tintaz papera zikintzea zen Txominen egitekoa. Ezkerra adar ugariko zuhaitza zen, eta adar haietako bakoitzak bazituen bere analisiak eta esatekoak eta salatzekoak; beraz, papertegietan eta inprimategietan zenbat risma eta tinta kopuru saltzen zen kontuan hartuta bakarrik, errepresio indarrei erraza egiten zitzaien norbait legez kanpoko alderdi politikoren batean zebilela asmatzea, ez da munduko bizkorrena izan behar horretarako.

      1975eko apirila da, Nekanek zerbait arraroa susmatu du Bilbon, handia da polizien mugimendua, eta ospa egitea lortuko du —aldi hartan amak lagundu zion ihes egiten, nonbait onartua baitzuen nolakoa zen alaba—, baina Txomin atxilotu egingo dute.

      Komikoa da Basauritik Carabanchelerako bidea furgoneta barruan. Aurretik zihoazen motorbizikletak eta patruila autoak aldendu egin dira semaforo batean, Gasteizko bidearekin okertuta. Presoek barrutik oihukatzen dute: “Orain ezkerrera, gero eskuinera, orain zuzen...”.

      Baina jazarpenak maila bat gora egina zuen. Gaixorik zen Franco generalisimoa, eta agian ahultasun horrexek are ankerragoa bilakatu zuen dena. Txominek kartzelan jakin zuen Ondarroako gaztetxo bat, Koldo Arriola, batxilergoko kurtso bukaerako afari festan zebilelarik kuartelera deitu zutela aurretik pasatu zirenean. Guardia zibilek bere amaren tabernan gosaltzen zuten. Ez zen bizirik atera. Nonbait urduri eta mozkortuta zegoen guardia batek hil zuen mutila.

      Nekane ezkutuan zebilen, senarra Carabanchelen preso zen bitartean. Ihesean Bartzelonara heldu zen, han ezaguna baitzuen serora bat, eta hark babestu egin zuen komentuan, klandestinitatean zeuden beste ekintzaile antifrankista zenbaitekin batera. Moja-etxe berean zegoen babes hartuta Juan Paredes Txiki ere, Badajozko herri txiki batean jaiotako etakidea, lan bila Zarautzera iritsitako familia apal bateko semea. 1975eko maiatza zen orduan, baina uztailaren amaieran Txiki atxilotu egin zuten Bartzelonako Boada kalean eta, epaiketa bizkor baten ondoren, heriotzara zigortu zuten.

      ETAko Anjel Otaegi eta FRAP erakundeko Sanchez Bravo, Garcia Sanz eta Baena Alonso bezala, Txiki fusilatu egin zuten irailaren 27ko goizean. Che Guevararen irudia zuen kamisetaz jantzirik argazkietan ezagutu izan dugun gazte hura komentuko klaustroan paseatzen diharduela gogoratzen jarraitzen du Nekanek.

 

 

149

 

Txomin harrapatu zuten 1975eko apirileko egun berean atxilotu zuten bere anaia Patxi ere, Iru˝ean, Medikuntza ikasten ari zela. Txominen anaia izatearren eraman zuten Patxi komisaldegira —ohiko praktika zen hura, familiakoak ere sarekada berean eramatea—, baina berehalaxe utzi zuten aske.

      Izua erraietaraino sartu zioten mutilari. Ikasketak artez bukatu eta gero, derrigorrezko soldadutzara joatea egokitzen zitzaionean, erabaki zuen ez zuela horretarako gogorik, ez eta kuartelean agertzeko asmorik ere aurkeztu behar zuen egunean. Ihes egin zuen Iparraldera. Bere aitonak euskal erresistenteekin batera bidaltzen zituen gazte haien antzera, arrantzontzi batean joan zen, Nekaneren aitaren barkuan hain zuzen ere. Ontziburua ezeren jakitun ez zela, sotoan ezkutatu zuten marinelek, trein eta txankuekin, eta horrelaxe igaro zen bestaldera.

      Manu Sotak etxeko ateak zabaldu zizkion gazteari Miarritzen, Karmele Urrestiren eskaria aintzat harturik. Manu bozkariatuta zegoen, antzinako lagun minaren seme txikia Etcheferdian jasotzeagatik. Aitari buruzko ipuin asko kontatu zizkion Patxiri, argazkiak kutxetatik atera eta erakutsi, bien gustukoa zen musika jarri eta aditu.

      — Ikusi duzu horko koadroa...

      — Bai, ederra eta alaia da gero! —aitortu dio Patxik—, ez diot begirik kendu etorri naizenetik.

      — Antonio Gezala izeneko pintore batek margotu zuen. Bilboko gure etxeko hall zabala da hori.

      — Liluragarria!

      — Eskailerapean dagoen musikari taldean, piano luzearen atzean dagoen tronpetaria nor ote da?

      — Nahiago nuke zeuk esatea...

      — Zure aita da, bai, Bilbok eman duen tronpetari finena. Oraindik ere entzun nezake gau hartako musika!

      Patxik txunditurik aditu zituen aitari buruzko Manuren kontakizunak, benetakoak izan zitezkeela zalantzan jartzeko modukoak ia denak. Eta abentura zoroak balira bezala aditu zituen Manu beraren balentriak, New Yorkeko zerbitzu sekretuen garaikoak.

      — Ez al zara ausartuko galdetzen zein pasahitz erabiltzen genuen zerbitzu sekretuetako kideen artean?

      — Ez esatekoei buruz ez galdetzeko ohitura daukat, jauna.

      — Baina Patxi, ez al zara ba niregana etorri ez esatekoak konta diezazkizudan?

      — Arrazoi osoa duzu —barre egin du mutilak Manuren konplizitatezko txantxa entzutean—, jakin beharrekoak esan gabe uzteak, gainera, agian kalte egingo dizu noizbait.

      Eta solasean segitu zuten, atsedenik gabe, berriz elkar ikusteko aukera sekula errepikatu ez zela biek balekite bezala.

      — Euskaldunak izan gaitezke hau —eta Manuk esku ahurra zabalik erakutsi zion, bostekoa emateko keinua eginez— edo izan gaitezke beste hau —eta ukabila estutu zuen gogor—. Halakoxeak gara, eskua luza diezaiokegu kideari gaur, baina baita ukabila estutu ere amorruz bihar.

      Manu ukabila itxita geratu zen, pentsakor. Eta segidan liburutegi itzeleko beheko apalategitik filologia aldizkari ale bat atera zuen.

      — Iruditzen zait ukabila estuturik gabiltzala luzaroan. Kezkaturik nauka horrek. Bada liburu bat hamaseigarren mendekoa, Refranes y sentencias izenekoa, esaera hau gordeta duena: “Il eikek eta il aie, ta ire erailea il daie”.

      — Zer esan nahi du?

      — Uste dut adierazten ari zaigula, nik norbait hil ahal dudala, eta gero ni hilko nautela, eta ostean nire hiltzailea ere hilko dutela, eta horrela etenik gabe. Alegia, hiltzen hasten zarenean ez dakizula noiz etengo den katea.

      Urte batzuk geroago, Patxi Erromara joan zen batean, amak egindako mandatuari jarraiki Franšois Nothomb bisitatu zuen, familiaren aspaldiko laguna.

      — Venezuelako oihana utzi zuen —azaldu zion amak— eta moja izandako batekin bizi da orain Erroman.

      — Noiz arte harrituko gaituzte Nothomb jaunaren bizitzako joan-etorriek?

      Etxe bitxi bat zen hangoa, nahasian zituena munduko toki askotako gauza txikiak eta garai oso ezberdinetako oroitzapenen lurrina.

      — Anita deitzen da nire emaztea —esan zion Nothombek—. Mintzatzen natzaion bakoitzean zure izeba Anita maitagarriaz akordatzen naiz. Gustukoa dut hori.

      Patxik estimu handiz gogoratzen du Erromako juntadizoa. Agur egitean, erantzuten jakin ez zuen galdera bat bota zion ComŔteko kide ohiak:

      — Euskaldunak, hain jende etikoak izanik beti, nolatan hasi zineten hiltzen?

 

 

150

 

Karmele Urresti 1975ean itzuli zen Euskal Herrira, Txominen egoeraz kezkatuta zebilelako gehienbat. Franco bizirik zegoen artean, baina gutxi falta zitzaion diktadurari. Ailegatu zelarik, lehenik eta behin Antsosolora egin zuen ostera, hainbeste urtetan ikusi gabe zuen etxera, zeina hutsa eta arrotza begitandu zitzaion Frantziskoren eta Karmenen faltarengatik. Gomutatu zen bere haurtzaroaz, anai-arrebez inguratuta, eta irudikatu zituen Txomin senarra eta umeekin batera igarotako uda argitsu haiek.

      Etxetik atera eta Arrigorrirako ibilbidea egin zuen, bakar-bakarrik eta astiro, bata bestearen atzetik oroitzapenak jaiotzen zitzaizkion bitartean. Arrigorriko behatokitik dena garbi ikusten zen, hego haizeak itsas paisaia argitu egiten baitzuen. Ematen zuen bertan-bertan zeudela Getariako arratoia, Donostia eta harantzago Miarritze bera. Josebaz gomutatu zen orduan, nola Angelun hilobiratuta zegoen, Ondarroatik hain urrun, bere azken nahia sorterrian lurperatzea izan arren.

      Karmelek ezin izan zituen agurtu ez aita, ez ama, ezta Joseba ere, ezin izan zuen haien hiletetara joan, eta orain herrira itzuli zelarik Amerikako urteen ostean, orain bizi osoan borrokatu zuen diktadura bukatzear zegoela, ez zen kontent sentitzen; nola egongo zen pozik hainbeste urte kanpoan egon eta gero, maite zituenak dagoeneko ez zeuden-eta berarekin, eta seme-alabak ere bakoitza bere aldetik: Txomin kartzelan, Patxi ihesi eta Ikerne Bilbon, bere bizimodua egiten familiarekin.

      Karmelek pisu bat hartu zuen Ondarroan, Anitarekin batera bizitzeko, bi ahizpak bakarrik. Gutxika-gutxika neba-arreba guztiak itzuliko ziren Euskal Herrira, Jon eta Miren, beren bi semeekin, eta Josu ere bai, urte luzetan Venezuelan gogor lan egin ondoren.

      Etxean bertan erizaintza kontsulta bat jarri zuen Karmelek. Ohatila bat atondu zuen, gaixorik edo zauriturik zetozenak artatzeko, eta mahai luze batean jarri zituen bisturia, artaziak, bendak, botikak... denak ondo ordenatuta, aitak erakutsi zion gisara, dena garbi eta zuzen, berak lantegian tresnak jartzen zituen dotorezia berdinarekin.

      Eta barruko gela batean, Txomin Letamendi Muruaren Conn tronpeta distiratsua.

 

 

151

 

Carabanchelgo espetxera semeari bisitan joan zitzaionean, Karmeleri barrenak mugitu zizkioten hango hormek, usainak eta giroak. Lipar batean hogeita bost urte atzera egin zuen bere gogoak, eta senarra bisitatzera joaten zen garaiaz oroitu zen, eta haren galeraz.

      Baina, kemenez, pentsamendu haiek uxatu eta orainera itzuli da, bertan preso baitauka semea, zain, eta Caracasen adio esan zionetik ez dute berriz elkar ikusi. Txomin oso pozik dago ama ikusteaz, nola ez, nahiz eta pentsatu ez dela hau berriz batera egoteko une eta toki aproposena, kartzelako bisita-gela hotz eta zikin batean, eta ama hain urduri, larrituta, asalduzko garai horretan bizi den giro gaiztoarengatik.

      — Txomin, gauza bat aitortu behar dizut...

      — Zer, ama?

      — Seme ona izan zara, esanekoa, zintzoa. Txikitan, egia da, oso bihurria zinen, baina gero ez didazu gerra handirik eman.

      — Gaur arte, ikusten duzunez.

      Karmele isilik geratu da une batez, eta esan dio:

      — Sentitzen dut hainbeste urtez bakar-bakarrik utzi zaitudalako.

      Txomin hunkitu egin da, ez zuen-eta espero amaren ahotik halako hitzik, beti izan baitzen apur bat hotza eta zuzena, sentimendurik ia inoiz ere adierazten ez zuena.

      — Ez ezazu atzera begiratu, ama. Horrek ez du bueltarik. Franco hiltzen denean, orduan bai, izango dugu astirik elkarrekin egoteko. Gauzak aldatzen ari dira, mundua askatzen ari da, eta ez Euskal Herrian soilik, Espainian, Portugalen, mundu osoan ari da jendea altxatzen. Denok batera egin behar dugu borroka.

      — Ez dakit, Txomin. Gustatzen zait zu hain idealista izatea, mundu hobe baten aukeran sinestea... Baina ez dut uste kanpotik ezer jasoko dugunik. Begira, bestela, Agirre lehendakariari zer gertatu zitzaion. Uste dut euskaldunok geuk bakarrik oinez egiten ikasi behar dugula, kanpora horrenbeste begiratu gabe; benetan diotsut, gure indarretan sinetsi eta aurrera egin, geure bidean.

      Txomin ez zegoen eztabaidan jarduteko. Amak ez zuen halakorik merezi. Gaia aldatu zuen, eta gauza hutsal baina atseginez aritu ziren, premiazkoak baitira horiek ere, bisita ordua ahitu zen arte.

      Ziegara itzuli zenean, amaren oroitzapena lausotzen joan zen eta Nekanerena argitzen; eta pentsatu zuen orduan berak ez zuela nahi gurasoei gertatutakoa beraiei jazotzea, horrenbeste urte aldendurik, horrenbeste urte bakarrik. Ez, berak, Nekaneren alboan izan nahi zuen kartzelatik ateratzen zenean, Gabriel Garcia Marquezen Ehun urteko bakardadea edo Italo Calvinoren Baroi arranpalaria nobelez mintzo zitzaion neska harekin, Sartre eta Beauvoirren harremanaz aditu baten ziurtasunarekin hitz egiten zion emakume harekin, esaten ziona “bizitzari den-dena eskatu behar zaio, eta bete-betean bizi”; eta betiereko maitasunik sekula ere aginduko ez zion arren, maitasun handia ematen zion bueltan ezer eskatu gabe, elkarrekin zeuden une hori infinitua bihurtuko balu bezala, borondate eta askatasunari lotutako maitasuna. Eta akordatu zitzaion, jarraian, nola joan ziren mendira ekaineko arratsalde batez, eta ikusi zituzten belaze zabalak, inoizko berdeenak, belarra hazita zegoela, eta hantxe oinekin zapaldu eta ohantze bat atondu zuten, eta bertan etzan ziren elkarrekin, han belar luzearen babesean, gorderik, ohantze natural hartan, eta elkar maitatu zuten libre, animaliatxoak balira bezala, naturaren hots txikiak entzuten; eta gero belar-izpi bat ahoan sartu eta zeru urdinera begira geratu zen Txomin, eta zeru eskergak eta lur hezeak legez beraiek ere bat egiten zutela sentitu zuen, une batez bada ere... Eta begiak zabaldu zituen ziegako ohean eta ikusi zuen sabai usteldua, karratua hura ere, muino hartako zeru urdin karratuarekin zerikusirik batere ez zuena.

 

 

152

 

1976an Espainiako Gobernuak emandako amnistia partzialarekin irten zen Txomin Letamendi kalera, uztailaren 30ean, Marcelino Camacho buruzagi komunista espainiarra “ez gaituzte ez menderatu ez makurrarazi, eta ez gaituzte otzanduko” esanez atera zen egun berean.

      Dena den, Txominek askatasuna berreskuratu zuelarik ez zuen beste munduko suhartasunik nabaritu kalean. Franco 1975eko azaroaren 20an hil zenean lehertutako alaitasun zalapartaria pixkanaka nahastu eta herdoildu egin zen, pozaren atzetik kezka etorri zen kasu askotan, halako sentipen gazi-gozoa. Ez zen erraza adostasunetara heltzea, tentsioa nabari zen politikan eta artegatasun hori zabaldu egin zen jendartean ere.

      Gazte iraultzaileek uste zuten bazeudela baldintzak aldaketa sakon bat emateko, baina Espainian eskuindarrek irabazi zituzten hauteskundeak eta Alderdi Komunistak espero ez zituen emaitza kaskarrak izan zituen %10eko bozekin. Gero desengainua hedatu zen, eta iraultzaile haietako batzuk, gazteenak, heroinaren zurrunbiloan sartu ziren, mundu errealetik ihesi, paradisu artifizialetara joz.

      Euskal gizarteko sektore batek ez zituen onartu Espainiako Konstituzioa eta Gernikako estatutu autonomikoa. ETAk, zatiketaz zatiketa, bere jarduerarekin jarraitzeko erabakia hartu zuen. Talde paramilitarren bortizkeria ere asko bizkortu zen urte haietan.

      1978ko abenduaren 27an, I˝aki nire lehengusua, Andoni Arrizabalaga ihesean zihoalarik ohera sartu zitzaiona, Gabonetako oporrak profitatuz herriko liburutegira joan zen. Arrotz esnatu zen eguna Ondarroan, hego-haize zakar batek epeltzen zituen bazterrak, ez zuen ematen negua zenik. Hutsik zegoen liburutegia, lehengusua bertara ailegatutakoan ohartu zen beste gaztetxo bat besterik ez zegoela barruan.

      Liburuzaina Jose Mari Arrizabalaga zen, 27 urtekoa, Karmenen ikasle izandako Migel Anjel alkate frankistaren anaia, hain zuzen, eta hura bezain eskuindarra, gazte karlisten burua.

      Apalategitik atlas bat hartu eta orriak pasatzen ari zen lehengusua, bat-batean tiro-hotsek ikaratu egin zutenean. Ez zekien zer arraio gertatu zen, mapei begira loturik egon zen-eta ordura arte. Burua zutitu eta ikusi zuen liburuzaina hilik zetzala lurrean. Paperak barreiaturik, behegaineko liburuetako bat zabalik, orriak zikintzen zituen odolak ez zuen hizkiak irakurtzen uzten.

 

 

153

 

Gezalaren Artisten gaua Ibaiganen margoa gomutan hartzen dut behin eta berriz. Olio-pinturako dantzariak eskuan darabil makila lumaduna, biraka, gure ludia bere orbitan bezala. Duela ez asko, Zumaiako flyschera egindako bisitaldi batean, zeinak azala galdua duen liburu erraldoi baten bizkarra dirudien, plegu guztiak bistan, gidak azaldu zigun lurraren historia luzea asmatu ahal dela haitzaren geruza desberdinei kasu eginez gero. Izotzaldiak eta beroaldiak markatuta datoz, geruzek badituzte kolore argiagoak edo ilunagoak. Baina benetan deigarria egin zitzaidana hauxe zen: lurraren orbitaren araberakoak direla garai hotzak edo beroak, eta orbitaren aldaketak muda dezakeela planetako klima; 22’1 gradutik 24’5erako oszilazio txiki bat aski da kalte handiak eragiteko.

      Ze unetan pasatu ginen gu, herri bezala, izotzaldi luze batera? Gure kontzientziek ere orbita aldaketa bat izan al zuten? Zergatik ez genuen aurreikusi, gizabanako eta gizarte bezala, gerora gertatuko zena? Zergatik ezin izan genuen geratu indarkeria espiral hura? Zergatik isildu ginen askotan? Zergatik ez genuen onartu bestearen sufrimendua? Zergatik bihurtu ginen harrizko, Ondarroako elizako irudi haien antzera?

      Ez naiz gai orain galdera horiei taxuzko erantzunik emateko, ez naiz nor sentitzen balizko erantzun horiek neure buruari sinetsarazteko ere. Baina, behinik behin, egun nahi dudana da atzera begiratu eta orduan sufritu zuten guztien lekuan jartzea, beraien mina sentitzearren neurea balitz bezala. Eta ondoren beraiei entzun, banan-banan entzun, nahiz eta haien kontakizunak desberdinak edo kontrajarriak izan; eta gero egiara hurbildu, jakinik egia osagarria dela beti, pieza asko dituena, pertsonak adina agian, eta ikuspegi eta sentipen desberdinak biltzen dituela bere baitan.

      Bihoztu nahi nuke garai berri bat, abian dena dagoeneko, klima epelago batekin, justua eta librea. Badakit denbora behar dugula, baina bagoaz pixkanaka, eta gainera, Simone Weilek zioen bezala, nahikoa da bi edo hiru pertsona oinez hastea, ondotik jendarte osoa bide beretik joan dadin.

 

 

154

 

Manu Sota 1979ko abenduaren 29an hil zen. Pare bat dozena lagun joan ziren Getxoko San Jose Obreron egin zen hiletara. Itxikeria eta sektarismo handiko giroa zen ordukoa; batzuentzat Manu izango zen aristokrata burgesa, edo bere biografia zertxobait ezagutzen zutenentzat Agirreren garai zaharretako pertsonaia, edo modaz pasatako erdal idazle ahaztua. Nahiz eta independentista izan hil zen arte, bere bizitzako azken urteetan dezepzio anitz izan zuen, Etcheferdiara zerga iraultzailea eskatzen zuen gutuna iritsi zenean bezala.

      Lourdesko erromes gunera andari lanetan laguntzera udaro joaten zen agure haren, “mundura besteei laguntzeko jaiotzen gara” zioen idazle haren hiletara ez zen ia inor agertu, ematen zuen ez ziola inori axola gizon berezi hark. Nolanahi ere, eliza kanpoan, zertxobait urrundurik, Agirre lehendakariaren hiletan Manu Sota bezala, Karmele Urresti eta Ikerne Letamendi zeuden, adiskideari eta aitabitxiari gorazarre egiten.

      Agur, agur Manu Sota jauna, agur t’erdi.

      Hemen gire.