Elkarrekin esnatzeko ordua
Elkarrekin esnatzeko ordua
2016, nobela
344 orrialde
978-84-92468-92-8
Azaleko irudia: Antonio Gezala, Ate birakaria 1927 (zatia)
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2012, nobela
2001, poesia
 

 

Bosgarren Etorbideko egunerokoa

 

 

35

 

Haur talde bat Washingtongo Etxe Zurira bisitan iritsi da 1940ko abenduaren 25ean. Zain dituzte Franklin Delano Roosevelt eta Eleanor Roosevelt. Presidentea garai eztian dago, azaroan hautatu berri dute-eta hirugarren agintaldirako; haizeberriturik dator gainera, presidenteorde berria izango du alboan, Henry A. Wallace ezkertiarra. Oparia dakarte haurrek, Gabonetako jaiotza bat. Pertsonaia biblikoek euskal jantzi tradizionalak daramatzate soinean eta baserri itxura du Belengo estalpeak. Bezuza eman ahala Hator, hator mutil etxera abestu dute. Erbestean den semeari etxera itzul dadin eskatzen zaio kantuan, familiarekin batera igaro ditzan Gabonak. Nahiz eta kanta antzinagokoa izan, testuinguru honetan Gerra Zibilaren eraginez munduan zehar barreiaturik dauden haur errefuxiatuei buruz dihardu.

      Non eta Etxe Zurian, gerratik ihesi zihoazen haur batzuk kantari aritzea, nori eta Estatu Batuetako presidenteari, oihartzun handiko berria izan da, Manu Sotak emandako lehen propaganda kolpea. Albistea Euzko Deya agerkarian, munduan barrena sakabanatuta dauden euskal errefuxiatuak irakurtzen duten hedabide nagusian argitaratu da abenduaren 30ean. Roosevelt senar-emazteen argazki batek laguntzen badu ere berria, hauek Norvegiako printzeekin ageri dira erretratuan, eta presidentearen ama Sara Delanorekin, lorategiko banku batean eserita. Ez dago euskal haurren arrastorik. Benetan gertatu ote da hitzordua? Edo Manuk asmatua da goitik behera?

      Manuel Intxaustik eta Manu Sotak zuzenean presidentearekin hitz egiteko paradarik izan ez zuten arren, badirudi enkontrua gertatu zela, baina protokolo kontuengatik ez zietela harekin argazkiak egiten utzi. Sari handia izango zen hori, baina politikoki konprometituegia Rooseveltentzat.

      Manu Sotaren ordenatu gabeko paper anabasan aurkitu nuen makinaz idatzitako ohar bat egun horri buruzkoa. Berak idatzi zuen albistea, berak bidali zuen Euzko Deya agerkarira. Aldea dago Manuk idatzi zuen testutik astekarian agertu zen bertsiora. Aldizkarikoa ia osorik adorea emateko mezu politikoa da. Manuk, ordea, zehaztasun gehiago ematen ditu; zer kanta abestu zuten kontatzen du, adibidez, eta nor izan zen haur kantariei abestia irakatsi ziena, New Yorkeko neskatila euskaldun bat, Balentin Agirre jatetxeko ugazabaren alaba. Sotak aipatzen du, umeei gozokiak eta freskagarriak eman zizkiela Eleanorrek.

      Giza eskubideen urraketen aurka egiten zuen lanarengatik aintzat hartua zen Eleanor Roosevelt. Gerra Zibiletik ihes egindako haurrei sostengua emateko talde bat ere sortu zuen Estatu Batuetan, askotariko intelektual eta zientzialariekin, esate baterako, Theodore Dreiser, Lillian Hellman, Albert Einstein, Dorothy Parker, Thomas Mann edo Edna St. Vincent Millay; eta urte batzuk geroago, Bigarren Mundu Gerra bukatu ondoren, Eleanorrek sustatuko du Nazio Batuen Giza Eskubideen Karta ere.

      Horren karietara, non edo non irakurria nuen Etxe Zurian bertan babestuta izan zutela gerratik ihes egindako ume errefuxiaturen bat, baina informazioa ez zen zuzena. Duela gutxi jakin da Eleanorrek hiru haur hartu zituela seme-alabatzat eta beraien ardura izan zuela adin txikikoak ziren bitartean: Janina Dybowska, naziek Polonia hartu zutenean zurtz geratu zen neskatoa; Tommy Maloney, Londresko alemanen bonbardaketen ondorioz gurasorik gabe geratu zen mutikoa; eta Kerman Mirena Iriondo, zortzi urte zituela beste milaka haurrekin batera Habana ontzian Bilbotik ihes egindako euskalduna. Eleanor Roosevelt arduratu zen haren heziketaz hemezortzi urte bete zituen arte, baina mutila ez zen sekula bizi izan Washingtonen, Londresen baizik. Behin besterik ez zuen haurra bisitatu presidentearen andreak, 1942an.

      Eleanorrek maiz leporatzen zien hala bere senarrari nola Winston Churchilli oso gutxi egin zutela Espainiako Errepublikaren alde, eta eztabaida sutsuak ere izan zituzten horregatik. Argi dago Franklin Delano arduratuago zegoela bestelako kontu batzuekin.

      Nolanahi dela, 1940 eta 1941 urteetan Manu Sotaren obsesioetako bat izango da, kosta ahala kosta, Roosevelt presidentearengana zuzenean iristea.

 

 

36

 

Manuel Intxaustiren seme-alabak izan ziren Etxe Zurira kantari joandako umeak. Euskal jatorriko abokatua zen Intxausti, Filipinetan jaioa baina Amerikako Estatu Batuetan hiritartua, familia oso aberats bateko oinordekoa. Donibane Lohizunen zuen ohiko bizilekua, baina Europan gerra piztu zelarik New Yorkera aldatu zen, White Plainsen zeukan etxera. Ez zen edonor Intxausti Washingtongo administrazioan, ezagun asko zuen hango barrunbeetan, hala nola, Douglas MacArthur jenerala.

      Manuel Intxausti izango da Manu Sotari laguntza handiena emango dion gizona zentzu guztietan, hala diruz nola kontaktuak lortzen. Washingtongo Gobernuari Jose Antonio Agirreren egoeraz ohartaraziko diote, Estatu Batuetan onar dezaten errefuxiatu gisa.

      Lehendakaria ezkutuan zegoen 1940ko maiatzaren hasieratik, halabeharrak hala nahi izan zuelako, ezen opor egun batzuk hartzea deliberatu zuen eta irten egin zen Paristik, maiatzaren 8an hain justu. Frantziako mugatik hur dagoen Belgikako La Panne herrirantz abiatu zen, han atseden hartu eta senitartekoekin egun batzuk pasatze aldera. Baina ez zen zortekoa izan Agirre, edo bai, nondik begiratzen den. Hitlerrek Belgika, Holanda eta Frantziaren kontrako erasoaldia egun horietan hasi zuen eta Jose Antonio Agirrek ezin izan zuen Parisera itzuli.

      Belgikatik Alemaniara jo zuen, Berlinera, munstroaren sabelean aurkituko ez zutelakoan. Itxura eta izena mudatu zituen han. Inizial berak zituen deitura berri bat onartu zuen —Panamako kontsul batena— garai hartako espioiek egin ohi zuten moduan. Jose Antonio Agirre Lekube ordez Jose Andres Alvarez Lastra.

      Ez zen gutxiagorako, ihesean zebiltzan politikari eta artisten ehizan ziharduen Jose Felix Lekerika enbaxadoreak Frantzian. Lluis Companys Kataluniako presidentea bere aginduz atxilotu zuten, eta Gestaporen eskuetan utzi; Francoren oniritziarekin, Bartzelonako Montjuicen fusilatu zuten 1940ko urriaren 15ean. Lekerikak jomugan izan zituen beste batzuk ere: Federica Montseny ministro anarkista, Max Aub idazlea, Julian Zugazagoitia politikari sozialista eta gehiago. Batek daki, Agirre Belgikara oporretara joan izan ez balitz, bera ere atzituko ote zuen Parisen.

      Lehendakaria nortasuna itxuraldatuta ibili zen Berlinen, magia trikimailu bat balitz legez 1941eko abuztuaren 27an Rio de Janeiron jendaurrean agertu zen arte.

      Manuel Intxausti eta Manu Sotaren betebehar nagusia Estatu Batuetako gizartean eragitea izango zen: propaganda lana, eta ongi kokatuta zeuden politikari, intelektual eta kazetari eraginkorren lagun bihurtzea, batez ere Washingtonen boteretsuak ziren katolikoena. Dena den, bide meharra zen hori. Vatikanoak Francoren alde egin zuen lotsagabeki eta Espainiako Gobernu garaitua komunistatzat hartzen zuten Atlantikoaz bestaldeko katoliko gehienek. Komunismoak ezinikusi eta ikara handiak sortzen zituen Estatu Batuetako elite zuzendariaren artean. Manu Sota, lotu zituen hamaika hitzorduetan, ahalegintzen zen azaltzen euskaldunok bestelakoak ginela, Jose Antonio Agirre ez zela komunista, katolikoa eta demokrata baino, ez Franco zaleak bezala, zeinak katolikoak bai baina totalitarioak ziren. Tamalez, hori dena ulertaraztea benetan zaila izango zaie Sotari eta Intxaustiri, 1941eko abenduaren 7an Japoniak Pearl Harborreko erasoa burutu arte.

 

 

37

 

Idazle eta pentsalari aurrerakoien artean, aitzitik, hobea izan da erantzuna; nazioarteko brigadetako kide ohiak dira gehienak, edo eta judu ezkertiarrak.

      Bilboko liburu-denda ederrenetakoan, Astarloan, Ernest Hemingway idazleak Manu Sotari Honolulutik idatzitako eskutitz bat irakurri dut. Gutunean azaltzen dio New Yorken elkar ikusteko gertu dagoela Hemingway eta ondo baino hobeto dakiela Euskal Herriaren berri, Habanan lagun dituen hainbat pilotariri esker. Hemingwayrekin batera, Jay Allen kazetari ezaguna izango du Manu Sotak beste aliatu gertuko bat.

      Estatu Batuetako Estatu Departamentuak, hala ere, zeken jokatuko du Euskal Delegazioarekin. Ez du inolaz ere Franco haserretzeko asmorik, ez luke nahi hura gerran sartzea Ardatzeko herrialdeen alde. Horrexegatik, alde guztiekin ondo konpontzen ariko dira, euskaldunei konfiantza apartekorik eman gabe.

      Euskal Herriaz Estatu Departamentuan benetan zer pentsatzen zuten jakiteko premia zeukan Manu Sotak, baina aski informazio lortzen ez zuenez, etsita, eta gizon liraina zela jakitun, ideia bihurri bat otu zitzaion: Washingtonen lan egiten zuen emakumezko idazkari batengana inguratuko zen, hura limurtzen saiatuko zen, informazioa aterako zion.

      Ohantzean elkarrekin etzan direnean, ordea, gauzak ez dira andreak espero bezain ondo gertatu, ezta Manuk uste bezain erraz ere, oso baldarrak dira-eta honen ahaleginak.

      — Hasieratik esan behar zenidan gizonezkoak laket dituzula, eta ez emakumeak —errieta egin dio—. Politika kontuak baino jakin nahi ez bazenituen niregandik, trago batzuk hartuko genituen, eta kito.

 

 

38

 

Manu Sotaren gutunei kasu eginez gero, 1940an ezinegona eta tristura nabari dira letretan. Bizitza sozial bizia du, egia da hori, baina herrimina handiagoa da gehienetan. 1940ko otsailaren 25ean, Grace Moore opera kantariaren etxean afalduko du eta Begoña Sota arrebari esango dio malenkoniatsu, “beti oroitzen naiz gure gurasoek Ibaiganen ematen zituzten jai eder haiez”. 1940ko apirilaren 29an amari igorriko dio gutuna. “Afaria antolatu genuen Delegazioan. Bikain atera zen, eta hori zartagina ia kabitzen ez zen gailu elektriko baten gainean prestatu behar izan nuela”.

      1940ko urriaren 10ean Pako Zamakonari idatziko dio Caracasera, Txomin Letamendiz galdezka: “Bada mende bat Txominen berririk ez dudala. Idatzi nion azken eskutitzari ez dio erantzunik eman. Esan zidaten taberna bat zabaltzera doala. Bera ez bada izango lokaleko bezerorik onena dena ondo joango da. Baina bera izanez gero bezerorik onena, esaiozu Karmeleri hesola bat hartu eta buruko kizkur bat bera ere sano ez uzteko”.

 

 

39

 

Caracasko Alta Gracia auzunean bizi ziren Karmele Urresti eta Txomin Letamendi, Ikerne txikiarekin. La Pastora urbanizazioko etxe kolonial bat hartu zuten Garate eta Aretxabaleta familia bilbotarrekin batera. Barealdirako abagunea idoro zuen bertan bikoteak. Bake-une bat erbestean, ume txikia hazi eta Europako gerra giroaz zertxobait atzentzeko. Egunak konturatu gabe igarotzen ziren hiriburuko giro epelean, beste mundu bat zen hangoa, beste era batera antolatuta zegoen denbora.

      Venezuelara joandako errefuxiatu euskaldunek segituan aurkitzen zuten lana. Ondo hartuak izan ziren. Andana bat Estatu Batuetako konpainietako petrolio zelaietan hasi zen beharrean. Baina ez horretan bakarrik. Caracasen ez ezik Venezuelako bazter askotara barreiatu ziren, zeuden oihanean, zeuden kostaldean. Esate baterako, Jose Mari Solabarrieta, Karmeleren osaba eta Errepublika garaian Ondarroako alkate izandakoa, arrantza lanetan hasi zen. Hiriburuan nagusiki europarrekin zituzten harremanak, erbesteratuak haiek ere, edo herrialdea ustiatzen ziharduten estatubatuarrekin.

      Karmele erizain ari zen Gutierrez Alfaro doktorearen klinikan; Basurtuko garaian ezagutu zuen Gonzalo Aranguren medikuak lagundu zion lan bila, bera ere erbesteratua baitzegoen Caracasen. Halandaze, Txomin arduratuko zen ume zaintzan.

      Baina ez luzarorako. Behinola, senarra emaztearen bila klinikara joan delarik, eta sarreran harengatik galdetu, andari batek lotsagabe esan dio: “Karmen? Emakume lirain bat?”. Txomin jeloskor jarri da, ez zaio batere gustatu portaera.

      — Karmele, erizain lana utzi behar duzu.

      — Zertara dator hori?

      — Hau ez da zuretzako moduko tokia —zakar samar muturtu zaio.

      — Dirua behar dugu. Ez dut ulertzen azkenaldiko zure tema.

      — Haurdun zaude...

      — Baina oraindik ez da eragozpena.

      — Atseden pixka bat ondo etorriko zaizu.

      — Hori egia da. Ikernerekin ere denbora pixka bat gehiago egon behar nuke.

      Hilabete batzuk barru, 1941eko otsailaren lehenean, zapatu batean, bigarren haurra jaio da, mutiko bat, aitaren izen bera hartuko duena: Txomin, Letamendi Urresti. Urte eta erdiko aldea du arrebarekin, panpina baten antzeko oparia da oinez arin ibiltzen ikasi duen Ikernerentzat.

 

 

40

 

Franklin Delano Roosevelten ahotsari adi zegoen Manu Sota kafetegi batean, 1941eko urtarrilaren 6an irratiz mintzo baitzen presidentea, “Lau libertateen hitzaldia” eskaintzen. Gizabanakoak lau askatasun nagusi dituela egin zuen aldarri: adierazpen askatasuna, pentsamendu eta erlijio askatasuna, duintasunez bizitzeko eskubidea eta beldurrik ez izateko eskubidea. Baina Manu Sotak ikaratuta segitzen zuen, zauritutako piztia bezala, Euskal Herriaren etorkizuna Bigarren Mundu Gerraren ostean nolakoa izango zen zalantzaz beterik.

      Bakarrik paseatzen zen New Yorken, liburuak erosten zituen eta museotan hartzen zuen atseden. “Frick Collectionera joaten naiz arratsalde batzuetan, milioidun batek utzitako museo txiki bat da, eta abantaila du etxe partikularra dela funtsean, eta koadroen ospitale bat dirudi, ez museo desatsegin horietako bat. Grecoren lan eder bati begira zauden bitartean organo edo ganbera-musika kontzertu bat entzuten ari zara, eta horrek kontenplaziorako prestatzen du espiritua”.

      Frick Museoaren negutegiko aulki batean eserita dagoela, Pako Zamakonaren gutuna irakurri du. Berri onak dakartza adiskideari buruz: “Txomin Letamendik oso ondo irabazten du bere tronpetarekin”. Eskutitzak adorea eman dio Manuri, eta sentitu du agian gauzak haize alde ipiniko direla berandutu gabe.

 

 

41

 

Hein batean Hemingwayren eta Allenen laguntasunari esker, New Yorkeko literatur giroan sartuko da Manu Sota. Parte hartuko du Deserriko PEN Club elkartearen inaugurazioan eta buruz buru ezagutuko ditu Thomas Mann, Stefan Zweig, Sinclair Lewis, Sigrid Unset, Somerset Maugham eta Andre Malraux idazleak.

      Washingtongo politikan ere abagunea zabaltzen ikusiko du. 1941eko abuztuaren 14an USS Augusta gerraontzian Rooseveltek eta Churchillek “Atlantikoko gutuna” agiria adostu dute. Hirugarren puntuak honela dio: “Errespeta dakion munduko herri orori zein gobernu motaren arabera bizi nahi duten hautatzeko eskubidea, eta independentzia eta eskubide subiranoak berreskura ditzatela eskubide horiek indarrez galdu dituzten herri guztiek”. Manuk ez du aukera galdu nahi. Atzendu gabe idatziko dio Roosevelti berriro; eta eskutitz honek ere erantzunik izango ez duen arren, hala ere Washingtongo administrazioko idazkari batek gorriz azpimarratuko du Sotaren gutuneko esaldi hau: “Jakizue gure indarren neurrian lagun dezakegula gizateria totalitarismoaren zamatik libratzeko misio handian”.

      Manuel Intxausti ere urrats bat aurrera ematera deliberatu da. Ordura arte hotel ezberdinetan kokatu eta aldatu izandako Euskal Delegazioarentzat egoitza finkoa sortzea erabaki du, gastu guztiak bere gain harturik. New Yorkeko Bosgarren Etorbideko 30 zenbakian, Washington Square plazatik hurbil, idatziko du Manu Sotak bere egunerokoa aurrerantzean.

 

 

42

 

Azal urdina du eskuz idatzitako Manuren egunerokoak. New Yorken egon zeneko garai interesgarriena jasotzen du, beharbada, 1941eko urriaren 17tik azaroaren 21era arteko kontakizunak. Nola antolatu zuten Intxaustik eta biek Jose Antonio Agirreren etorrera, zelan iritsi zen Lehendakaria New Yorkera, Erresuma Batuko eta Amerikako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuekin izan zituzten harremanen hasiera, eguneroko bizimodua. Dena.

      Honelaxe hasten da:

 

      1941, urriak 17.

      Kontent, Jose Antoniok Montevideon izan duen harrerarengatik. Presidenteak, estatu-ministroak eta artzapezpikuak audientzia eman diote. Bere omenez meza handi bat antolatu dute aire zabalean Uruguaiko Libertateen Irudiaren aurrean. Diputatuen Ganberak bilkura berezi bat egin du berari gorazarre egiteko. Hitzaldiak, oturuntzak. Uruguaitik bidaltzen ari zaizkidan kableak lehertu egingo dira, hain dira adeitsuak.

 

      Urriak 22.

      Gaur iluntzean Intxausti Washingtonera joan da Estatu Departamentuarekin hitz egitera Jose Antonioren etorreraz. Lehendakaria ez denez herrialde bateko presidente “ofiziala”, begi onez ikusi dute hura hona etortzea, baina ardura handirik hartu gabe, Espainiako enbaxadorea ez haserretzearren.

 

      Urriak 24.

      Nire beldurrak bete dira. Intxausti burumakur itzuli da Washingtondik. Estatu Departamentuan esan diote bihotzez nahi dutela Jose Antonio hemen babestu, baina edozein harrera egitearen aurka daudela erabat, eta adi egongo direla kaian bere zain jendea bilduz gero, eta hala balitz, lehorreratuko dutela lehenago beste toki batean. Arrazoiak: Amerikako Estatu Batuen eta Espainiaren arteko harremanetan tirabirak daude eta ez dute Franco Ardatzera gehiago hurreratzerik nahi. Espainiako enbaxadaren eragozpen kexu baten beldur dira, eta ondorioz krisi humanitario bat sortzeko aukeraz, larrituta baitaude Jose Antoniok Montevideon eta Buenos Airesen izandako harrera abegitsuekin.

 

      Urriak 28.

      Estatu Departamentua gero eta estuago dago Jose Antonioren bidaiarekin. Atzo Intxaustik bi idazkariorderekin hitz egin zuen, eta esan zioten honek “ondorio politiko larriak” izan ditzakeela. Horregatik nahi dute Trinidaden lehorreratu dadin, eta gero handik hegazkinez Miamira.

      Intxaustik Jose Antonioren kable bat erakutsi dit, esanez Trinidadeko irtenbidea ez duela onartuko “euskal duintasunagatik”. Ataka zail batean jartzen gaitu horrek. Intxaustik Estatu Departamentura hots egin du eta esan diote Trinidaden lehorreratu behar duela, bai ala bai, ezen, New Yorken lehorreratuko balitz, beldur baitira ez euskaldunez baizik eta istiluak sor ditzaketen inkontrolatuez.

      Intxaustik eta biok Jose Antoniori kablegrafiatu diogu mezu bat, azalduz gure ikuspuntua zein den eta hausnar dezan. Bestalde, Intxaustik Washingtonera idatzi du, itxaropen handirik gabe, iradokiz New Yorken egin litekeela lehorreratzea, baina ez Nasa Nagusian.

 

 

43

 

Manuel Intxausti goizean goiz Euskal Delegaziora ailegatu zelarik Manu Sota lo zegoen idazmahaian, burua besoen gainean etzanda. Besoen azpian, egunerokoa; bazter batean, whiski botila erdi hutsik, pipa itzalia eta tabako lipitsak paperen artean.

      — Manu, txukundu pixka bat. Croydonera gonbidatuko zaitut gosaltzera. Albisteak dauzkat.

      Hotelera iritsi orduko Lehendakariak bidali berri zuen kablea erakutsi zion.

      — Onartu du Trinidaden lehorreratzea.

      — Eskerrak. Baina amorratu egiten nau Lehendakaria horrela tratatzeak, heroi baten moduan egin behar genion-eta harrera.

      — Ez zaitez nahigabetu, Manu. Badatorrela, hori da garrantzitsua. Gero gerokoak.

      — Bai, baina atzeko atetik sartuko da. Lotsagarri.

      — Arrazoi osoa duzu. Dena den, kontuan har ezazu hemen gauzak astiro doazela. Estatubatuarrak ez daude prest zirt edo zart egiteko.

      — Duela gutxi Johnny Agirre izeneko soldadu bat etorri zitzaidan Delegaziora. Euskal jatorriko amerikarra. Esan zidan soldaduak ez daudela gerrarako gertu. Hura zegoen kuartelean ehun eta hogei lagunek egin dute buruaz beste.

      — 14ko Gerran beraiek ziren ba zangarrenak!

      — Eta gero Eliza dago, hain atzerakoia. Gogoan duzu igandeko sermoia? Roosevelten politiken aurkakoa, Ingalaterrari laguntza apur bat ematearren bakarrik. Erdi komunistak omen dira haiek ere. Ez zait gogorik geratzen mezetara joateko. Aputziren ideietatik gero eta gertuago nago.

      — Nor da Aputzi hori?

      — Nire aita espirituala. Duela pare bat hilabete Downtown clubera joan nintzen, kazetari batekin geratua bainintzen. Eta han, handikien artean, hara non topo egiten dudan Eibarko anarkista batekin. Zapatak garbitzen ari zen Aputzi. Ihes egin behar izan zuen Eibartik, sanjuan sutan panfleto libertarioak banatzeagatik. Geroztik berarengana joaten naiz zapatak garbitzera, eta nire pena guztiak kontatzen dizkiot.

      — Psikoanalista bat baino merkeago aterako zaizu behintzat.

      — Oso bizkorra da, filosofo hutsa. Aurrekoan esan zidan askoz interesgarriagoak direla akatsak bertuteak baino. Bertuteak aspergarriak dira, baina akatsek asko esaten dute pertsonei eta herriei buruz. Eta ganorazko herria izateko akatsak behar ditugu! Baina ez handiak, inportanteak baizik.

      — Eta zein da gurea?

      — Harroak garela.

      — Agirrek aipatzen zuen “euskal duintasun” hari buruz ari zara?

      — Ahaztu!... Ea laster gure artean daukagun. Beste kafe bat?

      — Bai, mesedez.

 

 

44

 

Urriak 29.

      Nahiz eta Jose Antoniok Trinidadeko irtenbidea onartu, Estatu Departamentuan larrituta daude oraindik. Azaroaren 4an, Jose Antoniok New Yorkera heldu behar duen egunean, hain zuzen, Marqués de Comillas ontzian New Yorkera iritsiko dira Perura Pizarroren mendeurrena ospatzera datozen ordezkari frankistak. Egiatan haien asmoa propaganda falangista egitea denez (eta, beraz, Amerikako Estatu Batuen kontrakoa), zenbait elkartek eskaria egin diote Cordel Hull Estatu idazkariari faxista hauen lehorreratzea debeka dezan. Jose Antonioren bidaia dela-eta Washingtongo Administrazioak dituen beldurretan zerikusirik izango ote du alproja hauen etorrerak?

 

      Urriak 30.

      Espioi ingelesen bisita izan dut, Intelligence Serviceko jendearena.

 

      Urriak 31.

      Azkenean ere Estatu Batuetako destruktore bat hondoratu dute alemanek. Irratian entzun dut berria (11.00 am). Ez dakit ze ondorio izango duen amerikarren artean, baina ez dut uste sumin handirik sortuko denik. Bakean luzaroan bizi izandako herrietan gertatzen da hori, halako inertzia bakezale bat izaten dute, eta zaila da hortik ateratzea. Gainera, Washingtongo Gobernua beldur da, eta ez hain zuzen nazienganako ikaraz, Lindberghen beldurrez baino, hots, etxe barruan sartuta dituen naziez. Bitartean, Alemaniak gerra irabazten dirau, eta Ingalaterra ezinean. Oso txarto doa dena.

      Timesen ikusi dut atzerritarrentzat prestatzen ari diren kontzentrazio esparruaren argazkia. Horra eramango ote naute ni ere?

 

 

45

 

Delegazioko telefonoa hartu zuen Manu Sotak. Nea Colton idazlea zen. Pozarren zegoen. Nobela bukatu berri zuen eta ospatzeko party bat antolatu zuen bere apartamentuan, ostiral gauean. Besteak beste, Coward-McCann argitaletxeko editorea agertzekoa zen, Cecil Goldbeck.

      — Euskal afari bat antolatu dut etxean. Etorri egin behar duzu.

      — Zer prestatuko duzu?

      — Garbantzuak eta bakailaoa.

      — Baina, Nea, askotan esan dizut garbantzuak ez direla euskal platera.

      — Berdin da. Ez dakit besterik egiten. Adio, ostiralera arte. Muxu!

      Aspalditik ezagutzen zuen Nea Colton. Egia esan, gerrako haurren kontuarengatik interesatu zen Euskal Herriaz eta geroztik maitemindu egin zen; hizkuntzarekin, kulturarekin, historiarekin liluratuta zegoen. Mirespen horren ondorioz, eta Euskal Herriaren egoera Estatu Batuetan zabaldu nahian, fikziozko nobela bat idaztea otu zitzaion, The Rivers Are Frozen. Manu Sota izan zuen horretarako informazio iturria, edozein ordutan deitzen zion zalantzak argitzeko, eta Manuk pazientziaz erantzuten zion.

      — Gustatu al zaizu nobela? —galdetu zion Cecil Goldbeck editoreak, arrain platertxo bat eskuan, etxeko liburutegian gonbidatuak zutik zirela.

      — Ondo idatzita dago, Nea idazle fina da, baina istorioa...

      — Ez zaizu sinesgarria iruditu.

      — Ez da hori. Korapilatsua da nire gusturako. Eta gogorregia. Abortuak-eta agertzen dira, guretzat arrotza da hori.

      — Zeinen moral estua duzuen europarrek! Begira, ni neu hiru emakumerekin maitemintzen naiz aldiro. Bizitza kitzikagarriagoa egiten zait horrela.

      — Nekagarria gero! Maitale bakar bat aurkitzea ere kostatu egiten zait niri.

      — Neuk ere garai batean izan nuen maite bakarra, lehenengo emaztea, Eva. Idazlea. Banandu egin ginen, baina nire lagunik onena izaten jarraitzen du.

      — Editorea eta idazlea, normala ez irautea.

      — Ez zen horregatik izan. Uste dut behin ere ez zuela orgasmorik izan nirekin.

      — Ahalegindu al zinen?

      — Baietz uste dut, baina arrakastarik gabe. Konbentzituta nago bakarrik hobeto moldatzen zela. Eta zu?

      — Ni zer?

      — Planta onekoa zara. Ez zabiltza inorekin?

      — Inori kontatu ez diodan zerbait esango dizut. Bitxia da, hemen nago, New Yorken, ezagutzen ez dudan pertsona batekin eta beste inorekin baino lasaiago.

      — Segi...

      — Amak dozena bat haur izan zituen aitarekin. Beti zegoen haurdun. Gauero joaten zitzaion aita ohera eskean. Ama horrela ikusita, hain nekatuta, nazka hartu nien sexu harremanei. Eta liburuetan babestu nintzen geroztik.

      — Zein liburu duzu gustukoen?

      Kixotea. Pertsonaia ameslaria delako. Itxura batean absurdua da haren mundua, baina zer beste geratzen zaio galtzaileari absurdua eta ironia baino?

      Nea Coltonek eten egin zuen solasa, hurreratu eta musu bana eman zien masailean.

      — Ai, nire editorea eta nire musa, lagun onak egin zaretela dirudi. Galderatxo bat dut zuentzat. Zer uste duzue, gure amari ala Manuri dedikatu behar niokeela liburua? Amak haurtzaro eta nerabezaroan jasan izan nau eta Manuk azken urte honetan.

      — Amari, noski.

      — Manuri.

      Biei eskaini zien.

 

 

46

 

Azaroak 4.

      Gaur, 9:00 am, Jose Antonioren emaztea iritsi da bi umeekin. Oso ondo daude, halako odisea tragikoaren ondoren.

 

      Azaroak 6.

      7:15 am. Intxausti eta biok Filadelfiarantz irten gara eta 9ak aldera iritsi. Ordu erdi geroago ailegatu da Jose Antonio Miamitik. Aldean dakar gertatu zaizkion neke guztien zama. Argalago dago, eta sufrimendu aurpegia du. Gauza asko kontatu dizkigu. Sinestezina da nola, pasatu duen dena pasatuta, familia Lovainan miseria gorrian utzi ondoren, gizon honek dituen ontasuna eta kemena. Ziur dago Alemaniak galdu egingo duela gerra. Gauean elkarrekin afaldu dugu White Plainsen.

 

      Azaroak 11.

      Argi dago Delegazio honek denetarik egin behar duela. Une honetan euskaldunen orotariko mandatuak ditut egiteko: gitarrarentzat sokak erosi, zirujau-tresnak, leiho modeloak, moda aldizkariak, dibortzio bat eta bi haur euskaldun adoptatzeko eskakizunak.

      Gauean White Plainsera, Jose Antoniorekin lan egitera.

 

 

47

 

Caracasko orkestra ezagun batean tronpeta-jole zebilen Txomin Letamendi. Parisen Canarorekin ari izan zen gisara, Billo Frometak hartu zuen Billo’s Caracas Boys izeneko bandan, gaueko hamarretatik goizaldeko laurak arte jotzeko, astelehenetan izan ezik, egunero. Baita igande eguerdiz ere, vermouth sasoian. Libertador eraikinaren goialdeko terrazan izaten ziren emanaldiak, Roof Garden delakoan, eta zuzenean emititzen zituen Radio Caracasek. Pako Zamakonak gutunez Manu Sotari aipatu zion legez, Txominek ederki irabazten zuen orkestrarekin.

      Arratsalde batez, Karmele Urresti eta Txomin Letamendi seme jaio berriarekin Carabobo parkean paseatzen dabiltzala, Estatu Batuetako enbaxadan lan egiten duen batek galdetu die:

      — Zelan dago Churchill?

      — Ondo, eskerrik asko —erantzun dio Txominek.

      Eta agur egin ondoren, Karmelek harrituta esan du:

      — Nor zen gizon hori?

      — Amerikanoen informazio zerbitzuetan lan egiten duen bat.

      — Espioia orduan?

      — Halako zeozer.

      — Eta jakin liteke nolatan ezagutzen duzun espioi amerikar bat? Manurekin zerikusia al du?

      — Jakina. Ez izan inozoa.

      — Ondo baino hobeto dakizu ez naizela. Baina egiaren erdia baino ez didazu kontatzen, Txomin.

      — Gauza oso berde dagoelako oraindik. Galdetu zidaten ea laguntzeko prest geunden eta nik baietz. Horixe da dena, momentuz.

      Karmelek bekainak jaso ditu harriduraz.

      — Zer esan nahi du laguntzeko prest geundela? Gu biok? Eta zertan laguntzeko?

      — Gauza da, tronpeta jo behar baldin badut eta gero euskal zerbitzu sekretuetan ibili, bada ez zait astirik geratzen etxean egoteko. Eta horrexegatik hitz egin nuen bion izenean.

      — Berriz diot. Zertan lagundu behar diezu?

      — Oraingoz ez didate ezer zehatzik kontatu. Betikoa izango da, zelatan ibiltzea informazioa lortzeko. Venezuelako Gobernuari buruz, Espainiako enbaxadari buruz, naziei buruz... Dena gero beraiek Franco gobernutik ken dezaten. Laguntzeko prest zaude, bai ala ez?

      — Noski. Eta zenbat zaudete hemen?

      — Mordoa. Garate da New Yorkekin harremana duena. Berak antolatuko du dena.

      Karmelek muturra estutu du eta Txominek irribarre. Ezagutzen du Karmeleren keinu hori. Honelako zerbait esan nahi zuen: “Ados. Konforme. Baina gain-gainean izango nauzu”.

      — Eta, Txomin, zergatik deitu dio amerikar horrek Churchill gure semeari? A ze konfiantza, ez?

      — Bromatan esan du, emakumea. Agian burua soila eta handia duelako.

      — Zu bai zarela buruhandia. Eta hutsik daukazu gainera.

 

 

48

 

Jose Antonio Agirre ez zen atzerriko herrialde bateko estatuburu gisa sartu Estatu Batuetan. Gobernu autonomo bateko presidentetzat hartu zuten, lege estatusa ere galdua zuena nazioartean, faxistek gerra irabazi zutenetik.

      Columbia Universityko historia irakasle legez onartu zuten, Carlton Hayes katedradunaren babesari esker. Manuel Intxaustiren ezaguna zen Hayes, International League of Friends of the Basques elkarteko kidea eta Roosevelt presidentearen aholkularia. Intxaustik galtzak bete lan egin zuen Agirre Columbian onar zezaten, Hayesi agindurik, hala eginez gero, Unibertsitateko ongile bilakatuko zela, diru laguntza handi batekin. Beraz, zeharka, hark ordaintzen zuen Agirreren soldata, Lehendakariak sekula jakin ez bazuen ere.

      New Yorkera iritsi orduko ingelesa ikasten hasi zen. Egunean ordu ugari ematen zituen horretan, itxura txarrik eman ez zezan Columbiako akademiaren aurrean. Euskal Delegazioak ahalik eta gehien atzeratu zuen Agirreri unibertsitatean egingo zioten harrera. 1941eko azaroaren 14an metroa hartu zuten 14. Kalean. Lehen linea. 116. Kalean jaitsi ziren. Geltokitik hurbil dagoen atarian zain zegoen Carlton Hayes. Campusa erakutsi zien, fakultate desberdinak, liburutegia, eta elkarrekin bazkaldu zuten gero. Hayes ondo baino hobeto mintzatzen zen espainolez. Liburutegiko kupula eskergaren aurrean agur egin zien Hayesek:

      — Behatu behegainera. Campuseko zorua egiteko Foru Erromatarrean oinarritu ziren. Falka formako adreiluekin egin zuten. Horrela, izotza eta elurra eginda ere, sekula ere ez dugu labain egiten. Erromatarren jakinduria!

      Ondoren Murray Butler errektorearekin hitzordua zuten Agirrek eta Sotak.

      — Bakearen Nobel sariduna da Butler. Norbera zizarearen pare sentitzen da hainbeste Nobel artean —urduri zegoen Lehendakaria, zigarro bat piztu zuen—. Ez dakit nola moldatuko naizen nire ingeles apurrarekin...

      — Ez kezkatu. Butler gizon heldua da eta estimu handitan du bere burua. Esan didatenez, ahoak eman ahala hitz egiten du, ez da isiltzen. Zuk utzi niri iruzkinak egiten, eta zuk “very interesting” esan eskua kokotsean jarrita.

 

      Azaroak 18.

      Life aldizkarirako Lehendakariari elkarrizketa bat egin dio John Hearsayk. Bere ibilera miragarriak kontatu dizkio eta liluratuta utzi du.

      Gero, Columbia Universityra. Father Fordek, unibertsitateko kapilau katolikoak, harrera ekitaldi bat izan du ikasle hegoamerikarrekin, eta Guest of Honour gisa aurkeztu du Jose Antonio. Ikasleei taula gainetik mintzatu zaie Lehendakaria, jazz-band baten aurretik. Ondotik, autografoak sinatzeko eskatu diote ikasleek, eta dantzan egin dute. Esan didate, Father Fordek berak ere, itxura batean XVIII. mendekoa eta irtirina dirudien arren, dantzan egin duela. Ikaragarria da gizon honek gureganako erakutsi duen jarrera, lehen ikara ematen baikenion pentsaturik komunismoak kutsatuta geundela. Eta, gaur, ohore guztiekin egin dio harrera Jose Antoniori, eta bere mintzaldia esan du, gainera, erabat ados dagoela Lehendakariarekin. Agian, Estatu Departamentua egongo da aldaketa honen atzean.

 

 

49

 

Azaroak 19.

      Intelligence Serviceko Millerrekin bazkaldu dut. Kontu interesgarriak izan ditugu mintzagai.

 

      Manu Sotak egunerokoan aipatzen duen Miller hori ezkutuko deitura bat zen. Bill Ross-Smith zuen benetako izena espioi ingelesak. Biharamunean, berriro elkartu ziren.

 

      Azaroak 20.

      Thanksgiving Day. Jose Antonioren bila noa, zeina Intxausti eta ume guztiekin joan baita Macy’seko desfilea ikustera. Ostean, Delegaziora, Intelligence Serviceko Miller eta Howardekin bazkaltzera. Azken hau, ingelesen arduraduna da gai hispanoetarako. Jose Antoniok penintsulako egoeraren ikuspegi zabal bat eman die, eta exilioan dauden politikari espainiarren jokaerarena. Howardek ziurtatu dio, Ingalaterrak gerra irabaziz gero Franco desagertu egingo dela. Aurreneko aldia da autoritatea duen ingeles batek baieztapen hori egiten duena. Jose Antoniok esan die, penintsulako etorkizuna ez dela oinarritu behar alderdi politikoetan, errealitate nazionalei erreparatuta baizik. Eta Portugal ahaztu gabe. Azkenik, euskaldunek Amerikan zehar duten garrantziaz aritu zaie. Howardek eta Millerrek telefonoz hots egin didate gaur bertan, adieraziz pozarren atera direla Jose Antoniorekin izandako bileratik. “Gizon hau ikaragarria da” esan didate.

      Thanksgiving gaua Balentin Agirreren jatetxean ospatu dugu. Ederra afaria, batez ere piper beteak.

 

      Manu Sota ohartu zen ingelesen promesaren garrantziaz. Euskal Zerbitzuak beraiei laguntzen hasiz gero, akabo Franco. Dena den, promesa hori, Franco desagertuko zela eta Euskal Herriak bere etorkizuna libre hautatuko zuela, ez zuten inoiz idatziz lortuko. Baina Agirrek eta Sotak ebatzi zuten gauzak berez etorriko zirela, ez zegoela zertan gauzak gehiegi teinkatu aliatuekin.

 

      Azaroak 21.

      Coordinatorreko kide den Renduels jaunarekin bildu da Jose Antonio, Delegazioan. Coordinator hau Donovan koronelak antolatu berri duen bulegokoa da, Inteligentzia arloko informazio osoa koordinatzeko eta Roosevelti helarazteko.

      Renduelsek dio, Jose Antonioren eta Roosevelten arteko bilera bat antolatuko duela 15 egun barru.

 

      Baikor zegoen Manu Sota. Jauzi handia zen William Donovan koronelaren gizonarekin elkartzea. Bill Donovan Estatu Batuetako Inteligentziaren burua zen, Coordinator of Information (COI) karguarekin; hots, ordura arte bakoitzak bere aldetik funtzionatzen zuten Armadako Inteligentzia, Itsas Armadakoa eta FBI koordinatuko zituen gizona. Eta gainera, hainbestetan amestutakoa agindu zion, Rooseveltekin batzartzea.

      Hortxe bukatzen da Manu Sotaren egunerokoa. Azal urdineko koadernoaren gainontzeko orriak erauzita daude.