Elkarrekin esnatzeko ordua
Elkarrekin esnatzeko ordua
2016, nobela
344 orrialde
978-84-92468-92-8
Azaleko irudia: Antonio Gezala, Ate birakaria 1927 (zatia)
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2012, nobela
2001, poesia
 

 

Antsosolora itzulera

 

 

61

 

Umeak lokartutakoan, Karmele eta Txomin kamarote aurreko karelean liho zurizko eserleku tolesgarri banatan eseri ziren. Txominek zigarro bat isiotu zuen eta Karmeleri eskatu zion, ea berriz irakurriko zion anaia Josuren gutuna, bost urte lehenago Ezkabako kartzelan igarotakoak kontatzen zituena, hango ihesaldiari buruzkoak, non ia berrehun preso hil ziren 1938ko maiatzaren 22 beltz hartan; 795 presok ihes egin zuten, baina hiruk soilik lortu zuten muga zeharkatzea, gainontzekoak atzitu edo hil egin baitzituzten.

      Josu Urrestik, Ezkaban zegoela, beroki barruko oihalean idatzi zituen oharrok arkatzez, eta gatibu aldia bukatu ondoren paperera pasatu zituen zirrimarra haiek, forma eman eta oroitzapenak erantsirik. Karmeleri Caracasera bidalitako kontakizunaren hasieran, honela zioen, zetorrenaren gaztigu egin eta irakurlea prestatu nahi balu bezala: “Ez neban erraz pentsatuko gizonak baldintza hareitan euki leikezanik”.

      Karmele ahoz goran irakurtzen hasi zitzaion Txomini.

      “Hemen egozanak gehienak Extremadura, Galizia, Leon eta abarretakoak ziran, baina zazpigarren bobedakoak gehienak euskaldunak.

      “Guk gazteluko tunela ezagutu gendun. Egun guztian elektra indarra behar zan, 25 kwko argi makala. Tokia zelakoa zan jakiteko, kontu egin, kontaketa ordua helduten zanean bertako zaindariak sudur eta ahoa estalduta sartzen zirala, bertako usai txarrak nazkatuta. Bustitasun handia geunkan barruan eta koltxoiak bustita agertzen ziran.

      “Egunean ordubetez urteten ginan patiora, baina egun argitara urtetean begiak ezin zabalduta ibilten ginan. Jateko ez gendun jesarlekurik, ez mahairik. Gure taldean arrantxoa honela banatzen eben: bakoitza bere petatean jesarri eta preso arrunt bik ekarten eben janaria. Ur beroa. Hemen ez egoan besterik. Gosea, benetan gosea.

      “Kutsadura asko egoan, eta preso batzuk posporo kutxa eta egurrezko orrazi bategaz erre egiten euskuen ulea, eta bizarra ezkutuan ebagi, ez zalako bizarra kentzeko orririk eukitea lagaten. Gure garbiketarako egunean litro bat ur emoten euskuen eta beragaz balio behar arpegia garbitu, platerak eta abar. Azkazalak posporo kutxaren lixagaz apaintzen genduzan. Oinik ez gendun inoiz be garbitu”.

      — Urtebete luzean oinik garbitu gabe... Hori lubakietan ere ez zen gertatzen —esan zuen Txominek.

      Karmelek irakurtzen segitu zuen.

      “Egun baten Pico izeneko preso bilbotar bat hurreratu jatan. Gauza ezkutukoa zala, baina ba eukala konfiantza nigan. Hasi zan esaten ihesaldia gertuten ebiltzala eta ondo urtengo ebala. Gerran ibili nitzan lez, ekitea eskatzen eustan. Banekiala armak erabilten eta... Nik erantzun neutsan erasoan ez nintzala sartuko, baina gauzak ondo urteten ebela ikustean, pentsatuko nebala urten edo geratu zer egin. Berak erantzun eustan ados egoala, baina inoiz jakiten baeban norbaiteri zerbait agertu neutsala, erantzuna azkena izango zala”.

      Karmelek kontakizuna itzultzen zion bitartean, Txomini bere batailoiko gizonen aurpegiak etortzen zitzaizkion oroimenera, bizia galdu zutenak batzuk, gerraren izugarrikeria ezagutu zutenak denak.

      “1938ko maiatzak 22. Igandea zan. Afariko ordura arte ez zan ezer igarri.

      “Hamar bobedatan bananduta gengozan. Guretik hasten ziran janaria banatzen, eta halaxe egin ondoren, hurrengo bobedara banakariak aldatu ziranean, gurean berba emonda euken guztiak guardiei eraso, giltzean itxi eta patiora urteten hasi ziran.

      “Baina oraindik kanpoan egozan soldaduak menperatzeko egozan.

      “Gotorlekua mendiz inguratuta dago eta presondegia lapiko bat lez mendi artean. Soldadu zaindariak mendian egoten dira, bizilekuen atzean, hain zuzen be kapilara joaten ginan bidean.

      “Hemen egoan lehenengo zaindaria. Soldaduak ezagutzen eben presoetako bat hurreratu jakon eta, itxuraz, nahiz eta bere guraria kalterik ez egitea izan, hurreratu jakonak eroian burdin zati bategaz gogorregi jo eta uste barik hilda laga eban. Orduan bere kapote, buruko eta fusila kendu eutsazan eta bera geratu zan bertan zaindari lez, eta bere lagunak zainketa-aldaketa egin behar ebenen zain egozan. Horrela, erreleboa egiten hasi ziranean, hareik urten eta soldaduei iskiluak kentzea lortu eben.

      “Itxuraz, soldaduen batek zerbait igarrita tiroa jaurti eban, baina berandu zan”.

      Karmelek mutiko txikia esnatu zela sentitu zuen. Gutuna utzi eta kamarotera itzuli zen. Kantari hasi zitzaion umeari.

 

            Zeinek ure edan dau,

            Aingerutxu batek,

            Zenbat bider,

            hiru bider,

            Jesus, Maria eta Jose,

            Jesus mila bider.

 

 

62

 

Beste zigarro bat erretzeko astia amaitu baino lehen itzuli zen Karmele karelera.

      — Gehiegi erretzen duzu, Txomin.

      — Ez dut uste tronpeta jotzeko garaiak berriz itzuliko direnik niretzat, ez behintzat urte batzuetan.

      — Josuren oroitzapenak beste une baterako lagako ditugu...

      — Ez, maitea, jarraitu mesedez.

      “Brigadetako ate guztiak zabaldu ebazen. Batzuk kanpora urteten hasi ziran. Besteak geldi bertan. Une haretan zabaldu ziran esamesetan bat hau zan: frantsestarrak Espainian sartu zirala eta jaubetzen hasi zirala.

      “Dana guzurra, nahastea.

      “Eta bitartean, presondegiko kornetina, preso arrunta zan bera, iheska joan zan. Baten bat konturatu eta bere atzetik jarraitu eutsan. Ez eban lortu menderatzerik eta Artika deitutako herritxoan salatu eban ze gertatzen zan.

      “Nik, Julio eta Sabin lagunak barruan lagata, ihes egiteko gogoa igarri neban. Daniel Elorza Basauriko lagunak esan eustalako berak baekiala nundik ibili, Telefonikako hariak zabaltzen lurralde honetan ibilia zalako.

      “Horrela kanpora urten neban. Lehenengoz ikusi neban Iruña eta inguruko hegala. Ibili eta ibili konturatu nintzan batzuk barriro etozala gaztelura. Itxuraz, inora joatea ezina zala, bideak zarratuta egozala igarrita. Nik be bira egin neban. Ikusi eta konturatu nintzan Iruñetik jendea linterna argitan etorten hasia zala. Horrela gaztelura heldu nintzan.

      “Oraindik ateak zabalik egozan eta gure lehengo tokira sartu nintzan. Han egozan nire adiskide Julio eta Sabin”.

      — Ihes egitea lortu eta, norarik ezean, buelta egin behar izan zuen kartzelara —esan zuen Karmelek.

      — Marka da gero!

      “Halako baten heldu ziran kaleko zaindariak. Inguratu eben gaztelua eta agindu eben barruan gengozan guztiok patiora urteteko. Ez ginan urten. Hala egin bagendu, gaur ez genduan holakorik kontatu ahal izango, hilko ginduezelako.

      “Presondegietako zuzendari nagusiak, ahoa neurri, ahora etorkiona esaten eban gure aurka. Eta egia gehienbat hau da: gosea gendula, miseria be bai, urik ez edateko eta garbitzeko, komunak benetan zikin eta nazkagarri. Gure miserian, zorriz beteta, egon ezinean gengozan.

      “Erabagi gendun besoak gora jasota patiora urtetea.

      “Laster hasi ziran mendi eta bidetan ebiltzanak edo ezkutatu ziranak batu eta gaztelura ekarten. Ni adi egon nintzan adiskide on neban Daniel Elorza basauritarra ekarten ete eben. Eta ikusi be egin neban ekarten. Elizondon atxilotu eben, mugarako bidea noiz hartuko ebilala, arrabete bidera.

      “Negargura sartu jatan bera ikustean. Dana galdu eban. Adiskide baten bidez arrantxoa jan ahal izateko goilara bialdu neutsan. Berak, ordez, gerrikoa bialdu eustan bere oroigarri lez.

      “Elorza hau urkara zigortu eben. Baina berak gizonki eta adorez beterik berba eskatu eban epaiketan, urkatu ordez fusilatuta hiltea nahi ebala. Eta halaxe egin eben.

      “Beste igeslariak eta atxilotuak izan ziranak goizeko diana jo aurretik jaiki eragin, patiora atara eta arin-arinka ibiltera behartuten zituen, etenda jausi eragin arte. Guk ezin ezetan eurei lagundu, ez eta leihotik begiratu ere”.

      Gerran ibilia bazen ere, Txominek sekula ez zuen kartzelarik ezagutu. Arreta handiz entzun zituen Josuren kontakizuneko zertzelada guztiak, ezer esateko kemenik gabe.

      — 1940ko ekainaren 24an askatu zuten Josu. Ondarroara itzuli zenean San Juan jaiak ziren. Jendea eskutik helduta eta dantzari zetorren Gorozikako auzotik Antsosolo atzeko mendi bide estuetan zehar.

      Itsasontziko saloitik ere musika iristen zitzaien Txomin eta Karmeleri, han ere dantzan ariko ziren bidaiariak, beste leku batzuetan britainiarrek eta amerikarrek hegazkinak prestatzen ziharduten bitartean Alemania, Holanda eta Italia bonbardatzeko.

      — Irudi ederra da hori, herritarrak, zahar eta gazte, eskutik oratuta aldapan behera txistu soinuaren atzetik —amaitu zuen Karmelek—. Baina Josuri arraroa iruditu zitzaion egoera hura. Pentsatuko zuen, azken batean, jendea ahaztu egiten dela kartzelan dagoenaz edo ihesi dabilenaz, bizitzak aurrera egiten duela erremediorik gabe. Eta horregatik idatzi zituen berari gertatutakoak, ahanzturari hesia jartzeko. Herrira iritsi eta jendea festan, ezer gertatu ez balitz bezala; atzean utzitako infernu luze hura, badoan momentu bat baino ez.

 

 

63

 

Josu izan zen Frantziskok eta Karmenek Larresoroko erbestea uzteko izan zuten arrazoi nagusia. Semea herrira itzuli orduko, berarekin batu nahi izan zuten eta, zailtasunak zailtasun, bizimodu berri bat hasi elkarrekin, ondo jakin arren senperrenak pasa beharko zituztela.

      Espero bezala, itzulera ez zen batere xamurra izan, hondamendia eta destaina baino ez zituzten aurkitu herrian. Etxea, Antsosolo, hankaz gora aurkitu zuten. Gerra garaian ofizialak izan ziren bertan bizitzen, eta alde egindakoan erabat hutsik eta biluzik laga zuten. Altzari, tresna eta apaingarririk gabe, arrantzarako behar zituzten sareak ere desagertu egin ziren biltegitik. Era berean, Ardura Politikoen Tribunalak ebatzi zuen Frantzisko Urrestiren ondasunak oro bahitzea eta haietariko asko erregimenaren alde zeuden familiartekoen esku utzi zituzten, eta beste zenbait salgai jarri.

      Antzo-solo eta Jontxu baporeak Armada frankistak hiru urtez gerrako kostazain gisa erabili eta gero, bata kaian lotuta zegoen lurrun-makina izorratu egin baitzitzaion, eta bestea ondarrutar batzuei saldu zitzaien. Orobat, etxepean zuten lantegiko makineria osoa.

      Deigarria da, bestalde, Karmen Iturriotz emazteak are zigor gogorragoa jaso zuela; senarrarekin baino zitalagoak izan ziren berarekin. Karmen maistra zen gerra aurretik Ondarroako eskola publikoan, eta horixe izan zen zigorraren arrazoi nagusia: irakasleak arriskutsuak ziren diktadurarentzat. Eta 1940ko uztailaren 26an, Tribunal Regional de Responsabilidades Políticas izenekoak, Karmen Iturriotz zigortu egin zuen Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabatik landa hamabost urtez deserrian bizitzera; horrez gain, hamabost urtez irakasle izateko gaitasungabetzea ezarri zioten, eta 75.000 pezetako isuna. Emakumeari jarritako isuna benaz handia izan zen, kontuan izanik, Frantziskorena 25.000 pezetakoa zela, haren herena.

      1941ean, herritik alde egiteko aginduari erantzun nahian, hauxe argudiatu zion Tribunalari Karmenek: “Deserrian bizitzeko baliabide ekonomikorik ez izanik, eskatzen dut, behinik behin, jateko pentsio bat, izan ere, bestela eskean aritu beharko baitut ala gosez hil; maistra izateko gaitasungabetuta nagoenez, badiot, deserria zigor okerragoa dela kartzela baino, han behintzat jateko zer edo zer emango bailidakete”. Baina erantzuna ezezkoa izan zen. Familia berriz ere banandu zen horrela. Aita-semeak Ondarroan geratu ziren, etxea atondu eta lapurtutako ondasun guztiak berreskuratze aldera. Karmenek eta Anitak Burgosera joan behar izan zuten, hiriko komentu batera bizitzera.

      Hala ere Karmenek ez zuen amore ematen; herrira itzultzea eta irakasle gisa zuen lana berreskuratzea eskatzen zuen, behin eta berriz. Tribunalaren eskariz txostenak egin zituzten herriko alkateak, parrokoak, Falangeko buruak eta Guardia Zibilaren komandanteak. Denetan ageri da nola, portaera bikaina izan arren, ez zioten barkatzen pentsaera.

      1942ko martxoko txostenei kasu eginez gero, hauxe zioen alkateak:

 

      Deberes católicos: cumplió como buena católica.

      Conducta privada: buena.

      Actuación política: Expulsada por las fuerzas nacionales, separatista vasca, afiliada a las “emakumes”, antiespañola, propagandista.

      Actuación profesional: buena.

      Actuación durante el movimiento: No tuvo actuación alguna.

      Juicio personal: separatista vasca, antiespañola sancionada por el Tribunal de Responsabilidades Políticas a 15 años de destierro de las provincias vascongadas en un radio de 150 kilómetros.

 

      Falangeko buruak txosten bera idatzi zuen; beraz, pentsatzekoa da azken honek esango ziola alkateari zer idatzi.

      Eta Pedro Mari Arakama bikarioaren txostena da Karmenekin bihozberena. Nabari da elkar ongi ezagutzen zutela eta begirunea ziotela:

 

      Deberes religiosos: siempre de comunión diaria.

      Conducta privada: excelente.

      Actuación profesional: Muy satisfactoria.

      Actuación política: perteneció al Partido Nacionalista.

      Actuación durante el movimiento: En vista de la actitud que toma el Partido Nacionalista se abstiene de toda intervención a él favorable.

      Jucio personal: Aunque perteneció al Partido Nacionalista, en vista de su comportamiento religioso y caritativo con los menesterosos es digna de toda consideración y respeto.

 

      Amaitzeko, Guardia Zibilaren komandantearen informea da guztietan latzena. Exaltación Frutosi “Aitte totu” esaten zioten herrian, hots, aita lodia.

 

      Juicio personal: bueno como persona y maestra, pero completamente malo en lo tocante a la causa nacional de la que es enemiga fanática por sus ideales separatistas vascos y antiespañola.

 

      Karmeni ez zioten Burgostik Ondarroara itzultzea baimendu, bere senarra larriki gaixotu zen arte. Orduan errukitu ziren, nahiz eta irakasle lana ez zuen berreskuratzerik inoiz lortuko.

 

 

64

 

Frantzisko eta Josu aita-semeak, bien bitartean, etxeko ondasunak berreskuratzen ahalegindu ziren, Bilboko Auzitegian errekurtsoak aurkeztuz. Ez zuten gauza handirik lortu. Antzo-solo ontziaren auzia Madrileraino iritsi zen, baina, haien erabakiaren zain zeudela eta trikimailu juridiko baten ondorioz, Auzitegi Gorenaren behin betiko sententzia iritsi aurretik enkantean jarri zuen Bilboko Auzitegiak, agidanean, Ondarroako interesatuen presioaren eraginez. Eta halaxe, herritar batzuei adjudikatu zitzaien 700 pezetatan. Beste itsasontzia, Jontxu, gerran frankistek erabili eta gero herriko familia batek hartu zuen beretzat lau urtez. Hainbat bider legea bete zedin eskatu ostean, Frantziskok eta Josuk lortu zuten haren jabetza onartzea eta itsasoratu ere egin ziren aldi baterako. Dena den, arrantzan irabazitako diru guztiarekin geratzen zen Bizkaiko Auzitegi politikoa, izan ere, Frantziskok eta Karmenek isunak ordaindu behar zituzten eta familiaren diru sarrera guztiak horretarako erauzten zitzaizkien.

      Etsipenak hartua, Frantziskok deliberatu zuen berak ez zuela lan egingo Gobernu frankistari ordaintzeko. Lotu egin zuen txalupa lehorrean, ontziolako arlanpa batean. Huraxe izan zen berarentzat zigorrik handiena. Egunero ikusten zuen etxeko leihotik, ez atzera ez aurrera baporea, zura usteltzen zitzaiola, ezinbestean.

      Geroztik, urte batzuk lehenago bere ontziak portura nola iristen ziren ikustera joaten zen bezala, Arrigorriko begiralekura joaten zen Frantzisko, eta itsasoari beha egoten zen, erbestean zituen seme-alaba eta emaztea gomutan harturik, beraiek noiz itzuliko.

      Gau euritsu batean haur negarrak aditu zituen Antsosolon. Ez ziren, bada, bere biloba txikiak izango? Ziezko arropa jantzi eta kalera irten zen, zaparradatan. Errepide ondoko gurdi batetik zetozen oihuak. Kriseiluaren argia bertara bideratu eta emakume bat eta ume batzuk aurkitu zituen gurdi haren azpian. Mela-mela eginda zeuden. Tratu txarrak jasotzen zituen emakume bat zen ihesi zebilena. Frantziskok bere kapotea soinetik kendu eta, harekin babestuz, etxera sarrarazi zituen. Egunsentian, etxe atzeko patiotxoan zeukan oilategi zaharrean atondu zuen familia harentzako bizilekua.

      Ohera sartu zenean, Frantziskori mundu guztiko nekea bildu zitzaion bihotzean.

 

 

65

 

Karmele eta Txomin Atlantiko erdian zeuden, aitari bihotzekoak eman ziola jakin gabe, itsasontziko musika taldea entzuten. Sangroniz enbaxadoreaz eta haren alabez gain, ofizial alemanak ere saloian zeuden elkarrekin berbetan.

      Manu Sotak gutun batean kontatutakoa gomutatu zitzaion Txomini. Manuren lehengusua, Pinotxo Aburto esaten ziotena, erbesteraturik zegoen Etcheferdian, Miarritzen. Pinotxo ezaguna zen gerra aurreko Bilboko gau giroan, hiriko egunkarietako kronika sozialetan behin baino gehiagotan agertu zen bere izena, handikien festa guztietako gatz eta piperra baitzen, azkena etxeratzen zen gautxoria. Gauza guztien gainetik, mozorrotzea zuen gustuko. Gizon tatarra zen, txikia eta zabala. Antonio Gezalaren Ibaiganeko margoan erdi-erdian dantzan ari dena Pinotxo zen, lumazko makilari bira eta bira eragiten.

      — Badakizu azkena, Karmele?

      — Esan.

      — Miarritze okupatuan Hotel du Palais luxuzko horretara joan ohi da Pinotxo. Nazien jaietara agertzea du gustuko, ofizial aleman bezala mozorroturik. Han, monokuloa begian duela, bata eta bestea agurtzen ibiltzen da, naziei trufa egiten.

      — Harrapatuz gero txikitu egingo dute!

      — Ez da erraza hura harrapatzea.

      Txominek agiri faltsuak zeramatzan Espainian barrena mugitzeko, Nik Kintana tolosarrak zehaztasun osoz eginak. “Dario Landa” izango zen bere nortasun berria klandestinitatean, Domingo Letamendiren inizial berberekin baina deiturak aldaturik, Agirre lehendakaria Alvarez Lastra izan zen antzera.

 

 

66

 

Karmeleren neba nagusiak, Josebak, Angelun jarraitzen zuen alemanak 1940ko ekainaren hondarrean Hendaiako mugaraino sartu zirenean. Laster egin zuen bat Erresistentziako kideekin. Angelun bizi ziren orduan Fernand de Greef eta Elvire Berlemont senar-emazteak (“Tante Go”, gerrako izenez anderea). Paraxutista britainiarrak babestu eta nazien mende zeuden lurraldeetatik ateratzeko sare bat atondua zuten: Comète. Nahiz eta Bruselakoak izan, Angelun zeuden Frantziatik Espainiara ezkutuan igarotzeko soldadu aliatuak. Horretarako, mugaz bi aldeetako euskaldunekin kontaktuan jarri ziren, gerra zibilean ibilitako gudariak gehienak, mugalari lana egin zezaten.

      Joseba Urrestiren egoera ezin hobea zen Comète sarean laguntzeko. Apaiza izanik, alemanek emandako baimen berezi bat baliatuz, etxerik etxe ibiltzen zen gaixoak eta ezinduak eta hilurrenak bisitatzen. Bizikleta gainean kilometroak egiten zituen auzoz auzo. Naziek ez zuten apaiz baten susmorik hartuko.

      Josebak, “Jacques” goitizenez, postontzi lana egiten zuen Comète sarean, harreman estua zuen De Greefekin, noizean behin iheslariak hartzen zituen apezetxean. Eta aldi berean, Hegoaldean zeuzkan senitartekoen bitartez —Frantzisko ez zebilen geldirik eta Bilbora egiten zituen osterak ez ziren Epaitegian ontzien jabetza eskatzeko bakarrik—, lotura zuzena zuen Bilboko Kontsulatu britainiarrarekin. Datu hau berebizikoa da, iheslariak Kontsulatura helarazi ezean, bizkor samar harrapatzen baitzituzten guardia zibilek, eta nazien esku utzi.

      Gisa honetan, Comète sareak ehunka abiadore libratu ahal izan zuen heriotza ziurretik. Mugalarien laguntzaz Donostiara eta Bilbora igaro ostean, gordean eramaten zituzten Madrilera, eta gero Gibraltarrera. Libre ziren han.

      Baina Gestapokoek Joseba Urrestiren etxeko atean jo zuten eguerdi batean, bazkalorduan.

      — Norbait hartu al duzu zure etxean?

      — Bai, jauna.

      — Ba al dakizu nor zen?

      — Ez, jauna. Ez zidan axola eta ez nion galdetu.

      — Ez al zenekien gizon hura gure etsaia zela?

      — Ni apaiza naiz eta niretzat ez dago etsairik. Denak ditut lagunak. Gerran zein aldekoa den ez dit axola. Ez da nire ardura. Gerra hau lehenbailehen bukatzea, horixe da nik nahi dudana.

      — Poliziari jakinarazi behar zenion etxean inor hartu baino lehen.

      — Barkatu, jauna. Nik ez dut behar agintarien baimenik karitatea egiteko.

      — Zein herritartasun zuen?

      — Ez dakit. Frantsesez egiten zuen.

      — Gaizki egin duzu etxean arerio bat harturik.

      — Nik gizona hartu nuen. Ohea eta jana eman nizkion. Zurekin ere gauza bera egingo nuke. Hori da apaizaren betebeharra.

      — Non dago orain?

      — Ez dakit.

      — Noiz alde egin zen?

      — Biharamunean. Goizean goiz.

 

 

67

 

Txomin Letamendik ez du aukera txikiena galtzen Sangroniz enbaxadorearekin egon eta informazioa lortzeko. Jose Antonio Sangroniz konfiantzaz mintzo zaio eta denetik esaten dio, baita estatu sekretuak ere. Letamendik, ordea, zalantza egiten du, gizon inozoa ote den enbaxadorea edo benetan ba ote dakien Euskal Erresistentziako kidea dela eta horrexegatik kontatzen dizkiola gauzak, filtratu ditzan behar den lekura.

      — Agirrek zine izarra ematen zuen Caracasera iritsi zenean. Paper askotan atera zen Ameriketan barrena egindako bira. Errepublikaren Erbesteko Gobernuko kideak ere deseroso zeudela entzun dut.

      — Ez neukan horren berri —erantzun dio Txominek—. Bakoitzak atera ditzala bere kontuak.

      — Badakit egungo Estatu Batuetako Madrilgo enbaxadorearen laguna ere badela Agirre, Carlton Hayesena. Nonbait, hark eman zion plaza Columbia Unibertsitatean.

      — Bai, gizatasun keinu bat izan zuen Hayes jaunak.

      Txominek ez du gehiegi busti nahi eta tentuz hautatzen ditu hitzak, ez gehiegi ez gutxiegi esateko. Gutxiegi esateak solasa etenaraziko luke, gehiegi esateak bien arteko konfiantza desegin.

      — Roosevelten adiskidea da Hayes, eta horrexegatik bidali du Madrilera, asaldurak baretzera. Hispanista da eta oso elizkoia.

      — Halaxe entzun dut...

      — Gizon argia da. Estatu Batuek ordaindutako Agirreren biraren garai bertsuan, Hayes eta Franco negoziaketetan hasiak ziren. Egia esan, Madrilera iritsi zenetik ari dira negoziatzen.

      Letamendik harridura keinua ezkutatu behar izan du informazio horren aurrean. Badaki Hayes Agirreren haurren argazkiekin joan zela Madrilera eta harreman estua zuela Lehendakariarekin. Baina gauza guztien gainetik Washingtongo Administrazioaren guraria zegoen: ez zuten Espainia gerran sartzerik nahi, ez zuten etsai gehiago nahi; aski lan bazuten ardatzeko potentziei kontra egiten, eta Afrika iparraldean indarrez sartzeko trabarik ere ez zen komeni.

      Sangronizek arin adierazi dio bere aburua, paternalismo apur batekin:

      — Adostuta dago dena, Txomin adiskidea. Franco neutrala izango da gerran eta aliatuak ez dira gurekin sartuko.

 

 

68

 

Cabo de Buena Esperanza ontzia Bartzelonara arribatu eta Ramblako Oriente Hotelean hartu zuten ostatu Karmelek, Txominek eta bi umeek. Egun batzuk igaro zituzten hirian, Poliziaren aurrean susmo arrarorik ez sortzearren. Piztiak ikusi zituzten Zooan, Auzo Gotikoan barrena paseatu ziren, ipuin fantastikoak asmatu zituzten Güell Parkean, funikularrean igo ziren Tibidabora... Artxandara balihoaz bezala. Eta azkenik, Bilbora etorri ziren trenez; eta handik Ondarroara, familiarengana.

      Antsosolo aurrera iritsi zenean, Karmeleri arreta eman zion etxearen itxura zaharkituak, atzean lagatako Caracas berriarekin alderatuta. Bizilekura eraikinaren ertz batean zeuden harrizko eskailera batzuetatik sartzen zen. Anitak haurren ahotsak entzun eta, leihora agerturik, aldarri egin zuen:

      — Hau poza! Hemen dira!

      Besarkada batean urtu dira denak, atalasean.

      — Zenbat gauza, Karmele, zenbat zoritxar! —xuxurlatu dio belarrira Anitak.

      Eta umeengana makurtu da gero.

      — Zein handi zauden, Ikerne! —esan dio neskatilari.

      Honek kontentu eman dio musu gozo bat.

      — Zu al zara Churchill txikia? —esan dio mutikoari.

      Baina hau muturtu egin da; izebari jaramonik egin gabe, eskaileretan eseri da jostailuzko automobilarekin jolastera.

      Anita ez da berandutu notiziak ematen:

      — Aita oso ahul dago.

      — Ez esan.

      Karmelek korrika igo ditu eskailerak, arin joan da korridorean beste puntara aitarengana, eta gizon zurbil bat besarkatu du.

      — Etorri naiz, aita! Haurrak ekarri ditut. Ez naiz gehiago zuen ondotik urrunduko. Anitak esan dit bihotzekoa izan duzula, baina hurrengo hilabeteetan etxean bertan edukiko duzu zure erizain kutuna. Ondo jarriko zara segituan, laster dator uda, paseatzera joango gara elkarrekin. Gauza asko ditut zuri kontatzeko.

      Aitak esku biak estutu dizkio alabari.

      — Argaldu egin zara —ez dio besterik esan.

 

 

69

 

Jean-François Nothomb 1943ko urtarrilean iritsi zen Angelura. Comète sareko buru berria izango zen. Behar zuten “euskaldun” itxurako norbait, susmorik eragingo ez zuena, eta nahiz eta Belgikan heriotzara kondenatua izan eta naziek uste Londresen errefuxiatuta zegoela, Iparraldean zebilen hara eta hona, herritar bat gehiago balitz bezala.

      Eta Nothombek jakin zuen arriskuan zegoela Joseba. Eskuko atzamar txikia falta zitzaion agente alemaniar bat omen zebilen Urresti apaizaren atzetik.

      Halatan, Ondarroan, Frantzisko ohiko legez Arrigorriko begiralekuan itsasoari begira zegoen batean, atzetik norbaitek eskua jarri zion bizkarrean.

      — Nor da ba gizon lodi hau?

      Joseba zen! Aitak ezin zuen sinetsi. Estutu luze bat eman zioten elkarri.

      Nothomben aginduz, Josebak muga zeharkatu behar izan zuen, agente alemaniarrarengandik libratzearren. Madrilera zihoan ihesean, baina hara gidatzen ari zen kontaktua konbentzitu egin zuen sorterrian lipar batez geratzeko. Aita agurtu nahi zuen eta ezagutzen ez zituen iloba berriak ikusi: Ikerne eta Txomin, Karmeleren seme-alabak; eta Edurne, Josuren txikia.

      Une hori izan zen familia osoa elkarrekin egon ziren bakarretako bat.

      Gero, Josebak egun batzuk igaro zituen Madrilen; eta azkenik, Gibraltarren hegazkina hartu zuen Londresera. Han biziko zen gerra bukatu arte.

      Joseba Urrestik Angelutik ihes egin eta gutxira erori zen Angeluko sare osoa. Ia denak atxilotu eta Alemaniara eraman zituzten deuseztatze esparruetara. Flossenbürgera bidali zuten Jean-François Nothomb.

      Aliatuek esparrua askatu zutenean, berrogei kiloko gizona baino ez zen.