Elkarrekin esnatzeko ordua
Elkarrekin esnatzeko ordua
2016, nobela
344 orrialde
978-84-92468-92-8
Azaleko irudia: Antonio Gezala, Ate birakaria 1927 (zatia)
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2012, nobela
2001, poesia
 

 

Laino paisaia

 

 

137

 

Haize bortitzak sakatu egiten zion kardalari, eta hegazkinetik ur-bits hari begira zihoan Txomin, gogoratuz oporraldian Ondarroara joaten zenean, Gabonetan oroz gain, zein izaten zen nerabezaroko jolas ernagarriena: enbata egunetan kai-muturrera joatea gustatzen zitzaien neska-mutilei, eta han olatuei iheska ibiltzea; uhinek gogor jotzen zuten muturraren kanpoko aldean, talkaren ondorioz kresalezko zaparradak sortzen ziren eta busti egiten zuen azpian zegoena. Bazeuden, kanpoaldeko olatu-horman, iglu forma zuten bi babesleku; batetik bestera ibiltzen zen Txomin, gainontzeko neska-mutilak bezalaxe, arin-arinka, horma gainditu ondoren uhina indartsu erortzen zenean, busti nahi ez eta iheska. Kai-muturretik behera zetozen urek, lurrean narras eginez, emakume baten ezkontza soineko erraldoi bat ematen zuten, harizkoa izan ordez apar zuriz eta burbuila biribilez egina.

      1968 geroztiko urteetan, batetik bestera korrika eta ihesean ibiliko da Txomin, tartean babes txikiak hartuta, iglu txikerretan, itsasoak noiz irentsiko duen jakin ezinik.

 

 

138

 

Aldez aurretik abisatu gabe, alegiazko agerpenak izaten diren moduan, Comète sareko buru François Nothombek Karmeleren etxeko atea jo zuen Caracasko Miranda urbanizazioan.

      — Franco! —halaxe deitzen baitzioten lagun artean—, hau ezustekoa! Baina, baina, zer egiten duzu Caracasen? —harritu zitzaion Karmele.

      — Familia bisitatzera etorri naiz.

      Era oso txiroan jantzita zegoen gizona, abitu zahar batekin, zer ikusirik ez Antsosolora egin zuen azken bisitarekin, orduan jaka bat baitzeraman eta barruan jertse lepo luze bat. Anitak pentsatu zuen une batez ortozik zihoala, eta oinetara behatu zion; baina, ez, sandaliak bazeuzkan behintzat.

      — Sartu, eser zaitez eta konta egiguzu zerk ekarri zaituen hona.

      — Misiolari nabil Amazonas aldean. Yekuana indiarren artean kristau fedea zabaldu nahian.

      Karmelek eta Anitak ezin zuten sinetsi.

      — Baina horiek oihan erdian bizi dira...

      — Horrexegatik hautatu nuen jomuga hau. Aspertuta nengoen Europarekin. Zibilizaziotik kanpo egoteko premia neukan. Milioika jende hil duen gerra bat sortu zuten potentzietatik ahalik eta urrunen. Oinarri-oinarrira jaitsi nahi nuen, gizakiaren hastapenetara itzuli, benetako zerbaiten bila, oraindik kutsatu gabea.

      — Eta bakean al zaude yekuanen artean? —galdetu zion Karmelek.

      — Oso gustura nabil. Beraiek badakite jainkoa zer den eta non dagoen.

      — Orduan erraza egingo zitzaizun kristautzea.

      — Ez!, ez dut garau bat bera ere kristautu. Beraien jainkoekin jarraitzen dute. Eta ni neu ere zalantzatan jarri naute, ez ote diren jainko txiki horiek gurea baino eskuzabalagoak. Esker onekoak dira eta uste dut estimatzen dutela egiten dudan lana: irakurtzen eta idazten irakatsi. Kontatzen dizkiedan istorioak, horiek bai gustuko dituztela.

      Eta bi ahizpei ere kontatu zizkien bere istorioak Nothombek. Arratsalde ederra igaro zuten elkarrekin. Ohi zuen bezala, familiako kide guztiez arduratu zen, eta Karmelek banan-banan azaldu zion nola moldatzen ari ziren seme-alabak, eta baita Jon eta Miren ere.

      — Zelan erabaki du ba Txominek Euskal Herrira itzultzea? Venezuela herrialde zoragarria da!, eta soldata ere bazuen hemen. Han, aldiz, oraindik frankismo ilunean bizi dira. Ez al da maitasunagatik izango?

      — Maitasunagatik? —Karmele pentsakor geratu zen, baina berehala erantzun zion—: Bai, maitasunagatik izan da, baina aberria maite duelako, beste ezer ez.

      Barre egin zuten Karmelek eta Nothombek. Anita sukaldetik jateko pixka batekin etorri zen unean bertan eserlekutik jaiki zen Nothomb.

      — Ez al zara afaltzen geratuko?

      — Eskerrik asko, baina joan egin behar dut.

      — Eta lotan ere ez?

      — Ezin dut, ezta nahita ere —erantzun zuen begirada beheratuz—. Kongregazioan eskatzen digute, nora joan hango txiroenekin pasatu behar dugula gaua.

      Franco Silencio izeneko eraikinen azpian lo egiten zuten eskaleengana joan zen, beraiekin batera gaua igarotzera.

      Anitak, sukaldea jaso ondoren, Karmeleri esan zion:

      — Ez gara ezagutzen.

      — Zertaz ari zara?

      — Nothomb bezalako jende hau, esan nahi dut, jende garrantzitsua dena, heroiak ere izan direnak kasu askotan, mundua aldatu nahi duten pertsona handi horiek...

      — Esan behingoz.

      — Bada, jende estilo hori gero... neure buruari galdetzen diot, tira, nola portatuko ote dira alboan dituztenekin? Eguneroko iraultza txikia nola eramango ote dute? Pertsona zintzoak izango dira?

      — Zer gauza esaten dituzun, Anita...

      Karmelek isilarazi egin zuen ahizpa, baina ez da dudarik eman ziola zer pentsatua, ohean etzan zenean, isilean, galdera bera egin baitzuen bere kabutan: “Ezagutzen al gara?”.

 

 

139

 

Giro berezia aurkitu zuen Txominek berriz Euskal Herrira itzuli zenean. Irakinaldi eta inarroste garai bat, zalantzarik gabe, eta gainera, agian are erakargarriagoa egiten zuena, belaunaldi berri batek gidatua, gerran garaitua izan ez zen belaunaldia, gerra bizi ere izan ez zuena, ez eta gerraurreko kultur giro aberatsa ere —Letamendi aitak eta Manu Sotak bizi izandakoa—. Gazte jendea zen. Haiek ari ziren borroka antifrankistan, orpoa ateratzen garai batean gudari, gidari eta eredu izan zirenei.

      Txominek uste zuen bigarrenez jaio zela. Hannah Arendten aburuz, norbera berriz jaiotzen da mundura pertsona aktiboa, publikoa, politikoa bilakatzen denean. Txominek bere bizitzako orri zuria bitan banatu zuen goitik beherako lerro bat marrazturik, Karmenek matematika eskoletan egiten zuen antzera, eta ezkerreko aldean iragana jartzea erabaki zuen: ebatzi ezineko gertaera multzoa, ahaztu nahi zuen gurasorik gabeko haurtzaro hura, grisa, fraideen barnetegietan emana; eta eskuineko aldea etorkizunarentzat gorde zuen, inork diktatuko ez zion etorkizun harentzat, paper zuri zati hura. Berak eta bere belaunaldiak argituko zituzten gizarte zaharkitu hark zituen arazoak, manera azkar eta, iduriz, erraz batean.

      Gazteen asaldura gizarteko maila guztietara zabaldu zen, orobat kulturara eta unibertsitate girora. Orduantxe izan zen bigarren pizkunde kulturala; musikan, literaturan, artean sortzaile berriak agertu ziren, tradizioan oinarritu bai baina gauza garaikideak egin nahi zituztenak, Ez Dok Amairukoak edo herrialde bakoitzean Jorge Oteizaren babesean sortu ziren artista taldeak. Langileak ere kontzientzia hartzen eta beldurra galtzen ari ziren, Francoren sindikatu “laru” horiez gain, beste antolaketa berri batzuk sortzen hasi ziren, eta berrantolatzen gerraostean debekatutakoak.

      50eko hamarkada iluna igarota, kaleak berriz ere protestaz bete ziren, gero eta ageriagoa zen diktaduraren aurkako jarrera. Aurreko belaunaldiaren izua gainditzen ari zen ezari-ezarian.

      Alabaina, Txomin eta bere lagunen bilakaera, Andoni Arrizabalagarena tartean, nahiko intuitiboa izan zen garai hartan, bazekiten zeren aurka ziharduten, oso argi zeukaten hori, Francoren aurka, baina teorizazio maila handirik gabe. Dotrinak bigarren maila batean zeuden. Arrizabalagak berak, zeina Elgoibarren CCOOetan sartua zen, aitortu zuen, esan esaten zuela sozialista zela baina sozialismoa zehatz-mehatz zer zen jakin gabe; Joseba Sarrionandia gazte bati egin zizkion adierazpenok, 1977ko amnistia eta gero, Zeruko Argia astekarian argitaratutako elkarrizketa batean. Ondoren hasiko dira irakurtzen eta teorizatzen, baina hastapeneko sasoi haietan egin nahi zutena zen, egin eta eragin gizartean, isilpetik atera barruko ahotsa.

      1968ko abuztuaren 2an ETAk jauzi kualitatibo handia eman zuen bere estrategian: aurrez erabakitako lehen hilketa burutu zuen, Meliton Manzanasena hain zuzen. Torturatzaile ezaguna zen Manzanas, bere eskuetatik pasatu ziren borroka antifrankistan ari izan ziren alderdi eta sindikatuetako buruzagi gehienak, abertzaleak, sozialistak, komunistak, autonomoak...

      ETAk erabaki hori hartu zuen Txabi Etxebarrietaren hilketa eta segituan. Erakundeko buruzagietako bat zen Etxebarrieta eta, ekainaren 7an kontrol batean geldiarazi zutelarik, tira-biran guardia zibil bat hil zuen: Jose Pardines. Osteko jazarpenean Etxebarrieta bera hil zuten. Ez batek ez besteak ez zituzten hogeita bost urte.

      Meliton Manzanasen hilketa eztabaidagai izan zuten oinarrizko kristau taldeetan, Acción Católica izeneko hartan kasu. Alegia, ebatzi nahi zuten moralki onargarria zen edo ez kristau batentzat. Halaxe, herri bakoitzean, talde txikietan bildu ziren gazte katolikoak eta eztabaidatu zuten Manzanasen heriotzari buruz. Nahiz eta apaizak bilera horietan egon, bozketa unea iristen zenean elizgizonak irten egiten ziren gelatik. Bileretara deitua izateak eta eztabaidatu izanak Manzanas hiltzea ondo edo txarto zegoen, ideia bat ematen digu zer giro bizi zen orduan Euskal Herrian.

      Adibide gisa esan behar da, urte batzuk lehenago, Txomini egokitu zitzaiola, beste lan batzuen artean, erakundearentzat diru-bilketa egitea, nonbait berbetan argudioak egoki antolatzen zituelako. Eta Ondarroa inguruko aberatsekin hitz egitera joaten zen sosak eskatzen, garai hartan oraindik borondatez ordaintzen zenez dirua.

      Eskean joan zenean, Txomini honela mintzatu zitzaion haietako bat:

      — Nik ordainduko dut. Ados. Gauza asko egin duzue hemen bizi zen egoera motela suspertzeko. Baina, kontzientzia arazorik izan ez dezadan, nahiago dut dirua apaiz bati ematea eta gero hark zuei.

      — Ez dago arazorik. Asko ditugu horrelakoak.

 

 

140

 

Igandero bezala, Anita Urresti meza ostean konfesatzera joan zen, eta “Ave Maria sortzez garbia” esan ostean aitormena egin zion apaizari Euskal Etxean.

      — Aita, bekatu egin dut. Gaur goizean poztu egin naiz gizon baten heriotzarekin.

      — Noren heriotzarekin?

      — ETAk herenegun hil zuen horrekin.

      — Nik ezin diot falta horri penitentziarik ezarri; izan ere, nik neuk ere gauza bera sentitu dut albistea jakin denean. Biok egin badugu bekatu, Jainkoak berak erabaki dezala zigortzen ala barkatzen gaituen. Eta, hortaz, zoaz bakean.

      Anita kaperatik irten zen pentsatuz, menturaz, ETAk justizia egin zuela Meliton Manzanas torturatzailea hilda, ez zela krimena izan. Gaur egunetik begiratuta, esanguratsua da ikustea nola zabaldu zen sentipen bera Francoren aurka zegoen gizataldearen zati handi batean, ideologia desberdinak izanda ere, nahiz eta beraiek berez heriotza zigorraren aurka egon. Pentsamenduaren eta sentipenaren arteko alde honek agian beste edozerk baino hobeto azal dezake ETAk garai hartan lortu zuen atxikimendua.

      Gomutan hartzen dut, horren karietara, Milan Kundera idazle txekiarrak sobietarren sasoian estatu krimenak ikusi ez zituzten haiei buruz idatzi zuena. “Gizakia da laino artean oinez ari dena. Baina iraganeko jendea epaitzeko atzera begiratua egiten duenean ez dakusa inolako lanbrorik. Bere orainetik, behin etorkizun izan zen talaia hartatik, bidea erabat argia dela iruditzen zaio, erabat ikusgarria. Atzera begiratuta, bidea ikusten du gizakiak, ikusten du jendea oinez, baina dagoeneko lainorik ez da”.

      Denok ibili gara oinez lainopean, ala ez? Halakorik galde ote diezaiokegu geure buruari? Nor da itsuago: Manzanasen heriotzaz poztu zen Anita?, edo ni neu hura epaitzen dudalako mende erdi geroago eta inguratzen zuen lainoa ikusi gabe? Ez al da langarra egiten ari lerrook idazten ari naizen bitartean?

      Anna Akhmatova poeta, Errusiako literaturak eman duen handienetakoa, traidoretzat hartu eta desterratu egin zuten komunismoaren aurka zegoelako; kartzelan ziren gazteei buruz idatzi zuen bere lanik gorena, Requiem, eta betiko gal ez zedin buruz ikasi zituzten pasarteak gatibuek eta senideek (“semea preso, senarra hilotz / egizu nire aldeko otoitz”). Vladimir Maiakovskik, aldiz, Lenin laudatzeko poema idatzi zuen hamarkada bat lehenago, asmatu gabe urte batzuen buruan zer gertatuko zen Sobietar Batasunean; egingo zuen leialtasunarengatik, etorkizun eder baten alde sentitzen zuen ilusioarengatik, are diziplina zentzu batengatik, edo aurreko gizarte ankerrarekiko amorruarengatik, bere eta beralakoen ametsa zapuztuko zuen etsaiari zion beldurrarengatik. Batek daki.

      “Maiakovskiren itsumendua, betiereko giza kondizioaren alde bat da”, ebatzi zuen Milan Kunderak.

 

 

141

 

Gobernazio Ministerioan aztoramen handia sortu zuen Manzanasen hilketak, beldur ziren aurrerantzean ez ote zen hilketa gehiago izango.

      Bartzelonako Brigada Politiko Sozialean, Txomin Letamendi Murua harrapatu izan zuen berberean lan egiten zuen Juan Creix komisarioa bidali zuten Euskal Herrira, ETAko buruzagitzarekin albait azkarren buka zezan.

      1968ko abuztuaren 18an, Manzanas hil eta hamabi egunetara, Andoni Arrizabalaga atxilotu zuten Ondarroan, igandez, herrian jaiak bukatu berri zirela, Jesus Mari Aramaio adiskidearekin batera kaletik zihoala. Salbuespen Egoera ezarria zegoenez Gipuzkoan, Zarautzera eraman zuten galdeketak egitera; horrela, zortzi egunez eduki ahal izango zuten beren eskuetan.

      Tortura mota guztiak egin zizkioten guardia zibilek, eta hanketatik zintzilik buruz behera ere eduki zuten eskailera zuloan hirugarren pisutik. Familiakoak Andoniz galdezka Zarauzko kuartelera joan zirenean, tratu txarrak ezkutatu beharrean, harro, nola zegoen erakutsi zieten, egoera tamalgarrian, ez ezagutzeko moduan, itxuragabetuta aurpegia. Halakoxea zen orduan inpunitatea.

      Abesti batean tortura haien kontakizuna egin zuen Telesforo Monzonek, zeina kontseilaria izan zen Jose Antonio Agirreren lehen gobernuan eta Karmele Urrestiren adiskidea Eresoinka garaitik —“Eresoinkako lilia” deitzen zion Karmeleri—. Monzonek idatzitako Itziarren semea kantua entzute handikoa egin zen Pantxoa eta Peiok grabatu orduko.

      Jesus Muñecas kapitainak egin zion galdeketa zitala, eta orduko giza eskubideen urraketagatik Maria Servini Argentinako epaileak juzgatu egin nahi du gaur egun.

      Andoni Arrizabalaga 1969ko urtarrilean irten zen Martuteneko kartzelatik, baina bost egun geroago bere bila joan ziren berriz, Antsosolotik gertu, San Juan Txurru kalean zeukan etxera. Barruko patiora salto egin eta ondoko portaleko etxe batean ezkutatu zen. Gure amaren ahizpa bizi zen han umeekin. Nire lehengusu Iñakiren gelan sartu eta hantxe geratu zen. Poliziek alde egin zuten halako batean. Gure izeba gelara abisatzera joan zitzaionean, Iñakiren ondoan aurkitu zuen, pasatutako larrialdia eta gero, nekatuta, lo seko.

      Ihesaldiak ez zuen asko iraun. Apirilaren 3an harrapatu zuten, ez oso urruti, Bolibarren, baserri batean.

      Ondarroan leherkari txiki bat jarri zuten gazte batzuek Udaltzaingoaren auto batean; ez zen biktimarik izan, helburua ere ez zen halakoa, kristalen haustura izan zen kalte bakarra. Bost gazte ondarrutar atxilotu zituzten ekintzaren ondoren, eta Andoni Arrizabalagari egotzi zioten lehergailu hura lortu eta gazteei helarazi izana.

 

 

142

 

Txomin Letamendiren ardura ETAren barruan propagandara mugatzen zen batez ere, aldizkariak, boletinak, paskinak inprimatu eta zabaltzen zituen. Bilbon zeukaten inprimategi klandestinoa, eta Txominek han jakin zuen, Zazpi Kaleetako pisu franko batean bizi zelarik, atxilotu egin zutela Andoni bere laguna. Arrizabalagaren ostean hainbat eta hainbat atxiloketa izan ziren, ETAren buruzagitza osoa ere erori zen, bi pisutan zeuden-eta denak bilduta.

      Txomin Letamendi Urresti ere harrapatu egin zuten Bilbon. 1969ko apirilaren 13a zen.

      Inoiz kartzelan egon denak edo lagunik preso izan duenak badaki, kartzelan ez dela astirik izaten ez ezer berezia aurrera ateratzeko ez beste ezertarako, salbu eta gogoeta egiteko. Eta Txominek atzera begiratu zuen, nondik nora zebilen jabetzearren. Gomutan hartu zituen familiakoak, hain urrun zeuden ama eta Anita izeba, ozeanoaren bestaldean, ez-mundu batean, paradisu arrotz bateko epeltasunean, oraindik iragan krudel baten zauriak sendatzen, oso astiro. Baina batez ere beste emakume bat zen Txominen gogoa betetzen zuena kartzelako bakardadean: Nekane.

      Elkar ezagutzen ez zuten eta jatorri ezberdinekoak ziren jendez osatutako afari batean ezagutu zuen Nekane, non izango eta Antsosolon bertan.

      Gaizka osaba bizi zen orduan etxetzarrean Nati bere emaztearekin. Etxe handia zela ikusita, eta jakinik herritar talde bat toki bila zebilela umeentzat, Karmenen aspaldiko amets bat bete zuen, eta herriko lehenengo ikastola bertan antolatu zuten, dozenatxo bat umerekin. 1966a zen orduan, eta nahiz eta legezkoa ez izan urte asko geroago arte, zegoen zirrikitu legal bat aprobetxatuz sortu ziren euskal eskolak han eta hemen. Gurasoek ez zekiten zer gertatuko zen beraien umeekin, haien heziketa homologatua izango zen edo ez; bazuten konfiantza diktadorea hiltzean gauzak aldatuko zirela, baina ziurtasunik batere ez.

      Haurren ahots txolinek betetzen zuten garai bateko Frantziskoren lantegia.

      Non ezagutuko andrea, eta bertan, bere betiko etxean. Neskak entzuna zuen, “Antsosoloko mutilak” elizan ikurrinak bota eta alde egin zuela Venezuelara. Etxean ez zuten begi onez ikusi ekintza hori, gurasoak oso atzerakoiak baitziren, eta aitak Gerra Zibilean Francoren alde borrokatu zuen gerrako heroia zen, Baleares guduontzian, hain zuzen, zeinaren hondamenditik bizirik atera zen.

      Nekane afaltzera joan zen Antsosolora, etxetik bota baitzuen amak eta ez zuen nora jo. Ez dakit herriko liskarretan parte hartzen zuelako, edo, baliteke, baita ere, prakak janzten ausartu zelako, amari hori benetako bekatua iruditu zitzaion, a ze piura neska bat prakekin! Prakak janzten zituen lehenengoetako neska izango zen Nekane.

      Eta Nekanek Venezuelari buruz galdetu zion Txomini.

      — Munduko herri miragarrienetako bat da Venezuela. Denetik dauka, Karibeko hondartza zuri eta ur garden horiek, oihana, mendiak, ur-jauziak... Herrialde handia da eta ez oso populatua. Kultura aberatsa du. Ehunka hizkuntza mintzatzen dira han.

      — Hara joan nahi nuke, egia esan, mundu osoa ezagutu nahi nuke nik...

      — Bada, eramango zaitut, hala nahi izanez gero.

      — Nola zuk eramango nauzula!? Neuk eramango zaitut zu.

      Txomin irrikaz zegoen presondegitik irten eta ostera ere Nekanerekin elkartzeko. Aurreneko hitzorduan huts egin arren, berriz ahaleginduko zen. Nahi zuen Nekanek eramatea galtzak etxean, bien etxean.

 

 

143

 

Lau hilabeteko kartzelaldia bete behar izan zuen Txominek. Basauriko espetxetik beste kide batzuekin batera irten zenean, kanpoan zain zeukan Ikerne arreba.

      — Argazki bat egin behar dizut lehenbailehen, amari Caracasera bidaltzeko.

      — Ondo nago...

      — Ez naiz ni kezkatuta dagoena, ama baizik. Badakizu jasan ezinezko beldurra diola kartzelari eta torturari.

      Lehendabiziko egunetik Txominek nahi izan zuen Nekanerekin berriz ere bildu, beren maitasun istorioarekin aurrera jarraitzeko. Nekane emakume independentea zen, librea, menturazalea, ahal zen neurrian behintzat. Lagunekin egotea gustuko zuen —Parisera joana zen auto-stopez—, baina era berean bazekien gustura zegoela Txominen alboan, solasturi ona baitzen mutila eta barre eginarazten baitzion sarritan.

      — Badakizu, Txomin, Parisera egin genuen ostera hartan mutil bat ezagutu nuen eta liburu bitxi bat oparitu zidan. Idazle argentinar batena da, Julio Cortazarrena, Kronopioen eta famen istorioak. Eta liburu horren arabera, mundua bitan banatzen da.

      — Jakina, alde batetik pobreak daude eta bestetik aberatsak.

      — Ez zaitez panfletari jarri, ez gaude mitin batean. Kontatzen ari naizena hori baino politagoa da. Entzun. Munduan bi pertsona mota dago: batzuk dira kronopioak eta besteak famak. Kronopioak pixka bat moldakaitzak dira, desordenatuak, despistatuak, baldarrak... baina adur ona ere badute. Eta famak, aldiz, zentzudunak dira, ordenatuak, zerebralak... alegia, aspergarriak.

      — Eta zuk, zer naizela uste duzu?

      —Tira, nik esango nuke, pentsatzen duzula fama zarela, dena ondo egiten duzula, pertsona zuzen eta serioa zarela eta hori guztia; baina sakonean... kronopioa zara.

      — Aizu, Nekane, nahi duzuena esango duzue Cortazarrek, ezagutu duzun mutil horrek eta zuk. Akaso arrazoia ere izango duzue: mundua bitan banatzen da. Baina funtsean... zatiketa beste era batekoa da.

      — Zein da ba?

      — Gu biok eta gainontzeko guztiak.

      Neska begira geratu zitzaion, pentsatuz bezala, “tentel honek ez dit musurik emango ala?”. Txomin geldi-geldirik zegoen, begirada lotsati eta izu horrekin. Eta orduan Nekanek besoa laztandu eta musu eman zion, leun.

 

 

144

 

Andoni Arrizabalaga adiskidearen egoeraz oso keztatuta zegoen Txomin. Hura ez zegoen Basaurin, Burgosen baino, eta tribunal militar batek epaituko zuen.

      Burgosen zeudela, ETAkoek erabaki zuten estrategia berri bat hartzea epaiketetarako, hots, defentsako abokatua ez zuten onartuko eta epaiketa fartsa bat zela salatuko zuten. Ez zen bromatako kontua baina, Burgosko kartzela hartan fusilamendu asko izan ziren Gerra Zibilaz geroztik, patioko hormak ere zulatuta zeuden tiroekin.

      Militarrez beteta zegoen gela. Heriotza zigorra eskatzen zioten. Eta Andonik esan zuen ez zuela onartzen abokatua, Juan Mari Bandres.

      Harrituta zegoen mundu osoa: biktimarik sortu ez duen lehergailu txiki bat lortzearren heriotza zigorra eskatzen bazioten, zer gertatuko zen erori berri zen buruzagitza osoarekin? Haiei Pardines guardia zibilaren eta Manzanas poliziaren hilketak egozten zizkieten-eta!

      Andonik estrategiarekin jarraitu zuen. Eta hitz egiteko txanda iritsi zitzaionean, aldamenean zeukan Jesus Mari Aramaiori esan zion.

      — Oraintxe ikusiko duzu zelako gorria asmatuko dudan...

      Eta ahotsa goratuz esan zuen euskaraz:

      — Ni Arrizabalagatar Andoni naiz. Tribunal hau ez dut onartzen, ni herriak bakarrik juzgatuko nau.

      Hura izan zen militarren sable hotsa. Fiskalak, ezpata eskuan hartu eta zutik jarri nahi izan zuen, baina trabatu egin zen mahairekin.

      — Si quieren la independencia, que los lleven a una isla desierta —garrasi egin zuen— y se mueran de hambre.

      Nahiz eta, agidanean, Andonik ahoz gora esan zuena ulertu ez, buruzagi militarrek ez zuten halako desobedientziarik espero epaiketan, beraien mutur aurrean inor hain lotsagabe aritzerik, izututa ordez.

      Heriotza zigorra eman zioten Andoniri. Hirurogeita hamabi ordutan, Francok berak kondena sinatu egin beharko zuen edo kommutatu. Ordu luzeak izan ziren, Andonirentzat ez ezik baita Euskal Herri osoarentzat ere. Mobilizazio ugari egin ziren Francok zigorra alda zezan. Andoniren amak Paulo VI.a aita santuari laguntza eskatu zion, Vatikanoan zegoen jesuita baten bitartez.

      Francok, orduan bai, kondena kommutatu zion eta bizi osorako kartzelaldiaz trukatu. Andonik jakin zuenean, Aramaio estu besarkatu zuen patioan, bizi osorako zigor errukiorrarengatik bozkarioz.

      Puerto de Santa Marian egingo zituen Andonik urterik gehienak eta hango egonaldiak, preso sozialekin harremantzeak batez ere, moldarazi egin zizkion bere pentsamenduak. Ideia ezkertiarrak sendotzen hasi zitzaizkion. Gauzak aldatu egin behar ziren, bai, baina ez soilik Euskal Herriari begira.

      Aramaio adiskideak kontatzen zuenez, Andonik ez zien epikarik jartzen zoritxarreko egun haiei, ez epaiketari ez komisaldegiko tortura egunei, umorezko mendeku txiki bat besterik ez. “Sokatik zintzilik nindutenean eskailera zuloan”, esaten omen zuen, “pentsatzen nuen eroriz gero, han azpian zegoen bizikletaren kontra joko nuela buruaz. Eta pena izango zela bizikleta izorratzea”.

 

 

145

 

Karmelek telebista bidezko albiste laburrez jarraitu zuen 1970eko abenduaren 3an zabaldu zen makro-prozesua, Burgosko prozesua zeritzona. ETAko buruzagitza osoa epaitu behar zuten. Eskaria: hamasei pertsonarentzat 6 heriotza zigor eta 752 urteko espetxealdiak.

      Auziaren oihartzuna mundu mailakoa izan zen. Hemezortzi egunez nazioarteko hedabideak Euskal Herrira begira egon ziren. Azkenean, komandante fiskalak berretsi egin zituen ez sei, bederatzi heriotza zigor baizik —hasieran baino hiru gehiago— eta 519 kartzela urte. Europa osoan ugaritu ziren protestak. Parisen jendetza bildu zen elkartasuna adierazteko eta Francoren erregimena gaitzesteko. Euskaldunek eta, bide batez, antifrankismoak oro har lortu zuten diktaduran gertatzen ari zena nazioartean ezagutaraztea.

      Caracasko protestetan parte hartu zuten Anitak eta Karmelek, eta berriz bizitu zitzaizkion hainbat urte lehenago senarrarekin sufritutakoak. Karmeleren ezinegona handitzen ari zen, gero eta kezkatuago semearekin pentsatzen, bazekien-eta ez zituela ekintza klandestinoak nolanahi utziko, beti ibiliko zela hara eta hona ezkutuan.

      1970. hartan, gutxi geratzen zitzaion Karmeleri erretiroa hartu eta Ondarroara itzultzeko, nahiz eta, beste askok bezala, bere buruari agindu zion ez zela bueltatuko sorterrira Franco hil arte. Baina Txominen patuak estututa zeukan, ez zekien nondik zebilen ere, haren berri oso gutxi izaten zuen, eta gainera beti lauso.

      — Anita, itzuli egin behar dut —esan zion ahizpari.

      Elur asko egin zuen Burgosko prozesuan. Telebistako irudietan, Anitak, elur malutak ikusi zituen militarren uniforme berdeetan itsasten. Irudiek hotza emango baliote bezala, eskuak gurutzatuz besoak berotzeko keinua egin zuen.

      Francok amore eman zion nazioartetik zetorkion presioari, eta heriotza kondenak bizi osoko kartzelaldiekin kommutatu zituzten.

 

 

146

 

Zatiketak eta zalantzak nabarmenak ziren ETAren barruan. Buruzagitza eroritakoan, ETA VI.a sortuko da, borroka iraultzailea hobetsiko duen erakundea. Laster, horietako asko troskismoak erakarriko ditu, bere eginez Parisko 68ko iraultzaren ondorioz sortutako ideia berriak.

      Pragako iraultza eta gero, ikusi zuten Ekialdeko herrialdeetako bizimodua ere ez zela mundua hobetzeko bidea, sozialismo erreala delakoa. Ezker alternatiborantz jo zuten kide batzuek. Eta garrantzia hartzen hasi ziren eskubide zibilen defentsari lotutako eskabideak, emakumeen aldekoak, ekologismoak, sexu askatasunak... Haien arteko bihurtu zen Txomin Letamendi Urresti.

      Dena aldatu nahi zuten orduan Txominek eta bere lagunek, gizarte ohitura eta mekanismo finkatuak zalantzan ipini, mundua irauli, galtzerdia barrukoz kanpora jartzen ahal den erraztasun berarekin.

      Nekanerekin zeukan harremana aurrera zihoan eta, ematen zuen, ohikoena halaxe zelako ezkontzeko tenorea ere iritsi zitzaiela.

      — Ezkonduko al zinateke nirekin? —galdetu zion Txominek 1971ko neguko goiz hotz batean.

      — Taldean baldin bada, bai.

      Horrela, hiru bikote batera ezkondu ziren denak batera eta zibiletik, argi uzteko beraien modernotasun iraultzailea. Bikoteetako batek, Nekaneren ahizpak, Manolitak, elizkizuna ere nahi zuen, baina euskaraz. Eliza barruan hori debekatuta zegoenez mendian ezkondu ziren, Labetxen. Orduan ohitura zegoen horrelakoak egiteko. Sarritan Guardia Zibila agertzen zen —gonbidapenik gabe— eta ezkontza bertan behera uzteko eskatzen zuen. Eta halaxe ezkondu zen Nekaneren ahizpa, zuriz jantzita eta haurdun, zazpi hilabeteko, mendian, pinu artean, guardia zibilak zelatan zituztela eta kanpai hotsik gabe. Aldarea harkaitzak ziren, kalizari eusten zion ehun sakratua goroldioa zen eta santuak arbolak. Gonbidatuak mendiko botekin eta anorakekin jantzita.

      Amak neba-arrebak giltzaz itxi eta ez zien ezkontzara joaten utzi, zer gerta ere.

 

 

147

 

Manu Sotak bisita berezi bat izan zuen Etcheferdian. Sir Alec Guinness aktorea joan zitzaion etxera.

      Askotariko zaletasunak daude mundu zabalean, dela berunezko soldadutxoen bildumak egitea, dela jostailuzko trenak biltzea; bada, Guinness jaunak kanpaiak laket zituen eta, horren karietara, Europako elizetako kanpaien inbentarioa egiten ari zen. Iparraldera iritsi zelarik, Manu Sotarekin hitz egin nahi izan zuen, Cambrigdeko Unibertsitateko irakasleren batek aholkaturik.

      Guinnessek galdera bitxiak egin zizkion ezkilez: handiak edo txikiak ziren, zer adierazi nahi zuten soinuek, eskuekin jotzen ziren edo lokarri mutur batekin, noiz eta nola eginda zeuden edo kanoi zaharrik erabili ote zen horretarako.

      — Sota jauna, gogoan al duzu zein unetan jo ziren hemengo bazterretako kanpaiak aldi berean azkeneko aldiz?

      — Nik neuk batera jotzen entzun nituen Kwai gaineko ibaia filmean egindako lanarengatik Oscar saria irabazi zenuenean.

      Ingelesak modu onean hartu zuen Manuren ateraldia eta topa egin zuten whiski edalontziekin, leihotik Miarritzera begira.

      — Nora joateko asmoa duzu bihar? —galdetu zion Manuk.

      — Gonbidapen bat egiteko puntuan zaude.

      — Ainhoako elizako dorrea ikusgarria da, ez dago hemendik urrun. Dena den, jakinaren gainean egongo zara Zuberoan hiru puntako kanpandorreak dauzkatela eliza batzuek. Hirutako zeinutegia esaten dute euskaraz. Gotaine, Ezpeize, Sarrikota, Zalgize edo Mitikilera bisitan joan nahi al zenuke?

      — Argazkiak egingo ditugu.