Elkarrekin esnatzeko ordua
Elkarrekin esnatzeko ordua
2016, nobela
344 orrialde
978-84-92468-92-8
Azaleko irudia: Antonio Gezala, Ate birakaria 1927 (zatia)
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2012, nobela
2001, poesia
 

 

Urte zoriontsuak

 

 

126

 

Berrogeita hamasei urte zituela Jose Antonio Agirre lehendakaria 1960ko martxoaren 22an hil zela jakin zuenean, minbiziz gaixorik baina uste baino goizago, Parisen, sorlekutik urrun, gaitzak halako garapen laster eta ankerra izan ostean, tristura eta zurztasun sentipen bat zabaldu zitzaizkion gorputz osoan Karmele Urrestiri, politikari gisa miresgarria izateaz gainera berarentzat batez ere pertsona maitatua baitzen, haren hurbiltasunarengatik, harekin igarotako une zail eta zoriontsu guztiengatik, eta berehala konturatu zen gidari argirik gabe geratu zela euskaldungoa, hogeita hiru urtez gidaritza irmoa izan eta gero. Iruditu zitzaion, Lehendakariari heriotza iritsi zitzaiola nozitzen zuen nahigabearengatik, nekatuta zegoelako, halaxe ikusi zuen-eta Caracasera egindako azken bidaia hartan, ahul, sekula ez bezala, malenkoniatsu, jabetu zelako bazterrean utzi zutela behinola ondoan izan zituen potentzia horiek, igartzen zuelako haientzat Euskal Herria euli-kaka zela orain, Gerra Hotzaren erdian, ikusezina erabat. Karmelek pentsatu zuen, haren ametsa ahitu egin zelako hil zela nolabait, nahiz eta medikuek esan egunero erretzen zituen zigarroek sortu ziotela minbizia.

      Caracasko euskal jendartean halako goibeltasun eramanezin bat nabari zen. Jakinminez jarraitzen zituzten Paristik zetozen berriak, Donibane Lohizuneko hiletako argazkiak ikusi zituzten egunkarietan, nola eraman zuten zerraldoa Gambetta kalean gora, segizio luzea hilerriraino, eta nola ehortzi zuten kanposantuko bazter batean, harrizko hormaren kontra, granito gorrizko hobian. Hegal batean, lauza batean zizelaturik, Gernikako Arbolaren aurrean egin zuen zina: “Jaungoikuaren aurrean apalik, euzko-lur gañian zutunik, asabearen gomutaz, Gernikako zuaizpian nere aginduba ondo betetzia zin dagit”; apalik, batez ere apalik, baina Jainkoaren aurrean soilik; munduaren aurrean ez, Historia letra larriekin idazten den horrek baztertu izan arren; eta, mingarriena zena, indartzen ziharduen diktaduraren aurrean ere ez. Eta han zeuden Agirreren gorpuaren aldamenean gobernukideak eta politikariak eta eliza-gizonak... denak gizonak. Hantxe Jesus Mari Leizaola, Agirreren ordezkoa, Lehendakari berria, inolaz ere haren itzalik lortuko ez zuena.

      Argazkian agertu barik, koadrotik kanpo, bi kale gorago eta hilerriko muinoan, Manu Sota, txapela buruan eta gabardinaren lepoak altxatuta, hasi berri zen bedatse hotz hartan, negarrez, bazterrera zegoen kultura-gizona, hainbat egun eta gau Agirrerekin batera igaro zituen idazlea, Agirre mundu mailako aktore bihurtu zuen antzerkigilea, bera, politikarekin ahitu zena, ikusten zuena bazetorrela belaunaldi berri bat, kontentagaitz zegoena beraiekin, beste erreferentzia batzuk zituena gogoan, Estatu Batuak ez, Erresuma Batua ez, Frantzia ez, beste norabaitera begira zegoena, potentzia handiei baino txikiei, deskolonizazioaren osteko mundu berriari, Agirrek eta Sotak Euskal Herria lehen mailako bilakatu nahi izan zutenean, aitor zion bere buruari orain, beharbada xalotasun handiegiarekin jokatuz. Bai, gazteak munduko txikiei begiratzen hasiak ziren, Kubako iraultzari, Aljerian sortzen hasi ziren liskarrei, Israelgo estatuari, nola bi mila urtean erdi itzalirik egon zen sugar mendrea, hizkuntza, hebreera, berreskuratu zuten; eta Manuk pentsatu zuen hori ere ez zela guretzako lekua, euskaldunon neurria beste nonbait zegoela, agian handien artean ez baina txikien artean ere ez, erdian, denekin batera baino, eta horrexegatik tokirik gabe ikusten zuen bere burua, hileta hartan bezala, bi kale gorago, hilerriko muinoan, lagunzurtz, maite zuelako Agirre, nahiz eta askotan eztabaidatu berarekin, nahiz eta sarritan uste izan zatiaz ausartago jokatu behar zuela, eta maite zuen hala eta guztiz, zuzena zelako, etikoa zelako, baina batez ere fidela, ez zituelako bera eta beralakoak inoiz bazterrera utzi, hil arte.

 

 

127

 

Oso gertu sentitu zituen heriotza haiek guztiek samina sortu arren, argi dago Karmele Urrestiren bizitzako urte lasaienak eta, beharbada, zoriontsuenak 1960. hartan hasi zirela, Agirrek hilondoan emandako opari bat balira bezala.

      Mobil Oil konpainiak bere departamentu guztiak Caracasko eraikin itzel bakarrean zentralizatu zituenez, handik hirurehun bat metrora dagoen Urbanización Miranda delakora joan ziren bizitzera. Euskal konstruktore batek egina zen urbanizazioa, bost eraikin luze eta erdian lorategia. Ikerne ezkondu zen arte elkarrekin bizi izan ziren Anita, Ikerne, Txomin, Patxi eta Karmele. Bi logelako etxea zen. Anitak Ikernerekin lo egiten zuen ohe batean eta bestean Karmelek bi mutilekin.

      Astegunetan atsedenik gabe lan egingo du Karmelek Mobilen eraikin itzel horretan —baita Ikernek ere, baina beste solairu batean—. Txomin, bere aldetik, teknikari lanean hasiko da General Motors-entzat, Estatu Batuetatik La Guairara datozen milaka autoren azterketak eta txostenak egiten. Eta Patxik oinarrizko ikasketak segituko ditu, Anitak jantokietan beharrean diharduen bitartean. Lehenago ezagutu ez dituzten aurrerapen teknikoak dauzkate etxean: garbigailua, tupperrak, mikrouhin labea... azken hau Anitak, zer gerta ere, sekula erabiliko ez duen arren.

      Asteburuak elkarrekin egotekoak dira. Larunbatean, goizean goiz jaiki eta etxea garbituko dute denen artean, automobila parkera eroan eta xaboi urez igurtzi, eta distiratsu utzi ondoren azokara arraina erostera, itsaso bete arrain, “zuek pentsio baten jabe izan behar duzue gutxienez” saltzaileak esateko moduan. Lantzean-lantzean oihalak erostera joango dira, Anitak eta Karmelek bi-biek baitakite ondo josten. Eta Patxik, etxeko txikienak, amari lagunduko dio txertoa derrigorrez egunero hartu behar duten gaixoei bisita egitera.

      Igandeetan, berriz, Euskal Etxera: aurrena lorategian meza entzutera eta ostean frontoira, pilota partidetara. Eta pixkanaka, gero eta gehiagotan, Txominek eta Patxik nahiago izango dute beisbolean jokatzera lagunekin joan.

      Caracas argitsuan beste moral bat zegoen, gazteen sexu harremanetarako ere zabalagoa. Patxik inoiz esan didanez, “han ez genuen sentitzen pisurik”, eta neurri batean lortu zuten iragan gordina ahaztea, nahiz eta aitortu behar ez zirela jendartean zeharo integratu, “handia baitzen atzean utzitakoa”.

 

 

128

 

Karmelek senarraren txikitako lagun bat ezagutu zuen: Juan Olazabal. Administratzailea zen Lorenzo Mendoza Fleury izeneko garagardogile baten enpresan eta, beraz, egoera ekonomiko paregabean zegoen. Ikerneri Juanek berak utzi zion Chrysler dotore bat ezkontzarako, eta jantzi ere hantxe jantzi zen Juanen etxe apainean, eta handik abiatu ziren elizara.

      Gizon hark estimu handitan zuen Karmele eta, batzuetan oharkabean, besteetan nabarmen, saiatzen zen berarentzat bizimodu berri bat bilatzen. Igande batez, mezaren ostean, lorategian elkarrekin paseatzen zebiltzala, bidezidor honetatik irristatu zen solasaldia...

      — Letamendi argia, Letamendi bizia, kaleko mutilik bizkorrena zen. Haren atzetik ibiltzen ginen denok.

      — Bai, neu ere eraman ninduen atzetik.

      Olazabalek besotik heldu zion Karmeleri, geratzeko keinua eginez.

      — Karmele, biok maite genuen Txomin. Baina iritsi da bizitza berri bat hasteko unea. Zugan biziko da beti, baina gaztea zara oraindik, berrogeita bost urte ez da ezer, bizitzaren erdia duzu aurretik.

      Eta aurrera eman zuen urratsa Karmelek.

      — Umeak ditut. Ahizpa bat.

      — Umeak? Bizarra dute lepoan! Horiek laster ihes egingo dute etxetik, Ikernek bezala.

      — Ez zaizu arrazoirik falta. Baina arduratuta eta tarrapatan ibili izan naiz orain arte. Utzi egidazue egunean egunekoa bizitzen, astiro, patxadan.

      Olazabalek ez zuen amore eman nahi.

      — Sumatuko zenion... Judu estatubatuar hori, Golob, txoro-txoro eginda daukazu. Antolatuko dizuet hitzordua nahi izanez gero. Gizon atsegina da, kultua eta diruduna.

      Eguzkitarako betaurrekoekin babesturik, urrunera begiratu zuen Karmelek.

      — Ez dakit, Juan.

      — Baina konturatzen al zara zenbat diru duen?

      Karmelek betaurrekoak kendu zituen.

      — Golob etxerako modukoa da, ados. Baina, esadazu, zeri buruz berba egingo nuke berarekin?

 

 

129

 

Txominek General Motorsen zeukan soldata ona izan arren, Karmelek nahi zuen semeak unibertsitate-ikasketak egitea, Estatu Batuetan, ahal balitz. Eta halaxe, ekinaren ekinez, lortu zuen Mobil Oilek Fullbright beka bat ematea semeari Louisianako Estatu Unibertsitatean Ingeniaritza ikasketak egiteko 1962-63 ikasturtean. Han joan zen Baton Rougera, artean John Fitzgerald Kennedy presidenteari burua tiroz lehertu ez ziotenean.

      Eskolak hasi berri, Txominek Sarasua izeneko gazte bat ezagutu zuen unibertsitatean, Julito Sarasua, eta galdetu zion abizen hori izanda euskalduna zenetz —izen-abizen bereko ezagun bat ere bazuen-eta, eibartarra—, eta hark ihardetsi: “euskalduna bai, baina Kolonbiakoa”. Sarasua eta biak lagun egin ziren. Gazte azkarra zen Julito kolonbiarra, iaioa matematiketan.

      Campusetik paseoan zebiltzan batean, Estatu Batuetako Armadako errekrutatze bulego batera sartu ziren elkarrekin.

      — Gauza bat galdetu nahi diet.

      — Ziur al zaude? —esan zion Txominek, ikaraturik.

      Batere lotsarik gabe galdetu zion militar bati:

      — Armadan sartuz gero ikasketak ordainduko dizkidazue?

      — Hala da, bai.

      — Ongi da, Julio Sarasua naiz, paperak beteko ditut —eta aurrerantzean estutasun ekonomikorik ez zuen izan kolonbiarrak.

      60ko hamarkadako Estatu Batuetan eskubide zibilen borrokak indarra hartu zuen. Ikasturte hartan, Mississippiko Unibertsitatean lehendabiziko afroamerikarra sartu zenean, James Meredith, liskarrak izan ziren, segregazionistek Armadaren aurka egin baitzuten Meredith unibertsitatera sar ez zedin. Txominek orduan hartu zuen arrazakeriaren kontzientzia. Unibertsitateko ikaskide txurien artean entzuna zuen, autoz zihoazenean beltzen bat zebrabidea zeharkatzen ikusiz gero hura zapaltzeko ahalegina egiten zutela.

      Txominek ezin du sinetsi. Sartu da txuri bat autobusean, ikusi du beltz bat barruan, haren parera iritsi eta alboan eseri zaio. Txoferrak, haserre, beltzari kolpe egin eta atzeko aulkietara bidali du. Itxuraz, beltzek beti joan behar dute gutxienez eserleku bat atzerago. Giro arrotz hartan, Txominek ez du bere lekua aurkitzen Baton Rougen, oso deseroso sentitzen da, eta bere ingeles maila baxuak ere ez dio asko laguntzen. Goiz batean unibertsitateko kafetegian gosaltzen ari dela, gizonezko bat hurreratu zaio erronka jotzen:

      — Tira, egidazu lekua, zoaz txokora!

      — Baina, baina, a ze itxura dakarzun! Ez zaitut ezagutu ere egin.

      Julito Sarasua da, ate bat baino tenteago, militar jantziz.

      — Eta?, zer moduz Armadan?

      — Primeran! Inork ez dauka ideiarik ezertaz, tontoz beteta dago. Nagusia naiz ni han. Baina beldur naiz Khrustxovekin eta Kubako misil horiekin ez ote den gerra sortuko. Eta zu, Txomin, zer moduz hemen? Ni joan nintzenetik asper-asper eginda, ezta?

      — Egia esan behar badizut, oraintxe bertan pentsatzen ari nintzen dena haizea hartzera bidali eta Caracasera itzultzea.

      Mobil Oilekoek behin eta berriz aholkatu bazioten ere eusteko, denbora kontua zela ingelesa behar bezala menderatzea, ez zien jaramonik egin. Amak ez zuen ulertu semearen erabakia, eta haserretu egin zitzaion, baina Txomin bueltatu egin zen Caracasera, egoskor. Viasa, Venezolana Internacional de Aviación, hegazkin konpainian lortu zuen lana segituan, eta han aritu zen sei urtez, merkantzien sailean. Konpainia erraldoia izaki, mundu mailako beste batzuekin akordioak zituen, esate baterako, Estatu Batuetako Panamekin; eta horrek hegaldiak libre antzean egiteko parada eskainiko zion, edozein parajetara, baita Euskal Herrira ere.

 

 

130

 

Hizkuntza hiltzeko beldurrak, izu-ikara horrek zeharkatzen du euskal literatura osoa, 1545ean argitaratutako lehen liburutik. Hastapeneko poema liburu horretan Beñat Etxeparek mundu mailako beste hizkuntzen pare jarri nahi du euskara, nabari baititu gutxiespena eta zanpaketa, eta teknologiaren baitan —kasu hartan inprentan— ipini du itxaropena. Euskara desagertzearen ikara, bistan da, areagotu egin zen Francoren diktadurapean, aurreneko urteetan batik bat, debekatua eta baztertua izan baitzen, eta makurragoa dena, duintasun gabetua; ezertarako balio ez zuen hizkuntza bilakarazi nahi izan zuten, iraganeko gauza bat, erabilgarria ez dena bizitza modernoan, ezer konpontzen ez duen traste zahar bat balitz bezala.

      Andima Ibinagabeitiak gutxiespen eta zokoratze haren kontzientzia handia zeukan. Caracasko Euskal Etxean bertan oso gutxi egiten zen euskaraz, gaztelaniazkoak ziren euskaldunen arteko harreman ia guztiak. Eta saiatzen zen egoera horri nolabaiteko bira ematen: meza itzuli zuen apaizek euskaraz eman zezaten, sermolari euskaldunak bilatzen ahalegindu zen, euskara ikasteko metodoa asmatu eta erabili ere egiten zuen. Ez hori bakarrik, inguruko jendearengan euskararekiko jarrera baikor eta aktiboa sustatzen zuen etengabe. Andimaren txaplata gehien eta gogo onez jasan zuenetako bat Martin Ugalde idazlea izan zen, urte haietan bera zen-eta kultur erreferentzia bereziena Caracasko euskaldunentzat. Ugalde, erbesteko Gobernuko lehendakariorde izango zena geroxeago, Venezuelan kazetari eta idazle ezaguna zen, batez ere Elite aldizkariko erredaktore-burua zelako eta lantzean behin gaztelaniaz argitaratzen zituen kontakizunengatik.

      Euskararen Egun batean, Martin Ugaldek hitzaldia egin zuen Euskal Etxean, “Unamuno eta euskara” izenburuarekin, baina gaztelaniaz. Martinek Andima asko estimatzen zuenez, hitzaldia zer moduzkoa iruditu zitzaion galdetu zion.

      — Jendeak txalo egin dizu —erantzun zion ironiaz Andimak—, baina nik ez dut ezertxo ere ulertu.

      Andimaren ekite horren ondorioz edo, Martin Ugaldek Iltzaileak ipuin liburua argitaratu zuen 1961ean Caracasen, gaurko kritikarien ustez ipuingintza errealista euskaraz lantzen aitzindaria. Gerraosteko gertakizunak dira liburuan azaltzen direnak, klandestinitateari eta Poliziaren oldarrari buruzkoak. Ipuinen artean bada bat, “Arrak eta emeak” izenekoa, Txomin Letamendiri gertatutakoa gogorarazten duena. Letamendiren kasuaz ari ote da? Nork kontatu ote zizkion gertakari horiek guztiak Martin Ugalderi? Andima Ibinagabeitiak agian? Ez dut uste Karmele izango zenik.

      Ibinagabeitia pertsona zabala zen, besteen ideiak begirunez onartzen dituenetakoa, euskararen aurka egiten ez zuen bitartean. Parisen 50etako hasieran Jon Mirande poetaren adiskide egin zen; honek, euskaraz eta labur, Vladimir Nabokoven Lolita nobelako istorioarekin antzekotasun suerte bat daukan kontakizuna idatzi zuen, Haur besoetakoa, errusiarrak idatzi zuen garai bertsuan; lehen euskal nobela modernista dugu, baina inork plazaratu nahi izan ez zuena —Gabriel Arestik argitaratu zuen arte urte asko geroago, 1970ean—. Kontu da, Jon Mirande gaizki ikusia zegoela kultur giroan, probokatzailea eta katolikoen ziztatzailea, pertsonaia deserosoa, noizean behin faxistekin mahai berean jaten ohitua zena. Eta hala eta guztiz Ibinagabeitiak, 1956ko otsailean Caracasera iritsi zenez gero ere, Miranderi Parisera gutunak idazten jarraitzen zuen; eta igandetan eta parkean, Mirandek erantzuten zizkion letrak irakurtzen zizkien Txomin eta Patxi gazteei. Hauek gustura entzuten zituzten itsasoaz bestaldetik zetozen berriak, poeta haren bizimodua Parisen, Igela izeneko aldizkari apurtzaile baten inguruko arazoak, zenbat lan egin behar zen euskal literatura zertxobait berritzeko eta ezagutarazteko. Orobat, Andimak gutun haiek irakurtzen zituen manera kontuan hartuta, eta Miranderi buruz miresmenez hitz egiten zielako, Txomin eta Patxi anaiei burutik pasatu zitzaien bi idazle haiek, beharbada, maiteminduta zeudela, beraien bihotzak elkartuta zeudela modu batez edo bestez.

      Txominek etxeko giroan Baton Rougeko autobuseko pasadizoa kontatu zuenean, Andima Ibinagabeitiak azaldu zien gerra ostean Bilbon ere jendea bota egiten zutela autobusetik.

      — Inor euskaraz berbetan adituz gero, kalera!

      — Beraz, Bilboko afroamerikarrak al gara gu? —atera zitzaion Txomini.

      — Ez da gauza bera, jakina, baina antzeko zerbait da. Bigarren mailakoa zara, baztertua. Eta denontzat berdintasuna lortu nahiak akuilatu egingo zaitu. Ez ote genuke nahi autobus osoak gutxika-gutxika euskaraz ikastea, inor baztertu behar izan gabe?

      Andima ez zen ohartzen orduan, baina bere amets haiek eta euskararekiko maitasun baldintzarik gabekoa errotzen hasi ziren, sakon, bi anaiengan.

 

 

131

 

— Juan Olazabal oso gaixo dago —telefonoz hots egin diote Karmele Urrestiri.

      — Eta zer pentsatu duzu?

      — New Yorkera eraman nahi nuke —erantzun dio Lorenzo Mendozak, Olazabalen nagusiak—. Hegazkin komertzial bat alokatuko diot Viasari. Eserleku guztiak kendu eta ospitale bat antolatuko dut han barruan.

      — Garesti aterako zaizu gero!

      — Dirua ez da arazoa. Erizaina behar dut hegazkinean, eta zu gurekin New Yorkera etortzeko eskatzen ari natzaizu.

      Hegazkina hodei zurien gainetik gora altxatu denean, badirudi Juan Olazabalek igarri duela zerutik gertuago dagoela lurretik baino; esnatu egin da eta begiak zabaldu ditu, ikustearren hilik edo bizirik dagoen.

      — Karmele, zeinen ondo zaintzen nauzun beti! —esan dio gaixoak, lasaitua harturik.

      — Niretzat hainbeste senargai aurkitzen ahalegindu eta gero, zer egin behar nuke ba...?

      — Merezi duzulako saiatu naiz.

      — Txarto egin duzu. Zuk eskatu izan bazenit, zurekin ezkonduko nintzen, tentela. Eta orain ixo, atseden hartu behar duzu-eta.

 

 

132

 

1964ko oporrak Ondarroan pasatzea erabaki zuen Txominek. Viasako txartel doanekoa lor zezakeenez, Caracas-New York-Paris ibilbidea egiten zuena hartu zuen. New Yorken geldialdia egin zuen, hiria ikusteko, eta ostean ministroen hegaldia zeritzona hartu zuen, goizeko hamarretakoa, Parisera. Hegaldia erdi hutsik zihoan, batzuk politikariak eta besteak Txominen moduan Europara opor egitera zihoazen hegazkin konpainiako langileak. Parisen trena hartu zuen, Gaizka osaba zain zeukan Hendaian.

      Udan haurtzaroko lagunekin adiskidetu zen berriz ere, tartean Andoni Arrizabalaga izeneko bat, politika kontuetan sartuta zebilena.

      — ETAkoa naiz —aitortu zion naturaltasun osoz, elkarrekin izan zituzten solasaldietan azaldu zitzaizkien kezken ondorio logikoa balitz bezala.

      60ko hamarkadaren lehen erdialdean, espontaneoak izaten ziren ETAkoen ekintzak, ez zituzten goiko aginduak betetzen; besterik gabe, lagun talde bat bildu eta beraiek erabakitzen zuten zer egin eta nola burutu sabotajea: ikurrinak han edo hemen jarri, pintada hau edo hura idatzi.

      Andonik laguntza eskatu dio Txomini, Ondarroan ekintza bat egiteko; haren aita abertzalea da eta ba omen dauzka ikurrin ñimiño batzuk etxean.

      — Horiek zabaldu behar ditugu.

      — Non, herriko zumardian?

      — Ez, haizeak eramango lituzke. Elizan botako ditugu, meza nagusian.

      — Zer diozu? Nola botako ditugu elizan gutaz inor ohartu gabe?

      Andonik ondo pentsatuta dauka dena: harrizko munstroak dauden teilatura igo, pasabide estu batetik igaro nabe gaineko sabaitik aldarearen parean dagoen zulotxora, handik argia zintzilikatzen da-eta.

      — Zulotxo horretatik botako ditugu.

      — Baina, baina, harrapatu egingo gaituzte. Nik Caracasera itzuli behar dut.

      — Ezetz ba, Txomin. Hartu lasai. Ikurrinak sabaitik erortzen diren unean gu eliza barruan egongo gara, mezatan. Ezingo dute susmatu gu izan garela.

      Andonik sistema bat prestatu du horretarako. Kandela, metxa eta lokarri batekin. Kandela piztuko dute, sua behera iritsitakoan metxa isiotuko da, metxa horrek erreko du ikurrinak askatuko dituen lokarria.

      — Metxa on bat beharko dugu, su hartuko duena garra beheratzen denean eta, gainera, soka erreko duena.

      — Ez kezkatu, Iparraldera joango gara eta emango digute.

      Eta muga zeharkatu zuten, eta ETAko buruzagietako bat zen Julen Madariagarengana iritsi ziren handik eta hemendik, eta hark eman zien argi-muki zati bat. Baina ez ziren kontent bueltatu. Metxa hark ez zuen ezertarako balio.

      — Kakatzarra! —kexatu zen Andoni, metxa probatu zuenean—. Badakit non lortuko dudan ganorazko bat.

      Ikusita zegoen Txori-erreka aldean etxeak egiten ari zirela eta aurrez mendiak zulatzen zituztela dinamitaz. Obrako hesi gainetik pasa, metxa-soka eder bat lapurtu, sutan jarrita probatu eta... aurrera!

      1964ko abuztuaren 12an, goizeko mezaren ondoren, elizako sabaira igo dira bi mutilak. Atondu dute mekanismoa, jaitsi dira beheko plazara eta sartu dira hamaiketako elizkizunera. Erdi partean eseri dira, artega, gero eta ezinegon biziagoarekin.

      — Ez da kandela itzaliko, ezta? —galdetu dio Txominek.

      — Ez.

      — Nola dakizu?

      — Ez dakit, baina zu lasai. Funtzionatzen ez badu, ez da ezer gertatuko, ezer ez.

      Eta halako batean, sagarapenarekin batera, hasi dira ikurrinak sabaitik erortzen, ehunka paper txiki eliza osoan barreiatzen, udako malutak eliztarren buru eta sorbaldetan pausatzen.

      Oporrak bukatu zirenean, Txominek Parisen hartu behar zuen Venezuelarako hegaldia eta Andonik eraman zuen autoz Hendaiako tren geltokira. Baina handik itzuli zenean Guardia Zibilak kosta ahala kosta jakin nahi zuen zein deabruk bota zituen ikurrin haiek elizan. Andoni saltsa guztietan sartuta zebilenez, harrapatu eta galdeketa egin zioten, berehala aitor zezan berak egin zuela barrabaskeria.

      — Ni ez naiz halako gauza sofistikatua prestatzeko kapaz. Letamendi izan da.

      Txomin ozeanoaren gainean dago ordurako, hegazkineko leihatilatik begira. Eskua jakako poltsikoan sartu du musu-zapiaren bila, eta zintz egiteko atera duenean kolore biziko paper zimurtu bat erori da eskuineko zapataren ondora.

 

 

133

 

Euskal Herritik urrun izanik ere, ETAk Caracasen bere taldea sortua zuen eta Venezuelako hiriburuan bertan argitaratzen hasi ziren Zutik aldizkaria; hor agerkari horretan agertzen zen belaunaldi berriaren politikagintza berria, ideiak, asmoak. Lehen zenbakia 1960an atera zuten, Jose Antonio Agirreren heriotzaren karietara; hildako lehendakariari egindako gorazarrea zen.

      Hortaz, Txomin Letamendi udako oporretatik Caracasera bueltatu zenean, ETA barruan lan egiten hasi zen, beste gazte asko bezala ozeanoaren bi aldeetan; izan ere, jarraipen handia zuen erakunde berriak gazte abertzaleen artean, eta ez hain gazteen artean. Garai hartan, ETAren inguruan mugimendu zabal bat osatu baitzen, ez soilik politikoa, mugimendu kulturala zen batez ere, berreskuratu nahi zuena aurreko hamarkadetan atzera egindakoa, eta ilusioa piztu zuen, oraindik bizirik geunden.

      1964ko urte hartan bertan, ikurrintxoak Ondarroako Andra Mariaren parrokian barreiatu ostean, ETAren elkarretaratze batean parte hartuko du Txominek, baina Caracesen. Charles de Gaulle Frantziako presidentearen bisita dela-eta, pankarta batekin azaldu dira: “Libertad para Euzkadi”. Eta gero, Zutik aldizkaria inprimatu eta banatzen ere ibiliko da.

      Hamarkadaren hasieran desakordio txiki bat ematen bazuen ere, handituz joan ziren EAJren eta ETAren arteko diferentziak, ez zetozen bat ez forman ez fondoan. Horren adierazgarri, 1966ko Aberri Egunaren deialdia bakoitzak bere aldetik egin zuen: batzuk Gasteizera eta besteak Irun-Hendaia tartera. ETAk bere kasa ospatutako lehen Aberri Eguna izan zen.

      Caracasera Euskal Gobernuko kide zen Joseba Rezola joan zen, eta Euskal Etxera egin behar zuen bisita aprobetxatuz, frontoian, ilobak dantzan egitera atera behar zuten unean, Irunen izandako errepresioa eta atxiloketak salatzeko idatzi bat irakurri nahi izan zuen osaba Jonek, denen bistan eta Rezolaren aurrean. Txistuka hartu zuen jendeak eta bota egin zuten Euskal Etxetik Jon Urresti Kirru. Karmelek ikusi zuenean bere neba egoitzatik kanporatzen ari zirela, sentitu zuen bera ere handik botatzen ari zirela hein berean.

      Banaketaren piramidearen oinarriak, beti gertatu ohi den moduan, beheko jendea harrapatzen zuen nabarmen, eta behin desberdintasunak politikoak eta dialektikoak izan baziren, azkenean tentsio hori, zatiketa hori familietara igaro zen, baita Caracasen ere, eta urrestitarrak ez ziren horretan salbuespena izan.

 

 

134

 

Ikerne Bilbora itzuli zen senarrarekin, eta zortea ere eduki zuten urte batzuetan, egoera on bat lortu baitzuten frankismoak izan zuen zabalpen ekonomikoaren garaian. Euskal Herrira bueltatzea, agidanean, sekula damutu ez bazitzaion ere, Ikernek, normala denez, faltan botatzen zuen Caracasen zegoen familia, gutunak idazten ematen zituen egunak, bat bestearen atzetik.

      Ikernek zuen hutsuneaz jabeturik eta haren seme-alabek itsasoaz bestalde zeukaten familia ezagutu behar zutela pentsaturik, Andima Ibinagabeitiak zintak grabatzen zizkien magnetofonoz, eta postaz bidali. Antzinako ipuinak izaten ziren, baina Caracasen zuten bizimoduari buruzko pasadizoak ere bai. Zintak entzutean, umeek izeba Anita zuten gustukoen, bere ahotsez sukaldeko errezetak kontatzen, nola egin hau eta nola bestea; telebistaz ikasi zuen teknika, izan ere Venezuelako katean bazen sukalde-saio bat, eta Anitak ez zuen inoiz ere galtzen. Onena zen kaneloiak egiten. “Kaneloik tentu handixaz en bir diz. Alde batetik, berduri xehe-xehe en bizue, kipuli, zanahorixe eta beste erozein berdura be bai. Okela pikau bota horreta berdureta eta beste alde batetik pasti ipini egosten...”. Karmenek “berduri” esaten entzun balu, eta ez “barazkixak”, isuna jasoko luke Anitak.

      1967ko uztailaren 30ean, zinten ordez, Ikernek telegrama jaso zuen Bilbon. “Caracasen terremotoa. 300 hildako. Lucio Aretxabaleta hil. Gu ondo. Anita beldurtuta”.

 

 

135

 

Karmele eta Anita ahizpek —baita Patxik ere, handik bazebilen— asko maite zuten Andimak liburuak ahoz goran irakurtzea, fikziozkoak izan edo ez. Arratsalde batez, gutxi lehenago argitaratu zen Sobre el pasado de la lengua vasca saiakerarekin agertu zitzaien Miranda urbanizazioko etxera. Irakurketarekin hasi baino lehen, pixka bat girotzearren, Andimak azaldu zien nola eta noiz sortu zen liburua, eta nor zen egilea: Koldo Mitxelena.

      — Aspaldiko laguna dut. Erresistentzian ibili eta espetxe zigorra bete ondoren, hizkuntza klasikoak ikasi zituen Madrilen, eta orain Salamancako Unibertsitatean irakasteko tartea egin dio Antonio Tovar hizkuntzalariak. Tovar falangista izan zen, baina laster sortu zitzaion desengainua Francorekin. Horrek sortu du Euskal Hizkuntzaren lehenengo katedra eta han ematen ditu eskolak Mitxelenak.

      Falangetik zetorren Tovar hura ere zerbitzu sekretuetan ibilitakoa zen, arerioarekin, baina euskal etimologia hiztegia osatzen elkarrekin jardun zuten Mitxelenak eta biek.

      — Badakizue euskara ez dela hizkuntza indoeuroparra baina hitz indoeuropar asko dituela?

      — Esate baterako? —galdetu zion Karmelek.

      — Maite izan.

      — Orduan ez genekien maitatzea zer zen? Esaten nuen bada nik euskaldunak makal samarrak ginela maitasun kontuetan! Kanpotarrek erakutsi behar hori ere, asto hutsak izango ginen-eta.

      — Oraindik ere bai batzuk —esan zuen Anitak.

      Andimak, ordea, ez zuen solasaren haria galdu nahi eta heldu egin zion berriz ere Mitxelenaren lanari.

      — Miraria da euskara oraindik bizirik egotea. Mitxelenak berak ere ez daki oso ondo zergatik. Entzun hau: “Hizkuntzaren babesik handiena ez zen izan bere indarra, baizik eta Euskal Herriaren eta euskaldunon ahultasun militarra eta ekonomikoa. Gure atzerakuntza kulturalak ez zuen gure herria erakargarri egiten erromatarrentzat, beste toki aberatsago batzuk bai, ordea. Eta, horregatik, ez zen latina zabaldu. Gure bizimodu oinarrizko eta primitiboa ez zen egokia latinez hitz egiten zuen jendea guregana hurreratzeko, ohituago baitzeuden bizimodu erosoago batera”.

      Andimak irakurketa eten eta zertxobait nahastuta ziruditen bere solaskideei begiratu zien.

      — Ez dut ondo ulertzen —ausartu zen Karmele—, orduan erromatarrekin ongi konpondu ginen eta bisigodo eta frankoekin ez?

      — Hori da! —piztu egin zen Andima—. Kontua da, Mitxelenaren aburuz, zibilizazio batek aztarnarik utzi badu euskaran hori latina izan dela. Baina ez zapaldu egin gintuztelako indarrez eta odolez, ez. Erakarpena izan zen beraien armarik eraginkorrena. Beraien botereak, kulturak, erakarri egiten zuten, baina bisigodoak eta frankoak gauzak inposatu nahian etorri ziren, beraien legeak ezarriz, hizkuntza, dena, eta orduan altxatu egin ginen. Onerako, bai; txarrerako, ez. Entzun bestela: “Euskaldunak, ia aurka egin gabe onartu zuten erromatarren menperaldia, eta gutariko batzuek probetxua ere atera zuten egoera hartatik, toki on eta eroso bat lortu baitzuten Erromatik zetorren ordenamendu berrian. Baina gero, ez genuen inola ere onartu bisigodo eta frankoen agintea. Mendeetan ibili ginen beraien aurka borrokatzen”.

      — Auskalo, seguruena goserik izango zirelako izango zen —esan zien Anitak—. Eta zuek, ez al duzue afaltzeko gogorik?

      Andima eta Karmele elkarri begira geratu ziren, pentsatuz bezala egia biribila esan zuela Anitak.

 

 

136

 

1967ko azaroaren 2an hil egin zen Andima Ibinagabeitia. Diabetikoa zen, eta bihotzeko arazo kronikoengatik hil zen. “Poliki-poliki joan zen heriotzara”, idatzi zuen Patxi Letamendik duela urte batzuk.

      Hiletan senitartekoak, Letamendi-Urrestitarrak eta lagun euskaldun batzuk bakarrik izan ziren, berak hala eskatuta. Erbestean hil zen Andima, hain maitea zuen Ovidio bezalaxe, zeinaren Ars Amandi euskarara ekarri zuen, Augusto enperadoreak Erromatik urrun bidalia, ez zetorrelako bat bere ideiekin, eta beste “enperadorea”, Madrilgoa, oraindik bizirik zegoela.

      Andimaren hiletan egon eta gutxira, Txomin Letamendi Urresti Euskal Herrira itzuliko da. Amak leporatu zion ez zuela zentzurik Viasako lan finko hura utzi eta sorterrira itzultzeak, garai oso nahasiak zirela eta pixka bat itxaroteko pazientzia eduki behar zuela.

      — Ziur zaude itzuli nahi duzula? Ez dira garai onenak Euskal Herrira itzultzeko.

      — Ama, joan egin nahi dut.

      — Baina lana duzu, etorkizun argi bat.

      — Ez dit axola lana galtzeak. Itzuli egin nahi dut. Zuk beti esaten zenuen noizbait bueltatuko ginela Euskal Herrira, Venezuelako garai hau pasatu egingo zela.

      — Zure aitaren modukoa zara, idealista hutsa. Eta gainera egoskorra. Ezinezkoa zen hura iritziz aldaraztea eta, bistan denez, zeu ere ez.

      — Utzidazu nire bizitza bizitzen, ama. Neure bidea egin nahi dut. Badakit ez dudala beti asmatuko, akatsak izango ditudala, baina akats horiek nireak izango dira; eta horrela, akatsez akats, ikasiko dut oinez ibiltzen.

      Karmelek tonua aldatu zuen.

      — Txomin, oso urte politak igaro ditugu elkarrekin. Beti oroituko naiz.

      Hegazkina hartu eta Txominek ozeanoa zeharkatuko du azken aldiz, hurrengo 50 urteak definituko dituzten urte erabakigarri eta korapilatsuen hastapenean.