Elkarrekin esnatzeko ordua
Elkarrekin esnatzeko ordua
2016, nobela
344 orrialde
978-84-92468-92-8
Azaleko irudia: Antonio Gezala, Ate birakaria 1927 (zatia)
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2012, nobela
2001, poesia
 

 

Kartzela egunak

 

 

95

 

Josep Beneten artxiboan daude Txomin Letamendik atxiloketari buruz kartzelatik bidalitako bi gutunak. Diktadura garaiko eta trantsizioko politikari eta pentsalari garrantzitsuenetakoa Katalunian, bere bizitzari buruzko oroitzapenak idazten ari zela hil zen; memoria horien lehenengo zatia bakarrik argitaratu ahal izan zuen zendu aurretik, eta gerraoste garaiko kontu guztiak paperen, agirien eta apunteen anabasa eskerga bat dira. Benetek prentsan emandako elkarrizketetan Letamendiren izena aipatzen baitzuen, eta Benet bera ere atzitu baitzuten Letamendiren erorketaren ondorioz, horrexegatik jo nuen haren paperetan miatzera.

      Ondare itzela da Josep Benetena, hamaika paper-zorro eskutitz, dokumentu, argazki eta anotazioz beteak. 1945-1950 urteei buruzko karpetetan begiratu eta gauza bitxi asko idoro nuen. Ez zetozen ordenatuta, urte batetik bestera jauzi egiten zuten, paper gehiegi ziren bata bestearen atzetik artez ibiltzeko. Gehienak Erresistentzia Katalanaren barne-agiriak ziren, propaganda, sabotajeei buruzko datuak, Montjuiceko gazteluaren plano bat. Besteak beste, 1947ko Francoren Erreferendumari buruzko agindu bat ere bazetorren, Telefonicako agintariek langileen artean zabaldutakoa.

      “Barcelona, 3 de julio de 1947.

      “El señor Delegado del Gobierno en la Companía Telefónica Nacional de España, Don Felipe Acedo Colunga, dice a esta Delegación con esta fecha lo siguiente:

      “Siendo como es el voto el ejercicio de un derecho así como el cumplimiento de un deber que lleva aparejadas sanciones, caso de no hacer uso del mismo, me permito rogar a usted se sirva dictar las oportunas órdenes a fin de que se advierta a todo el Personal de esta Compañía Telefónica en todo el Territorio Nacional, de que debe comparecer y tomar parte en el Referendum del próximo día 6, en evitación de los perjuicios que pueda irrogarles y sobre todo con el alto móvil de servir a la Patria.

      “Dios guarde a Usted muchos años”.

      Horrela erraza da ia %90ak alde bozkatzea, botoa derrigorrezkoa denean.

      Orobat, Erresistentziaren 1945eko ezkutuko egunkari batean berri batzuk irakurri nituen. Erresistentziaren ekintzak, nazioarteko egoerari buruzko notiziak. Berri laburren artean, Ondarroatik ihes egindako gazte batzuei buruz mintzatzen dira. Esaten denez, gauez eta itsasontziz dozena bat gaztek alde egin zuten Ondarroatik Iparraldera. Sorpresa hartu nuen ikustean, Frantzisko Urresti eta Karmen Iturriotz zeudela gazte horiei laguntzen, eta Iparraldean zain zituena Joseba Urresti apaiza zela. Gurasoek eta semeak sare bat antolatu zuten Armada frankistan engaiatu nahi ez zuten gazteak erbesteratzeko.

      Paperak pasa eta pasa, Josep Benetek 2002ko uztailaren 22an Arxiu Nacional de Catalunyan egindako eskakizun bat topatu nuen. Txomin Letamendiri buruzko agiri juridiko guztiak eskatzen zituen. Ia 200 orri dira guztira. Benaz, zorrotza izan zen Benet; obsesioaren mugaraino helduta, dena jakin nahi zuen euskal agenteari buruz, eta esan beharra dago gauza asko deskubritu zuela.

      Letamendiri buruzko karpetan datoz atxiloketako datuak, komisaldegian egindako galdeketak eta diligentzien irekiera, Bartzelonako Modelo kartzelako sarrera agiria, Carabanchelgo kartzelara egindako bidaiak, espetxean jaso zituen zigorrak, epaiketako sumarioa, dena.

      Hasiera-hasieran, boligrafoz idatzita, zerrenda bat dator. Letamendiren objektu pertsonalak hauek ziren:

 

            Berokiak 1

            Abarketak 1

            Jakak 1

            Atorrak 3

            Kamisetak 3

            Galtzontziloak 4

            Jertseak 1

            Prakak 4

            Zapata pareak 2

 

      Ostean, komisaldegian zabaldutako diligentzia dator, Eduardo Quintela komisarioak sinatua.

      “DILIGENCIA: Después de una estrecha vigilancia de sujetos que se presumía pudieran estar en contacto con el mismo, se llegó a localizar en la calle Avenida de Jose Antonio número trescientos dos, segunda, a DOMINGO LETAMENDI MURUA y al cual al hacérsele un registro en la habitación que tenía alquilada en dicha casa se le encontró una gran cantidad de documentos que le acreditaban como el agente informador de la política catalana y actividades de todo género desarrolladas en Cataluña, acerca del ya dicho Gobierno Vasco en Francia. Entre estas actividades destacan por su gravedad las de tipo militar y las de información en general de diversos organismos del Estado. Por la documentación cogida y del interrogatorio realizado al LETAMENDI se desprende que este individuo, que usaba indistintamente los nombres de DAMIAN LANDA y LAZA, y DARIO LANDA, se había hecho cargo de esta labor desde los primeros días del pasado mes de agosto en sustitución de un sujeto que él afirma se llamaba JORGE EGUÍA”.

      Eduardo Quintelaren Brigada Soziala izan zen Letamendiri galdeketa luzea egin ziona. Quintelaren taldea ezaguna zen oso basatiak zirelako. Txomin ez zen suspertuko galdeketa hartan jasandako kolpeetatik.

      Letamendiren atxiloketa aipatzen da (Beneten paperen artean hori ere) Josep Pous i Pages idazlearen bi gutunetan, bata 1947ko irailaren 6koa eta bestea 9koa. Pous i Pagesen goitizena Jaume Marquet zen, bere nobela bateko pertsonaia bati hartua. Buru zen, gizon hau, alderdi zenbait biltzen zituen Consell Nacional de la Democracia Catalana elkarte klandestinokoa.

      Pous i Pagesek karta horietan kontatzen du ezbehar handia izan dela Letamendi harrapatzea; izan ere, berarekin batera erori dira Josep Benet eta Lluis Torres Front Universitar de Catalunyako kideak. Fronte hori ideologia desberdinetako gazteek osatzen zuten. Letamendiren gutunean aipatzen den Casassas hori komunista zen, Lluis Torres sozialista, Josep Benet eta Joan Sansa katoliko katalanistak.

      Gutun horiengatik dakigu, “La brigada operant era la del famos Quintela, de brutal anomenada”. Nonbait atxiloketak izan ziren, baina estuen hartu zutena Letamendi izan zen; katalanak libratu egin zituzten egun gutxira (Montserrateko elizako agintariek izango zuten zerikusirik), edo, gutunean dioen bezala, “es una fingida benevolença, encaminada a inspirar-nos una excessiva confiança a fin de fer més endavant una agafada de tota l’organització o al menys dels seus elements més importants i mes actius?”.

 

 

96

 

Kide katalanak libre utzi arren, Letamendiren auziak jarraitu egin zuen, Quintela komisarioak iritzi baitzion kontua Madrilgo epaitegi batek ebatzi behar zuela.

      “1947. 16 de diciembre.

      “Dirección General de Seguridad.

      “Jefatura Superior de Policía de Barcelona. Brigada Social.

      “El caso debe de quedar a disposición del Juzgado Militar Especial de Madrid, de Espionaje y comunismo, según oficio recibido en esta jefatura de dicho juzgado”.

      Juzgado Militar Especial de Espionaje y Comunismo delakoaren epaile instruktorea Enrique Eymar Fernandez koronela zen, Francoren garaiko pertsonarik ilunenetakoa. Errepublikazalea izandakoa, Izquierda Republicanako Toledoko karneta zeukan 1 zenbakiarekin, gerra mutilatua zen eta francozale amorratua bilakatu zen gerra ostean. Eymarrek milaka pertsona epaitu zituen eta milaka kondenatu heriotzara. Gizon maltzurra izan bide zen; fusilatzera zihoan jendea bisitatzen zuen bezperan, eta itxaropena ematen zien, indultua iritsiko zela-eta. Biharamunean bere aurrean fusilatuko zituzten.

      Gauzak horrela, 1948ko urtarrilean Carabanchelera eramango dute Txomin Letamendi, epaitegi berezi horrek diligentziak abiatuko baititu. Sumario Urgente 426.

      Hamahiru hilabetez egongo da Carabanchelen.

 

 

97

 

Espioitza sarea desegiten ari zen.

      Florentino Goikoetxea mugalaria tirokatu eta atxilotu egin zuten 1944ko ekainaren 28an, baina uztailean ospitaletik ihes egitea lortu zuen. Joseba Rezola atxilotu zuten 1945eko maiatzaren 26an Madrilen, baina Irunera trenez zekartela Donostian ihes egin zuen Ander Arzelusen laguntzarekin, eta elkarrekin pasatu ziren Iparraldera. Flavio Ajuriagerra 1945eko abuztuaren 31n hil zen gaixotasun larri baten ondorioz. Koldo Mitxelena atxilotu zuten 1946ko apirilaren 10ean Madrilen. Joseba Elosegi atxilotu zuten 1946ko uztailaren 18an Donostian. Pello Mari Irujok Madrildik ospa egin zuen Sabin Barrenaren aginduz eta muga igaro zuen 1946ko irailean. Andima Ibinagabeitiak ihes egin zuen Bilbotik 1947ko martxoaren 15ean Anton Zugadi atxilotu zutenean; Erresistentziako lagunek Poliziari eraso eginda askatu zuten Anton Zugadi hiru egun geroago. Txomin Letamendi atxilotu zuten 1947ko abuztuaren 29an Bartzelonan. Jesus Insausti Uzturre eta Imanol Pagaldai atxilotu zituzten 1948ko urtarrilaren 22an Madrilen, eta Sabin Barrenak eta Bernabe Orbegozok ihes egin zuten. Uzturrek zigor esparrutik hanka egin zuen 1951ko maiatzaren 19an emaztearen eta Jon Bilbaoren laguntzarekin, eta muga igaro zuen Jesus Solaunekin batera. Ander Arzelus Luzear hil egin zen 1949ko abuztuaren 27an Baionan.

      Josep Benetek ere jaso zuen gainbehera honen berri. Bere oharretan kontatuta dator Joseba Rezolaren Madrilgo taldea nola erori zen.

      “Ordura arte, Madrilgo FUCeko ardura nik neuk izan nuen, profitatuz aldika bertara egiten nituen bidaiak Felix Millet jaunaren idazkari pertsonal gisa. Joan Bta. Roca i Cavall-i esker, Unió Democràtica de Catalunyako burua bera, eta euskal nazionalisten aspaldiko laguna, aukera izan nuen euskaldunek Madrilen zuten erakunde klandestinoarekin harremanetan jartzeko. Horiek, 1943tik aurrera, erakunde txiki bat eratua zuten Estatuko hiriburuan, teknikoki oso eraginkorra zena. Sortzaile eta buru Joseba Rezola zuten. Eta talde horretako kide ziren, besteak beste, Sabin Barrena, Pello Mari Irujo, Manuel Irujo ministro ohiaren anaia, eta Koldo Mitxelena, zeina urteekin euskal hizkuntzalari handia bihurtuko baitzen. Haietatik gehienak, heriotzara kondenatuak izan ziren gerra garaian, eta kartzelaldia ere bete zuten, eta ostean borroka klandestinoan sartu ziren. Aitor dut miresmen handia sortzen zidatela borrokalari kementsu haiek. Oraindik gomutan dut Joseba Rezolak, ezagutu nuenean, sortu zidan zirrara.

      “Anarkistek beraiek, horren aktiboak zirenak urte haietan, behin baino gehiagotan erabili zituzten euskal zerbitzuak Madrildik Frantziara, edo alderantziz, ezkutuan joan ahal izateko. Zerbitzu hori beste pertsona batzuek ere erabiltzen zuten. Esate baterako, Rafael Sanchez Guerra politikari errepublikazalea ere euskaldunek eramango dute gordean erbestera, Giralen gobernuan ministro izateko”.

      Josep Beneten lekua Joan Sansa gazteak hartu zuen. Sansak harreman estua izango zuen Rezolaren taldearekin. Behin, Alianza Nacional de Fuerzas Democráticas elkartearen bilera batera gonbidatu zuten; Pidoux tabernan egiten ziren bilera horiek, Gran Vian, Chicoteren ondoan; tabernara sartu eta ezkerreko aldean esertzen ziren, butaka handi batzuetan. 1946ko apirilean izan zen Poliziaren sarekada. Mugimendu Libertarioko kide bat, Pedro Polo, toki hartan sartu zenean, Bartzelonako Brigada Politiko Sozialeko poliziak atzetik joan zitzaizkion. Poliziaren sarrerak sekulako zalaparta sortu zuen lokalean —putetxe bat baitzen— eta iheska ari ziren erresistenteei tiroka jardun zuten. Joan Sansak eta Pello Mari Irujok atzeko atetik alde egin zuten. Baina harrapatu egin zituzten Ramon Piñeiro galegista eta Koldo Mitxelena.

      Nonbait, Bartzelonako CNTko kide batek, Eliseu Mellisek egin zuen salakeria. Hil egin zuten gero Mellis, Bartzelonan, anarkistek beraiek.

      Joan Sansak, bien bitartean, ikusirik bere izena ez zela inon agertu, mediku ikasketak jarraitu zituen. Baina, Josep Beneten aburuz, Madrilgo hura kolpe latza izan zen antifrankismoarentzat. “Mundu Gerra bukatu eta Francoren erregimena demokraziarekin ordezkatzeko sortu zen aukera, argi zegoen, galdu egin zela”, kontatzen du. “Alde batetik, egia da, gerra irabazi zuten potentzia demokratikoen utzikeriarengatik. Baina, batez ere, buruzagi antifrankista monarkikoek eta errepublikazaleek jakin ez zutelako Francoren aurrean alternatiba sinesgarria osatzen, bateratua eta gauzagarria. Alternatiba horren faltan, Francoren erregimena finkatu egin zen”.

 

 

98

 

Eta azkenik, beste ezusteko bat.

      Frankismoko azken fusilatu batek, Juan Paredes Manot Txikik, kartzelatik bidali zuen azken eskuizkribuaren kopia bat aurkitu nuen Letamendiren garaiari buruzko Josep Beneten paperen artean.

      Zer egiten zuen eskuizkribu hark han? Nondik aterako ote zuen? Zer ikustekorik zuten Letamendik eta Txikik? Beneten hutsegite bat ote zen? Miragarria iruditu zitzaidan kasualitatea; eta Txikiren eskuizkibuan, deigarria pasarte hau: “Hoy somos los que estamos en el banquillo pero mañana estarán ellos y será el pueblo quien nos hará justicia. No lo olvidéis, puesto que mis compañeros y yo no podremos. Confíamos en vosotros”.

 

 

99

 

Letamendi Carabanchelera bidali zutenean, Erresistentziako beste kide batzuekin elkartu zen. Hantxe zeuden Jesus Insausti Uzturre eta Koldo Mitxelena, nahiz eta azken hau libratu egingo zuten handik hamabost egunera.

      Uzturrek itzulpen literarioak egiten zituen kartzelako patioan, kukubilko jarrita; asko egin zituen, tartean William Saroyanen lau narrazio.

      — Zer darabilzu paper horietan? —galdetu dio Txominek.

      — Itzulpenak, denbora-pasa.

      — Bai, jakinaren gainean nago gerra garaian heriotzatik libratu zinela itzulpenen kontura.

      — Heriotzara zigortu nahi ninduen fiskalak. Ofizioko abokatuari otu zitzaion esatea ni ez nengoela burutik ondo, eta burutik sano ez dagoen bat ezin dela hil. “Zergatik dago burutik eginda?”, galdetu zuen epaileak. “Bada, Don Kixote euskarara ekarri nahi duelako”. Eta epaileak aise erabaki zuen: “Benetan erotuta dago gizon hau, hori ezinezkoa da!”. 30 urteko kartzela zigorra jarri zidaten.

      — Eta? Lortu al zenuen Don Kixote itzultzea?

      — Ez, ez nago horren burutik.

      Patioko ibilera luzeetan gauza asko kontatzen dizkiote elkarri bi lagunek, esate baterako, kartzelan zeuden naziei buruzkoak.

      — Ba al dakizu hor dagoen hori nazia dela? —esan dio Letamendik Uzturreri—. Francok kartzelan sartzen ditu, babesa emateko. Mundu Gerra bukatu zenetik nazien ehiza omen dago herrialde guztietan barrena, eta horregatik ez ditu badaezpada ere kalean utzi nahi.

      — Bat harrapatzekotan egon ginen gu.

      — Nor?

      — Léon Degrelle.

      — Belgikako nazia, Hitlerren hurre-hurrekoa zena?

      — Horixe berori.

      — Entzunda daukat lasai asko bizi dela Madrilen, hegazkinez ihes egin eta Conchako badian lurreratu zenetik. Espainiak ez du sekula estraditatuko.

      — Bada, une batean, Léon Degrelle lokalizatzeko eskatu zigun Belgikako Gobernuak. Eta halaxe egin genuen. Ez hori bakarrik, bahitzeko plana ere egin genuen. Harrapatu eta eskuburdinekin Bruselako Plaza Handiaren erdian uzteko asmoa geneukan.

      — Ez da egia izango!

      — Prest zegoen plan osoa. Bagenekien Degrellek amorante bat zuela Madrilen, Helene Cornette. Pedro Urracaren emaztea zen Cornette, baina badakizu... Degrelle planta onekoa da, bi metroko gizona, eta emakumeek...

      — Lluis Companys harrapatu zuen zakurraren emaztea da Cornette?

      — Hain zuzen ere. Eta Cornette honek eta Degrellek bazuten habiatxo bat Toledon, eta hara eramaten zituen txofer batek.

      — Eta txoferra euskalduna zen!

      — Ez, ez gara hainbesterako. Baina txoferra konbentzitzea lortu genuen, autoa Madrildik Donostiara eramateko Degrelle barruan zeramala. Eta handik beste aldera pasatuko genuen itsasontziz. Dena lotuta geneukan, baina bat-batean aginduak aldatu egin ziren. Gobernutik esan ziguten belgikarrek atzera egin zutela, ez zitzaiela hura sekuestratzea komeni, Degrellek ba omen zituen-eta esateko zikinkeriak politikari batzuei buruz.

      — Hori amorrazioa!

      — Tira, bai, baina bitartean justizia apur bat egitearekin amets egiteko aukera ere izan genuen.

      — Horrek asko balio du.

      — Bai, baina bide batez denei demostratu genien oso ondo antolatuta gaudela edozeri aurre egiteko.

      — Eta horrek askoz gehiago balio du.

 

 

100

 

1948ko apirilean Karmele Urrestik eta Jose Antonio Agirre lehendakariak randebu bat izan zuten Donibane Lohizunen. Karmele artega zebilen eta egon beharra zeukan Agirrerekin, senarraren egoera hobetzeko bideren bat aurkitze aldera. Joseba Urrestik, nebak, lortu zion hitzordua, Lehendakariaren hurrekoa baitzen.

      Itsasertzetik paseatu zuten elkarrekin.

      — Arduratuta nago Txominen egoerarekin. Osasunez ez dabil ongi eta urrun ikusten dut bere askatasuna.

      — Badakit galdeketa oso latza izan zuela Bartzelonan. Gainera, sumarioa espeziala da, izen handi asko dago hor, eta ez da erraza izango Txomin libratzea. Baina zaude ziur, gure esku dagoen guztia egingo dugu ahalik eta lasterren kartzelatik ateratzeko.

      — Ez dut zalantzarik —Karmelek ostertzera begiratu zuen, baina gero zuzenean galdetu zion—: Kartzelatik irtendakoan ez du beste misiorik izango, ezta?

      — Ez, Karmele. Nahikoa egin duzue. Lan bat lortzea izango da berarentzat onena, eta bizi lasai. Pentsatu dut arrain-inportazio enpresa bat jar dezakezuela agian. Lortuko dugu finantziazioa horretarako.

      — Ea egia den. Baina nik ez dut egoera batere argi ikusten. Frantziak Francoren blokeoari bukaera eman dio, ez da seinale ona.

      — Ez genuen horrelakorik espero.

      — Nik ez diot gauza hauei buruz ezer kontatzen Txomini, kontu ezkorrik sekula ez, ezingo luke jasan.

      Bazkaldu ere elkarrekin egin zuten eta, pixka bat lasaiago, hitz egin zuten beste gai batzuez: Ondarroa, Eresoinka, haurrak, Paris...

      Agur egin baino lehen Jose Antonio Agirrek lapitza eta papera atera zituen, eta ohar bat idatzi zuen, gutun-azal txiki batean sartu zuena.

      — Emaiozu hau Txomini.

      — Eskerrik asko, jauna. Estimatuko du. Ez da gauza ezkorrik izango, noski.

      — Dena baikorra.

      Karmele pozik itzuli zen Txominentzat Lehendakariak eskuz idatzitako gutunarekin eta, batez ere, haren askatasuna lortzeko lan egingo zutela egindako promesarekin.

 

 

101

 

Han, erreparatuz gero patioko bazter hartan, gaur kukubilko dagoena ez da Uzturre, Letamendi baizik.

      — Zer duzu?

      — Lehendakariaren gutuna jaso dut.

      — Zer diotsu ba?

      — Eusteko. Badituela Karmele eta biontzako planak hau dena amaitzen denerako.

      — Albiste ona da.

      — Bai.

      — Nik bestelako gutun bat hartu dut, Eymarrena. Deklaratzera joan behar dut. Badakizu tratamendu psikiatrikoan dagoela? Nolatan egon litezke milaka pertsonaren bizitzak gaixorik dagoen pertsona baten esku? Aurreko batean galdetu zidan ea katolikoa ote nintzen. “Familia bai behintzat”, erantzun nion pentsatu gabe. Eta hori esanda, gogoan hartu nuen Bigarren Mundu Gerra garaian nola ezkutatu nituen etxean bi poloniar eta nola goizero gure amak arrosarioa euskaraz esaten zien eta beraiek polonieraz erantzun. Datu hau, baina, ez nion esan.

      — Eta zer esan zizun?

      — Itauna egin zidan ea egunero jauna hartzen nuen, arrosarioa errezatzen nuen, eliza baten aurretik pasatuz gero otoitz egiten nuen. Nik esan nion, jaunartzea igandetan bakarrik, baina arrosariorako ez nuela astirik. Eta berak bota zidan: “Horixe da zure gaitz guztien jatorria! Horrela zaude ez duzulako arrosariorik errezatzen”. Epaile batek esateko gauzak dira, gero, horiek? Erotuta dago!

      — Badirudi azkenean ni ez nauela Eymarrek epaituko. Bartzelonan egingo didate Gerra Kontseilua, espioitzari buruzko tribunal militarrak, baina hangoak. Ematen du indarra egin dutela kanpotik, Eymarren atzaparretatik librarazteko.

      — Zorionak. Badakizu, inoiz ez da jakiten nork lagunduko dizun. Behin batean, Polizia orpotik nuela Madrilen, ni ihesean eta haiek oihuka “A ese rojo, a ese rojo!”, kaleko jendeak ni gelditu ordez bidea zabaltzen zidan, eta poliziei itxi. Atso batek animatu ere egin ninduen; “Corre, hijo mío, corre!”.

      — Aizu, Jesus... egingo al zenidake mesede bat?

      — Nire eskura badago, bai, jakina.

      — Uztailaren 13an Ikerne nire alabaren urtebetetze eguna da eta oparitxo bat egin nahi nioke. Ipuin bat idatzi dut, umeentzako modukoa.

      — Hara! Zeri buruzkoa da ba?

      — Beethovenen bizitzako pasarte batean oinarritu naiz. Eta ipuintxo hori bidali nahi nioke...

      — Baina?

      — Baina nik euskaraz ez dakidanez, zuk itzultzea nahi nuke, gehiegi eskatzea ez bada. Ikernek euskaraz irakurtzen eta idazten ikastea, horixe da nire ilusio handiena.

      Eta Ikernek bere bederatzigarren urtebetetzean aitak Carabanchel kartzelatik bidalitako ipuin bat jasoko du.

 

      “Es éste un pequeño obsequio que te hace tu aita con motivo del día de tu cumpleaños. Lo que te envío son unas líneas sobre la vida de un gran músico. Cuando las leas acuérdate de que tu aitatxu te quiere mucho y te tiene presente en todos los momentos.

      “Agur. Txomin.

      “Carabanchel Alto, 13-7-1948”.

 

BEETHOVEN’EN BIZITZAZ

      Bonn’en gertatu zan. Ilargi bete gau bat zan. Beethoven’eri dei egitera joan nintzan gero alkarrekin apaltzera juateko.

      Kale estu eta ilun batean gindoazelarik bat-batean gelditu zan nere laguna. “Entzun”, esan zidan, “soinu hori? Nere eresi batekoa da: Sonata en F. Bejondeiola! Zeinen ederki joa!”.

      Beste aldean zegoan kaxkar itxurako etxe batetik zetorren soinua. Beste alderatu gintzaizkizun entzun zale. Jotzailea etengabe ari zan; halako batean, hara!, soinua hausi eta bere ordez zerutik bailetor ahots goxo bat egin zan soinu:

      “Nik ezin gehiago jo. Zeinen dan ederra! Baino ez det behar hainbat indar... Emango nuke zerbait horraatik Colonia’n musika aldi bat entzuteko!”.

      “Baño arrebatxo” erantzun zion bere lagunak, “zertarako nahigabe gehiago gureganatu? Doi-doi degu etxea zerekin ordaindu...”.

      “Ondo diozu, baino ez nuke hil nahi behin-behinik musika-aldi bat entzun gabe. Gauza hoiek ez dira ordea guretzat eginak”.

      Begiraka neukan Beethoven. “Goazen barnera”, esan zidan.

 

      Letamendi tronpeta-joleak, Letamendi agenteak, Letamendi aitak, ipuintxoan kontatu zion nola sortu zen Beethovenen pieza ezagunenetako bat: Ilargitea. Gau bakar batean sortu omen zuen maisuak. Bakarrik bizi ziren neba-arreba txiro horien etxeko piano zaharrean inprobisatu zuen pieza —zuzeneko kontzertu bat izan zezaten etxean bertan— eta gero, bere etxera bueltatu zenean, gau osoa egon ei zen idazten eta idazten.

      Nahiz eta benetan horrela sortua ez izan, Ikerneri kontatu nahi zion unibertsala dela musika, ez duela gutxi batzuen esku egon behar, eta artistak ere ez duela ahaztu behar nondik datorren.

 

 

102

 

Karmele umeak oherarazten zegoen gelan sartu zen Frantzisko, Antsosoloko barruko geletako batean, eta iratzarri egin zuen. Oso artega zegoen aita.

      — Angelutik deitu dute. Joseba gaizki dago. Birikietako gaitza du. Ezin da mugitu ere egin, norbaitek joan behar luke hura zaintzera.

      — Lasai aita. Pentsa dezagun nola egin.

      — Ezin dugu denbora galdu muga zeharkatzeko bisatuak-eta eskatzen. Ezkutuan igaro behar da, ohiko bideetatik.

      — Anitak ezin al du?

      — Anitak? Proposatu diodanean negarrez hasi zait-eta, “nik ezin dut”, “nik ezin dut” esanez. Eta zu zara erizaina.

      — Baina nik umeak ditut, Txomin kartzelan... Harrapatzen banaute fusilatu egingo dute, gero.

      — Anitak zainduko ditu umeak.

      — Ados, neu joango naiz.

      Londrestik Angelura itzulia zen Joseba, Bigarren Mundu Gerra bukatu orduko, RAFeko hegazkin militar batek eraman zuen Miarritzeko Parma aireportura. Eta Karmele ez zen nebarengana itsasoz joan, ihesi zihoazen gazte haien antzera. Zainduegi zegoen bide hori. Lehorretik joango zen. Tolosan geratu zen mugalariarekin, maingua zen. Madrildik zetozen ama-alaba batzuk aurkeztu zizkion, erbestean zegoen senarrarengana joan nahi zuten eta elkarrekin pasatuko zuten muga. Gizon hark azaldu zien Bidasoak ur gutxi zuen toki batetik igaroko zirela, oinez; baina bertara iritsi zirenean guardia zibilak zeudela konturatu eta itxaron egin behar izan zuten. Marea gorantz zetorren. Bidea libratu eta ibaia zeharkatzea erabaki zutenerako ura gerriraino iristen zitzaien. Ama-alaba haiei lagunduz, estu baina azkenean lortu zuten Iparraldera iristea.

      Josebak ezin zuen sinetsi Karmele apezetxean sartu zenean.

      — Zer egiten duzu zuk hemen?

      — Egun-pasa.

      Karmelek aste batzuk igaro zituen Angelun neba zaintzen. Parisera ere joan zen nebarekin batera arnas aparatuko mediku famako batengana.

      — Zenbat urte biziko naizen jakin nahi dut —esan zion serio Josebak medikuari.

      Hark agindu zion utz zezala euskal kostalde hezea eta joan zedila bizitzera Alpeetara, hain zuzen, Niza ondoan zegoen Thorenc izeneko herrian bizilekua hartzea onuragarria litzatekeela bere osasunarentzat.

      Karmelek Angeluko egun haietan egin zituen adiskide mami De Greef sendikoak, Comète sarekoak.

      — Joseba, gizon hain zuzen eta seriosa ematen duen hau —kontatu die umorez Karmelek—, bromazale amorratua da. Ganbarara igotzen zen eta handik, tximiniako zulotik hitz egiten hasten zen, ahots larria jarrita: “Zuekin Londresko BBC irratia”. A zelako sustoa hartzen zuen aitak!

      Ondarroara ez zen mendiz bueltatu Karmele. Josebaren etxean, goiz batez, emakume bat agertu zitzaion motorbizikleta batekin.

      — Emanen dugu buelta bat?

 

 

103

 

Lehendakariak hala eskatu baitzion, Karmelek sarritan idazten dio kontatuz zein den Txominen osasun egoera eta nola moldatzen den umeekin eta gastuekin.

      1948ko abuztuan diotso, osasunez apur bat hobeto dagoela senarra, baina, dena den, ez diola kontatu Txomin txikia luzaroan gaixorik egon dela eta medikuetan ibili direla.

      Udazken hartan bertan, ordea, Letamendiren osasunak okerrera egingo du nabarmen. Urriaren 25ean, goizez, Uzturrek zaindariak ohartaraziko ditu bere laguna ez dela ohetik altxatzen. Atake zerebral bat izan du. Paralizatuta geratu zaio gorputzaren alde bat.

      Mugimendu eta oroimen arazo larriak izan arren, 1949ko otsailaren 5ean Bartzelonako kartzelara eramango dute, Gerra Kontseilua abiaraziko baitiote. 690-IV-48 sumarioa da berea.

      Karmele larrituta dago. Behin eta berriz idazten dio Lehendakariari.

      1949, apirilak 9. Karmelek diotso, hilero 3.000 pezeta jasotzen dituela. “Horietatik 1.300 Bartzelonara bidaltzen ditut, ni bertan ez nagoenean Txominen zaintzaz arduratzen den familiari ordaintzeko”. Eta gastu askoren zerrenda egiten dio, xehetasunez. Bitxiak eta halakoak saldu behar izan dituela aitortzen dio. Agurtzerakoan, esaldi misteriotsu bat: “Cumpla mucho con el Gordo, y le da mi más completa enhorabuena”.

      1949, maiatzak 10. Letamendi 30 egunetan ziegan isolatuta egotera zigortu dute. Arrazoia: bizarra egiteko makina harrapatu diotela.

      1949, maiatzak 11. Karmeleren gutuna Lehendakariari. Bartzelonako pentsioko emakumeak ez diola Txominen gauzetatik deus ere bueltatu. Eta larritasunez idatzi dio, labur: “La salud de Txomin está muy quebrantada”.

      1949, ekainak 9. Lehendakariari erreguka ari zaio, jasotzen duen diru kopuruarekin ezin duela bizi, laguntza behar duela mesedez. Eta gaztigatzen dio azkenik: “Txomin oso-oso gaixorik dago”.

      1949, uztailak 26. Behin-behineko askatasunerako eskubide guztiak ukatu dizkiote Letamendiri.

 

 

104

 

“10 de febrero de 1950.

      “Consejo de Guerra Ordinario.

      “RESULTANDO: Que el día primero de septiembre de mil novecientos cuarenta y siete fue detenido en esta Plaza, por la policía, el procesado DOMINGO LETAMENDI MURUA afiliado al Partido Nacionalista Vasco desde fecha anterior al Glorioso Movimiento Nacional y que durante la pasada Rebelión Marxista perteneció al Ejército Rojo como Comandante del Batallón Ariztimuño, huyendo a Francia poco antes de terminar la Guerra de Liberación, marchando con posterioridad a Caracas, Venezuela, hasta que en el año de mil novecientos cuarenta y tres regresa de nuevo a España, fijando su residencia en Ondarroa, logrando relacionarse de nuevo con elementos exiliados del titulado Gobierno Vasco por mediación de un tal Rezola, ex-secretario de defensa de dicho Gobierno, Andima Ibinagabeitia y Antonio Zugadi, sujetos que le ofrecieron se hiciera cargo del cometido que hasta tal fecha venía desempeñando en Cataluña otro afiliado conocido por Jorge Eguía, como agente del expresado Gobierno Vasco en el exilio, siendo un exponente de su actuación desarrollada en esta Plaza, la diversa documentación que le fue intervenida al ser detenido, entre la que figura una carta fechada a veintisiete de agosto de mil novecientos cuarenta y siete al expresado Cayetano (Sansinenea o Rezola) en la que rinde cuenta de sus primeros trabajos en pro de la causa: unas instrucciones tituladas “importancia de la información sobre personalidades”, un recordatorio militar franquista, en el que se solicitan datos concretos respecto de organización militar y fortificaciones, un cuestionario militar, autoridades militares de la región, divisiones que la guarnecen, regimientos que las integran, fortificaciones, servicios, unidades destacadas y fuerzas de cobertura de la frontera, un cuestionario económico, un escrito dirigido al Gobierno Vasco en el exilio escrito por un tal Marquet [Josep Pous i Pages], afiliado a los partidos catalanistas clandestinos; un extracto de una carta dirigida a un diputado laborista [Noel Baker], redactada en francés y sellada con un sello del Consell Nacional de la Democracia Catalana —Presidencia—, un informe emitido por dicho Consell, organismo que pretende encuadrar a todos los partidos clandestinos y subversivos de Cataluña, propugnándose en este documento la implantación en España de una República Federal, con el establecimiento de sendos Gobiernos autónomos en Cataluña y País Vasco”.

 

 

105

 

Letamendiri bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten eta Guadalajarako kartzelara eraman zuten abuztuaren 16an. Ziega lagun izan zituen Imanol Pagaldai Arbulu eta Donostiako Villasante abizeneko bat; haiek biek zaindu zuten, egoera tamalgarrian baitzegoen eta, gainera, burutik nahastuta.

      — Ba al duzu seme-alabarik? —galdetu dio Imanol Pagaldaik.

      Txominek argazki bat atera du koltxoi azpitik, eta paparrean ipini du. Ikernek bidali zion argazkitxoa da. Gainerakoan, ez da gai erreakzio normalik izateko: txikituta dago, ahituta dago.

      Azkenean, 1950eko urriaren 18an askatu zuten Txomin Letamendi. Oso kalteturik, Imanol Pagaldai preso kideak atera behar izan zuen besoetan, haren anaia Juani atarian entregatzeko. Argal-argal zegoen, mutiko baten pisuarekin, 35 kilo.

      Anaiarekin Madrilgo Zurbano kaleko etxean egongo zen aurrerantzean. Juan, Aire Armadako kapitain izandakoa Errepublika garaian, lanera Madrilera joana zen gerra amaitutakoan. Zortea izan zuen, lagun bati esker eraikuntza lanetan hasi baitzen, aireportuak egiten, eta posizio ona ere lortu zuen. Txominek Frantziako kontzentrazio esparrutik Juan libratu zuen gisara, Juan ahalegindu zen anaia sendatzen. Diru eta baliabide asko jarri zuen medikuetan: intsulina eta plasma, sondak zakiletik eta ahotik, bi elektroshock...

      Baina Txomini ez zitzaion aurrera egiteko indarrik geratzen. “Hildakoek ez dute jaten” esaten zuen jatekoa hurreratuz gero, eta ahoa ixten zuen.