Elkarrekin esnatzeko ordua
Elkarrekin esnatzeko ordua
2016, nobela
344 orrialde
978-84-92468-92-8
Azaleko irudia: Antonio Gezala, Ate birakaria 1927 (zatia)
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2012, nobela
2001, poesia
 

 

Maitasuna Belloyko Jauregian

 

 

22

 

Arrautza bat pirritan joan zen belar moztu berriaren gainean, halako moldez, non arrautza koskoaren muturrak gora eta behera egiten zuen, bira eta bira, orgatxo batetik askatu den gurpilaren kerak hartuta.

      Karmele Urrestik eskuaz geratu zuen arrautzaren ibilbidea.

      — Txomin!, zure errua izan da —esan zion amorraturik—. Isilik egon behar zenuen.

      Lasterketa batean parte hartzen ari zen Karmele Château de Belloyko belardian. Koilara baten kirtena ahoan sartu, koilararen sabelean arrautza ipini eta eskuak bizkarrera lotuta egin behar zuen korrika, Eresoinkako beste emakume batzuekin lehian. Eta halako batean, aurreneko postuan lasterka zihoala, erori egin zitzaion arrautza; ez zen puskatu hargatik, arrautza egosia baitzen, Belloyn ez zeuden janaria alferrik galtzeko moduan. Norgehiagoka ez irabaztearen hobena Txomini egotzi zion, zeina Karmele animatzen ari zen horma baten gainera igota, oihuka eta keinu nabarmenak egiten, eta horrek neskarengan eutsi ezineko barregura sorrarazi zuen.

      1938ko abuztuaren 14a zen, Manu Sota Château de Belloytik New Yorkera joandako biharamuna. Amabirjina Egunaren bezperan jolas batzuk antolatu zituzten jauregi aurreko belazean, Eresoinkako kideen bihotz goibelduak zertxobait alaitzearren. Sokatira, erreleboak, zartagin jokoa, oskol jokoa eta antzekoak.

      Zaila da pentsatzea gizatalde hark une zoriontsurik izan zezakeenik, nozitzen ari ziren egoera larria kontuan izanik. Gorabeheratsua izan bide zen haien aldartea, jakinik non eta nola zeuden senitartekoak, lagunak eta kideak: batzuen batzuk oraindik gerran borrokatzen Kataluniako lubakietan, beste batzuk kartzelatuak, erbestean makina bat.

      Txominen anaia bera, Juan Letamendi, errefuxiatu esparru batean gatibu zeukaten Frantzian, eta Txomin eginahalak egiten zebilen anaia handik libratzeko. Haren argazki bat erakutsi zion Karmeleri.

      — Antz handia duzue. Hasieran iruditu zait zu zeu zinela, militarrez jantzita.

      Errepublikako Armadako kapitaina zen Juan, hegazkineriakoa. Frantziara egin behar izan zuen hegaz, eta zenbait ustekabekoren uztardura zela-eta Argelesko errefuxiatu esparruan zegoen beste militar errepublikazale batzuekin batera, ez atzera ez aurrera.

      Karmele ere kezkatuta zebilen bere etxekoen egoerarengatik. 1937ko otsailean familia osoa Ondarroatik bota egin zuten agintari militar berriek. Oinez zeharkatu behar izan zuten frontea helduek eta umeek. Ondarroa Lekeitiorekin lotzen duen itsasertzeko errepidetik igaro zituzten bi bandoen arteko kontrolak eta bidez egin zituzten bi herrien artean dauden hamaika kilometroak.

      Egozteen zergatia militar frankisten dekretu bat zen, zeinaren arabera ihesi joandako senitartekoen egoera azaltzeko eskatzen zieten herritarrei; ez hori bakarrik, bultzatzen baitzituzten ihesi joandako haiekin kontaktuan jartzera, erregutzeko lehenbailehen buelta zitezen, bestela beraiek ere herritik kanporatuak izango ziren mehatxupean. Zortzi eguneko epea ezarri zieten, senitartekoekin harremanetan jarri eta haiek itzultzeko; guztiz urria, gerra bat tarteko, ezinezkoa.

      Keinadura bete egin zuten frankistek eta mandatua argitaratu eta zortzi egunetara familia ugari egotzi zuten herritik. Ondarroako kasuan, esan behar da, ordurako kasik biztanleen erdia zebilela herritik kanpo, milizietan engaiatuta edo frankistek herria hartu baino lehen ihes eginda; hainbeste jende, ezen herriko Franco zale batzuek kexatu ere egin zitzaizkien nagusiei, hain gogorrak ez izateko eskatuz, agindua betez gero hutsik geratuko baitzen herria, langilerik gabe. Ez zieten jaramonik egin.

      Dekretu haren arabera, salatu beharreko iheslarien artean Karmeleren bi neba nagusiak zeuden, Joseba eta Josu, herria erortzear zegoela Iparraldera hanka egindakoak.

      — Gure aitak bere txalupak eskaini zituen ihesaldirako. Eta urriaren 3an, gauez, Jontxu ontzian joan ziren bi nebak, herriko beste gizon askorekin batera. Gipuzkoan gertatuak ikusita, izuturik zeuden, fusilatu edo kartzelatuko ote zituzten.

      — Adinekoak eta emakumeak baino ez zineten geratu orduan.

      — Tira, kontua da handik gutxira gure aitak gutun bat idatzi ziela Josuri eta Josebari Iparraldera. Bilbo aldera bueltatzeko agintzen zien, Euskal Gudarostea bolondres faltan zegoela-eta.

      — Ez da epeletakoa zuen aita...

      — Malaletxeri ez zegoen ezetz esaterik. Joseba eta Josu itzuli egin ziren Hegoaldera. Bolondresek bi ontzitan egin zuten itzulera. Eta biotako bat atzeman egin zuen Almirante Cervera destruktoreak. Bertan zihoan Aitzol idazlea.

      — Hil egin zuten gaixoa. Ez zioten barkatu elizgizona izan eta gorriekin egotea.

      — Gure bi nebak, zorionez, beste ontzian zihoazen. Esaten dute beste barkuko patroia erosita zegoela.

      — Ederretik libratu ziren...

      — Frankistek begitan hartuta daukate gure aita. Gorroto handia dago herrian.

 

 

23

 

Karmele Urrestik lantzean-lantzean ibiltzen zuen Ondarroatik Lekeitioko itsasertzeko bidea. Bihurgunez beteriko errepidea da, badiote hirurehun bira baino gehiago egiten dituela hamaika kilometro eskas horietan. Bide ertzetik paseatzen joaten ziren Anita eta biak, ia automobilik igarotzen ez zen urte haietan. Errepidetik bertan da itsasoa, uhinen aparra haitzetan lehertzen eta marinelak kaletan arrantzan.

      Ahizpak Frantsesarena esaten dioten etxean geratzen ziren atseden hartzera, hurran dagoen iturritik ura edateko, bi bihurgune lehenago. Burdina asko duen ura da hangoa, hainbeste ezen iturriko harlauzak herdoilez margoturik dauden, eta goroldioz. Uda partean atsegina izaten da han zehar ibiltzea, iturrian egarria ase eta inguruetako mendietako eukalipto arbolen lurrina hartuz. Bihurgunez bihurgune, itsasoari begira, Artape, Santa Klara, On botau, Arlasta, Galtzuaran azpia, Zider izkina, Mendipe, Irabaltza, Atxazpi, Mantxa bide, Laba, Peruko zubia, Kurrilo harria, Arri luxia, Lur gorria, Mune erripe, Arrain bide, Murkulu, Arri ikara, Zarbatxa, Paulo Atxa, Arri luzia, Ondarra, Luperri lekua edo igeri lekua, Portu txiki, Ur Aundi, Ur gogorra, Portu handixe, Iko-atzea eta Ametselako haitzak igaro eta azkeneko bihurgunean Lekeitioko irla begiztatu arte, ia bi orduko ibilbidea da oinez.

      Baina 1937ko otsailean, urrestitarrak herritik egotzi zituzten goiz hartan, hotz zegoen, iparraldetik eraso egiten zuen haizeak, eguraldia gozakaitza zen oso. Atxazpi aldean kokatua zegoen lubakien arteko pasagunea, bi herrien arteko bide erdian; hain zuzen, errepidea bonbez zulatua izan zenez, hondarrezko zakuekin egindako murru handi bati kontra igaro zuten errefuxiatuek, jausteko zorian. Egoera txarra zeukan errepideak, haitzetara erori zen egun batzuk lehenago iheslariz beteta zihoan auto bat. Horrexegatik, menturaz, edo beste aukerarik ez zutelako, oinez egin zuten bidea gehienek, maletak eskuan, fardelak besoetan, edota kopetan, arrain saltzaileen sorkiaz baliatuz. Mantuko umeak bezala laurogeita hamasei urteko amona, denak ilaran.

      Berrehun lagun inguru ziren guztira, Ondarroakoak ez ezik Gipuzkoako herrietatik kanporatu zituzten batzuk ere hantxe zihoazen... Artape, Santa Klara, On botau, Arlasta, Galtzuaran azpia, Zider izkina, Mendipe, Irabaltza, Atxazpi, Mantxa bide, Laba, Peruko zubia, Kurrilo harria, Arri luxia, Lur gorria, Mune erripe, Arrain bide, Murkulu, Arri ikara, Zarbatxa, Paulo Atxa, Arri luzia, Ondarra, Luperri lekua edo igeri lekua, Portu txiki, Ur Aundi, Ur gogorra, Portu handixe, Iko-atzea eta Ametselako haitzak igaro eta azkeneko bihurgunean Lekeitioko irla begiztatu arte.

      — Eta Lekeitiotik, gero, Bilbo aldera joango zineten, ezta?

      — Bai. Bilbora ailegatutakoan sakabanatu egin ginen. Gurasoek eta Anitak Portugaleten hartu zuten babesa, Kuban aberats egin zen ahaide baten etxean. Ezin izan zuten han luze eutsi eta Belgikara joan ziren. Jauntxo batzuen jauregian lortu zuen lana Anitak. Josebak gutunez aholkatu zion kontuz ibiltzeko han, izandunen eskailerak labainkorrak direla-eta.

      — Zein batailoitan ari ziren Joseba eta Josu?

      Rebelión de la Sal izenekoan Joseba, gerra kapilau. Eta Itsasalde batailoian Josu.

      — Hara!, Artxandan borrokatu ziren Itsasalde-koak. Nik ezagutu nituen batzuk...

      — Josebak Bilbotik alde egitea lortu zuen, baina Josuk ez. Azken unera arte egon zen Josuren batailoia Bilbo defendatzen. Hiria erori zenean, ordu batzuetan gudariek ez zuten jakin zer egin. Halako nahasmen une bat izan zen. Frankistak sartzen zirenean errenditzeko agindua zuten. Hori egin zutenak Arriaga antzokian giltzapetu zituzten, kartzela bihurtu baitzuten teatroa.

      — Bere burua entregatu zuen?

      — Bilbon ez!, Ondarroara itzuli zen nola edo hala. Uste zuen, herrian ezagutzen zutenez, bihozberak izango zirela. Baina zamaontzi batean sartu zuten preso. Eta gero handik Iruñeko Ezkabako presondegira eraman zuten eta hantxe dago geroztik.

      — Eta zu nola iritsi zinen honaino?

      — Erizain ibili nintzen Gudarostearekin, gudariak nora joan ni hara. Basurtuko ospitaleko garaitik ezagutzen nuen Jose Maria Bengoa doktorea eta haren esanetara jarri nintzen. Lehenik eta behin Limpiasen atondu genuen kanpaina ospitalea. Karrantzako bonbardaketa gupidagabea berta-bertatik ezagutu nuen. Gero eta larriago geundenez, azkeneko momentuan gudari zauritu batzuekin batera Santanderren txalupan sarturik lortu nuen Lapurdira iristea. Hotela eta kasinoa izandako La Roseraien erietxe bat moldatu genuen handik lasterrera, Ilbarritzen, muga zeharkatzen zuten gudariak hantxe jagoteko, Gonzalo Aranguren doktorearen aginduetara.

      — Jakin dut La Roseraien erizainen arteko abesbatza osatu zenutela.

      — Bai, eta orduan agertu zen Paulin lehengusua nire bila, Eresoinka antolatzen ari zirela Saran eta jendea behar zutela kanturako. Eta orduz gerozkoa, badakizu.

 

 

24

 

Jose Antonio Agirrek 1936ko urriaren 7an egin zuen Lehendakari zina Gernikako arbolaren azpian. Errepublikako Gobernuak euskal autonomia estatutua onartu zuen, berandu, Bizkaia eta Gipuzkoa isolatuta eta setiatuta zeudelarik, gerra hasi eta hiru hilabetera.

      Agirrek Errepublikaren aldeko ia alderdi guztiak bildu zituen Gobernurako: nazionalistak, errepublikanoak, sozialistak eta komunistak. 20ko hamarkada baikorraren ondoren, 30ekoan lan baldintzak okertu egin ziren eta langabeziak nabarmen egin zuen gora. Horregatik, eta alderdi aurrerakoiak zeudelako gobernu kideen artean, joera soziala izan zuen agintaldi hark.

      Nahiz eta autonomia izan berez, praktikan, estatu independente baten gisara jokatu zuen Euskal Gobernuak: armada propioa, moneta, delegazioak atzerrian, berezko hezkuntza eta osasun sistemak, Igarobidea izeneko pasaportea... Hego Amerikako estatu batzuek legezkotzat onartu zutena.

      “Gora Euskadi!”, oihukatu zuen Agirrek Gernikan zin egitean.

      “Askatuta!!!”, erantzun zioten Jagi-Jagiko independentistek.

 

 

25

 

Bada interneten dabilen argazki bat, Lluis Companys presidente katalana eta Jose Antonio Agirre elkarrekin agertzen direna. Data zuzena du, 1938ko urriaren 16a; lekua, aitzitik, txarto dator. Argazkiaren azpian dio Bartzelonan elkartu zirela, baina argazkian haien atzean ageri den eraikinean arreta jartzen baduzu, argi dago Château de Belloyn daudela.

      Ez ziren garai errazak Companys eta Agirrerentzat. Katalunia bakartu berri zuen kolpisten armadak. Eta Brigada Internazionaletako kideak ere gerra uzteko zorian aurkitu ziren egun gutxi lehenago, nazioarteko indarrek hala agindurik bueltatu egin behar izango baitzuten etxera.

      Lehendakariak ez zuen aukera galdu nahi izan presidente katalana Château de Belloyra gonbidatu eta harrera egiteko, biak Parisen zeudela baliatuz. Agirre irrikaz zegoen Companysi euskal enbaxada kulturala erakusteko.

      Egun horretako argazki ugari dago, Jesus Elosegi argazkilari tolosarraren bilduman. Irudietan ikusten da nola Eresoinkako kideek apainketa lanak egin zituzten: arkuak lorez jantzi, oihalak josi, balkoietan ikurrina eta senyera paratu.

      Karmele argiztapena jartzen ari zen zuhaitz batetik bestera, Txomini galdegin zionean ea lagunduko zion kablean anpoilak jartzen.

      Txomin igo da eskailerara, luzatu du eskua, baina ezin bonbilla ganoraz kiribildu.

      — Makala zara gero!

      Jaitsarazi du gizona, igo da Karmele zango arinekin eta berak lotu du argia.

      — Pasadizo bat kontatuko dizut, Txomin. Gure aita Frantzisko Malaletxe exiliatu berri zenean, Miarritzeko Parma aireportura joan zen lan bila. Ondarroako lantegian baporeetako makinak egin eta konpontzen iaioa zenez, bururatu zitzaion moldatuko zela hegazkinen motorrak konpontzen ere. Eta han aurkeztu zuen bere burua. Lanetik itzuli zenean, Karmen jakin-minez zeukan etxean, postua eman ote zioten edo ez.

      — Bai, noski.

      — Entzun niri. Amak galdetu zion: “Nola joan da eguna?”. Eta aitak erantzun: “Ondo, emakumea”. “Zer egin duzu ba?”. “Piezak doitu”. “Eta?”. “Doitzea ezin hobeto egin dut, baina leundu gabe utzi ditut piezak”. “Zoratu egin al zara?”. “Esan diet hori erraz egingo duela laguntzaileak”. Ama haserretu egin zen: “Ez zaituzte gehiago deituko!”.

      — Eta ez zuten deitu...

      — Bai zera!, ez zegoen inguruan mekaniko hoberik.

      — Bere buruaz fio zen...

      — Nork bere buruari balioa ematen jakin behar du.

      — Zuk behintzat ezagun duzu.

 

 

26

 

Lluis Companys eta Carme Ballester zekartzan autoa Belloyko atarira iritsi zelarik, Jose Antonio Agirrek berak zabaldu zien kotxeko atea. Eskua estutu eta jauregira sartzera gonbidatu zituen. Galaz jantzita eta arku eta ezpatekin, dantzariek korridore bat egin zieten lorategira bideratzeko. Eresoinkaren ikuskizuneko zati batzuk taularatu zituzten haientzat, belardiko zuhaitz erraldoiaren azpian prestatutako antzeztokian.

      Jauregi barrura sartu ziren ondoren, jangela dotorera. Txomin Letamendik tronpetarekin jo zituen pare bat pieza. Jesus Elosegik argazkia atera zion Txomini Agur Jaunak interpretatzen, tronpeta gorantz zuela eta Agirreren figura atzean, klik.

      Jose Antonio Agirrek hitzaldia egin zuen ondoren. Lehendakaria belaunaldi berri bateko politikaria zen, euskal nazionalismoaren hasierako integrismotik eta purismotik urrun, mundu ikuskera modernoagoa zuen: Europa zalea eta, muntazkoena beharbada, gaztea. Kargu publikoetan trebatua, katolikoa bai baina gizarte sentsibilitate handikoa zen, garaiak bizi zituen aldaketen semea. Jacques Maritain eta Teilhard de Chardin pentsalarien ideien eragina zuten Agirrek eta bere adiskideek, kutsu soziala zuen katolizismo batean sinesten zuten. Mintzaldian argi utzi zuen zeintzuk ziren lehentasunak: faxismoari aurre egitea eta denentzat ongizatea lortzea. “Partekatu behar duguna ongizatea da, eta ez miseria” esanez bukatu zuen. Txaloak. Klik, klik, klik.

      Jose Antonio Agirrek jende guztiarekin egoteko ohitura zuen, hala goi mailako agintariekin nola ukuiluaz arduratzen zen laborariarekin, zahar eta gazte, denak agurtzen zituen; galdera labur batzuk egiten zizkien, bakoitzaren egoeraren berri jakin nahian. Ezagutzen zituen guztien izen-abizenak ikasten zituen, eta denak beren izenez agurtu. Bozkarioa eta mirespena sortzen zuen jarraitzaileengan.

      Batekin eta bestearekin mintzatu ostean, Txomin Letamendiren txanda heldu zenean berotasunez agurtu zuen musikaria.

      — Interpretazio ezin hobea, Letamendi komandantea. Gudari ona zinen frontean, baina askoz hobea musikaria.

      — Ahal dudana egiten dut, Lehendakari jauna.

      — Tira, Txomin, utzi beste batentzat formalismo horiek, aspalditik ezagutzen dugu elkar.

      Lehendakariak besotik oratu eta bazter batera eraman zuen tronpetaria.

      — Kontatu egidazu, zelan zaude? Esan didate anaia preso dagoela Argelesko esparruan.

      — Ez dago egokiera onean.

      — Badakit. Ahaleginak egiten ari gara hura askatzeko.

      — Eskertzen dizut.

      — Aizu, Manu Sotak esan dit arrakasta duzula Parisen, Francisco Canaroren orkestrarekin.

      — Zatoz gau batean andrearekin eta ohartuko zara zeure kabuz. Ausartuko al zinatekete tango bat dantzatzen?

      — Gerriak ez dit laguntzen, Txomin. Ezta karguak ere. Kantari berria duzuela ere aipatu didate...

      — Canaroren kantari titularra gaixotu egin zen. Nik esan nion Eresoinkan badela aingeruak bezala kantatzen duen gazte bat. Luis Mariano aurkeztu nion eta harrezkero Canarok ez du beste inor entzun nahi. Maiteminduta dago Luisen ahotsarekin.

      — Bidea egingo du mutilak, gauzak gehiegi gaiztotzen ez badira.

      — Kafetegian bolo-bolo dabil Hitlerrek gerra abiaraziko duela.

      — Ez dabiltza guztiz oker. Zaindu zaitez, artista!

      — Berdin, Lehendakari jauna.

      Agirre zertxobait aldendu zen Txominen albotik, baina belarrira azken galdera bat egitera hurbildu zitzaion.

      — Nor da ba ondotik dabilkizun planta oneko neskato hori? Ez zinen ba maiteminduko!

      — Ni erabat. Baina bera ez dakit.

      — Hitzez ez dizu aitortuko. Baina begiradak salatzen du.

 

 

27

 

Egunek aurrera egiten zuten Belloyn kezka eta asperduraren itzalpean. Txominek noizean behin bisita egiten zion Antonio Gezalari estudiora. Gustuko zuen margolariarekin egiten ari zenaz solastatzea. Gezalak bere margoak erakusten zizkion, eta bizitzaz eta arteaz jarduten zuten, honetaz eta hartaz.

      Gezalaren estudioa gauzez mukuru zegoen: amaitu gabeko mihiseak, bozetoen biribilkiak, margoak, pintzelak, trasteak. Gustuko objektuak eta oroigarriak ere bazituen hormetan. Orri erdi batean makinaz idatzitako zerrenda bat zetorren, goian data eta tokia: 1915eko ekainak 17. Chacoli Tablas.

      Letamendik eskuan hartu du papera eta hari begira geratu da.

      — Zuloagaren omenez egin genuen afari bateko zerrenda da. Bertan geunden Zuloaga bera, Iturrino margolaria, Unamuno idazlea, Quintin de la Torre eskultorea, Jose Felix Lekerika politikaria.

      — Hogeita gutxi urte zenituen...

      — Hogeita sei egin berriak, sei egun lehenago. Zuloaga eta Unamuno ezagunak ziren, baina besteok gazteak ginen orduan. Kontuak nolakoak diren... Arte Ederren Museorako iturri bat diseinatu zuen Quintinek, irudi biluzi batekin, eskuetan lira bat zuela. Eskultura hura tirokatu egin zuten faxistek. Eta beste irudi bat jarri omen dute orain, aurrekoaren berdina, baina jantzita. Bilboko alkate berria da Lekerika, erregimenekoa; garai batean lagunarte berekoak ginen eta orain bi muturrekoak.

      Bozetoen artean Artisten gaua Ibaiganen koadroa egiteko zirriborro batzuk aurkitu ditu Txominek, ur-margoz paperean pintatuak.

      — Beti galdetzen diot neure buruari, zergatik margotu gintuzun aurpegirik gabe, Antonio.

      — Ez nuelako inor ezagutzerik nahi. Benetan gertatu zen festa hura, baina niretzat garrantzitsuena koadroa bera da, koloreak, konposizioa. Ez nuen erretratu bat egin nahi. Zuek agertzea ez da berebizikoa. Benetakoan oinarritu bai baina azkenean beste errealitate bat sortzea da beti nire asmoa: jai hartatik zer geratu zen nire memorian, zein izan zen nire pertzepzioa, zer forma artistiko hartzen duen horrek guztiak... Niretzat hori da garrantzitsua, benetan gertatu zena baino nola jaso dudan nik une hura. Gertatutakoa ez, hautemandakoa baizik.

      Baina Txomin Letamendiren gogoa urrundu egin da Gezalaren solasetik.

      — Gaur azaroaren 22a da —esan dio.

      — Bai, osteguna da egun osoan. Eta zer?

      — Margotuko al zenidake aurpegia beltzez?

      Artisten gaua Ibaiganen koadroaren bozetoak ikusita, Txomini ideia bat jaio zaio taldearen aldarte eroria altxatzeko.

      “Jantzi alkandora zuriz eta zoazte Gezalaren estudiora”, besterik ez die esango txistulariei. Gezalak musuak pintatuko dizkie margo beltzarekin eta halaxe agertuko dira jantokira afalorduan. Txistulariek txistuak ez, danborrak bakarrik joko dituzte.

      — Thanksgiving eguna ospatuko dugu! Esker emate eguna. Baina ez indioilarra janez, ez; Harlemgo beltzen moduan egingo dugu, musika jotzen eta dantzan.

      Gau berezia izan zen, Txomin Letamendi eta beste musikariak aurpegia beltzez zamotuta, musika afroamerikarra jotzen. The man I love, Heebie Jeebies, Sweet Georgia Brown, Big butter and egg man eta Whispering:

 

            Whispering while you cuddle near me.

            Whispering so no one can hear me.

            Each little whisper seems to cheer me.

            Just whispering that I love you.

 

      Kantuan eta dantzan, Karmeleri belarrira abestu zion Txominek:

      Soilik xuxurlatzen maite zaitudala.

      Jaia bukatu zenean eta lagun artea desegin, Gezalaren estudiora joan zen Txomin, aurpegia garbitzera eta arropez aldatzera. Karmelek lagundu zion bertara. Pintorea ez zebilen han, lotara joana zen bere gelara. Aurpegiko margoa garbitzen hasi zen Txomin, baldar samar.

      — Ekarri hona zapia, makala! —esan zion Karmelek.

      Musikari beltzari eskutik heldu, Gezalak deskantsatzeko erabiltzen zuen xeslonga zegoen aldera eraman eta altzariaren ertzean eserarazi zuen.

      — Itxi begiak.

      Ezari-ezarian garbitu zion zapiarekin aurpegiko margoa. Eta gero alkandora zuria askatzen hasi zitzaion oharkabean, paparra laztandu zion erizainaren eskuen zehaztasunarekin, Txominen izterretan eseri zen zangalatrau. Karmele besarkatzen ahalegindu zen Txomin, baina neskak eskuekin bultzatu eta etzanarazi egin zuen leun.

      — Astiro, makala...

      Bien itzalak mugitu egiten ziren Gezalaren margo koloretsuen gainean, pintura bera osatzen elkarrekin.

 

 

28

 

Eskuan dakarren gutunari eragiten sartu da Gezalaren estudioan.

      — Antonio, ezetz asmatu nork idatzi duen?

      Margotzen ari zen koadroaren astoan pintzela utzi eta, irribarre konplizea eginez, esan dio:

      — Eta, zer dio ba gure lagun amerikarrak?

      — Zeharo harrituta dago Lekerika enbaxadore izendatu dutelako.

      — Ez du harridura bakarrik izango...

      — Haserre bizian dago. Bilboko alkate egin zutelako amorratuta bazegoen, pentsa orain Vichyko Gobernu garaian Francoren enbaxadore bihurtu denean! Karrera egiten ari da txori hau faxisten artean —Txominek Manu Sotaren karta eman dio Gezalari—. Tori, irakur ezazu zeuk.

      “New Yorken, 1939ko martxoaren 23an.

      “Txomin estimatua,

      “Zure gutuna jaso dut zorion handiarekin; izan ere, nolabait neurekin batera zaude hemen, gutun bidez izan arren. Gutun-azala begiratu eta ikusi dudanean zenbat franko balio duen zigiluak, orduan ulertu dut gutunketa luxu bat dela zu bezalako errefuxiatu batentzat.

      “Jakin-minez nago, Lekerika lotsagabea nola hartua izan ote den Frantzian. Ez da egon egunkari bakar bera esan duena aleman zale porrokatua dela eta antifrantsesa. Ezin dut ulertu Espainiarekin lotutako kontuekin Frantziak duen baldarkeria diplomatikoa. Itxura denez, oraindik ez da iritsi Europara zuhurtasun eta konbentzimendu nahikoa, pentsatzeko etsaiengandik babesteko modurik onena ez dela beraiek etxe barruan sartzea. Zuk eta biok badakigu Lekerika zer txori klase den, eta ohi duen legez bere pozoi karkaxa botako dio aldamenean hartzen duen lehenari.

      Nire aldetik, salbatzen nauen uste oso batera iritsi naiz, ez dagoela zorion handiagorik kontzientzia lasai izatea baino. Beste gerra bat balitz ere erabaki bera hartuko nuke zalantza izpirik gabe. Galdu dudan guztiak ez du ezer balio konparatuz espiritualki dudan bakearekin. Eta inoiz baino indartsuago nago bidegabekeriaren aurka eta gure herriaren independentziaren alde egiteko.

      “Lehendakariak Eresoinka indartu nahi duela jakiteak poztu egin nau. Zoragarria da hori. Mundu osoa txikotak solta nahian dabil eta berak, aldiz, karabelak banderatxoekin apaintzen dihardu. Horrek esan nahi du luzaroan biziko garela. Jose Antonio ez du desanimatzen ezta uholde nagusi biblikoak ere. Zortea da hain une zailetan bera bezalako gizon bat gidari izatea. Pozten naiz zure anaia Juan agertu delako. Bizirik egotea, hori da muntakoena, beste guztia konpon liteke.

      “Zubieta Argentinako futbol talde batera joan da jokatzera. Hamabost mila peso ordaindu dizkiote sinatzearren soilik, gainera soldata eta hobariak.

      “Agur, Txomin maitea, besarkada sendo bat”.

      Gezalak gutuna irakurtzen bukatu duenean Txomini galdetu dio:

      — Zenbat ote da hamabost mila peso?

 

 

 

29

 

Jostaketa suhar eta maitaketa ezti, haurdun geratu zen Karmele.

      Canaro orkestrarekin entsegua zuen Txomin Letamendik Ambassador hotelean eta, hori aitzakiatzat hartuta, Parisera lagundu nahi izan zuen Karmelek. Treneko bidaian pentsakor eta arduratsu nabari zuen Txominek, baina hark ez zion zergatia kontatzen.

      Canaro eta enparauekin Letamendi saioan zebilen bitartean, Karmelek Larresoroko herriko etxera hots egin zuen Ambassador hoteleko telefono kabinatik, Anita Urrestirengatik galdetuz.

      — Pare bat hilabete badira hilerokorik ez dudala.

      — Zaude lasai, etorriko zaizu.

      — Ez dut uste. Haurdun nagoela uste dut.

      — Zeozer pentsatu al duzu?

      — Ez ditut gauzak argi...

      — Ezkondu egingo zara?

      — Txomin ni baino hamabost urte zaharragoa da, duela gutxi ezagutu dugu elkar... Ez dakit batera jarraituko dugun ere.

      — Baina umea edukiko duzu, ez?

      — Argi daukadan gauza bakarra da nik neuk hartuko dudala erabakia. Erizaina naiz, Anita, eta jakingo nuke nora jo haurra eduki nahi ez banu.

      — Ez ezazu horrelakorik esan. Nahi duzu Josebarekin hitz egitea? Berak lagun zaitzake.

      — Abadea da. Hark ez du haurdunaldia eten dezadan nahiko.

      — Abadea baino lehen da zure neba.

      Karmelek zalantza egin zuen, aldi berean hiru aukera pentsatu zituen erantzun baino lehen.

      — Esaiozu ba.

      — Bai, gaur bertan. Baina zuk kontatu egiozu Txomini.

 

 

30

 

Karmelek ez zuen nahi Belloyko jauregian inork jakin zezan haurdun zegoela. Garaiko moralak ez zituen onartzen ezkondu gabe izandako haurdunaldiak eta ez zuen okerreko erabakirik hartu nahi. Bakarrik egon nahi zuen. Argudiatu zuen gaixorik zela Joseba neba apaiza, Angelura joan beharra zeukala hura zaintzera, baina isil-gordean Parisko Antony egoitzan sartu zen, ezkongabeak eta errekurtso gutxi zuten emakumeak erditzen ziren tokian. Gaur egun ere halakoxea da Antony, batez ere Afrikatik eta Hego Amerikatik datozenak hartzen dituzte han.

      Txominek ez zuen ulertzen zergatik ezkutatu behar zuen egoitzan.

      — Ez zaitez Antonyra joan, Karmele. Ezkondu egingo gara. Nik maite zaitut.

      — Denbora behar dut pentsatzeko.

      Orkestrako lanetatik libratzen zenean Txominek bisita egiten zion Antonyn. Lorategian paseatzen ziren, luze hitz egiten zuten, eta barre ere bai sarritan.

      — Kantari gisa etorri nintzen hona eta begira ze itxura dudan orain —esaten zion Txomini, sabela biribilean laztanduz.

      — Tira, tripatsuak dira kantari ezagunenak...

      Astiro eta nekoso igaro ziren ilargiak eta asteak, harik eta 1939ko uztailaren 13an Ikerne Letamendi Urresti jaio zen arte.

      Ezin izan zuten, ordea, haurra egoitzatik berehala jaso. Adopzioan uztea ere aholkatu zioten Antonyn, baina Karmelek ez zuen umea galdu nahi. Dena den, errefuxiatua eta ezkongabea zenez, paperak egin behar zituen hura berreskuratu nahi bazuen. Eta horregatik, artean eriondo, Larresorora joan behar izan zuen gurasoengana, paperak egiteko laguntza eske. Joseba anaia arduratuko zen horretaz, Angeluko bikarioa izaki eta alkatearen ezaguna.

      Ume barik, urduri dabil Karmele. Anita ahalegintzen da entretenitzen.

      — Nik zure aurretik ezagutu nuen Txomin.

      — Haren antzeko bat, esan nahiko duzu.

      — Bilbon ikusi nuen tronpeta jotzen, gerran.

      — Zu Bilbon? Baita zera ere.

      — Gudari galant bat, ile kizkurra, tronpeta batekin, murru batera igota... Eta keinu egin zidan begiarekin.

      Zuri keinu Txominek? Ixo, Anita; ez iezadazu barre eginarazi, puntuak askatuko dizkidazu-eta.

 

 

31

 

Urte asko geroago, Karmelek bere alaba Ikerneri kontatuko zion sekula ez zuela ahaztuko Txominek eta Josebak umea Paristik ekarri zuten unea.

      Anita dendatik zetorren, marmelada potoak aldean. “Ekarri digute umea!” esan zion ahizpari, umea besoetan hartuta zuela. Anitari lurrera erori zitzaizkion potoak, eta negarrez hasi ziren biak.

 

 

32

 

Larresoron ume politari begira zegoen familia osoa. Gaizkak, Karmeleren neba gazteenak, jelosiaz edo, estreinakoz Ikerne txikia ikusi orduko aipatu zuen:

      — Hau ume hau pikatuta dago, garauak ditu.

      Ez dago argi Antonyko egonaldian ardiren batek eztena sartu zion edo astanafarreria zuen. Frantzisko aitonak kontatua zien, bera haurra zenean, herrian astanafarreria zuten haurrei kantatxo bat abesten zitzaiela pikortak kentzeko. Eta atzamar buruak garau batetik bestera igaroz, Gaizka kantari hasi zen:

 

            Kirkilak bat eta kirkilak bi

            Kirkilak hamabi.

            Hamabitik hamaikara,

            Hamaikatik hamarrera,

            Hamarretik bederatzira,

            Bederatzitik zortzira,

            Zortzitik zazpira,

            Zazpitik seira,

            Seitik bostera,

            Bostetik laura,

            Lautik hirura,

            Hirutik bira,

            Bitik batera,

            Batetik bapez.

            Kirkilik bapez!

 

      Ondoren esan zuen:

      — Ez zaizkio kendu, ezta? Ba emaiozue botika!

      Larresoron bertan bataiatu zuten. Manu Sota izan zen Ikerneren aita besoetakoa. Iritsi berria zen New Yorketik. “Gurende” izena ipini nahi izan zion bataio-ontziaren aurrean. Baina Karmelek, nola ba!, ez zion utzi.

      Handik gutxira, uztailaren azkenean ezkondu ziren Belloyko jauregian Karmele Urresti eta Txomin Letamendi, San Inazio egunez, Karmeleren urtebetetze egunean berean, hogeita lau zituela. Tolesak zeuzkan soineko zuri bat jantzi zuen, artean haurdunaldiko sabeltxoa disimulatzearren. Joseba neba izan zen abadea eta Jose Antonio Agirrek egin zituen notaritza lanak, hark sinatu zituen-eta eztei agiriak. Manu Sotak ez zuen ospakizunean egoterik izan, baina Anton Iralak gutun batean idatzi zizkion xehetasun laburrok:

      “1939ko abuztuaren 3an.

      “Jauregian izan nintzen Inazio Deunaren egunean, firin-faran, Txomin jatorraren ezkontzan. Dena oso eder, ezteiek ez zuten emoziorik batere falta izan. Andregaiaren anaia batek ezkondu zituen. Txominentzat garrantzi bereziko ospakizuna zen arren, ezin izan zien muzin egin adiskideen eskariei, eta behin baino gehiagotan jo zuen tronpeta. Baina, hori bai, Gudarien ereserkia interpretatu zuenean, denon alaitasuna negar-zotin bilakatu zen. Nolabait esatearren, ez zuen ezerk huts egin”.

 

 

33

 

Manu Sota New Yorketik Miarritzera itzulia zen, 1939ko uztailaren 22an, ama gaixorik baitzeukan. Etcheferdia izeneko txalet bat zuten sotatarrek itsasargiaren ondoan. Sekulako ikuspegia dago han gainetik: alde batera Miarritze eta euskal kostaldea, beste aldera Landetako hondartza amaigabeak. Senitarteko eta errefuxiatuen topagunea zen txaleta. Eraikin nagusian bizi zen Manuren ama, baina zaindariaren etxea eta bigarren eraikin bat ere jendez beteta zeuden beti, gehienak Hegoaldetik zetozen iheslariak.

      Abuztuaren 21ean Jatsuko baserri-jatetxe batean bazkaria egin zuten Manu Sotak eta Txomin Letamendik. Zopa, babarrun zuriak, arrautza frijituak, txuletak eta ardoa, gazta eta likorea. Atarian eseri ziren lagun biak ilunabarrari begira.

      — Zer moduz ama?

      — Etcheferdian da. Puntua egiten aritzen da egun osoan. Ia ez du hitzik egiten. Uste dut ez duela gainditu gure enpresaren hondamendia. Hirurehun eta hirurogei milioiko isuna jarri digute frankistek. Erraz esaten da! Ehun milioi aitari, laurogei Ramon anaiari, hirurogei Alejandrori eta berrogei niri. Eta beste hogei ordaindu behar dute ilobek. Nondik aterako ditut nik berrogei milioi? Ez da Espainia osoan halako isunik jarri. Ondasun guztiak kenduko dizkigute milioi horien ordez. Gogotik ordainduko dugu geure herriarekiko maitasuna. Eskerrak aita hil zela ezer jakin baino lehen.

      — Manu, sarritan pentsatzen al duzu heriotzan?

      — Guk beti pentsatu izan dugu horretan. Heriotza oso presente izan dugu euskaldunok. Hildakoak ondo gogoan izan ditugu beti. Ba al dakizu zer dioen Rodney Gallop idazleak?

      — Bota.

      — Euskal arkitekturan ez dela ia apaindurarik erabili izan. Eta zer da dekoratzen dugun gauza bakarra?

      — Zuk esango didazu.

      — Ateak. Etxeetako ateek badituzte halako detaile txiki batzuk. Eta baita hilobiek ere. Hain zuzen ere, biak direlako atariak. Batek bizitzara eramaten gaitu eta besteak heriotzara.

      — Zurekin beti ikasten da zerbait.

      — Lotura handia izan dugu beti hildakoekin. Bizkaiko Foru Zaharrean argi jartzen du nola egin behar diren oinordetzak. Herentzian etxea uzten da; baina ez hori bakarrik, hilobiak ere batengandik bestearengana igarotzen dira, legez. Ikusten duzu teilatupe hori? Itaxura esaten zaio. Antzina ohitura zen teilatu azpi horretan haur jaioberriak ehorztea, bataiatu aurretik hiltzen zirenak. Hortxe egoten ziren, etxearen babesean, etxeak besotan hartuko balitu bezala.

      — Eta zuk, Manu, zer eskatzen diozu bizitzari?

      — Halako etxe txiki batean bizi nahi nuke, magal batean. Baina bakarrik ez... sukaldari on bat beharko nuke ondoan.

      — Ni sukaldari ona naiz.

      — Ez adarrik jo!

      — Ezkontza egunean irakatsi zidaten hegaluzea arranparrilan egiten. Aitaginarrebak esan zidan nola egiten duten beraiek. Begira, lehenik eta behin moztu behar duzu hiru atzamarren lodierako hegaluze xerra, gatzez ondo estali eta parrilan jarri.

      — Ondo da. Baina nola dakizu eginda dagoela?

      — Botila bat ardo izan behar duzu alboan eta edalontzi bat. Botila erdia edan duzunean, xerrari buelta eman. Eta botila bukatzen duzunean, hegaluzea eginda dago.

      — Ez da txarra. Amerikarrei egingo diet zure aitaginarrebaren erara.

 

 

34

 

1939, irailak 3. Manu Sota eta Anton Irala presaka bueltatu dira New Yorkera, hango delegazioa handitu eta indartzera. Bigarren Mundu Gerra hasi da.

      Irailaren 13tik 22ra bitartean Eresoinkaren azken emanaldiak izan dira Baionan, Miarritzen, Donibane Lohizunen.

      1940, urtarrilak 5. Txomin Letamendik Angelutik gutuna idatzi dio Julio Jauregiri Parisko euskal delegaziora. “Venezuelara alde egin behar dut Karmelerekin eta sei hilabeteko alabarekin”, Bigarren Mundu Gerraren arriskuaz ohartuta, joan egin behar dutela derrigorrez.

      Urtarrilak 26. Txomin Letamendiren gutuna Angelutik, Julio Jauregiri Parisera. “Badugu Venezuelan sartzeko baimena”.

      Urtarrilak 31. Julio Jauregiren gutuna Txomin Letamendiri Paristik Angelura. “Venezuelara ontzi bat abiatuko da otsailaren 22an”, 2.000 liberako laguntza bana daukatela Txominentzat eta Karmelerentzat. Beraz, diferentzia jarri beharra dagoela: 2.340 libera pertsonako: 4.680 denera.

      Otsailak 7. Txomin Letamendiren gutuna Julio Jauregiri. “Bidaliko dizkizut 4.680 liberak”.

      Otsailak 20. Txomin Letamendiren gutuna Julio Jauregiri, Baionako Bar Le Perroquet-eko orri batean idatzia. Bidaiak huts egin duela-eta, oso kezkatuta dago Txomin.

      Martxoak 1. Txomin Letamendik eta Pako Zamakonak Miarritzetik gutuna Parisera. “Prest gaude martxoaren 15eko ontziratzerako. Marseillatik abiatu eta Panamara, lagun hauek joango gara: Karmele Urresti, Josebe Urzelai, Julene Urzelai, Paz Zamakona, Pako Zamakona eta Txomin Letamendi”. Eta jarraitzen du esaten, orain arte 26.280 libera bidali dizkiotela denera Julio Jauregiri. Beraz, ateratzeko bidaia txartelak eta, faborez, bidaltzeko ahalik eta lasterren.

      Martxoak 13. Txomin Letamendirentzat Paristik gutuna. “Martxoaren 20an Venezuelara joatekoa zen ontziak atzerapena du. Martxoaren 30ean izango da irteera”. Hortaz, bi egun lehenago Marseillara joan beharra daukate, bisa kontuak egiteko.

      Martxoak 30. Julio Jauregiren gutuna Txomin Letamendiri. Ontzia berriro atzeratu dela eta apirilaren 10ean abiatuko dela.

      Apirilak 11. Txomin Letamendiren eta Pako Zamakonaren gutuna Julio Jauregiri, Marseillatik Parisera. “Bagoaz Venezuelara. Eskerrik asko egin dituzun gestio guztiengatik”.

      Maiatzak 2. Ville d’Amiens itsasontzian ateratako argazkiak. Batean, Ikerne txikia eta aitatxo Txomin kubiertan etzanda, jolasean. Bestean, euskal errefuxiatu taldea keinu kezkatiekin.

      Maiatzak 10. Alemania sartu da Holandan, Belgikan eta Frantzian.

      Maiatzak 12. Caracasera iritsi dira Txomin, Karmele eta Ikerne. Argazkia itsasontzitik jaisten: Txomin, tronpeta eskuineko eskuan; atzean Karmele, besoetan Ikerne daramala.

      Ekainak 14. Paris hartu dute naziek.