Elkarrekin esnatzeko ordua
Elkarrekin esnatzeko ordua
2016, nobela
344 orrialde
978-84-92468-92-8
Azaleko irudia: Antonio Gezala, Ate birakaria 1927 (zatia)
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2012, nobela
2001, poesia
 

 

 

Istorioa banekien. Egiarik ez, ordea.

Carlos Fuentes

 

 

 

Karmele Urrestiren lehen oroitzapena

 

 

1

 

Kontakizun zenbait idazlearen gogoan bizi litezke urte askoan, paperera ekarri baino lehen; gehienak oroimenaren ilunpeetan galtzen dira, sekula hezurmamitu gabe, baina gutxi batzuek eutsi egiten diote denboraren joanari. Horietako bat da orain datorren hau.

      Urresti familiari buruzkoak entzunak nituen etxean. Zer esanik ez, Ikerne Letamendi Urrestirenak, gure amaren adinekoa baita; txikitatik izan dira lagunak eta Ikerne oporraldian Ondarroara etortzen zenetan elkarrekin irteten ziren kalera. Amak kontatzen zidan, liburuak erosteko etxean dirurik ez zegoenez, Ikerneren aitona-amonen bizilekura joaten zela liburuak irakurtzera, Antsosolora. Gure ama ordua baino lehen agertzen zen, eta halatan, Ikerneren aitona-amonek liburutegian zain egoteko eskatzen zioten, bilobak bazkaltzen amaitu artean. Gure amak ordu erditxo hura baliatzen zuen irakur zaletasuna asetzeko.

      Behinola, unibertsitate ikasketak egiten ari nintzela, gure etxera bisitan etorri zen Ikerne, bere ama Karmele Urrestirekin batera. Urteetan sartuta egon arren, emakume dotorea eta buru argia begitandu zitzaidan Karmele. Bere bizitzako kontuez aritu zitzaidan, alabak hala eskatuta, bazekien-eta ni literaturzalea izanik istorioak maite nituela; baina aitor dut, iraganari baino etorkizunari arreta gehiago jartzen zaion adin horretan, Karmele Urrestik aipatutako data eta izen amaigabeen artean zorabiatu egin nintzela. Eta orain damu dut emakume heldu hark sasoian zegoenean esandakoak zentzunez idatzi ez izana, eta galdekizun uztea burura jaiotzen zaizkidan itaun guztiak.

      Nolanahi dela, Karmelerekin izandako hitzordu hura ez zait sekula atzendu; alderantziz, urteen poderioz hazten joan da neure barnean, ohartu bainaiz hark bizitakoak, orduan gertatu zenak, testuinguru hark, neurri batean, neure bizitzako istorioa osatzen laguntzen didala, ulertzen nor naizen eta zergatik. Ez gara izaki isolatuak, gure garaiaren eta kulturaren eta hezkuntzaren oinordekoak baizik. Orobat, iraganarenak.

      Beste kontu bat ere bada liburu hau idaztera adoretu ninduena. Nire emazteak 80ko hamarraldiko argazki bat erakutsi zidan: nesken futbol talde bateko kideak ziren hondartzan, bederatzi-hamar urterekin, irribarretsu, txikitan hondartzan jolasten baikinen futbolean, marea behera zenean; eta tartean zegoen bera ere, hantxe, baloia eskuan. Nesken futbol taldearen atzean kaiko muturraren harrizko horma ikusten zen, itzelezkoa, pintadez betea. Neure buruari galdetu nion, umeok nola izaten ahal ginen zoriontsuak halako tentsio politikoa zegoen herrialde batean.

      Duda-muda eta atzera-aurreren ostean, 2010ean ekin nion azkenik Karmele Urresti eta bere belaunaldia ardatz izango zituen eleberriaren lanketari; ondo gogoan dut, Bostondik Providencerako tren bidaia batean hartu nuela erabakia, akaso norbera kanpoan dagoenean ikusten direlako gauzak argien. Eta egia da, bien bitartean beste nobela bat idatzi eta argitaratu dudan arren, ordutik hona ibili naizela Karmeleren bizitzaz eta garaiaz ikerketak egiten.

      Thomas Mannek zioen, benetako gertaera bat idazteko premiazkoa dela hura jazo zenetik urte batzuk igarota izatea; edo, bestela, garai historiko berri batean sartuta egon behar duela gizarteak. Nahiz eta, agian, ez bata ez bestea suertatu ez diren, luze gabe helduko diot kontakizunari.

      Familia baten bizitza da hau, herri oso batena ere izan litekeena.

 

 

2

 

1953ko martxoa edo apirila izango zen, Karmele Urresti azkeneko aldiz joan zela Mesedeetako Misiolarien Berrizko ikastetxera. Berantiar zetorren udalehena, ohikoa denez gurean, eta ia berrogei egunez euria egin ostean ateri argitu zuen egunak. Eguzkiaren berotasun erkinak goizeko lainoa saretu zuelarik larreen berdetasun dirdaitsua gailendu zen bazterretan.

      Oinez egin zuen Karmele Urrestik tren geltokitik komenturako bidea, eta errepidean gora zihoala Oiz mendiaren azpian zabaltzen zen paisaia malkartsua ederra iruditu zitzaion une batez. Muino bizkarretan gandu multzoak desegiten ari ziren pixkanaka, sabel biluzia estaltzen duen izara muturraren fintasun berarekin. Bere burua engainatu nahian pentsatu zuen, beharbada ez zela tokirik okerrena alabarentzat.

      Alaba, Ikerne Letamendi, mendi buelta egitera joana zen gainontzeko ikaskideekin. Gaztetxoak irrikaz zeuden egurats zabalera ateratzeko, negu luzean eskola barrualdean jolastu behar izan zuten-eta. Goizean, erreka gaineko zubitxoa zeharkatu ondoren, aldapan gora arrapaladan egin zuten neskatoek, haien zaintzaz arduratzen zen lekaimeari aurrea harturik.

      Bigarren lekaime baten irudi zuri-beltzak gora egin zuen bidezidorrean. “Visitacion!”, hots egiten zuen. Ikernek bazekien berari deika ari zitzaiola, baina ez zion jaramonik egin, olgetan jarraitu zuen ezer entzun izan ez balu bezala. “Nire izena ez da Visitacion, Ikerne baino”, murmurikatu zuen haserre, “Ikerne, euskaraz”.

      Lekaimeak sorbaldatik heldu eta esan zion: “Visitacion, ama etorri da zu ikustera”. Hitzok entzun orduko, neskak korrika jaitsi zuen muinoa, ahal zuen bezain laster. Zabuka, betaurrekoak ere erori zitzaizkion zelaira. Eta lurrean, kristalen artetik belar lipitsek arto hostoak ziruditen.

      Gabonetako oporretatik amarekin egon gabe! Hura ikusteko zirrara biziak galarazi zion bere buruari galdetzea zergatik joango ote zitzaion ikastetxera bisitan astegun buruzurian, ez ote zuen gertakari txarren batek bertara eraman. Ikerne jakinminez zegoen. Jantziak aldatu eta bisita gelara joan zen jauzi batean. Ez zuen lipar bat bera ere galdu nahi. Hantxe zegoen ama, dotore, goitik behera beltzez. Soinean zeraman jantziak areagotu egiten zuen haren begien iluna.

      Karmelek aitona-amonen berri eman zion lehenik neskatoari, eta hain maite zuen izeba Anitarena. Ostean, bekokian aske zuen ile xerlo horia bere lekuan jarri eta esan zion:

      — Ikerne, denboratxo batean ez dugu elkar ikusiko.

      — Aste Santuko oporrak arte, badakit.

      — Ez, gehiago. Hemen ez dut lanik aurkitzen eta Venezuelara noa.

      — Venezuelara goaz? —esan zuen pozarren Ikernek—. Ze ondo!

      Umea zela Venezuelan egona zen Ikerne; hiru urte besterik ez zituen handik itzuli zirenean eta, hala eta guztiz, Hego Amerikako herrialdeko oroitzapen bizi-biziak zituen: beroa, animalia eta landare bitxiak, aitarekin jolasten hondartzan. Txakur bat ere bazuten Caracasko etxean, Txino deitzen zena. Behin, Txinok hozka egin zion Txomin neba txikiari eta...

      Neskatilaren gomuta goxoetan ausiki baten eragina izan zuen amaren ahotsaren tonu serioak.

      — Ez, Ikerne, ez didazu ulertu. Ni bakarrik noa. Zuek hemen geratuko zarete momentuz. Baina berehalaxe elkartuko gara familia osoa; zure neba Txomin eta Patxi, zu eta laurok. Bitartean, gutunak idatziko dizkiogu elkarri. Hemen utzi dizkizut lapitza, gutun-azalak eta zigiluak.

      Ikerne ernegatuta altxatu zen aulkitik.

      — Lehenengo aita joan zen! Eta orain zu! Gorroto zaituztet!

      Gogor egin zion amak:

      — Txomin zintzo portatu da, zu baino txikiagoa izanda.

      Negar zotinka hasi zen neskatoa.

      — Utzidazu behintzat Santurtziko portura zu agurtzera joaten.

      — Ezin da, Ikerne.

      Amak malkoak lehortu zizkion harizko zapiarekin, eta poltsikoan sartu zion. Zapi haren lurrina usainduz hartuko zuen loak neskatilak gau hartan.

      Karmele Urrestik Marqués de Comillas itsasontzia hartu zuen Venezuelara bidean. Bakarrik joan zen, seme-alaba nagusi biak barne-ikastetxeetan utzirik eta txikiena Ondarroan aitona-amonekin. Goiz alban, transatlantikoaren turrunak agurra jotzeaz batera Mesedeetako Misiolarien Berrizko komentuko ezkilek mezara deitu zuten. Jaunartzera sartu ziren ikasleak ilaran.

      Ikerne azkena iritsi zen kaperara. Kapilaua sor eta lor geratu zen hura ikusi zuenean. Neskatoak betaurrekoen kristaletan bi zigilu itsatsita zituen, Franco diktadorearen bi aurpegi, arkatzez zirriborratuak eta buruz behera jarriak.

      — Baina, Visitacion, ze atrebentzia da hori! Errespetua zor zaio buruzagi gorenari!

      Komentuko Ama Nagusiak zakar heldu zion besotik.

      — Ume madarikatua. Gogotik ordainduko duzu.