Elkarrekin esnatzeko ordua
Elkarrekin esnatzeko ordua
2016, nobela
344 orrialde
978-84-92468-92-8
Azaleko irudia: Antonio Gezala, Ate birakaria 1927 (zatia)
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2021, nobela
2019, poesia
2012, nobela
2001, poesia
 

 

Gaitzizenez, Dario Landa

 

 

70

 

Giro gaiztoa zegoen Txomin Letamendi Bilbora iritsi zenean. Egoera negargarria. Luis Alaba fusilatu egin zuten Madrilen 1943ko maiatzaren 6an, Euskal Inteligentziako gizon garrantzitsuenetako bat.

      Baina Letamendik bazekien borroka antifrankistak, nahiz eta kolpe handiak jasan, sekulako ahalmena zuela behin eta berriz lurretik altxatzeko. Taldeak berrantolatzen hasita zeuden Bilbon, Donostian, Madrilen eta Bartzelonan, kartzelatik irtendako gudariekin eta bolondres berriekin.

      Flavio Ajuriagerra, esate baterako, zerbitzu britainiarrekin lanean ari zen 1941etik Bilbon. Athletic futbol taldearen sortzaileetakoa eta jokalaria izandako William Dyerren seme Patrick Dyer ezagutu zuen Flaviok, eta Bigarren Mundu Gerra garaian portura sartzen ziren Ardatzeko itsasontzien jarraipena egiten jardun zuten, Comète sarearekin loturak egin zituzten, hirian zebiltzan agente naziak bilatzeaz arduratu ziren: Karl Albrecht, Eugen Armbruster, Heinz Arp, Joseph Boogen Sanders, Eduard Bunge, Friedhelm Burbach, Erich Claussen, Georg Demmel, Urbano Eggenberger, Eugen Erhardt, Wilhelm Eickhoff, Friedrich Endriss, Karl Fraulob, Rudolf Hailer, Peter Hardt, Karl Wilhelm Heim, Bruno Heuberger, Otto Hinrischen, Martin Hoffmann, Alfred Hoppe, Luis Kiefer, Richard Kliemann, Ernst Klingenberg, Paul Klinkert, Emil Lang, Rudolf Lehmann, Siegfried Lehmann, Franz Lipperheide, Friedrich Lipperheide, Josef Lipperheide, Christian Messner, Alfred Muller-Bergh, Karl Pasch, Wilhelm Pasch, Walter Paul, Wilhelm Peluger, Friedrich Platte, Wilhelm Plohr, Edmund Reineke, Wilhelm Roden, Ernst Schad, Emil Schaeidt, Rudolf Schmitz, Arno Schuller, Josef Schutz, Bruno Sketta, Wilhelm Spretter, Otto Tarnow, Gunter Tenbergen, Karl Thiec, Hans Ernst Woisin, Walter Zschiesche.

      Egun batean, hara non esan dion Patrick Dyerrek Flavio Ajuriagerrari, agiri berezi batzuk eraman behar direla Bilboko Kontsuletxetik Madrilgo enbaxada britainiarrera berehala.

      — Noizko egon behar dute ba Madrilen?

      — Biharko. Garraiolari seguru bat behar dugu.

      — Eta biharko ezin bada?

      — Etzirako.

      Flavio, orduan, Otxandioko lagun batengana joan da. Gaztea da, arina da, bizkorra da.

      — Bizikleta prest al daukak?

      — Bai.

      — Madrilera joaten ba al dakik?

      — Bideari jarraitzea nahikoa da.

      — Hau eraman behar duk.

      Dalmacio Langarika txirrindulari ezaguna bilakatuko zen urte batzuk geroago: bi bider irabaziko zuen Espainiako Txapelketa eta behin Espainiako Vuelta.

 

 

71

 

Flavio Ajuriagerra izan bazen Bilboko arduraduna, Madrilgo taldearen buru Joseba Rezola ordiziarra zen, gerra garaian Defentsako idazkari nagusia izandakoa. Santoñako El Dueson eta beste zenbait espetxetan preso egon ondoren 1943an askatu zuten, baina herrian bizitzeko debekua ezarri ziotenez, Madrilera joana zen lanera Elizaran eraikuntza enpresara.

      Talde anitza zen hangoa, Junta de Resistencia zeritzon erakundea sortu baitzuten diktaduraren aurka zeuden alderdiek eta elkarlanean jarduten zuten; noiz edo noiz Chicote taberna ondoan zegoen putetxe batean biltzen ziren bilerak egiteko. Euskal abertzaleez gain, sozialistak, errepublikar ezkertiarrak, anarkistak, katalanak eta galiziarrak.

      Joseba Rezolaren agindupean ziren, besteak beste, Koldo Mitxelena, Sabin Barrena, Bernabe Orbegozo edo Pello Mari Irujo. Kontaktu onak zituzten Pardoko Jauregian eta informazioa ateratzen zuten handik, monarkikoen artean infiltraturik. Finantzaren egoeraz jakiteko, Banco de Vizcayako zuzendari Bordegarairekin elkarrizketatzen ziren; ez ziren alferrik Espainiako bankurik handienen artean Bilbokoak.

      Txomin Letamendiren egitekoetako bat, agidanean, talde desberdin hauen arteko lotura indartzea eta bermatzea zen, koordinazio azkar eta ziurragoa lortzea penintsulan barrena zeuden taldeen artean.

      Ariztimuño batailoian Txomin Letamendirekin batera gerran ibilitako Sabin Barrenaren bitartez segituan jakin du, Joseba Rezola harrapatu egin dutela Madrilen, 1944ko abuztuan. Eta hala ere, bi asteren buruan libre utzi dute, frogarik ez dutelakoan. Oso kontuz ibili beharko!, aske uzteko modu hau poliziaren ohiko amarrua da, susmagarriari jarraipena eginez ahalik eta kide gehien harrapatzeko. Eta noski, tentuz ibili dira aurrerantzean. Baina bederatzi hilabete geroago, 1945eko maiatzean, Reina Victoria hiribidean, berriz atxilotu dute Joseba Rezola; Carabanchelen eduki dute egun batzuez, eta ekainaren 2an Irunera daramate trenez, gogor interrogatu dezaten han.

      Trena badator Donostiarantz, larunbata da. Hernaniko geltokian mozkor bat sartu da. Balantzaka zeharkatu du bagoia, tupust egin du batekin eta bestearekin. Joseba Rezolak ezagutu egin du adiskidea: Ander Arzelus Luzear kazetari eta idazlea da. Donostiako Norteko estaziora iritsi baino lehen Arzelus bertsotan hasi da, bazterrak nazkatzen diharduen kantari hordi bat da, eta Rezolari adierazten ari zaio trena geratu baino lehen bagoitik salto egin behar dutela, biek batera, Erresistentziako kideak zain dauzkatela kanpoan, haiek eramango dituztela toki ezkutura.

      Oso bizkor gertatu zen ihesa, ez dakit tirorik ere egin ote zuten guardia zibilek. Barriola sendiaren etxean gordeta egon zen Joseba Rezola, harik eta abuztuko bigarren asteazkenean automobil frantses ofizial bateko maletategian muga igaro zuen arte, Ziburura.

      Hiru hilabete ziren Bigarren Mundu Gerra amaitua zela Europan. Franco eraisteko ahaleginak indartzen segitu beharko zuten, mobilizazioak eta diplomazia moduak azkartzen.

 

 

72

 

Nazioarteko politikagintzan gero eta handiagoa zen Jose Antonio Agirreren itzala. Bere irudia estatu gizon batena zen, gizon lasai eta zuhurrarena. Pentsatu zen bera izan zitekeela Francoren aurka zeuden alderdien artean zubi egin zezakeen gizona —bitartekari lana ere egina zuen elkarri muturka ari ziren lider errepublikazaleen aurrean, esan nahi baita Prietoren eta Azañaren artean—, eta amerikarrek bere izena ere hartu zuten gogoan balizko Espainiako presidente izateko. Agirreren profila aldatuz zihoan New Yorken egin zituen adiskidantza berrien eraginez. Moderatu egin zen eta, Euskal Herriaren erabakitze eskubideari sekula uko egin ez zion arren, independentziaren hautua baztertzen hasi zen, Federazio Iberiko baten mesedetan. Jarrera horrek ezinegona sortzen zuen bere kideen artean; adibidez, Manuel Irujo Espainiako ministro izandako nazionalistarengan, zeinak Londrestik egiten zuen lan eta agintari britainiarrei euskal independentziaren aldeko engaiamendua lortu zien. Hala ere, Agirreren lidergoa ez zen sekula zalantzan jarri.

      1944ko abenduaren 10ean Lehendakariak hitzaldia eman behar du Nobel saridunen aurrean Waldorf Astoria hotelean. Ehunka gonbidatu daude; Thomas Mann idazlea ere parez pare izango du, bera entzuten.

      Manu Sotarekin batera prestaturako hitzaldia errepasatzen ari dira biak Delegazioan. Paper batzuk ahoz goran irakurtzen dihardu Agirrek:

      “Gaurkoa dela-eta, gomutatzen ditut bata bestearen atzetik antzinako usteak. Amerikaren konkistari buruzkoak dira, baina, badiot nik, balio unibertsala dute. Ari natzaizue Francisco de Vitoria aitari buruz, Nazioarteko Zuzenbidea asmatu zuen berari buruz, hain zuzen. Amerikako herri eta gizakien aurka zegoen oldar inperialistari aurre eginik, Imperator non est dominus mundi betoa plazaratu zuen Franciscok, esan nahi baita, Enperadorea ez da munduaren jabea, inperioaren dominioa ezin zitzaiela bertakoei ezinbestean inposatu, beren borondatearen aurka. Eta gaur egungo despota totalitarioen aitzindari haiek erantzuten zutenean “indiarrak fedegabeak zirela eta horregatik menderatuak izan behar zutela”, Vitoria aitak Carlos V.a enperadorearen aurrean protesta egin zuen eta eskubide hori ez zela existitzen aldarri egin. Indiarrak defendatu eta esan zuen: Quia credere est voluntatis, alegia, ezen sinestea borondatezkoa baita”.

      Lehendakaria urduri dabil, gelako alde batetik bestera, paperak eskuan dituela.

      — Manu... bukaera honi ez diot indar handirik ikusten. Latinezko esalditzar hau... Ez ote da jasoegia?

      — Nobel saridunen aurrean egongo zara.

      — Ez dakit, Manu, agian egokiagoa izango da zerbait apalagoa.

      — Ez dago zu asetzerik! Baina, tira, badut beste ideia bat.

      Manuk paper batean eskuz idatzi du esaldi bat eta Lehendakariari irakurri dio:

      — Askatasunaren ideia bera hain da indartsua, ezen bera bakarrik baita gauza gaur egungo sistema despotikoak desagerrarazteko. Ezen despotismoa ezin baita beste despotismo batekin borroka, askatasunarekin baizik, herriak beti bideratuz egitasmo baikorrekin.

      — Ez dago gaizki. Baina horrela hobeto geratzen da: Ezen despotismoa ezin baita beste despotismo batekin borroka, askatasunarekin baizik, herriak beti bideratuz egitasmo baikorrekin eta albo batera utzita edozein ekintza ezkor.

      Pozik, elkarri eskua eman diote Manuk eta Lehendakariak.

      Hitzaldia arrakastatsua izan zen. Baina bien bitartean, beste aldean ere hariak mugitzen ari ziren. Franco diktadorea, Ardatzak gerra galdu egingo zuela ikusita, Aliatuen aldera hurbiltzen hasi zen. Horretan jardun zuten Jose Antonio Agirreren aspaldiko ezagun bik: Carlton Hayes enbaxadoreak eta Jose Felix Lekerika ministroak. Gutxienez hamar izan ziren Lekerikaren eta Hayesen arteko bilerak 1944an: abuztuaren 26an, abuztuaren 30ean, irailaren 11n, irailaren 22an, irailaren 28an, urriaren 9an, azaroaren 2an, azaroaren 13an, abenduaren 2an eta abenduaren 14an.

      Garai bertsuan, Amerikako Estatu Batuetako presidente Rooseveltek honela idatzi zion Hayes enbaxadoreari: “Arrakasta handiz atera duzu aurrera erabat zaila zen misioa eta, horrela, gerraren norabideari garrantzirik handiena duen ekarpena egin diozu”.

 

 

73

 

Caracastik itsasontziz zetozela, Sangroniz enbaxadoreak Letamendiri ohartarazi izan zion Carlton Hayes amerikarra eta Francoren Gobernua negoziazioetan hasiak zirela, baina Bartzelonara iritsi zenean zorroan zituen aginduek beste zerbait esaten zuten. Bill Donovan OSSko koronelaren agindu zuzenak zituen Letamendik: Euskal Zerbitzuek ahalik eta informazio gehien atera behar zuten Francoren erregimenari buruz, amerikarrek zehatz-mehatz jakin nahi zuten-eta zer egoeratan zegoen Espainia. Batez ere, informazio militarra eta finantzakoa jasotzea eskatzen zieten. Helburua: aliatuen balizko inbasio bat prestatzea.

      Txomin Letamendik, Dario Landa gaitzizenez, bizitza bikoitza baina aldi berean lasaia zeraman Bilbon. Particular de Indautxu kalean bizi zen Karmelerekin eta bi umeekin. Ikernek Colegio del Pilarren ikasten zuen eta Txomin semeak Jesuiten eskolan; honek aste osoa eskola inguruan igarotzen zuen, asteburuetan zinema izaten baitzen eta lagunekin futbola. Txomin aita-semeak Athleticen entrenamenduak ikustera joaten ziren San Mamesera noizean behin. Aitari futbola gustatzen zitzaion. Zubieta adiskidea Argentinan zen, hango futbol ligan izar bat zen; baina nolakoak diren gauzak, erbesteratu zen futbolarien belaunaldi hura ona bazen, entrenatzen ikustera joan ziren hori, gerraostean sortutakoa, are hobea izango zen laster; beharbada, Bilboko taldeak emango zuen onena.

      Letamendik aldamenean izaten zuen beti tronpeta; eta baita argazki kamera bat ere. Kaxoi batean sobreak eta txartelak edukitzen zituen: “Domingo Letamendi - Representaciones” leloarekin, itxura egiteko, nonbait ogibide bat izan bazuela adieraztearren. Bere eta Erresistentziako gainontzeko kideen laneko biltokia Bailen etxe orratzeko bulego bat zen, eta hantxe gertu zeuden Falangeren bulegoak ere. Letamendi Espainian barrena ibiltzen zenez, hara eta hona, espioitza lanak egiten edo mezulari gisa, askotan ez zuten ikusten etxean Karmelek eta umeek. Kobratzeko Verdes liburu-dendara joan behar zuten eta han diru zorro bat ematen zieten hilabetea pasatzeko. OSS erakundeak Agirreren organizazioari ematen zion dirua zen.

      Behin batean, amak ezin zuela-eta, Ikerne alabari agindu zion joan zedin diruaren bila Verdesera. Ikernek, toki hura liburu-denda dela ikusirik, ez du zalantzarik izan bere buruari opari bat egiteko. Apalategian dagoen ale bat seinalatu dio Tere Verdesi.

      — Liburu hori nahi dut, Mujercitas.

      Tere Verdes kartzelatik irten berria da, Luis Alabaren espioitza sarean parte hartu izanagatik kondenatua izan ondoren. Eta Mujercitas entzundakoan gogora etorri zaizkio borrokako bere adiskideak: Felicitas Ariztia, Bitori Etxeberria, Delia Lauroba, Itziar Mujika.

      Ikerne etxera iritsi denean, amak esan dio:

      — Hemen dirua falta da.

      — Liburu bat erosi dut, ama.

      — Hara!, ondo egin duzu, laztana.

 

 

74

 

Letamendik etengabe erabiltzen zuen argazki kamera. Erretratu guztiak ez ziren baina, helburu militar edo estrategikoei ateratako bat-batekoak. Bere bildumako argazkien artean bada bat, 1945eko udan Ondarroako hondartzan egindakoa. Txomin aita, Ikerne, Txomin semea, eta beste neskato bat —Mirentxu izeneko lehengusina— eta Jai izeneko fox terrier bat. Argazkia ez zuen Txominek atera, Karmelek baino; horregatik falta da ama erretratuan.

      Ikernek lagunak egin zituen herrian, horien artean gure ama. Caracasen etxeko hizkuntza gaztelania izan zuten, izan ere Txomin aitak ez zekien euskaraz, eta euskara erabiltzen Ondarroan hasi zen, aitona-amonekin eta ezagutu zituen lagun berriekin. “Zure amak gaztelaniaz ez zekienez”, kontatu zidan Ikernek, “bada berarekin ikasi nuen euskara”.

      Aita ez zenez beraiekin askotan egoten, hondartzako argazkian pozik ageri dira Ikerne eta Txomin seme-alabak. Herriko lagunek erakutsi zieten umeei nola harrapatu haitzetan karramarroak, makilatxo batekin eta animaliatxoari buelta emanda, ziztadarik ez egiteko.

      Diktaduraren sasoi hartan, gizonek eta emakumeek banaturik egon behar zuten hondartzan; hareatza bitan zatitzen zuen oihal luze bat jartzen zuten erdian. Karmele bere onetik ateratzen zuen kontu hark. Bere buruari esana zion, ordura arte erabat libre ibili zirela Caracasko hondarretan eta gauza bera egingo zutela herrian.

      Arrigorriko hondartzatik Saturrarango haitzak ikusten dira aurrez aurre. Karmele senarrari eta umeei kontatzen hasi da haitz haien istorioa.

      — Elkarrekin dauden bi haitz haiek maitaleak ziren garai batean, Satur eta Arantza izenekoak.

      — Zer da maitaleak?—galdetu du Ikernek.

      — Elkar maite duten bi pertsona. Baina Satur eta Arantzaren arteko maitasuna ezinezkoa zen; eta elkarrekin egotea lortzen ez zutenez, harrizkoak bihurtu ziren.

      Aguazil batek eten zuen familiaren arteko solasa.

      — Emakumezkoak zarete. Ezin duzue hemen egon senar-emazteak elkarrekin.

      — Baina karramarroak harrapatzeko leku aproposa hau da, beste aldean ez dago haitzik.

      — Berdin zait. Emakumeak alde batera eta gizonezkoak bestera. Eta akabo.

      Zirkinik egin gabe, guardiak 500 pezetako isuna jarri zien. Karmele ezin sinetsirik zegoen. Eta guardia joan zenean, Ikernek amari galdetu zion:

      — Satur eta Arantza bezala, gu ere haitz bihurtuko al gara?

      — Ez, laztana, zu lasai. Harrizko bihotza dutenak beste batzuk dira.

      — Beharbada maitaleei ere multa jarriko zieten...

 

 

75

 

Ikerne eta Txomin neba-arrebek ez zekiten zehatz-mehatz aitaren bizibidea zein zen, nahiz eta, beraien bostean, usteko zuten garrantzi handiko lana izango zela, ez baitzuten etxean aita ikusten otorduetan, eta lotara ere, etortzen bazen, oso berant agertzen baitzen. Behin eta berriz galdetzen ziotenez, eta gehiago eutsi ezinik, Karmelek behin batean Arenaleko zubira eraman zituen umeak eta eskuarekin Bailengo eraikina seinalatuz esan zien: “Begira, hortxe lan egiten du aitatxok”. Eta etxe orratza ikustean, haurrek irudikatu zuten, aita buruzagia zela eta gorengo solairuan egiten zuela lana eta beheko pisuetan zeudela bere mendekoak eta, horregatik, hainbeste jenderi lana ematen ziolako eta ardura handia zelako berea, bada, hori zela etxean hain gutxi azaltzeko arrazoia, benetan bestelakoa izan arren errealitatea, bulego hura alegiazkoa baitzen benetan.

      Halatan, aita etxean zegoen aldietan, ahalik eta luzeen egoten ziren elkarrekin, egun-pasa egiten zuten Bilbo inguratzen duten mendietan zeuden garagardotegietan, edo ikuskizunetara joaten ziren, edo Casilda parkera ahateei ogi apurrak botatzera. Haietako egun batean, Joe Garson ikusten izan ziren, munduko gizon indartsuena, zeina gauza baitzen ukabil gogorraz hormarik sendoena ere zulatzeko.

      Arratsean, Txomin txikia oheratutakoan, argia amatatu aurretik aitari galdetu dio:

      — Nor da indartsuagoa, Joe Garson ala zu?

      — Ama, zalantzarik gabe ama da indartsuena.

      — Bai zera! —zapuztu da semea.

      — Niri beti irabazten dit eskaileratan gora dendako poltsak igotzen!

      — Egia da hori?

      — Bai, noski. Eta orain egizu lo.

      Gau batzuetan, bikoteak bakarrik atera nahi izaten zuen kalera; eta umeek jakiten zutenean gurasoak zinera zihoazela beraiek koterondarrekin utzita, matxinatu egiten ziren.

      — Guk ere pelikula ikustera joan nahi dugu!

      — Konforme —esaten zuen amatxok—, barre egiteko pelikula labur bat ikusiko dugu.

      Eta orduan gurasoak eta umeak maindire azpian sartu eta Karmele kili-kiliak egiten hasten zitzaien, txikiei aurrena eta, gero, denek batera aitatxori, borroka alai batean amaitu arte.

      Indautxun jende berriarekin topo egin zuten umeek. Eta begitantzen zitzaien, auzoan bizi ziren pertsona haiek elezaharretakoak zirela. Adibidez, kale berean bizi zen “Bala Gorria”, futbolaria izandakoa, ezker hegaletik baloiarekin korrika egiten inoizko bizkorrena; eta Txomin txikiak eskua ematen zion ikusten zuten bakoitzean. Etxepeko atezainak, Anparok, hain hitz gutxikoa zenak, behinola kontatu zien bere senarrari obus batek burua moztu ziola gerran; eta Ikernek gau hartan ametsetan ikusi zuen gizona.

      Karmelek, Bilbora bildu zenean, ezin izan zuen erizain gisa lan egin, ezinezkoa baitzen frankismoaren aldirik ilunenean eta, hori zela-eta, Txominek zerbitzu klandestinoetan lan egiteagatik kobratzen zuen diruarekin bizi behar zuten, Estatu Batuetatik zetorren diru horrekin, hain zuzen. Eta, Karmele erresistentziako kide aktiboa ez bazen ere, izan bazuen berak ere gaitzizen bat: “Katalina”; baina ez dut sekula jakin, gaitzizen horrekin ezkutuko ekintzetan ibili zen edo ez, gauza zaila bestalde bere egoera kontuan izanda, ezen Venezuelatik Bilbora iritsi berri, 1943ko Gabonetan, haurdun geratu baitzen.

      Urtezaharra Txominen anaia batek Artxandan zeukan txaletean igaro zuten, bozkarioz, zoriona debekatua zegoen hiriaren urdailetik urrun.

 

 

76

 

Parisera itzuli zen Jose Antonio Agirre 1946ko otsailaren 9an, Estatu Batuetako Armadak jarritako hegazkin batean.

      Nazio Batuen Erakundearen sorreran parte hartu zuen San Frantziskon. Mundu osoko ordezkariak joan ziren Muir Woods izeneko basora. Sekuoia erraldoiak ikusi zituzten, garaiena 79 metrokoa eta zaharrena 1.200 urtekoa. Zuhaitzetako asko erreta zeuden. Batzuk biribilean hasten zirela konturatu zen, erdialdean hutsunea utzita. Erretako zuhaitz zaharraren adaxkek osatzen zuten biribil hura.

      Franco isolatzea erabaki zuen Nazio Batuen Erakundeak, eta kondenatzea haren erregimena.

      Eta Francok Washingtonera bidali zuen Jose Felix Lekerika, enbaxadore legez isolamendua hausteko misioa emanda.

      Urte nahasia izango zen 1946koa. Mundu Gerra bukatu berri eta Franco isolaturik, Erresistentzia ahalegindu zen erregimenaren erorketa bultzatzen. Agirreren gizon nagusiak hiru buruzagirekin koordinatuta zeuden: Europan Pepe Mitxelena, Latinoamerikan Jose Mari Lasarte eta klandestinitatean Juan Ajuriagerra.

      Grebak eta protestaldiak areagotu ziren han-hemenka, diktadura ahuldu asmoz. 1946ko apirilean, protesta batean, Antonio Gezalaren semea atxilotu zuen Poliziak Bilbon. Komisaldegian hil zen. Nonbait atake epileptiko bat izan zuen, hori da bertsio ofiziala. Antonio Gezala hondatuta geratu zen, eta itsutu egin zen. Ezin zuen gehiago margotu. Ilunak izan ziren pintorearen azken urteak. Filatelia bildumako pieza nagusiak saltzeari esker jarraitu ahal izan zuen bizitzen.

 

 

77

 

Gerraren atzaparretatik ihesi joandako nazi batzuen diru iturri eta sostengua ere artelanak izan ziren. Bizimodu berri bati ekiteko, kasu gehienetan, Hego Amerika zuten helburu.

      Bigarren Mundu Gerraren bukaera hurbiltzen ari zela, Bilboko portuko praktikoak, Erresistentziarekin eta Erresuma Batuko inteligentzi zerbitzuarekin lotura zuen Patrick Dyer agenteari hots egin zion.

      — Portuko alde militarrean koadro batzuk ikusi ditut kutxetan sartuta.

      Praktikoak konboi alemanak noiz ateratzen ziren abisatzen zuen, nora zihoazen, zer zama mota zeramaten, eta baita ere, agente alemanen ibiliei buruz. Kontua da konboi horien azpian itsaspekoak egoten zirela, eta Aliatuek horiek hondoratu nahi zituzten batez ere.

      Portuan zeuden koadroak Alois Miedl pasante alemanak atera zituen Frantziatik, herrialde hau askatzear zegoela, 1944ko azaroan. Hermann Göringen arte saltzaile handiena zen Miedl, eta artelanak Larneko M van Valkenburg eta Amsterdamgo Goudstikker bildumetakoak izan bide ziren, juduei lapurtuak hain zuzen. Buenos Airesera eramateko prest zeuden Bilboko portuan. Göringen asmoa zen haiexek saldu eta dirua ateratzea, Alemaniatik ihes egitea lortzen bazuen behintzat.

      OSS zerbitzuen arabera, bi multzotan banatuta zeuden koadroak. Lehen taldean Van Dyck, El Greco eta garai haietako margoak. Bigarrenean berriagoak: Goya, Rembrandt, Rubens, Cezanne eta Vermeer, besteak beste.

      Alois Miedl ahalegindu zen Pradoko Museoko arduradunei margoak saltzen, eta ustez haiek egon ziren Vermeer hura erostekotan. Baina ez zeukaten nahikoa diru.

      Miedlek Frantziako muga igaro zuen berriz ere. Makiek harrapatu ere egin zuten, baina ihes egitea lortu zuen biharamunean. Gerra ostean Miedlen Holandarako estradizioa eskatu zuten Aliatuek. Espainiako Gobernuak ez zuen onartu.

      Bitxia da, izan ere, koadroen afera honetako paperen artean Jose Felix Lekerika agertzen da. Holandako Gobernuak bazuen-eta beste plan bat koadroak berreskuratzeko. Lekerika Kanpo Harremanetarako ministroa zen orduan, eta pentsatu zuten berari eskatzea antola zezan, Bilboko ezagun aberats batzuk lagun zituela, halako enkante pribatu bat. Miedlen mihiseak bertatik bertara izango zituzten horrela. Baina hau ere ez zuten ontzat hartu.

 

 

78

 

Karmeleren eta Txominen etxeko atea jo zuen Poliziak 1946ko otsailean. Goizaldea zen, zaratak sumatu zituen Txominek, eta ozta-ozta balkoitik ihes egitea lortu zuen, sekretak miatzera sartu zirenean. Aldamenekoen etxera pasatu zen, balkoitik balkoira, eta haien portaletik hanka egin zuen gero.

      — Domingo Letamendiren emaztea al zara?

      — Bai.

      — Esaiozu janzteko. Gurekin eraman behar dugu.

      — Ez dago.

      — Ez du hemen lo egiten?

      — Gaur ez.

      — Eta non dagoen esango al diguzu?

      — Lanpetuta dabil azken hilabeteetan.

      — Baina non?

      — Ez dakit.

      — Ez al dakizu senarra non dabilen?

      — Bere gauzetan ariko da. Madrilen edo.

      — Hau emakumea, senarra non dagoen ez dakiena.

      — Zure emazteak ere ez daki ba ondo zu zeu nondik zabiltzan.

      — Zer diozu!? —haserre bizian jarri zen polizia.

      — Ezpainetakoaren orbanek salatzen zaituzte. Garbi ezazu alkandora zeure etxera itzuli baino lehen.

      Ez zen Letamendiren bila joan ziren lehen aldia. Beste batean, Donostiatik Bilbora trenez zetorrela, Karmelek auzokoaren bidez abisua eman zuen eta Txominek lortu zuen Zolloko apeaderoan salto egitea.

      Egoera estutzen ari zela ikusirik, Bilbon zerbitzuetako kide ziren Anton Zugadirekin eta Andima Ibinagabeitiarekin elkarrizketa zakar bat izan zuen.

      — Bilbotik alde egin behar duzu —agindu zion Zugadik.

      — Emaztea haurdun dago, hirugarrenaren esperoan. Ez nago Bilbotik desagertzeko moduan.

      — Poliziak ez dio utziko bere lana egiteari.

      — Astebete baino gehiago egon naiz ezkutuan. Aski dela uste dut.

      — Bi edo hiru aste igaro izan balira ere berdin!

      — Batzuek irudipenak baino ez dituzte ikusten.

      — Zure bila joango dira berriro.

      — Bukatu da solasaldia. Banoa etxera.

      — Txomin, faborez. Lubakian burua ateratzen lehena zu zinen, baina orain ezkutuan egoteko ordua da.

      Amore eman zuen Dario Landak. Bilboko jarduera utzi eta Donostiara joan zen aldi baterako.

 

 

79

 

Ez dago jakiterik nola, baina Letamendik lantzean behin jasotzen zuen Manu Sotaren berri. Haren bidez ezagutu zuen balentria bitxi bat, Manuren iloba Ramon Sotak egindakoa.

      Bigarren Mundu Gerran marine izan zen Ramon Sota. Nahiz eta atzerritarra izan, onartu egin zuten Armadan, antza denez Ingalaterran ikasten ari zenean zerbait berezia egin zuelako. Baina Guadalcanalen zauritu egin zuten, eta Kanadan egon zen gero, OSSren kanpamenduetan, armekin entrenatzen.

      Jose Mari Lasarteren agindupean, Buenos Airesera joan zen azkenean; nazien irrati instalazioetan bonbak jartzen jardun zuen, eta diamante tratuak galarazi nahian ere bai. Ez zen sekula euskaldunekin nahasten, ezta hurreratu ere, inork susmorik har ez zezan; Buenos Airesko kontserbadoreen artean ibiltzen zen, eta ezkondu ere egin zen Francoren aldeko historialari baten ilobarekin.

      — Arrain handi bat harrapatu dut! —esan zion behinola Anton Osa portugaletetarrari.

      — Eta zer egin behar duzu, saldu ala jan?

      — Itsasontzi bateko bodegan gordeta daukat. Anton, zoaz nagusiengana nire partetik, esaiezu nazi kriminal bat dugula, Washingtonera deitzeko segituan.

      Josef Mengele medikua zen nazi hura.

      Baina Anton Osa gogo txarrez itzuli zen Ramonengana.

      — Nagusiek esan dute ez dela posible.

      — Ez dela posible zer? Ezin dute Washingtonekin kontaktatu?

      — Ez, ez dela posible Mengele izatea. Eta arraina berehala askatzeko esan dute.

      Mengele hantxe bertan tiroz hiltzeko zorian izan zen Ramon. Baina nagusien agindua bete zuen eta kito, Montevideon askatu zuen.

      Handik gutxira, ordea, Washingtondik kontragindua iritsi zen: harrapa ezazue Josef Mengele!

      Berandu zen harrezkero.

      — Anton, adarra jotzen ari zaizkigu —esan zion Ramonek adiskideari—. Mengele entrega niezaiekeen, Mengele hil nezakeen... baina askatzeko agindu digute apropos.

      — Zer egingo diogu ba!

      Urteak geroago, Nazio Batuek 1955eko abenduan Francoren Espainia onartu zutenean, Ramon Sotak gerrako domina guztiak bueltan bidali zizkion Estatu Batuetako Gobernuari.

 

 

80

 

Nahiz eta bigarren lerro batera pasatu, Txomin Letamendik aktibo segitzen zuen Donostian ere. Mugatik jendea pasatzen ibilia zen Joseba Elosegirekin bat egin zuen. Kontu xelebreak zeuzkan hark.

      — Ho Chi Minh vietnamdarrak hamabi egun igaro ditik Miarritze inguruan. Pilota partida bat ikusten izan duk Saran.

      — Zertara etorri da? —galdetu zion Letamendik—, oporretara?

      — Ez. Parisera joan duk orain, Frantziako Gobernu berriarekin independentzia negoziatzera.

      Joseba Elosegik ere bazituen bere asmoak. Faxisten estatu kolpearen hamargarren urteurrenean kolpea eman nahi zuen, 1946ko uztailaren 18an hain zuzen. Donostia osoa Espainiako banderez betetzekoak ziren frankistak, ospakizun eder bat egite aldera, eta Elosegik bandera haien guztien gainetik ikurrina zabaltzeko asmoa zeukan.

      — Letamendi, hire laguntza behar diat.

      — Bota.

      — Ikusten al duk Buen Pastor katedralaren dorreko muturra?

      — Bai, ikusten diat. Urruti zagok hemendik, baina hiriko edozein tokitatik ikusteko moduan.

      — Ikurrin handi bat ipiniko diat hor ostegunean. Zer iruditzen zaik?

      — Primeran! Baina zein da nire egitekoa?

      — Dorrera igotzeko eskailerak nola dauden begiratu behar duk, eta eskaileretatik muturrera nola pasa gaitezkeen aztertu.

      Letamendi turista eta erreportari plantak eginez joan zen katedralera.

      — Venezuelatik nator —esan zion parrokoari—. Espainiako eliza nagusien dorreak argazkitan hartzen ari naiz, eta dorreetatik hirien ikuspegiak.

      — Ez dago arazorik, jauna.

      Han joan da, beraz, Letamendi bere kamerarekin goraino. Egin ditu argazkiak eta erakutsi dizkio Elosegiri. Nondik sartu, nola igo, noraino iritsi eta abar.

      — Erraza daukazue —esan dio Txominek.

      Elosegi eta beste bi kide, uztailaren 17ko arratsean, Buen Pastor katedraleko sakristian sartu eta bertan ezkutatu dira, horretarako daramaten giltza jokoaz baliaturik. Geroago, gaueko ordu batean joango dira ikurrina puntaren puntan ipintzera.

      Igo direnean, ordea, ohartu dira gauzak ez direla Letamendik kontatu bezain errazak. Badaude eskailerak kanpandorreraino, noski; baina ondoren, orratz gotikoa hasten den tokian, hor eskalatu egin behar da.

      — Letamendi madarikatua! —Elosegi haserretu egin da.

      — Zer gertatzen da?

      — Ederra sakatu digu!

      — Zaila dago kontua orduan?

      — Bai. Letamendik ez zuen nahi gu damutzerik, eta gezurra esan digu ekintza aurrera atera dadin.

      — Atzera egin beharko dugu?

      — Ezta pentsatu ere! Donostia osoak ikusi behar du ikurrin hau egunsentian!

      Elosegik soka bat lotu du gerrian eta, neke handiz bada ere, lortu du tximistorratzera iristea. Ipini du ikurrina kanabera batean eta, beherakoan, balkoitxo batean pote batzuk paratu ditu, txartel batekin: “Kontuz, leherkariak!”.

      Goizaldeko hirurak arte ez zuten katedraletik irten behar; ordu horretan adiskide batek zigarroa piztuko zuen kale ertzean eta, arriskutik aparte, bidea irekiko zien. Baina Elosegiren laguntzaileetan gazteena presatuta eta oso urduri zegoenez, behar baino ordu erdi lehenago irten ziren elizatik.

      — Lapurrak! Lapurrak! —garrasi egin zuen kanpoan norbaitek.

      Eta harrapatu egin zituzten Joseba Elosegi, Pedro Mungia eta Inazio Urbieta.

 

 

81

 

Karmele larriturik zebilen, egunetan ez zuelako izan senarraren inolako berririk. Goiz batez Indautxuko etxera karta bat iritsi zen, Ezekiela Urrestiren izenean. Karmelek zerbaiten susmoa hartu eta zabaldu egin zuen.

      Gutuneko idazpuruan Gasteizko jatetxe baten izena zetorren, eta behean eskuz: “Ezekiela maitea, idazten dizkizut letra hauek esateko dena ondo doala eta zure hutsune handia dudala. Karmen”.

      Berehalaxe jabetu zen Karmen hori Txomin zela klandestinitatetik idazten. Gasteizko idazpurua erabiltzea Poliziaren aztarna galarazteko zen, baldin eta gutuna haiek harrapatuko balute.

      Karmeleren familiako izenak ziren Ezekiela eta Karmen, amaordea hau eta izeba hura.

      Zertxobait lasaitu zen Karmele gutuna jasotakoan. Baina mezuak lehen zeukana baino hutsune handiagoa eragin zion.

 

 

82

 

1946, abuztuak 5, astelehena. Txomin Letamendi atxilotuko dute.

      Txominek bazekien fardel garrantzitsu bat iritsiko zela Donostiako Norteko estaziora, Madrildik igorria. Baina haren bila joatekoa zen kideak huts egin zuenez, han geratu zen paketea. Txominek ez zuen zalantzarik izan, bera joango zen jasotzera. Fardel susmagarri hura nork hartuko, zelatan zeuden guardiak. Hantxe bertan atzitu zuten.

      — Zer egiten zenuen Norteko estazioan pakete horrekin? —galdetu dio Andrade komisarioak polizia-etxean.

      — Ezustean aspaldiko lagun bat aurkitu dut kalean, herren egiten zuela. Eskatu dit, ea faborez pakete bat hartu eta eramango nion kafetegira.

      — Nor da zure lagun hori?

      — Rezola.

      — Rezola? Frantzian dago-eta!

      — Madrilen lan egiten zuela uste nuen nik. Senitarteko bati bisita egitera etorri dela Donostiara ulertu diot.

      — Badakizu zer dagoen pakete horretan?

      — Ideiarik ez. Nik hartu besterik ez dut egin, Rezolari eramateko.

      — Oso bitxia zara zu: kalean mamu bat ikusten duzu eta haren aginduz pakete bat jasotzen duzu, zeure burua arriskuan jarriz.

      — Rezola gu denon nagusia zen, ni batailoiko komandantea nintzenean gerra garaian. Mesede bat eskatu dit eta mesedea egitera joan naiz, ez da mandatu bat izan.

      — Edo benetan ergela zara pakete arriskutsu hori hartzean, edo benetan azkarra zara guri gezurra sakatuta libratuko zarela pentsaturik.

      — Ez dakit zer esan. Ez dizut galdera ulertu.

      — Esaten ari zarena gezurra baldin bada, zuretzat okerrago; horrek probatzen baitu benetan konfiantzako gizona zarela txori handi batzuentzat.

      Letamendik lurrera begiratu du, aurpegiko izua gorde nahian.

      Andrade inspektoreak paketea eskuetan hartu eta mehatxu eginez esan dio:

      — Pakete honetan nahikoa informazio dago zu fusilatzeko. Esadazu egia!, edo zureak egin du.

      — Ez dut gezurrik esan.

      — Ados, orduan gure gizonetako bat bidaliko dut kafetegira, Rezola edo haren lagunen bat han ote dagoen. Inorekin topo egiten badugu, libre utziko zaitugu.

      Baina ez zegoen inor kafetegian. Inspektorearen pazientzia ahitzen ari zen.

      Ondarretako kartzelan sartu zuten. Karmele bisitan joan zitzaionean, espetxeko kapilauak ohartarazi zion:

      — Ez dago ikusteko moduan.

 

 

83

 

Manu Sotak Miarritzeko Etcheferdian zegoela jakin zuen Txominen egoeraren berri, Txileko Santiagon argitaratutako Euzkadi aldizkariko ale bat irakurri zuenean:

      “Uztailaren 30ean atxilotua izan zen, Euskal Erresistentziako kide zela akusatuta, Jose Agirre Iturbe abertzalea, zeina tortura latza jasan ondoren hilik suertatu zen. Data bertsuan, salaketa berarekin atxilotu zuten Donostian Domingo Letamendi abertzalea, zeina torturatua izan ondoren egoera larrian dagoen. Euzkadiko agintari frankisten jarrera anker honen aurrean, Txileko Euskal Ordezkaritzak, aberkide eta ondorengo guztien izenean, protestarik indartsuena azaldu nahi du”.

      Egunkaritik burua jaso eta hormari begira geratu zen Manu. Hantxe zegoen zintzilik Woody Guthrieren argazki bat, gitarra eskuetan zuela; “This machine kills fascists” zuen musika tresnan idatzia. Eta aldamenean, Antonio Gezalaren Ibaiganeko koadroa; Manuri iruditu zitzaion, inoiz baino ezabatuagoa zegoela Txominen aurpegia mihisean.