Zerrakuretan
Zerrakuretan
Gaizka Sarasola
Azaleko irudia: Maider Arrieta Tapia
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
142 orrialde
978-84-17051-62-4
Gaizka Sarasola
1974, Lesaka
 
Zerrakuretan
Gaizka Sarasola
Azaleko irudia: Maider Arrieta Tapia
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
142 orrialde
978-84-17051-62-4
aurkibidea
 

 

Haizea

 

(Iluntasuna ia erabatekoa. erramun joakinen tailerreko bonbillak argitzen du zerbait. kristobal agertu da. Berriz ere ibaiaren ertzean. Ibaiaren bazterretik begira, eta kontari.)

 

kristobal (bularraldean daraman fokua biztu du): Haizea ez dakigu nondik etortzen den, eta ez dakigu nora joaten den. Ez dakigu non gelditzen den, edo noizbait gelditzen ote den... baina badakigu haizeak adarrak ekartzen dituela, eta hostoak, orriak, paperak eta eskutitzak... Polita izanen zen, garai bateko burdinoletako hauspoekin bezala, guk ere nahi dugunean haizea sortzea, eta haize horrekin paperak garraiatzea. Istorioak eta eskutitzak. Gutunak eta notiziak. Urrunekoen notiziak. (erramun joakinen hauspoarenaz gain, haize hots gehiago) Haize berriak ekarritako berriak, zaharrak gehienetan. Eta zaharrak gozotik gutti, eta mikatzetik dezente... Ikusitakoaren mingotsa, entzundako hainbertze bonba hotsa. (Haizea ozenago) Haizeak ekarri dizkigu hotsak eta ahotsak, urrunekoen eta ez hain urrunekoen ahotsak... Arrotzak sotoetan pilatuak bonben beldur, eta ezagunak baratzeetan sakabanatuak tiroei ihesi. Zerutik gordetzen eta zeruari begira. (kristobalek bularraldean daraman fokua itzali du. Haize hotsa leunago) Polita izanen zen baratzean etzan eta hauspoz armaturik haizearekin bonbak eraman ahal izatea; inon ez gelditzeko, inon ez erortzeko. (Haize hotsa isildu da. erramun joakinek ere hauspoari eragiteari utzi dio) Ipuinetan horrelako gauza politak gertatzen dira.

 

(kristobal eszenatokia zeharkatuz atera da. erramun joakin hauspoaren ondoan dago, geldirik. mari pili agertu da. Lanpara biztuta du, eta eskuetan salabardoa edo bahea. Ibaiaren bazterrean dabil, zerbaiten bila.)

 

mari pili: Non zaudete? Non zaudete? Non gorde zarete? Nora joan?... Etorri nirekin... etorri nirekin... Non zaudete? Non gorde zarete? Nora joan? Nora? Nora?

 

(Isilunea. mari pilik bilaketarekin jarraitu du. erramun joakin ikusi du.)

 

mari pili: Lanean tenore hauetan? (Isilunea) Erramun Joakin! Erramun Joakin! (Isilunea. erramun joakinek ez dio kasurik egin) Ez al duzu deskantsurik behar?... Niri baino gehiago balioko al dizute lanean emandako orduek... orduak eta orduak... loari ebatsitako orduak... ilunpetan ibilitako orduak... galdutako orduak... Nora joan zaizkit angulak? Nora? E! Erramun Joakin! Nora?

 

erramun joakin: Nora?... Edonora! (Isilunea) Edonora eramanen zituzten nik egindako balak ere! Hemendik urrutira, eta edonora... edonora... edonoren eskuetara. Kristobalen hatzekin egindako balak... Kristobalen hatzak edonoren eskuetan, eta auskalo noren bularretan iltzatuak!

 

(Isilunea.)

 

mari pili (ingurura begira): Shepherd Jauna ez da ageri oraindik. Ez du ontzirik agertuko denaren esperantzarik izanen, nik angulak harrapatzeko itxaropenik ez dudan bezala.

 

erramun joakin (haserre): Zertara ateratzen zara ia arratsero orduan?

 

mari pili (lasai): Hau da egiten dakidana. Zomorroak ehizatu. Sarean hartu. Urekoak, ur bazterrekoak, putzu ilunetakoak... karramarroak, angulak... guttitzen ari direnak, guttitzen ari diren denak.

 

erramun joakin: Lehorrekoen bila hasi beharko duzu orduan!

 

mari pili: Hasia naiz, ez uste! Karakolak biltzen. Ugaritzen ari dira azkenaldian.

 

erramun joakin: Karakolak! Buaj!

 

mari pili: Ederrak daude saltsan...

 

erramun joakin: Buaj!

 

(shepherd jaunak farola biztu du.)

 

shepherd jauna: Eta bareak?

 

(Isilunea.)

 

erramun joakin eta mari pili: Buaj!

 

shepherd jauna: Ez dira hain txarrak ere!

 

mari pili: Bareak ez! Hau nazka!

 

(Isilunea.)

 

erramun joakin: Noski! Etxe ederrak dituzten lagunak hobesten ditugu. Etxerik ere ez dutenak ez ditugu ondoan nahi!

 

mari pili: Horiek dira bareak. Motelak, itsusiak, nazkagarriak eta desjabetuak.

 

erramun joakin: Etxe gabetutako karakolak... ezta jateko ere!

 

mari pili (ibaiaren bazterrean ibilian): Lekua izanen zuten gurean. Guttitzen ari da jendea gurean. Zenbat etxe huts gurean!

 

(Apurtutako oskol baten zarata entzun da. mari pilik lurrera begiratu du. Geldirik.)

 

erramun joakin: Hutsak eta zaharkituak. Erraz apurtzeko modukoak. Ustekabean. Karakolaren oskola zapaltzerakoan bezala.

 

mari pili (ibilian berriz ere): Zapalduak gutxien espero denean. Etxe gabetuak gutxien uste denean.

 

shepherd jauna: Alirooooon! Alirooooon!

 

(Isilunea.)

 

erramun joakin: Bareek ere ez dute gurera etorri nahi.

 

(erramun joakinek tailerreko argia itzali du. Erretiratu da.)

 

mari pili: Bareak? Hau nazka!

 

shepherd jauna: Garai batean, zenbat jende utzi genuen ibaian itotzen, behar bezala lagundu gabe... eta gaur, bareak ere onartuko genituzke!

 

(Isilunea. mari pili eta shepherd jauna ibaira begira.)

 

mari pili: Kristobal gizajoa! Zenbat sufrikario ikusia... Ez zen bere errua izan! Ez berea bakarrik! Ibaia gurutzatu nahian, gurera etorri nahian hainbertze jende. Ezin behar bezala lagundu. Kristobal gizajoa, bururik gabe, besorik gabe, behatzik gabe... ezin behar bezala lagundu... edo ez jakin nola!

 

shepherd jauna: Ezta guk ere.

 

mari pili: Hainbertze jende, eta hainbertze itoak.

 

shepherd jauna: Iluna dago ibaia. Iluna dago dena.

 

mari pili: Eta angularik ez!

 

(mari pili atera da.)

 

shepherd jauna: Alirooooon! Alirooooon!

 

(Isilunea. barea eszenatokia zeharkatuz. Mantso. shepherd jauna farolarekin bere mugimenduak jarraituz.)

 

shepherd jauna (bareari): Aliron?

 

(Tren baten ziztu bizia. shepherd jaunak ez dio kasurik egin. Eszenatokia zeharkatuta, barea atera da. shepherd jauna ere lekuz mugitu da. Farolarekin bere ingurua begiratu du. Farolaren argia itzali du.

Isilunea.

Argitu du. erramun joakinen tailerretik oihuak entzun dira.)

 

erramun joakin: Kristobal! Kristobal! (shepherd jauna pixka bat aztoratu eta tailer ingurura hurbildu da.) Kristobal! Zatoz honat! Behar zaitut! Kristobal! Zatoz Erramun Joakinekin! Zure aspaldiko lagunarekin!

 

(mari pili ere gerturatu da. erramun joakin tailerretik atera da.)

 

erramun joakin (ozenago): KRISTOBAL!!!

 

(Isilunea.)

 

mari pili: Zer duzu?

 

erramun joakin: Kristobal behar dut.

 

shepherd jauna: Argitu berri du. Berriz iluntzerako denbora joanen da. Alferrik zabiltza!

 

erramun joakin (haserre): Alferrik ez! Alferrikako gauzarik ez! (Lasaiago) Badakit zer egin. Badakit balioko duen zer egin! Balioko duena, eta balioko diguna. Kristobal hankamotz utzi eta herri honen geroa luzatuko duena... Enararen argiari eutsiz, eta arinduz iluna.

 

shepherd jauna: Zer?

 

erramun joakin: Idunekoak. Iluneko idunekoak.

 

(Isilunea.)

 

shepherd jauna: Zer?

 

mari pili: Koilareak! Lepokoak! Lepoan jartzeko bitxiak.

 

shepherd jauna: A! (Isilunea) Eta, zertarako?

 

mari pili: Apaintzeko! Apaintzeko... itxurosoago jartzeko.

 

erramun joakin: Ez duzue deus ulertu! Ez duzue deus entenditu! Kanpotik datorren jendeari saltzeko eginen ditugu bitxi bereziak. Bisitan datozenei...

 

mari pili: Bisitan? Urteak dira ez dela kanpotarrik etorri bisitan! Etorri, etorri... joan bai! Joan bai egiten da jendea, eta ez bisitara... (Isilunea) Enara ere joanen zaigu laster!

 

erramun joakin: Horregatik bada! Idunekoak egiten baditut, ez! Idunekoak egiten baditut, ez! Kristobalen hanka bat erabiliko dut idunekoak egiteko. Hankamotz egonda ezin izanen dio Enarari ibaia gurutzatzen lagundu!

 

shepherd jauna: San Kristobalen hankarekin egindako lepokoak?

 

erramun joakin (serio): Idunekoak. Iluneko idunekoak. Bitxi bereziak eginen ditut Enararen laguntzarekin. Argia da bera, eta argia badu... lepokoei argia jartzera geldituko da bera. Iluntasunean distira eginen duten lepoko bereziak eginen ditugu.

 

mari pili: Nire ipurdia bezalakoak?

 

erramun joakin: Bai, bueno... bereziagoak, eta ttikiagoak... aunitz izateko, bisitari aunitzi saltzeko. Etorriko dira erostera, gu bisitatzera... Etortzen ziren lehenago, zergatik ez dira etorriko berriz?

 

(Tren baten ziztu bizia entzun da. mari pilik, shepherd jaunak eta erramun joakinek buelta erdi eman eta agurtzen saiatu dira, baina ez dute astirik izan.)

 

mari pili, erramun joakin eta shepherd jauna (oihuka): Iee...!

 

(Isilunea.)

 

mari pili: Kanpotarrak orain zein azkar pasatzen diren ikusten duzu? Abiadura horretan ez gaituzte begiratu ere egiten...

 

shepherd jauna: Azkarregi doanarentzat, geldirik dagoena desagertzen da. Desegin.

 

erramun joakin: Geldituko dira beraiek ere! Geldituko dira lepokoaren distirarekin! Geldituko dira azkar doazenak (Hirurak buelta erdi emanez), eta etorriko dira ibaiaren bertze aldean daudenak. (Tailerrean sartu, erreminta kutxarekin itzuli eta kristobalen bila oihuka desagertuz) Kristobal! Kristobal!

 

(erramun joakin joan da. Isilunea.)

 

mari pili: Shepherd Jauna!

 

shepherd jauna: Zer?

 

mari pili: Zer uste duzu zuk?

 

shepherd jauna: Zer uste?

 

mari pili: Idunekoei buruz. Bitxiei buruz.

 

shepherd jauna: Distirak ez duela deus onik.

 

mari pili: Ez?

 

shepherd jauna: Ez. Ongi begiratzen ez badakizu, ez.

 

(Isilunea.)

 

mari pili: Ez du jenderik ekarriko?

 

shepherd jauna: Ekarri izan du, eta joan da berriz. Etorri ginen gu, eta joan ginen berriz.

 

mari pili: Zu ez! Zu hemen gelditu zinen hogei ardi galdurekin!

 

shepherd jauna: Ardiak edo ni; ez dakit nor ibili den galduago.

 

mari pili: Agudo ikasi zenuen gazta egiten bederen!

 

shepherd jauna: Agudo xamar, bai. Bueno, distiratik ere bazuen horrek, ez uste! Munduko gaztarik hoberenak egin nahian, ontzietan gaztak leku guzietara hedatu nahian, bere garaian burdina bezala. Distiratik ere bazuen horrek. Lehiaketak eta urrezko dominak, baina gazta usaina!

 

(Isilunea.)

 

mari pili: Gazta ona egiten zenuen.

 

shepherd jauna: Egiten dut oraindik. Guttiago. Ez hainbertze. Guttitzen dira gaztak ere...

 

mari pili (ibilian): Guttitzen, ahitzen, isiltzen, umiltzen, hiltzen...

 

(mari pili joan da. Argia ere joan da. Ilundu du. Ez erabat oraindik. Isilunea. shepherd jaunak farola biztu du.)

 

shepherd jauna: Isiltzen, umiltzen, hiltzen... Alirooooon! Alirooooon! (Isilunea) Erantzunik ez. Ibaiaren zurrumurrua baino ez. (Jauzi labur eta mantsoen bidez bere talaia den pasabidean mugituz) Ibai honetan burdina eta jakiak banatzen... eta orain? Zurrumurru bat baino ez. Erantzunik ez bertze aldean... erantzunik ez... Bertze aldean ere badakite burdina egiten. Leku guzietan badakite gazta eta burdina egiten. Ikasi dute. Erakutsi genien ere... eta beraiek ikasi! (Isilunea) Alirooooon! Alirooooon!

 

(Isilunea. Joare baten soinua entzun da. shepherd jauna erdi lotan da. Begiak ixten zaizkio. Berriz ere joare soinua. shepherd jaunak begiak itxi ditu. Joarea berriz ere. Joare soinua aldian behin. barea sartu da eszenatokia zeharkatuz. barea ateratzear dela, shepherd jaunak begiak ireki ditu. barea begiratu du. barea atera da.)

 

shepherd jauna: Kristobal ez dator. Kristobal berandu dator. Erramun Joakinekin egonen da oraindik, edo agian distiren gibeletik bera ere... Ibaian murgilduko zen urrezko eraztunen bila? (Berriz ere mugituz) Kristobal? (Isilunea) Kristobal? (Farolarekin bere ingurua begiratu du. Joare soinu ahulak oraindik) Nire hogei ardiak edo ni; ez dakit nor dabilen galduago.

 

(shepherd jaunak farolaren argia itzali du. Joare soinua ozenagoa, nabarmenegia ere izan gabe.

otsoa agertu da, zalantzati. Ingurua miatu eta eszenatokia zeharkatuz atera da.)