Pertsonaiak
kristobal: San Kristobali (Liziako Kristobal) egiten dio erreferentzia; bidaiarien patroia, eta istorioen arabera, ermitau baten aginduz, jendea ibai arriskutsu bat gurutzatzen laguntzen zuena. Handia da Kristobal, baina Erramun Joakinek, Iturengo arotzaren bertsoei kasu eginez, urteetan zehar bere gorputz atalak erabili izan dituenez jendearentzat gauzak egiteko, zenbait gorputz atal falta ditu. Bere galera honek, behar bezala ezin lagundu, eta ibaia gurutzatu nahi zuen jendea itotzea ekarri du. Bizipen hauen iluntasunarekin bizi da Kristobal. Iluntasuna arintzeko, istorioak kontatzen ditu.
erramun joakin: Zakarra den arotz zaharra. Iturengo arotzak bezala, berak ere Kristobal baliatzen du, bere zatiak urtu eta material horrekin herritarrentzat gauzak egiteko. Horrela egin zuen noizbait itsasargi modura erabiltzen duten farola; Kristobalen buruarekin egindako “faroa”. Probetxuzkoa izatea da bere bizipoza, eta baliagarria ez izateak ekartzen dio herra eta haserrea. Garai bateko burdinaren garrantzia botatzen du faltan.
mari pili: Ipurtargia. Ipurdian argia biztuta ibaian angulak bilatzen dituen pertsonaia. Modernitateak ekarritako argiteriak ipurtargien desagertzea ekarri du. Eta garai bateko aberastasunak bukatuak direnean, bukatu dira angulak ere. Berak ez du etsitzen hala ere!
shepherd jauna: Igel itxura du. Igelaren jokoan igelari ahoan burdinaz egindako fitxa bat sartu behar zaion bezala, bere garaian burdinaren aitzakian Britainia Handitik etorritako enpresa gizonek aberastasun ugari “ahoratuko” zuten. Haien oinordeko da gure Shepherd Jauna. Egun, farozaina da. Bera arduratzen da Kristobalen buruaz eginiko farolarekin argitzen arratsak. Egunaz, artaldea zaintzeko lanetan, altuera batetik begiratzen ditu gainerakoak oraindik ere.
otsoa eta barea: Animaliak edo pertsonak. Animaliak eta pertsonak. Otso bakartia, arriskutsua. Bare nazkagarria, desjabetua. Aunitz dutenek baztertuak; gutxi dutenek ere bai. Beldurragatik. Mespretxuagatik. Bazterrekoek ere baztertuak.
enara: Ikusten ez den pertsonaia. Goxo garenean bizipoza ekartzen duena, harat-honatean. Hotza denean joanen dena, bere hobe beharrez; gelditzen direnen zoritxarrerako.