Zerrakuretan
Zerrakuretan
Gaizka Sarasola
Azaleko irudia: Maider Arrieta Tapia
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
142 orrialde
978-84-17051-62-4
Gaizka Sarasola
1974, Lesaka
 
Zerrakuretan
Gaizka Sarasola
Azaleko irudia: Maider Arrieta Tapia
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
142 orrialde
978-84-17051-62-4
aurkibidea
 

 

zakuak eta zapiak

 

(Fanfarrearen hasierako martxaren doinua. mottela lehengo lekuan. juan azaldu da. Ingurura begiratu du. Musika isildu da.)

 

juan: Mottela! Txoria?

 

mottela: Ez dakit. (Isilunea. Gibeleko aldera seinalatuz) Handik!

 

juan (zerura begiratuz): Berandu. (Isilunea) Etorriko duk!

 

(Isilunea. ramona eta amanda sartu dira, karretilla bat dakartelarik.)

 

amanda: Eta Txoria?

 

(juan eta mottelak ez jakitearen imintzioa. juan txondor barrenean sartu da. ramona eta amandak karretilla txondorraren gibeleko aldean utzi dute. mottela bertaratu da, lagundu asmoz. mottelak juan karretilla gainean jarri du.)

 

amanda (kezkaturik, oihuka): Txoria! Txoria!

 

ramona: Lasai, agertuko da.

 

(Isilunea.)

 

juan (ingurura begiratuz): Leku honi gure izena jarriko ote diote?

 

ramona: Izena zulo honi?

 

juan: Izenak jartzen dizkiete plazei, etxeei, kaleei… Izenak, garaileen izenak. Bada garaia garaituenak ere jartzeko… ezagunenak eta ezezagunenak. Izenak harrietan, monumentuetan, kaleetan…

 

mottela: Bertzeen izenak kaleetan jartzen kaleak gureak egin nahian.

 

txoria (gibeleko aldetik oihuka sartuz, eta sartu ahala ahotsa apalduz): Ke zuriak, laino urdinak, istorio beltzak, izurri gorriak, gometxa berdeak, literatura grisa eta kale-izendegi horiak… edo marroiak?

 

amanda: Txoria!

 

(txoria geldirik. Eskuetan beterik dagoen zakua du.)

 

juan: Eta hori?

 

txoria: Gure zakua.

 

juan: Ez zegok hutsik!

 

txoria: Ez.

 

juan: Nola bete duk hori?

 

(Isilunea.)

 

amanda: Txoria?

 

txoria (dudatan): Ke beltzak, laino gorriak, istorio zuriak, izurri horiak… Ez. Ez nauk oroitzen!

 

juan (haserre): Nola bete duk hori? Nola bete duk hori?

 

txoria: Artzainaren bordan egon nauk.

 

juan: Eta?

 

txoria: Han ez zebilean alaba galdurik.

 

juan: Baina nola bete duk hori, Txoria? Nola bete duk hori?

 

txoria (dudatan): Ke gorriak, laino zuriak, istorio horiak, izurri beltza… ez nauk oroitzen!

 

(mottela txoriagana hurbildu da. Zakuan eskua sartu eta ikatz zati bat atera du. Bertzeei erakutsi die. Ikatz zatia berriz ere zakuan sartu du.)

 

txoria: Artzainaren bordan zegoen.

 

(Urrunean, fanfarrearen hasierako martxaren doinua berriz ere. mottelak zakua juani eman dio, baita aizkora ere.)

 

amanda: Txoria, idazkariaren alaba orduan?

 

txoria: Ez dakit.

 

ramona: Agertuko da. Etxera itzuliko da. Nolabait ere denak itzultzen gara etxera azkenean.

 

juan: Kaiolara itzuli nahi dutenak, kaiolatik atera nahi ez dutenak, kaiola bat bilatzen dutenak, eta kaiolatik atera nahi dutenak… txori zaurituak denak!

 

(Fanfarrearen martxaren musika gero eta ozenago. mottelak juan karretillan garraiatu du. juanek zakua eta aizkora daramatza. Beraien gibeletik, ramona hozkailuarekin, txoria baldearekin eta amanda otarrearekin. Gibeleko aldetik, fanfarre baten itzalaren pasaldia, eszenatokia zeharkatuz, baina hasierako kontrako norantz. Atzetik, hasierako itzala segika, baina makilarik eta motxilarik gabe.

Musika apaldu da. amanda ateratako bidetik sartu da. Buruko zapia estufaren gainean zabaldu du. Pixka bat urrundu, berriz ere hurbildu, eta zapia txukundu, itxurosoago paratu du. Atera da.)

 

 

Amaiera