kaskilloak eta hebillak
(Fanfarrearen hasierako martxaren doinua. txoria gibeleko aldetik sartu da. Eskuetan zakua. Otarrean jarri da. Pixka batean egon, altxatu, hozkailura hurbildu eta bertan jarri da. Pixka batean egon, altxatu, besaulkira hurbildu eta bertan jarri da. juan azaldu da. txoria juanengana hurbildu eta zaku hutsa erakutsi dio. juan txondorrean ezkutatu da. txoriak zakua lurrean utzi eta baldera hurbildu da. Baldeari begira gelditu da.)
txoria: A la porra!
(txoria otarrera hurbildu da. amandak ekarritako makila hartu du. Paseoan hasi da, tarteka, sakelatik hurrak hartu eta janez.
begiluzea sartu da. Bi eskuak berokiaren sakeletan sartuak ditu beti. Pauso ttiki eta arinez mugitzen da, saltoka bezala. Eszenatokia zeharkatu du, alde batetik sartu eta bertzetik ateraz. Zeharkaldian ez du txoria ikusi. txoriak bera bai. txoria geldirik. begiluzea atzera berriz sartu da. Ingurura begiratu du.)
begiluzea: Hara! Hara!… Eta hau? Eta hau?… (txoria ikusi du) Hara! Hara! Eta hau? Eta hori? Eta hura? (txoriagana hurbilduz) Ongi? Dena ongi? (txoria geldirik eta isilik. begiluzea berriz ere ibilian) Hau! Ez nuen ezagutzen leku hau!… Eta hori? Eta hura? (Berriz ere txoriagana hurbilduz) Eta zu? Zu? Ongi? Dena ongi? (txoria isilik eta geldirik) Inor. Ez zara inor. (Isilunea) Ederki. (txoriari, txondorra seinalatuz) Eta hau? Zer da hau? Zer da hemen?
(begiluzea txondorrera hurbildu da.)
txoria (oihuka): Hor ere ez da inor!
(txoria geldirik.)
begiluzea: Zu bezalako inor?
(begiluzea berriz ere txondorrera hurbildu da.)
txoria: Inor! Ez dago inor!
(begiluzea txoriari begira. Berriz ere txondorrera hurbilduz.)
begiluzea: Ongi da, inor.
txoria (oihuka): Erran ez zarela inor!
(juan azaldu da.)
juan: Lasai, Txoria, saiatu zara.
begiluzea: Hara! Hara!
(txoria ibilian.)
txoria: Oraingoan ez duk nire kulpa izan! Oraingoan ez duk nire kulpa izan!
begiluzea: Geldirik! (txoria eta juan geldirik) Ze kulpa? Zeren kulpa?
txoria: Nik ez dut kulparik!
begiluzea (juani): Zuk orduan?
juan: Ze kulpa?
begiluzea: Edozein kulpa. Kulpak bilatzen ditut nik. Kulpak. Erruak. Errudunak.
(Isilunea.)
juan: Idazkariaren alabaren bila zabiltza.
begiluzea: Hara! Hara! Nola dakizu falta dela? Nola? Nola?
juan: Aditu dugu.
begiluzea: Aditu non?
juan: Hor barna.
begiluzea: Hor?
txoria: Hor barna.
(Isilunea.)
begiluzea: Ez da hemendik pasa?
juan: Nor?
begiluzea: Idazkariaren alaba.
juan: Ez.
begiluzea: Ez? (Isilunea. Ibilian) Hemendik pasatuko zela erranen nuke nik bada. (Isilunea. Ibilian) Zer gehiago aditu duzue?
juan: Bahitu dutela.
txoria: Zuloan sartu.
begiluzea: Bahitu? Ez, ez, ez, ez… Hipotesi guziak zabalik daude, baina bahiketa ez da hipotesia. Hilko zuten… bortxatuta edo bortxatu gabe… baina hil.
juan: Hil?
begiluzea: Bai. Hil.
juan: Nork?
begiluzea: Zuek?
txoria: Ez! Guk ez!
(Isilunea. begiluzea ibilian, eta bertze guziak geldirik.)
begiluzea: Hipotesi guziak zabalik daude. Bikoterik ez zuen, guk dakigula maitalerik ere ez… etsairen batek, lagunen batek… aitak!
juan: Aitak? Zergatik?
txoria: Bertsoak kantatzeagatik!
begiluzea: Hara! Alaba bertsolaria? (Isilunea) Ez nekien! Hara, hara! Hipotesi guziak zabalik daude. Orain bertze bat. Bertsolaria…
juan: Gaizki kantatzeagatik?
begiluzea: Edo ez. (Isilunea. Ibilian) Ezagutzen duzue Gartxot? Gartxot eta Mikelot?
juan: Ez.
begiluzea: Ba, Gartxotek bere semea Mikelot hil zuen ez zuelako abadeekin latinez kantatzerik nahi. Lurra hartu eta ahoan sartuz ito zuen, latinez kantatu behar ez izateko.
juan: Hara!
txoria: Joder!
(Isilunea.)
begiluzea: Gaur egun hemen ere ez legoke nahiko lurrik euskara ez den bertze hizkuntzaren batean abesten duten seme-alaba guziei ahoan sartzeko!
juan: Hara!
txoria: Joder!
(Isilunea.)
begiluzea: Dena dela, hipotesi bat baino ez da. Hipotesi guziak zabalik daude. (Isilunea) Bahiketa ez da hipotesia. (Isilunea. txoriari) Eta? Makila hori?
txoria: Ez da nirea.
begiluzea: Ez?
txoria: Ez.
begiluzea: Eta orduan?
txoria: Mendian aurkitu zuen.
begiluzea: Zuen? Nork?
txoria: E… nik!
begiluzea: Zurea da orduan?
txoria: Ez, bueno, bai. (Isilunea) Orain bai.
begiluzea: Mendian orduan?
txoria: Bai.
juan: Mendian beti gauzak aurkitzen dira.
(Isilunea.)
begiluzea: Ez duzu bertze deus aurkitu?
txoria: Ez. Makila.
juan: Makila bakarrik.
(Isilunea.)
begiluzea: Ongi da. Ongi da. Herrira bueltatuko naiz. Zuek… zuek ez joan urrutira!
txoria: Ja!
juan: Nola?
begiluzea: Tira, ongi da. (Ingurura begiratuz) Ez nuen leku hau ezagutzen. Hara! Hara!
(begiluzea atera da. juan eta txoria geldirik.)
txoria: Joan duk?
juan: Bai.
txoria: Kauen Santa Cruz! (Isilunea) Hemen geldituko gaituk?
juan: Nora bertzela?
(Isilunea. Biak geldirik oraindik.)
txoria: Ez dio bertze inori erranen?
juan: Zer? Gu hemen garela?
txoria: Bai.
juan: Ez. Ez diat uste. (Isilunea) Nori? Ez dik lagun aunitzik izatearen itxurarik.
txoria: Ez, ez dik. Kauen Santa Cruz! (txoria berriz ere ibiltzen hasi da. juan ere, lasaiago. txoriak baldea hartu eta aulkian jarri da) Eta bertzeak? Eta Mottela?
juan: Bertzeak ez zakiat. Mottela Manuel bilatzen.
txoria: Manuel bilatzen oraindik?
juan: Manuel edo…
txoria: Aurkituko zuen Manuel?
(txoriak oinetako eta galtzerdiak erantzi eta hankak uretan sartu ditu.)
juan: Manuel? (Isilunea. juan txoriari begira) Ez haiz oroitzen ? Ez duk gogoratu nahi. Aspaldian hemen agertu zuan Manuel. Galduta, beldurtuta, bakarrik eta hotzak… eta eri. Ez genian ulertzen, ez genian ulertu. Bakarrik eta eri, hemen. Hemen, gure magalean hil zuan Manuel. Ez nagok ziur, baina Manuel izan behar zuan. Gure magalean hil zuan… eta orain badik izenik.
(Isilunea.)
txoria: Eta zer egin genian gorpuarekin?
juan: Erre, zer bertzela? (juan eta txoria estufara begira jarri dira) Ikatzik apenas genian, zerbait erre beharra genian… ez genian aukerarik.
(Isilunea.)
txoria: Amanda gaixoa! Kontatu beharko zioagu.
juan: Ezta pentsatu ere!
txoria: Nola ez?
juan: Nola bai? (Isilunea) Pentsa dezala bertze lekuren batean dela, bertze teilatu bat, bertze janari bat, bertze epeltasun bat, bertze lagun bat… bertze bizitza bat, ez horrelako heriotzarik; gu bezalako bi arloteren magalean. (txoriak hankak baldetik atera ditu. Oinetako eta galtzerdiak jantzi eta zutitu da) Egiak ez gaitik libreagoak egiten. Ezta alaiagoak ere!
(mottela abiadura bizian sartu da, alde batetik bertzera etengabe mugituz.)
mottela: Deus! Deus! Deus eta deus! Deus! Deus! (Etorritako aldera seinalatuz) Ez han! Ez hemen! Eta han? (Bertze aldera seinalatuz) Han? Han?
(Isilunea. txoria mottelagana hurbildu da, mottelak begiratzen duen aldera begira bera ere.)
txoria: Han?
mottela (etsiturik): Deus! Han ere deus!
txoria: Eta hemen?
mottela (haserre): Hemen deus eta deus! Ez hezurrik, ez Manuelik. Deus eta deus!
txoria: Gu bezala. Zakuan deus, (txondorra seinalatuz) eta hor barrenean ere deus. Deus eta deus!
juan: Mekauen deus!
(Isilunea.)
mottela: Adeus!
(mottela etorritako aldetik ateratzear. Kanpotik amandaren oihua.)
amanda: Mottela!
(mottela bat-batean gelditu da. ramona eta amanda sartu dira. amandak eskuetan eltze ttiki bat darama. txoria amandarengana hurbildu eta deus erran gabe besarkatu du.)
amanda: Zer gertatzen da? (txoriak amanda pixka batean askatu, baina berriz ere besarkatu du) Zer duzu?
txoria (amanda askatuz): Deus. Deus.
(Isilunea.)
ramona: Amandak jatekoa prestatu dizue.
txoria: Babak?
ramona (besaulkian jarriz): Ez. Bakailaoa.
txoria: Bakailaoa!
amanda (eltzea hozkailuaren ondoan utziz): Etxean egun handietarako prestatu ohi dugu.
txoria (eltzera hurbilduz): Bakailaoa. (Hatza janarian sartu du) Hotza.
(txoriak eltzea hozkailuan sartu du.)
amanda: Mottela, eta Manuel? E! Manuel?
mottela: Manuel?
amanda: Bai. Aurkitu duzu?
mottela: Ez.
amanda: Ez?
mottela: Ez! Ez han! Ez hemen! Inon ez! Inon ez!
(Isilunea.)
amanda: Bere gorpua ere ez? Hezurrik ez?
mottela: Ez! Ez! Manuelenak ez! Manuelenak ez! Hemendik ez!
juan: Mottelak arrazoi du. Ez zen hemendik pasatuko. Guk ikusiko genuen.
amanda: Baina, non egonen da orduan?
ramona: Edonon. Bertze nonbait, Amanda.
amanda: Bertze nonbait, bai. Baina, zergatik ez dit ogi papur gehiagorik bidali? (Isilunea) Han ez dute ogirik izanen agian. Bertze janari bat, bertze lagunak, bertze su eta epelak, bertze teilatu bat, bertze leku bat, bertze bizitza bat, bertze tristura ttikiekin eta poz handiekin, edo alderantziz agian… bertze Manuel bat. Ez da nire Manuel izanen. Ni ere ez naiz bere Amanda, ez dut bere ogi papurrik, eta jandako guziak hustuak ditut aspaldi. Bertze Amanda bat, ez hangoa eta ez hemengoa. Nire ogia egin beharko dut. Bertze ogi bat… eta laztanak?
txoria: Txori gaixoa.
(mottela amandarengana hurbildu da.)
amanda: Tristea da kaiolan den txoria, baina tristeagoa kaiola bilatzen duena.
(mottela amandaren hurbilean. Laztandu, besarkatu nahi du, baina trakets eta baldar moldatu da. Ez da ausartu. amanda ondoan du, baina ez du besarkatzea lortu. amandak, ernegaturik, mottela indarrez besoetan hartu eta musukatu du.)
amanda (mottela askatuz): Ez zen hain konplikatua ere!
(amanda presaka gibeleko aldera abiatu da.)
ramona: Nora, Amanda?
amanda (haserre): Eu tenho que cagar, caralho!
(amanda gibeleko aldetik atera da. Isilunea.)
mottela: Eee…
juan (moztuz): Ez da beharrezkoa, Mottela. Ulertu dugu.
txoria: Ja! (Aulkitik altxatu eta amandaren gibeletik abiatu da. ramonak keinu batez geldiarazi du) Ja!
(txoria otarrearen gainean jarri da. Pixka batean egon, altxatu, eta trangaderan jarri da. Pixka batean egon, altxatu, eta hozkailuan jarri da.)
ramona: Faborez, Txoria! Egon geldirik! Zertarako aldatzen duzu hainbertze tokiz?
juan: Buf!
(Isilunea.)
txoria: Buf?
juan (ramonari): Maniak.
txoria: Nola maniak! Neguan eguzkia bilatzeko, udaran itzala.
ramona: Bueno, bueno. Eta udaberri eta udazkenean?
(Isilunea.)
txoria: Inertziaz, Mottela hezurrak bilatzen bezala.
mottela: Egia! Ahaztua nuen! Bilatzen! Bilatzen!
(mottela berriz ere harat eta honat bilatzen hasi da, normalean baino mantsoago, nekatuago.)
ramona: Herrian ere idazkariaren alabaren bila jarraitzen dute. Tira, bera baino, bere gorpua; hezurrak.
mottela: Gorpuak? Hezurrak?
ramona: Bai. Bizirik aurkitzeko itxaropenik ez omen dute honezkero. Gaixoa. Nonbaiten bizirik agertuko dela oraindik pentsatzen dut nik, baina… ez dakit, ez dakit. Kanpoko norbaitek hil izanen duela erraten dute. En fin! Errua beti kanpoan! Etxeko oiloak beti erruten, eta kanpoko azeriak beti errua.
juan: Ez du aitak hil?
txoria: Hori! Hori! Aitak!
ramona: Zaudete isilik! Nola hilko zuen bada haren aitak? Zergatik?
juan: Ez dakit. Gartxotek bezala agian.
mottela: Gartxot? Gartxot?
juan: Bai, semea ito zuen hark ere.
txoria: Lurra hartu, ahoan sartu…
(amanda gibeleko aldetik agertu da, eskuetan motxila bat duela.)
amanda: Baina ze leku da hau, jendea txoriei hegoak ebakitzea planteatzera ere iristen dena? Seme-alabak ahoan lurra sartuz betiko isilarazten dituztenak? Ze leku da hau? Nora etorri naiz?
(Isilunea.)
ramona: Ez egin kasurik, Amanda. Kantuak baino ez dira, kondairak.
txoria: Ke zuriak, laino urdinak, istorio beltzak, izurri gorriak, gometxa berdeak eta literatura grisa.
mottela: Amanda! Motxila?
amanda: Zer? A! Motxila! Mendian zegoen.
mottela: Manuelena?
amanda: Ez. Manuelen ondasun guziak poltsiko batean sartzen ziren.
txoria (ibilian): Ni bezala. (Gelditu eta poltsikotik hurrak hartu eta ahoan sartu ditu. Isilunea) Mendian edozer gauza aurkitzen da. Bilatu gabe, gainera!
mottela (berriz ere bilaketari ekinez): Egia! Bilatzen! Bilatzen! Berriz bilatzen!
amanda: Zer bilatzen duzu orain?
mottela: Hezurrak! Hezurrak bilatzen!
amanda: Hezurrak? Eta zertarako?
mottela: Zertarako? Ateratzeko!
juan: Aspaldi honetan ez da aspaldiko hezurrak bertze konturik!
ramona: Aunitzetan erraxagoa da aitatxiren aspaldiko batailak onartu eta entenditzea bilobaren bihurrikeriak baino.
(Isilunea.)
amanda: Ba nik ez dut entenditzen aspaldiko hezurrak ateratzen aritzea…
mottela (aztoratuta): Lehenago ezin zen, eta orain bai! Orain bai! Lehenago debekatua zen, orain… orain irabazten ari gara!
juan (haserre): Irabazten? Irabazten? Berandu irabazten, Mottela, berandu irabazten! (Isilunea) Berandu irabaztea ez al da berriz ere galtzea? Noizbait galdu izana oroitzea, irabazi behar zenean galdu izanarena…
mottela: Baina hezurrak eta egiak! Hezurrak eta egiak! Han baziren! Eta han! Han! Eta han! Hemen ez! Hemen ez! Hemen oraindik hezurrak bilatzen! Hezurrak bilatzen!
txoria (haserre): A la porra, Mottela! A la porra! Denak erre genituen! Hemengo gorpu eta hezur guziak erre genituen! (Estufa seinalatuz) Erre! Erre!
mottela (etsiturik): Erre? (Isilunea) Zergatik? Zertarako?
juan: Ikatzik ez genuen apenas. Egurrik ere ez. Hezurrak baino ez. Eta hotza.
txoria: Hotza, hezurretaraino!
juan: Ez genuen bertze aukerarik.
ramona: Denak erreak, nire senarra bezala? Gizajoa ez zen hain diferentea ere izan orduan…
mottela: Hezurrak errauts.
ramona: Senarrarenak baratzean bota nituen. Irabazi… lurrak bai irabazten duela! Hori indarra hartzen duena! A ze babak!
mottela: Baratzean landarea, fruitua, hazia… baina justizia?
juan (haserre): Justizia? Justiziak eraman gintuen bide madarikatu hura egitera! Justiziak ekarri gaitu honat! Justizia! (Isilunea) Beti badaude tribunalak… Justizia ez, Mottela, indarra. Indarrak du garrantzia. Orain badugu nahiko indar. Badago indarra zuloak irekitzeko, baina zer erakusten digute zuloek? Kaskezurretako “kaskilloak” eta gerrikoetako “hebillak”… ze debilak, ze debilak ziren, ze debilak zeuden hiltzeko orduan, indarra behar zuten orduan… ez orain. Ahul ginen atzo, indarra badugu orain, atzokoa kontatzeko indarra… baina gaurkoa egiteko? Eta bihar? Eta etzi? Indarrik izanen dugu etzi? (Isilunea) Hainbertze indar hainbertze ahultasun azaleratzen…
ramona: Baina etxekoen oinazea? Hurbilekoen nahigabea?
juan: Seinaleak. Seinaleak berriz ere. Seinaleak beti ere. Hainbertze seinale. Gurutzeak, hilarriak, harriak… markak. Hutsuneak estaltzeko markak. Hain…
ramona (moztuz): Normala.
juan: Hori. Hain normala.
(Isilunea. Urrunean fanfarrearen hileta doinua.)
txoria: Horren unibertsalak, horren mundutarrak izan nahi, eta mundu zabal guzian preseski puntu konkretu bat topatu behar negar egiteko. (amandarengana hurbildu da) Eta gero nik ditut maniak!
amanda: Eta Manuel? Ez zenuten Manuel…
txoria (moztuz): Ez! Manuel ez!
(txoriak amandari motxila kendu dio.)
juan: Manuel ez. Hildakoak baino ez ditugu erre, gorpuak baino ez. Bueno… eta soldadu gazte hura… ez genuen aukerarik.
(Isilunea.)
mottela: Zenbat gorpu? Zenbat hezur?
(juan eta txoriak besaburuak altxatu dituzte. Isilunea. txoriak motxila estufan sartu du.)
txoria: Seinalea utzi, eta seinaleak ezabatu.
(Fanfarrearen hileta-doinua ozenago. juan izan ezik, gainerakoak estufaren bueltan elkartu dira; isilik. amandak buruko zapia kendu eta estufaren gainean zabaldu du. Zapia erdi zimurtuta gelditu da. ramonak zapia txukundu eta itxurosoago paratu du. Seinalea. Fanfarrearen musika isildu da.)
ramona: Heriotzak berdintzen gaitu!
juan: Heriotzak? Heriotzak ez. Heriotzak ere ez. Hildako batzuk ez ditugu ahantzi nahi, bertze batzuk ez genituzke gogoratu nahiko… batzuk oroituz eta bertze batzuk ahantzi nahian pasatzen dira urteak, pasatzen dira memoriak, pasatzen dira bizitzak… azkenean denak ahantzi arte! Heriotzak ez, ahanzturak berdintzen gaitu!
(Isilunea.)
amanda: Hildako batzuk ez ditugu ahantzi nahi, bertze batzuk ez genituzke nahi gogoratu, eta gehienak ez ditugu ikusi ere egiten.
(Isilunea. Gainerakoak amandari begira.)
juan: Heriotzak ez, ahanzturak berdintzen gaitu.
(txoria negarrez ari da.)
amanda: Zer duzu, Txoria, negarrez?
txoria (negarrez): Barkatu! Barkatu! Nire burua… Dena ahanzten zait beti! Dena ahanzten dut! Berehala berdinduko zaituztet denak! Barkatu! Barkatu!
(amanda, mottela eta ramona txoria kontsolatuz.)
amanda: Txoria…
txoria (aldenduz): Utzi!
(txoriak otarrea hartu eta buruan jarri du, bere burua ezkutatuz. Isilunea. begiluzea sartu da.)
begiluzea: Hara! Hara! Hara zenbat jende! Hara zenbat jende!
(amanda, mottela eta ramona presaka sakabanatu dira, bakoitza eserleku batean jarriz. juan txondor barrenean gorde da. txoria geldirik.)
begiluzea: Jende berria niretzat. Jende berria. (Txondorrera hurbilduz) Atera! Atera! (juan azaldu da) Ezagutzen dituzu?
juan: Bai.
begiluzea (txoriari): Eta zuk? Zuk? Ezagutzen dituzu zuk?
(Isilunea.)
begiluzea (juani): Erran mesedez badakidala hemen dagoela. Ikusten dudala.
juan: Txoria! Txoria! (Isilunea) Erantzun, Txoria! Ikusten hau, Txoria. Ikusten hau.
txoria: Egiatan?
juan: Bai.
txoria (otarrea burutik kenduz): Kauen Santa Cruz!
begiluzea (txoriari): Eta zuk? Ezagutzen dituzu zuk?
txoria (dudatan): Eee… bai!
begiluzea: Ederki. Ederki. Eta? Nor zarete?
mottela: Mottela.
begiluzea: A! Egia! Mottela.
ramona: Ni Ramona. Herrian bizi naiz.
begiluzea (amandari): Eta zu? Nor zara zu?
amanda: Amanda.
begiluzea: Amanda? Hara! Hara! Ez zara hemengoa, ezta? Nongoa? Kanpotik etorria?
amanda: Bai.
begiluzea: Aspaldi?
amanda: Ez. Duela gutti.
begiluzea: Hara! Kanpotik etorria, eta berriki… Bakarrik?
ramona: Ez. Gurekin dago.
begiluzea: Baina bakarrik etorria?
ramona (serio): Baina gurekin dago.
begiluzea: Ongi da. Ulertzen dut. (Isilunea) Idazkariaren alaba ez da oraindik agertu. Armairutik mendiko arropak falta ditu. Mendira etorriko zen.
ramona: Mendian galduta edo nonbaiten min hartuta egonen da oraindik; artzainaren bordaren batean edo…
begiluzea: Ez! Ez! Hipotesi guziak zabalik daude, baina hori ez da hipotesia. Mendian ere galduta zebilen kanpotarren batek hilko zuen; mendian ezkutaturik dabilen norbaitek; bortxatuta, edo bortxatu gabe.
(Isilunea. begiluzeak amandak mendian aurkitutako makila eskuetan hartu du.)
amanda: Lehengoan mendian aurkitu nuen!
begiluzea: Zuk? Hara! Hara! (txoriari) Zuk aurkitu zenuela uste nuen…
txoria: Bai! Ez! (Isilunea) Berak.
begiluzea: Eta orduan?
txoria: Bai, bueno. Berak aurkitu zuen, baina nik nuen!
begiluzea: Zergatik?
txoria: Eee… ez dakit.
(Isilunea.)
begiluzea: Non aurkitu zenuten?
txoria: Ez dakit.
amanda: Handik.
(amandak gibeleko aldera seinalatu du.)
begiluzea: Handik beraz! Ederki. Ederki.
(begiluzea gibeleko aldera abiatu da.)
juan: Garrasiren bat adituko genuen!
begiluzea: Zer?
juan: Inguruan hil balute zerbait adituko genukeen.
begiluzea: Noski, noski… ez baduzue zuek hil! Zuek hil duzue?
juan: Guk ez!
mottela: Zergatik?
ramona: Zertarako?
begiluzea: Ez dakit.
(Isilunea.)
txoria: Guk hil bagenu ere adituko genukeen garrasia… edo ez?
(Isilunea.)
begiluzea: Ez duzue deus ere sumatu inguru honetan?
ramona: Ni herrian bizi naiz.
mottela: Ni han! Hezurrak bilatzen!
amanda: Berriki etorria naiz…
juan: Ni ezin naiz hemendik mugitu.
begiluzea (txoriari): Eta zuk? Zuk? Zerbait ikusi duzu? Zerbait sumatu?
txoria: Nik? Nik? (Isilunea) Nik denborarekin guttiago ikusten dut, guttiago aditzen, guttiago oroitzen.
ramona: Galdu du begia, galdu belarria, galdu du burua.
begiluzea: Konforme. Konforme. Handik begiratuko dut. (amandari) Handik, ezta? Handik begiratuko dut. Handik. Handik. (Gibeleko aldetik ateratzear. Buelta emanez.) Zuek ez joan urruti. Etorriko gara. Etorriko gara berriz!
(begiluzea gibeleko aldetik atera da.)
juan: Ikusten duk, Txoria?
txoria: Guttiago ikusten diat.
juan: Ohartu haiz?
txoria: Guttiago aditzen.
juan: Berriz ere etorriko duk.
txoria: Guttiago oroitzen.
juan: Berriz ere etorriko duk, jende gehiagorekin. Ez dik lagun aunitzik izateko itxurarik, baina gehiago etorriko dituk. Bazekitek non garen, bazekitek gordelekua non dugun.
txoria (beldurrez): Bideak egitera berriz ere?
mottela: Bideak bukatu ziren! Bideak bukatu! Betiko bukatu!
juan: Beti badaude tribunalak! Beti badaude tribunalak! Eta gu hemen izan gara libreen. Badakite non gauden, eta ez dakite nor garen. Ez dugu aukerarik.
txoria: Akabatuko ditiat denak!
amanda: Ez, tTxoria, ez! Goazen hemendik! Goazen hemendik etorri baino lehen!
mottela: Nora?
amanda: Berdin dio. Hemen ez duzue ez ikatzik, ezta butanorik ere. Hemen ez dago hezurrik, ez dago senarrik, ez dago Manuel. Goazen hemendik! Goazen elkarrekin agudo!
(Urrunean fanfarreak jotako bals baten doinua.)
juan: Ezin dugu, Amanda. Mugiezinak gara. Hemengoak.
txoria: Betitik.
juan: Ez. Betitik ez. Baina aspalditik. Hemengotuak gara. Hemengoak. Hemen apurtu ditugu hegoak. Hemengo ke zuriak eta laino urdinak gorritu dizkit begiak.
mottela: Hemen lurperatu hezurrak.
txoria: Aireratu errautsak.
ramona: Hemengo lurretan ditugu sustraiak, Amanda.
amanda (ernegaturik): Sustraiak? Sustraiak diozue? Egon, egon denbora guzian sustraiei begira eta adarretako fruituak jan gabe ustelduko zaizkizue!
txoria: Ja! (Poltsikotik hurrak hartu eta ahoan sartu ditu. Aulkian jarri da) Ja!
(ramona besaulkitik altxatu da.)
amanda: Goazen hemendik! Goazen hemendik!
(ramonak estufatik zapia hartu eta buruan jarri dio amandari.)
ramona: Arrazoi du Amandak. Hemendik joanen gara, baina ez presaka, ezta gordeka ere, ez gaizkileak bagina bezala. Etxera joan, txukundu, arropak atondu, beharrezkoak prestatu, jendea agurtu, eta bihar joanen gara. Etxafuegorik bota gabe, zapirik astindu gabe, diskrezioz eta duintasunez.
amanda: Duintasunez. Beti duintasunez. Hori ikasi dugu bizitzan zehar. Berriz ere duintasunez. Baina zergatik behar du duintasunak hainbertze oinaze oinarrian? Hainbertze pisu? (Isilunea. amanda mugituz) Behingoagatik oinarririk gabe ibili nahiko nuke, hainbertzeko duintasunik gabe, koloretako kometak bezala hegan libre, harat-honatean.
ramona: Eta nork eutsiko dio hariari, Amanda?
(ramona ohiko bidetik atera da.)
mottela: Haizea ere azkenean beti noizbait gelditzen da.
amanda: Bai, baina gelditu bitarteko dantza? Egin dezagun dantza haizerik baden bitartean! Egin dezagun dantza! Dantzatu nahi, Txoria?
txoria: Nik? Ez!
(txoria altxatu eta hozkailuan jarri da.)
juan: Nork sinetsarazi nahi izan zigun txoriak arinak direla dantzan?
(juan txondorrean gorde da. amanda mottelagana hurbildu da. Fanfarrearen bals doinua ozenago.)
amanda: Mottela?
(amanda eta mottelaren arteko dantza, amaigabea irudikoz, baina amaitu dena azkenean, fanfarrearen musika bezala.)
mottela: Haizea gelditu da?
amanda: Bai. (Isilunea) Gurekin etorriko zara? (Isilunea) Leku guzietan badaude hezurrak.
(Isilunea. amanda bertze aldietako bidetik ateratzear.)
mottela: Antzerkikoa zen?
amanda: Nola?
mottela: Emandako muxua. Antzerkietakoa bezalakoa zen? Ematen dutenak, eta ez direnak ematen…
(Isilunea.)
amanda (irribarrez): Bilatzen, Mottela, bilatzen! Segi bilatzen.
(amanda atera da. mottela bertan gelditu da. txoria otarretik altxatu eta zakua hartu du. Ateratzear dela, trangaderara hurbildu eta aizkora ere hartu du. Beti bezala, gibeleko aldetik atera da.)