Herri txondorra
Manex Fuchs
Txoriak eta zauriak antzezlanak iraganaren iraunkortasunarekin lotzen gaitu. Pertsona errealetatik fikziorako pertsonaiak sortzen ditu: 1940an, Lesaka eta Oiartzun arteko errepidean behartuta lanean ari ziren ikazkin eta musikari bikote batek ihes egitea lortu, eta basoren batean ezkutuan biziraun dute gaur arte. Baina, Amanda agertzen denean aspaldian desagertutako senarraren bila, hezurtegiek beren egia azalarazi eta orain arteko oreka kolokan jarriko dute. Memoria eta kontakizunaren eztabaida puri-purian dagoenean, testu honek definizioak edo ziurtasunak baino, galderak eta zalantzak hobesten ditu. Gure baitan daramatzagun zauriak ez baitira Historia liburuetan azaltzen. Orbainak atzematekotan, gure kantutegian daude txirula doinuak lagun.
Iluntzen antzerki obra surrealismo magikoa eta errealitatearen iluntasuna uztartzen dituen alegia moduko bat da. Mundu eta aro baten amaiera kontatzen du. All iron, “oro burdina” garaiaren azken hatsa, iraganeko modernitatearen abaildura. Gure herria irudika lezakeen ez-leku bat jendez odolusten ari da. Ibai batek lurraldea bitan zatitzen du. Kristobal da ibaia gurutzatzeko dagoen mugalari bakarra, bidaiarien babesle eta erraldoi elbarritua. Aldi berean, bertan sekula gelditzen ez den tren bat igarotzen da ziztu bizian, denboraren burdinbideak ez baitu hegi honetan geltokirik. “Azkarregi doanarentzat geldirik dagoena desagertzen da, desegin” dio Shepherd Jaunak. Abiadura handiko bizitzak baztertu ditu hemengoak. Orduan mundu zaharraren salbatzeko dena da haizu lekuko mugiezinentzat, sakrifizioa barne.
Pier Paolo Pasolinik errana: “Antzerki erraza objektiboki burgesa da, antzerki zaila elite burges jakitunentzat da; demokratikoa den antzerki bakarra oso zaila da, antzerki herrikoia asmatzeko saiakera guztiek argiki erakusten duten bezala”. Gaizka Sarasolak ez du antzerki erraza idazten, herrikoia da bere funtsa. Bere antzezlanak taularatzeko, gorputzez, ahotsez eta irudimenez inplikatzea ezinbestekoa da. Lesakako Mairu Antzerki Tailerra bide horretan dabil azken hogei urte hauetan. Egin dituzten proposamenak ausartak eta berritzaileak dira.
Gaizka Sarasolaren irudimena mairuen mundukoa da, mendikoa, oihanekoa. Sortu duen agertokian ezagun egiten zaizkigun jendeak daude, xelebreak, ikazkinak, arotzak, baita animaliak edo mamu ezberdinak ere. Bere antzerkia poesiarekin eskutik hartuta doa. Erran behar da Gaizka txistularia ere badela. Musikak eta hotsek leku handia dute jorratzen dituen egoeretan. Kontrapuntua eta errepikapena jokoan sartuz, gaueko argi bat ematen du ikusgai. Proposatzen duen artea ez da berez oso zibilizatua, kultura jantziari sartzen dio bere ziria. Horrek guziak egiten du bere lana hain berezi, nortasun aberatsekoa, eskuzabala, sakona, girgileriarik gabekoa eta duintasun handikoa. Erran bezala, antzerki herrikoia sortu nahi duenak lanak izaten ditu: Mairu Antzerki Tailerrak zuhaitzak bota, egurra apaindu, batu eta txondorra egiten du, bere barneko sua ilunpetik hona ekarri eta eskaintzeko.