Oharra
Antzerki hau fikzioa da, baina bertan, zuzenean edo zeharka, azaltzen diren zenbait pertsonaia eta kontakizunen atzean, badaude egiazko pertsonak, egiazko izenak, egiazko gertakariak.
— Juan Cabrero Riero (Santa Cruz, Toledo). Ikazkina. Lesaka eta Oiartzun arteko errepidean bortxazko lanetan aritua BDST 14 batailoian.
— Isabelo Sanchez Alonso (Magan, Toledo). Musikaria. Lesaka eta Oiartzun arteko errepidean bortxazko lanetan aritua BDST 13 batailoian.
— Doroteo Serrano Lazaro (X, Toledo). Nekazaria. Lesaka eta Oiartzun arteko errepidean bortxazko lanetan aritua BDST 13 batailoian. Ihes egiten saiatzean, tiroz hila.
— Ramona Antxordoki (Lesaka, Nafarroa). Etxekoandrea eta bortz seme-alaben ama. Frankistek atxilotu eta sei hilabetez Iruñeko “Misericordian” preso egona, bere seme jaio berriarekin batera.
— Vicente Lanz (Lesaka, Nafarroa). Arotza, Centro Republicanoko idazkaria, eta Ramona Antxordokiren senarra. 1936tik 1940ra ihesean ibilia. 1940an itzuli eta espetxeratua. Zigorra beteta, arotz lanez gain, erlojuak konpontzen aritua. Ur bonba eta katu hidrauliko batekin, fideoak egiteko makina bat egin zuen.
Datu hauek, Angel Organeroren Batallón de pico y pala: cautivos toledanos en Navarra (Lesaka, 1939-1942) liburutik, eta Pedro Lanzen memoriatik jasoak.
Ikazkintzari buruzko ezagutza eta bizipenak, Peio Larralderen sukaldean bilduak.