Lau sasoitako zipriztinak
Lau sasoitako zipriztinak
1985, nobela
112 orrialde
84-398-3107-2
azala: Sempere
Eukene Martin Sampedro
1948, Bilbo
 
1986, nobela
 

 

 

Jonen etxea ez bazen nirea bezain zaharra, behintzat hotza eta bizitzeko desegokia ere bai. Eta are gehiago txikiagoa.

        Bikote bat eta Jonekin lan egiten zuen mutila ere bizi ziren, baina etorri nintzenerako «egongela» antzerakora trasladatu zen. Batentzako ohea geneukan, eta ez zitzaidan behatzik ere arduratu.

 

 

        Nire problema garratza bestea zen. Joserekin bizi nintzen garaitik aurreztutako dirua amaitua neukala. Dirua bukatu zitzaidanetik, Jonek doi-doi bere gastuak kubritzen zituelarik, zama haundia bihurtu nintzen. Ez nintzen oraindik ikastoletan lana bilatzera berriz ausartzen, honela ezin genuela bizi argi zegoen arren. Behin eta berriro Joni esaten nion bere egoera etorkizunari begira, beltza zela. Orduantxe, behin betikoz, bere asmoaz konturatu nintzen.

 

 

        «... Begira, Mari Jose. Edo ez duzu ulertzen edo nahirik ez, hamaika aldiz esan dizut eta. Ni, neu, koherentea izan nahi badut, neure asmoan jarraitzeko beharrean nago. Egiten dudan lanean pozik sentitzen naiz, gizartearentzako baliogarria dela uste dut. Badakit bidea zaila dela, nahiz ez bakarra. Baina hemendik hasi naiz, zerbait lortua dut, zenbat eta aurrerago joan hainbat eta argiago ikusten dut etorkizuna. Lan hau bizitzaren helburutzat hartua dut.

 

 

        Eskatzen didazun ziurtasuna ezin dizut eman. Momentuz ezin dut familiaren bizimodua eratzeaz pentsatu, horrez gainera gogorik ez. Bizimodu xinplea daramat eta irabazten dudanarekin nahikoa dut. Nirekin jarraitu nahi baduzu, honela onartu behar...»

 

 

        Udaren lehenengo izpi beroak zetozkigun barne-egarriak biguntzeko. Jaieguna zelarik, hondartzara joateko esan nion Joni. Eta, oso pasiboa nintzela, beti berak asti libretan planak asmatu behar zituela esaten zidanez, pozik eta harrituta onartu zuen.

 

 

        Entzuna neukan Algortako biluzizaleen hondartza basati batetaz; eta jakinguraz gaia interesatzen zitzaidan.

        Heldu ginenerako eguzkia bere gradorik beroenaz zegoen. Ni, pittin bat koldarturik, harrizko hormaren kontran kokatu eta, giza-eite zirriborratuak begiratzen nituen Jonek geriza bilatzen zuen bitartean. Duda gabe, larrugorritan zeuden gehienak.

 

 

        — Zeu ere erantziko zara, ala? —esan zidan barregiten.

        — Noski! —sasi-ziurtasunez erantzun.

Jonek gerizpean, bere gustoko lekua aukeratuz, erropa kendu eta antzinetako meiba luzearekin ormaren alboan jarri zen irakurtzeko. Ni, zuhurki, bikini lerrodunaz jantzita toailaren gainean jendea aztertzen ari nintzen. Neska-mutil eta andra-gizonen taldeak berezkotasunez, biluzik paseiatzen ziren. Zein gorputz eder beltzaranduak!

 

 

        Eta nik, zergatik ez?

 

 

        Apurka-apurka bikiniaren goiko aldea bizkarretik deslotu nuen. Ez ninduen inork begiratzez, baina neure bular zuria ikusteaz harritu nintzen.

        Guztiz lotsatuta, gorputz behera etzan nintzen toailaren gainean, atzeko aldetik eguzkia hartzeko.

 

 

        Haize leunak harea astintzen zuen, gorputza laztanduz.

        Itsasoa, bare eta urdina.

        Memela naiz edo...?

 

 

        Pentsatu eta egin. Gorputz gora jarri eta lehendabiziz eguzkia bularrean sentitu nuen. Hau gozotasuna! Zergatik andreontzat debekatua izan da atsegin hura?

 

 

        Izuz, ahozpez etzanda nengoenez, bi mutil zetozkidala ikusi nuen. Begiak hertsi nituen indarrez. Zergatik kezkatu? Haiek bainujantziekin zetozelarik, lotsa haundiago sentitu nuen. Gorputza behera jiratzeko gogoa ematen zidan arren, ez nintzen ausartzen, neu kokoloa ez izateagatik. Hurbil entzuten ziren pausoak nire taupadekin batera.

 

 

        Aurrez-aurre neuzkan eta geratu egin ziren. Elkarri hitz egiten zerbait zioten nitaz, barregiten. Dardaraka begiak zabaldu eta ijito antzekoek begiratzen ninduten lizunkeriaz. Berehalaxe altxatu eta Jonengana babestera joan nintzen.

 

 

        — Jon mesedez, ken iezazkidazu txarri hauek gainetik! —esan nion histerismoz.

 

 

        Jonek gainbegiratu lasai bat egin zidan.

 

        — Zergatik? Begiratu ezik ez dute ezer egiten.

 

 

        Zurbildu nintzen. Gazteleraz —nire lehenengo hizkuntza une deskontrolatuetan irteten zitzaidalako aritu nintzaion negarra eta irainen artean.

 

 

        Berak liburua hertsi serioki, altxatu eta ijitoei joan zitzaien, betidanik lagunak izango bailiran. Ezin nuen hiruren elkarrizketa entzun, baina nitaz trufatzen ari ote zirela susmatu nuen.

 

 

        Joan zirenerako jantzita nengoen. Gorrotz Jon begiratzen nuen, azalpen bila; baina berak, ulertezinki, gauza bera eskatzen zidan.

 

        — Jakin daiteke zer gertatu zaizun?

        — Irakurtzen zeundenez ez zara beharbada ezertaz konturatu. Baina etorri zaizkit eta... begiratu naute... hitz lotsagabeak esan dizkidate...

        — Eta zer?

        — Eta zer? Nahikoa! Molestatu egin naute. Andrea naizenez gero jasan behar ditut txarrikeria hauek, ala...? Gizona eta indartsua izango banintz... ordea...

        — Ezer ez! Zuk zirikatu dituzu!

        — Neuk? Ez dut ezer egin. Hemen jendea biluzik egoten da... hori ez da eragiteko.

        — Ezetz? Mutil horiek beheko mailakoak dira, langileak, langabeak edo kinkiak. Ez haien gustoz. Kultur gutxikoak eta zeu, ordez kultoagoa. Aurrerapenak egitekotan jasan behar dira besteen berenganatze falta... Guztiok pairatu ditugu opresioak. Beraiek, kultura falta, eta zeuk andrearena. Eta elkarbakean!

 

 

        Gertaera honetaz ulertu nuen bakarra Jonen matxismoa zen.

 

 

        Diru problemaz ito egiten nintzen. Ohitura txarrak baneuzkan, taberna batetara zerbait hartzera sartu ezinik, ezta tabakoa erosi edota erropa berria... azkenean janaria... ezin izaten nituen pairatu. Arratsalde batetan Begok gonbidatutako askari ederra amaitu eta gero, laguntza eskatu nion, ikastoletara lanaren bila konpaina nitzan.

 

 

        Pozik eskeini zidan, baina ezin izan genuen ezer topatu, ikastola mugimentua aurrera eta titulu falta gutxituz zihoanez.

 

 

        Jonek, gogortasunez, ez zuen nire egoera onartzen. «Dirua irabazi nahi baduzu, lan egin edozein tokitan. Alde guztietatik galdetu, zein lanetan aurreikusi gabe, eta topatuko duzu. Baina ez geratu han, etzanda kitarra ilunki jotzen. Honela ez duzu ezer lortuko».

 

 

        Begori esker, berauen lagun batzuei piano ikastaldiak ematea lortu nuen. Gogoz jo nituen berriro aspaldidanik ahaztutako tekla zuriak.

 

 

        Bapatean, Joserekiko bizitza burura etorri zitzaidan, mineriaz. Eta ez nuen hain mingarria oroitu. Jose gizarajoak, hobeto tratatzen ninduen eta makurka ordaindu nion! Zergatik ez leramake Jonek haren bizimodu ziur berdina...?

 

 

        Ondorioz izutu nintzen: nik, Jon Joseren bizimodua bezain beste maite nuen. Gauza biak elkartu ote...?

 

 

        Ohargabez, kanta zaharra jotzen nuen piano beltz disdiratsuaz. Teklatzen nuen arauera, kolkorako kantatuz...

 

«Hegoak ebagi banizkion

nirea izango zen.

Ez nuen alde egingo...

 

Baina horrela

ez zen gehiago txoria izango

eta nik

txoria nuen maite...

 

eta nik

txoria nuen maite...

 

 

* * *

 

 

        Rinnn.....!!

 

 

        Ikastolako txirrinak jotzen du lotsagabeki. Bost t'erdiak, irtetzeko ordua!

 

 

        Negu garratza oraindik bukatu ez, amatatzen dut, behin betikoz, magnetofoi gaiztoa. Hasperena.

        Automatikoki haurrak lekutik jaikitzen dira, eta zalaparta xuxurlariak betetzen du gela. Aulkien zarata, arkatzen erorketa, zapata eta boten narrasketa; xurrumurru, barreak eta algara. Ikaseguna amaitu egin da.

 

 

        Beraiek entzuten zuten bitartean egindako lana, erakusteko nahiean, inguratzen naute: marrazki loredunak, beroak, mineri eta elurrezkoak. Plastilinazko laberintoak. Paperezko mallukiak, kereizak, pikuak eta laranjak. Natura eta animalien lamina sailkatuak. Eta idazketak. Txoko bakoitzean konturaz taiutzen ditugu. Eta guztien gainetik, Carlosek garbira pasatutako olerkia gordetzen dut, laukiz plegatua.

 

 

        «Agur ande». «Bihar arte». «Musua emango deustazu...?» «Ondo pasa»

Gela hutsean oraindik bizitzaren garrasiak burrunbatzen dira.

 

 

        Astiro, nire gauzak batu, eta astiroago ikastolatik irteten naiz geltokirantz.

 

 

        Hotza dagoelarik poltsikoetan sartzen ditut eskuak. Eta hondoan, paper baten ertz gogorra ukitzen dut. Carlosen idatzia.

 

 

        Folio tximurra zabalduz, ume ametsa berrirakurtzen dut bekaizti.

 

«Jaio, heldu, zahartu, hil,

lau sasoiak dira.

Hasi, lortu, galdu, ezin

gizonaren bira.

 

.......................

 

Mendiak betidanik

inoiz bukatu gabe

tontorretan bizi dira.

Ze poza, gizonak bizi

mendiak izan bailiran!»

 

 

        Atertu egin du. Zorionez, euritakoa ekarri ez dut eta. Txaparroiek prestakuntza gabe, beti, harrapatzen naute...

 

 

Ea noiz bukatuko den negu hau...!