Lau sasoitako zipriztinak
Lau sasoitako zipriztinak
1985, nobela
112 orrialde
84-398-3107-2
azala: Sempere
Eukene Martin Sampedro
1948, Bilbo
 
1986, nobela
 

 

Beñatek negu txarra igaro zuen; txikitan erakusten zuen gogortasuna oraingorako, zortzi urterekin eta garaiegia zelarik, galdua zeukan: áskotan bronkitisa harrapatu, nahiz katarro, gripe edota une txarraldiak.

 

 

        Ohean sukarraz gelditzera ohitu ginen; baina hartan arraruago ikusi nuen. Medikuak gripea zeukala, aspirina eta oheaz osatuko zela esan zidan.

 

 

        Ikastolatik etxera abiatu baino lehenago tebeo batzu erosi nizkion, baina ohean geldi eta makurturik ikusiz gero, beldur nintzen. Sutan zegoen bekokia nire atzamar hotzek laztandu zutenean, begi lainotsuak zabaldu eta nekez hitz egin zidan.

 

 

        — Zer daukat, ama?

        — Gripea, laztana. Ez da ezer baina sukarra ematen du.

        — Ama, maite naun?

        — Nola ez! Gauza guztien gainetik...

 

 

        Hertsi zituen bere begi ñimiñoak. Ez zuen ez afaldu ezta higitu ere. Medikua berriz deitu nuen, eta gripe gogorraren epidemia oso zabaldua zegoela esanez, lasaitu ninduen.

 

 

        Gauean ezin nuen lorik hartu. Astiro-astiro Jose ez esnatzearren altxatu eta umearen logelara Joan nintzen. Arnasestuka eta dardaraka, ez zidan erantzun beso kiskaldua ikutu nionean. Askotan ikusi nuelako gaixorik, izutu egin nintzen.

 

 

        — Jose, hay que llamar al médico. El niño está mal.

 

 

        Izara tximur artean Jose, pijama finoaren barrutik. Aharrausi luzea boteaz bata zorroratu eta elkarrekin umearen logelara. Beñat ikutu zuenean, begira gelditu zen, pentsakor.

 

 

        — Tiene demasiada fiebre. Hay que llamar a un médico.

        — Está bien, mujer —esan zidan eskumuturreko erlojua ikusi ostean—. Pero podremos esperar un poco. Son las tres y media.

 

 

        Ordu horretan, umea aztertu ondoren eta gripe epidemia izanik, ez zitzaigula etxerako medikua etorriko, banekien. Baina gure lagunen bat mediku zen, eta deituz gero ziur baietz. Jose ez zen ausartzen mesede hori eskatzera. Ezin zela pertsona bat ohetik jaiki gure semeak gripe zeukala esateko.

 

 

        — ¿Y qué? Si nos dice que sólo tiene gripe, nos quedamos tranquilos. Para eso están los amigos.

        — Podemos esperar hasta mañana. ¿O es que crees que se nos va a morir?

 

 

        Txingorra eta ikasgelako kristalak elkar jotzen dute umeen atentzioa deituz. Leihoaren zirrikitutik ur tanttak txirrist eginez. Bitartean turuten zalaparta bortitza.

        «Ez zaitezte altxa, mesedez. Zeuen lekutik txingorra ikus dezakezue» abotsa motelki ohartzen dut.

 

 

        Zergatik esan zuen hori Josek? Zerbait susmatu ote zuen?

        Zoratuta nago, asmatzekotan medikua deituko zukeen eta beharbada...

 

 

        Instant batetan trumoi dunbotsak klarinetea amatatzen du: umeak urduri baileuden, barrez algaraka. Benetako neguak ahaztu erazten du Vivaldiren melodia.

 

 

        Medikua etorri zen arte igaro nituen ordu ikaragarriak, ahaztu ezinak. Beñati, eldarnio bizian, etengabeki izerdia zerion. Hoztuko zelakoan nengoen eta gehiago estali nuen.

 

 

        — Elurra egingo ote, andereño?

        — Ez dut uste.

        — Ba, nik ez dut ekarri euritakorik.

        — Laster pasatuko da. Txingorraldiek ez dute larregirik irauten.

 

 

        Izerditan jo eta ke. Joseren pauso higitsuak pasilotik. «Kezkaturik egon arren ez du bere laguna deitzea zuzen denik uste. Hau lerdokeria! Prejuizioaren munduan ez dago zer eginik».

 

 

        Zergatik ez nuen aurpegi eman, beste hainbestetan bezala, eta nirea egin?

 

 

        Harparen arpegioak ondoeza igotzen didate eztarriraino, zorabioa nabaritzen ari naizen batera. Irakaslearen mahai gainean eusten diot nire buruari, beira ilunetan so dauden umeei bizkarra ematen diedan unean.

 

 

        Beñatek ez zidan nire deia erantzuten, amets larrietan baitzegoen. Harrigarria zen zurbiltasuna suaren erdian! Burukoaren inguruan izerdi zikina zabalduz zihoan. Gizarajoa, blai eginda zegoen. Beharbada ez zitzaiola hainbat erropa komeni pentsatuz, oihal eta izara garbien bila noa.

        Logelatik kanpo. Jose, erabat deskontrolaturik.

 

 

        — ¿Está mejor?

        — No.

 

 

        — Hauxe txingorra! Landa zuri dago. Ez ote da elurra?

        — Ezin dugu leihoa pixkat ireki eta txingor batzu hartu, ande?

        — Ez.

 

 

        Esku oihal batez hasi nintzen lehortzen buru maitea; umea kexatzen zen motelki. Izarak atzeratzean pijama gorputzari itsatsia zeukan. Pixkanaka frakak bajatzen nizkion, izerdia xukatuz. Eta belaunetara heltzerakoan, zikin purpuretaz beterik zeuzkan zangoak. Salto bat emanik, Jose deitu nuen negarrez.

        Medikua etorri zenerako zikin madarikatuak bularreraino heltzen zitzaizkion. Laster ospitalera agindu zigun. Ohe-gainekoen artean estalirik neukan seme gaixoa bihotzaren kontra estutzen nuen taxi barruan. Ospitalean, Joseren lagunari esker, berehalaxe hartu zuten aztertzeko. Besoetatik kendu zidaten. Eta ez nuen gehiagorik ikusi. Sekulan ere ez.

 

 

        Txingorraldia geratu egin da. Eta orain, ikastolako leihotik kanpo, euria beti ari.

 

 

        — Rinnn... Rinnn... Rinnn...!

 

 

        Telefono alu hori jotzen etengabeki. Buelta osoa mariez, irteera topatzen dut mantaren azpitik. Barne erropaz jantzirik, pasilora abiatzen naiz aharrausi luzez. «Banoa, banoa, kontxo!» orroe egiten diot.

 

 

        — Nor da?

        — Hor zaude, Marijo? Zorionez! Bego naiz. Hemen behean gaude. Lamiaken. Etxean topa zintzakedala pentsatuz, deitzen zaitut. Bazatoz?

        — Orain...? Ze ordu da?

        — Bederatziak jo gabe.

 

 

        Logelako kristaletik zehar iluntasuna begiratzen dut. «Goizeko bederatzietarako argi izpiak nabaritzen dira. Gauekoak izango ote dira...»

 

 

        — Beno, hemen gaude. Itxaroten zaitugu. Agur.

 

 

        Eskegi egiten du. Entzungailuarekin eskuan paralizaturik gelditu naiz, erreakzionatu gaberik. Astiro ere eskegitzen dut. «Klik». Astiroago logelara noa. «Gaueko bederatziak. Hau bai dela, gauean lo egin ezinik eta arratsaldean berriz...»

 

 

        Nire gelako bonbila bakarra piztuz, kaos izugarria aztertzen dut: zur zaharrezko zolutik liburu sakabanatuak zapatekin batera. Armarioko ate zabaletatik erropa pilotua. Otzarak, botila hutsak. Mahaiaren gainean plater zikin eta sardeska. Txokoan kitarra bi soka faltaz. Eta pitxarran lore eiharra.

        Berehala amatatzen dut.

 

 

        Oraindik jantzi gabe leihora noa, Zazpi Kaleetako zalaparta entzutearren. Behin eta berriz aharrausia. «Eta zergatik ez joan? Gau osoan ez dudala lo egingo ziurra da. Hobeto Lamiak tabernan asti apurra galduko dut». Eta janzten hasten naiz.

 

 

        — Azkenean heldu zara!

        — Kaixo! Nitaz kezkatu zarete, ala?

        — Kezkatu ez, baina... Aizu, Marijo, ez duzu Jon ezagutzen.

        — Ez, eta hark neu ere ez.

 

 

        Begok aurkeztu didan mutila, heldua da, garaia baina argalegia. Esku beroa barreginez ematen dit, antzinetako eran.

 

 

        Jendea kolpeka datorrelarik, han geundenok estutzera derrigorrez. Horrexegatik ostirala dela susmatuz, alde egiteko gogoa datorkit; egun hauetan toperaino egoten dira tabernak, eta jendeak, farre bila, ez du presarik ezertarako. Nazkagarriak izaten zaizkit! Halaere ez dut nire burua higitzen.

 

 

        — Zer diozu, «begitriste?» —esan dit Jon horrek, jendearen arranpaz barraren kontran sakatu eta berehala.

        — Ezer ez. Eta zeuk?

        — Neuk bai. Ez dagoela bat ere ondo aurpegi honetaz honelako egunetan hemendik agertzea. Semerik hil zaizu, ala?

 

 

        Neuk «txit» esan baino lehenago, beste batzukin hizketan dagoen Begok automatikoki burua bueltatu eta Jon, gorrotoz, begiratzen du.

 

 

        — Kirten! Ez duzu beste moduko txisterik?

 

 

        Ez dit ematen astirik mutilaren aurpegi harritua aztertzeko. Jende dunbotsaren artean bultzaka bidea zabalduz, kalera abiatzen naiz, Begoren deiadarrak entzun nahi gaberik.

 

 

        «Semea hil zaizu? Semea hil zaizu?» horiek ozentzen zaizkit belarrietan. Nahitaez, sabelean eta eztarrian korapilo handi batekin, oroitzen dut egia: Semea hil egin zait. Meningitis fulminante batek eraman zidan. Kotxearen barruan nire bularraren kontra estutzen nuen koxkor maiteaz, konortea galdurik eta gorputz lirain tentsoaz, eskuarekin buru eder jausia eusten nuen bitartean, oroitzen dut.

 

 

        Lurperatu zuteneko egunean, ni, begirada leihoaren horizontean galdurik Joseren negarrak laztantzen ninduen batera. Etengabeki zioen beste bat izango genuela. Baina ez dut nahi besterik, berau baino.

 

 

        Neu tontoa! Joserenganako soiltasuna konturatzeaz, nire bizimoduarekin konforme ez izateaz, helburu gabeko bizitza lotua sentitzeaz pairaturiko sofrimendua, huskeria zen. Oraingoa bai benetako desesperazioa!

 

 

        Nora joan jakinik ez, Kaskagorri tabernara sartzera noa. Honetan eta bestetan ere bai, gau osoa eman nuen. Alkoholaz oroimen guztiak zirriborratu eta goizean goizetik Ronda kaleko etxera bihurtu nintzen, zabuka.

        Ez zen inor nitaz konturatu —pasilotik bi aldiz zaratatsuki erori arren— ezta neu inortaz ere ez. Askatasunaren prezio garestiegia!

 

 

        Atean deitzen zuten. Deien hotsek gogorkeriaz jotzen ninduten zarata-kutxa bihurturiko buruan. Oraindik betazalak zabaldu ezinik, Mikelen abotsa entzun nuen.

 

 

        — Aizu! Sar naiteke?

        — Bai. Baina ixiltzeko, mesedez —nire abotsa erro batetik zetorrela zirudien.

 

 

        Atea ertireki eta buru beltzaren eta kirimildua ageri erazi zuen.

 

 

        — Parka, erosketa egin dut eta gaur janaria prestatzea tokatzen zaizu.

        — Janaria? ¡Oh, no! Buruko min honekin ezin izango dut higitu ere. Egingo didazu txanda nire ordez, Mikel?

        — Ezina da. Klase bat galdua dut eta aringa irten behar...

        — Bale, bale. Ikusiko dut. Hertsi atea.

 

 

        Gela osoa dantzatzen zitzaidan. Atzo zer egin nuen gogoratzeaz errebueltakin batera, lo gelditu nintzen.

        Geroago Ireneren orroek itzarri ninduten. Haserre bizitan gelan sartu, pertsianak igon eta sukaldera joateko agindu zidan.

        Bere txakur itzela arnasestuka aurpegiaren aurrean neukan, enpagoaz. Poliki-poliki brusa gainetik jarri nuen. Soberan nekien sukaldean itxaroten zidan ekaitzaren berri.

 

 

        — Azkenean erregina etorri jaku! Zer? Atzo farra, e? Beti lez. A, baina bazkaltzekua, hor konpon! Non pentsau dun hagoela? Neskameagaz berriro? Ba, ez...

        — Ixil Irene. Ixil... mesedez —ezin nuen ezer esan, gainera halakotan euskara ez zait burura ondo etortzen.

        — Ixil? Heu, bai! Lotsagabe! Ordubietarako eta guztiok baraurik. Hau akabua! Baina bukatu dau, ziur.

 

 

        Ahal nuen bezala eseri nintzen nire ideiak ordenatzearren. Baina sukaldeak biraka zerraidan. Aurrean neuzkan eite zirriborratuak asmatu nituen: Mikel zutik arraultzak frijitzen; Peggy eta Andoni beraiek egindako janari bereziak bazkaltzen; txakurraren aurrean, Irene zangoak zabaldurik, besoak pitxerraren eran. Guztiok niri begira.

 

 

        — Parka nazazue. Badakit nire txanda zela, baina txarto nago...

Ireneren hitz-arranpak sukaldea eta nire burua ikara erazi zituen. Irene zantarra, beti arrazoia izanagatik!

 

 

        Berea zen etxe itsusi hura, —behintzat hori zioen—, eta berari ordaintzen genion gelaren alokairua. Logela zabalena hartu, eta han bere atrapario guztiak gorderik zeuzkan, txakurra izan ezik. Txakurrak, sasoiaren arauera, alfonbra zatarra ilez zikintzen zuelarik, pasiloan egiten zuen lo. Lesbiana izan arren, bakarrik bizi izaten zen, lagunek jasan ezin baitzuten edo.

        Enpagoa ematen zidan bere beso lodikoteak, jeringa seinalez beterik.

 

 

        — ... egunero gauza bera —etengabeki zerraidan— ... bestian, komuna tokatu jakun eta garbitu pez. Baita txarto?... ez dogu berbetan hire gelagaz... korta dala ematen dau...

        — Nire gela? Eta zuri, zer?

        — Baietz! Molestatu egiten deust.

        — Zeure txakurrak neuri gehiago, eta holan eta guztiz ere aguantatzen dut.

 

 

        Instant batetan mutu geratu, koraia begietatik irteten zitzaion eta. Mikelek arraultza frijituak jaterakoan, esku sartu zuen haserre.

 

 

        — Itziozu bakean! Ez duzu ikusten txarto dagoenik? Beltzak pasatu ditu. Zeu berdin egotekotan, Irene, ikusi beharko geunke.

        — Neu? Akabua! Lerdokeriak pagatu egiten dira, txo. Hauxe bai dala! Neure bizi guztian ez dot semerik eukiko, ezta gizonik ere...

 

 

        Behin eta berriz nire egia oroit erazten zidaten. Zergatik ez ninduten baketan uzten? Negargura jasangaitza sortu orduko ni etxetik alde egiteko beharra tratatzen zuten. Jaiki eta gelara joan nintzen.

 

 

        Zorabioaren erditik entzundakoak ordenatu nahi nituen. Izuz, berriz kalean egoteko posibilitatea berrikusten nuen, aurrekoetan zein txarto igaro nuen gogoratuz. Aukera hau hartzekotan, Mikel eta Irenek nora joko luketen banekien. Andoni eta Peggyrengan zetzan koxka. Zer pentsatuko ote luke bikote landarejale horrek?

 

 

        Peggy, betidanik ixila —arrotza zelarik ez zekien ez euskaraz ezta gazteleraz ere. Beharbada, etxe hartan entzuten zigunagatik, euskara bestea baino gehiago ulertzen zuen— sukaldean burruketan ibili garen bitartean, behin, soilki, aulkitik jaiki patiorako leihoa diskretoki hertsi zezan.

 

 

        Andoniri, guztiz hermetikoa izanik ere, baserriko naturaltasuna nabaritzen zitzaion higitzen zenean. Mikelengandik entzuna neukan landarejale bi horiek unibertsitatea utzi ondoren, baserri urrun batetan elkar ezagutu zutela, taldezka ortuan barazkiak landatzetik bizi izaten zirenean. Baserriko talde hori, sasimistikoa are gehiago progrea, jende gazte eta ikasiaz osotuta zegoen, baina azkenean besteak bezain txarto zihoazen harremanetan.

 

 

        Ligatu ondoren beste kideek nahi zuten bezala, baserri batetan bakarrik bizitzea hartu zuten helburutzat. Dena dela, Mikelek gorrotatzen zituen, erabat ezberdin zela eta; honek euskal filologia ikasiz gainera, gau eskola batetan ikastaldiak ematen zituen arratsaldez. Nik ez nituen atsegin ere, eta sukaldean hainbat espezia-pote eta gauza arraru ikusteak —gehienak usteldu eta lizundurik— higuina ematen zidan.

 

 

        Ezin nuen jakin zer aukeratuko luketen ni etxetik botatzeaz. Eta, badaezpada, egun batzutarako, gela ordena, komuna garbi eta janaria prestatzea nire buruari exijitu nion.

 

 

        Berriz geratu nintzen Begorekin Lamiaken. Ni sartzerakoan Bego heldu ez bazen ere, beste mutil kakanarru hura ikusi nuen. Ez nintzen bere izenaz gogoratu.

 

 

        — Arratsaldeon, Mari Jose. Jon naiz. Nitaz gogoratzen zara?

        — Bai... uste dut.

        — Noski baietz! Hanka sartu nuen une batetan. Triste ikusi zintudan eta...

        — Utzi eiozu. Ez du axolarik.

        — Niretzat bai. Nire nortasunaz edo, askotan gauza desegokiak esaten ditut. Noizean behin ez dute ardurarik, baina bestetan... Parka, zer hartu nahi duzu?

        — Ez dakit —ohargabez bekokia ikutu nuen beste egunean harrapatutako mozkorraz gogoratzean—. Zerbeza bat edo.

        — Edan zenuen larregirik bestean? Nire erruz beharbada...

 

 

        Nigatik kezkatua sentitzeak hunkitu ninduen. Parra-parra eta naturaltasunez hitz egiten zuenez, gustora sentitu nintzen. Bego ez zen heltzen eta Txomin Barullo tabernara joan ginen. Bere lanaz aritu zen: medikua, eta planing toki batetan lanean ziharduen. Gaia interesatu zitzaidan. Ez zen gizon ederra, baina hitz egitean zerbait berezia igarri nion.

 

 

        Bere asti libreetako asmoa ibilaldiak egitea zela kondatu zidan. Ingurua ondo ezagutzen zuela iruditu zitzaidan. Leku eta herrietaz maitasunez hitz egiten zuen.

 

 

        Bapatean, igande batetan Zierbanara joatea proposatu zidan. Ideia zaharrak bururatzen zitzaizkidanez, baietza esan nion. Zierbana, itsaski herri eder hura!

Oraindik izango ote da...?

 

 

        Gau hartan, beti bezala loak hartu ezin baninduen ere, artegatasun lasaian murgildurik nengoen, hurrengo egunerako helburuak bait nituen. Herrixka horretara joateak gomuta piloa erakartzen zidan, ez mingarriak, alaiak baizik.

 

 

        Jonek kotxerik ez zeukalako, Santurtzira trenez joan eta gero autobusa hartu Zierbanaraino. Motxila txiki bat lepoan eta mendirako botak zerabiltzan. Janariaz bera arduratuko zela esanez, bokadilo batzu eraman zituen. Bai sorpresa! Errestaurantera berriz joango nintzela suposatzen bainuen.

 

 

        Herria, gogoratzen nuen bezain eder zegoen. Baina portu txikiaren gain-gainetik hain zuzen, zubi fantasma bat eraikia zuten, ezertaz komunikatzeko. Jonek suminduraz azaltzen zidan arazoa, estetikari bortxaketa. Gure ogibitarteko tristeak jan aurretik, hango luxozko errestauranteen leihatilak ikusteko gogoa neukan. Baina Joni itsaskirik ez zitzaion axolarik. «Goazen» hotza esan zidanean bekaizti begiratzen nuen otarrain erraldoiaren bat, nire lehenengo afariaz gomutatzen.

 

 

        Zenbat gauza handik hona!

 

 

        Itsasertzeko bidetik Santurtzira abiatzen ginen oínez. Zapata erosoak izan arren, ohitura faltaz edo nekatuta nengoen, eta sirimiri leunaz, hotzituta. Edozein taskatan zerbait hartzeko premia neukan, baina Jonek, gogorik ez, eta trenerako dirua doi-doi bakarrik.

        Hortaz, oinez jarraitu genuen.

 

 

        Ohean nengoelarik guztiz ondo lo egin núen. Ez dakit ondo pasatu edota jota nengoelako.

 

 

        Gero eta gehiago irteten ginen elkarrekin Jon eta biok. Eta harrezkero, gero eta gehiago ezagutzen nuen bere nortasun bitxia.

        Ideia politiko zehatzak bazituen, bere burua «marxista» izendatzen zuen. Neuk ez nekien ondo hori zer zen, baina pentsatzen nuena ez zela, argi zegoen. Barakaldoko zentro sikosozialean lanegiten zuen, eta gauza ezustekoaz, ez zuen ia-ia dirurik irabazten. Goizeko hamarretan hasi, seirak arte ez zen etxeratzen. Han, anbulategi antzekotan kontsultaldia pasatzen zuen lagun batzukin. Eguerdian ogibitartekoa jan ostean, jarraitzen zuen. Halaber arazoak tratatzeko biltzen ziren sarritan. Etorkizunean Ziurtasun Sozialaren barruan egoteko asmotan, lanean ziharduten.

 

 

        — Jon, ikasteko beharra duzu, ezta? MIR edo ikastaroren bat egin dezakezu. Honela puntuazio haundiagoz beharbada lana topatuko zenuke.

        — Badut lana. Zer nahi duzu, mediku burges baten bizitza jasotzea edo? Dirugabekoek ere behar dute medikua. Horretarako hain zuzen ikasi nuen hainbat urtetan.

 

 

        Haseran bildurrez, geroago premiaz, bizitzan gertatutakoak azaldu nizkion, eta buru-belarri entzuten zidan: «... senarra labur gelditzen zitzaizun, gehiago behar zenuen eta. Askotan gertatzen da arazo soil hori bikoteengan. Dena dela, orain askatasuna daukazu eta zeurea bila dezakezu. Bazter semearen hilketa eta probetxa ezazu bizitzak ematen dizun posibilitate berria zeurea lor dezazun!».

 

 

        Egia esan, gero eta gehiago ohitu nintzen berarekin, nire bizitza hutsari helburu ematen ziolako. Hobeto lo egiten eta etxea ordenatzen hasi nintzen. Ireneren protestak mutu gelditu ziren.

 

 

        Igande batetan Jonek, berau jaio zen herrira joango ginela esan zidan.

        Herriaren izena eman arren, izenak berak, ez zidan ezer esaten, non edo nondik zegoen ez bainekien. La Arboleda, hain zuzen.

 

 

        San Salvador del Vallera helduz gero, La Reinetako funikularrera abiatu ginen. Txikitan, Artxandakoa ezagutu nuen, baina besteren bat ote zegoen Euskadin? Idearik ere ez.

 

 

        Ibilgailuak oso primitiboa zirudien. Geu atzeko ertzean montatu eta, herrenka bailitzan jasotzen hasi zen fabrikaz beteriko haran kutsatua behean utziz. Sekulan ere ez nuen ikusi paisaia industrial hura! Makinaren herrenkada bakoitzean lurra zabalduz zihoan. Etxe, lantegi eta karretera pilotuak txikituz, mendi hurbil eta ilunak aipatzen ziren. Apurka-apurka, misterio bitxia agertzera bailitzan, itsasoa nabari zen.

 

 

        Hegaletan, mimosa mordoek biguntzen zituzten inguruko meatzari zelai idorrak.

 

 

        Heldu ginenerako beste planetan murgildurik geunden.

 

 

        La Reinetatik La Arboledara abiatzen ginen bidean zehar. Ekaitz itzelak jotzen gintuen, eta horretarako jarririko kableetan eusten genuen gure burua.

 

 

        Goroldiozko landa ugaritan potto ilun eta beltxaranak arrapaladan. Mendi biluzietan meatzulo zaharrak. Laku berdeek, antzinetako mineralki-garbilekuek, beraien barnetik sortutako harri zuri zorrotzak inguratzen zituzten. Han hemenka lur gorria. Ez dago zuhaitzik batere paisaia ilargitsu honetan.

 

 

        — Zer deritzozu honi?

        — Ez daukat zer azaldu. Inoiz ere ez ikusitakoa da niretzat.

        — Ba, neuri, batez ere ederra dirudit. Gehienak Durangoaldea, Arratia... horrelako bazterrak nahiago ditu. Baina, beharbada hemen jaio eta ohitu nintzelako, toki langile hauek maite ditut. Begira hara, han jaio nintzen, hain zuzen.

 

 

        Lur gorri eta berduraren barruan etxe zuriak ikusten ziren. Haraino joan ginen.

 

 

        Kale nagusi txikitxua, paseiatzen eta hitzegiten ari zen jendez beterik. Topera zeuden tasketan langile eta mendizaleak batera. Haietariko batetan sartu ordurako, jadanik Joni langile itxurazko zahar batzu etorri zitzaizkion. Biziki agurtzen zuten. Ezin genuen txandarik batere ordaindu, beti gonbidatuta geunden.

 

 

        Ez zizkidalako ezagunak aurkezten, galduta nengoen. Horrez gainera neu ezberdina sentituz, zer esan edo egin jakin ezinik. Harrigarria iruditzen zitzaidan niretzat berria zen giro hura: jende tximurra, adierazkorra, zuzena. Erabat eskuzabala. Etxe batetara derrigorrez bazkaltzera joan behar, eta han, gordeta zeuzkaten pitxi guztiak geure ohorez jarri zituzten.

        Arratsalderako, denaz eta gehiagotaz beterik, irtetea lortu genuen, Jonen motxila paketez kargatu ondoren.

 

 

        Herritik irteterakoan Jonek etxe txiki eta umila seinalatu zidan, hartan jaio bait zen. Bere haurtzaroa bururatu zitzaidan aita meatzaria zelarik.

 

 

        — Jende honek asko maite zaituela argi dago.

        — Medikua naiz eta herrikoa. Horrez gainera harro daude nitaz.

        — Eta nola zetorkizun euskara ikasteko asmoa?

 

 

        Hitz laburrez bere barne prozesua azaldu zidan. Langileak bezala, euskal kultura eta hizkuntza bazterturik, txokoraturik zeudela konturatu zen. Langileek, arrotzak zirela, kultura-giro baten beharra dute. Zegoena faszismoak taiutua zen, langileriaren aurka. Euskal kultura, ordez, hutsa.

 

 

        Handik, langileentzat berreskuratzeko asmotan zegoelakoan, beraxe sartzeko premia sortu zitzaion. Eta medikuntzarekin batera hizkuntza ikasteari eman zion.

 

 

        Nire interesa hazten zen neurrian bere barnekoa gehiago zabalduz zihoakidan. Alderdi politiko abertzale batetan sarturik egon zen. Baina laster euskal kultura, bera soilik, helburu bakarra zela eta langileriaren arazoak beheko gradukoak zirela konturatuz, utzi egin zuen.

 

 

        — Euskararen eskubideak defendatzen zituzten bakarrik. Ikastoletarako subentzioak eskatzeko grebak armatu, eta bat ere ez oraindik eskolarik gabeko hainbat ume langilentzat. Ikastoletako irakasleek ikasgeletako kopurua gutxitzeko burrukatu, euskara zaila dela argumentatuz, eta eskoletan, kopuru doblea eta gizartearen arazoak ere bai: paroa, integrazio falta, diru problema, kultura baxua... Hori guztiori alderdi abertzaleei bost axolarik. Poliziak norbait detenidu egiten zuenean, ETAren aldekoa zelarik edo, makina bat manifestaldi. Baina langileen lan-errebindikazioaren alde abertzalerik ez...

        Berekiko mirespen izugarria iratzarri zitzaidan.

 

 

        — Itzela da, Jon. Hainbat ahalegin egin duzu bizitzan! Eta zutaz, zure egoeraz edo etorkizunaz ez duzu inoiz pentsatzen...

        — Ez da hori egia. Nik, neuk, beti nigan pentsatzen dut. Ez naiz apaiza, neska, marxista baino. Abadeak beti gerokorako jokatzen dute, eta karitatea delako gauza arraru horretaz. Txikitatik jendea sufritzen eta burrukatzen ikusi dudanez gero, neure buru marxistak inposatzen dit gizarterako bidea. Eta honela pozik nago. Egiten dudanaz soilik...

 

 

        Une hartan susmoa argitu nuen. Jose, nire senarra, labur, soil gelditu bazitzaidan, Jon, aitzitik, handiegia zen niretzat. Izutu egin nintzen.

 

 

        Funikularrean jaisterakoan, zilarrezko iluntasunak estaltzen zuen, konturaz, dardaraka zegoen giza haran kutsatua.

 

 

        Urrun, itsasoa ezkutatu zen.

 

 

        Nire izakera maitasunezko egarriz beterik zegoen. Eta biziki maite nuen Jon, sekulan nitaz sekulan ezagututako maitasunaz. Garai batetan aurreko guztia ahaztu erazi zidan, eta aspalditik gordeta neukan premia berbizi zitzaidan.

        Bera zen nire mundu eta burua. Berarentzat, soilki, bizi izan nintzen.

 

 

        Abratik paseiatzen ikasi nuen, hodei eguzkitsuak amatatzen zirenean, itsasoko bakardade izugarria nabarituz. Kai lainotsuen artean ibai zahar eta industriala miresten ikasi nuen. Mendi tontorrera igotzea saria izanez, zeru urdinera hurbiltzen ere ikasi. Bilboko kale grisetatik zehar, denda, jende eta zarata ikertzen, ikasi nuen.

 

 

        Bakarrik noizean behin Jon eta biok elkar jotzen genuen. Ibilaldi hauetan, nire indar bizi jaioberria bapatean irteten zitzaidalarik, musu, txiste, kanta, barreaz adieraziz, Jonen egoeraren aurka zihoan. Berak, kutsadura, fabrika, langileen problema, urbanizazio arazoa, kontsumoaren jokuari ematen baitzien: bizizaletasun primitibo eta logikaren arteko ezberdintasunak zirelako.

        Elkarrekin bizitzea erabaki genuen.

 

 

        Nire Zazpi Kaleetako etxea ez zitzaion batere gustatzen «... zure lagun horiek progre hutsak dira. Ez naiz gai haiekin bizitzeko», esaten zidan. Eta bere Barakaldoko etxera joan ginen.

 

 

        Penaz, Bilbora oso gutxitan etorriko nintzelakoan nengoen, Zazpi Kaleetatik zehar azken ibilaldia eman nuen agur niezaien. Handik nengoelarik, melankonia grisak harrapatu ninduen. Begi hunkituez gauzak berrikusten nituen.

 

 

        Zazpi Kaleak. Haiek taiutzen dute burdinezko bihotza. Zulo batetan lekuturik, eskuzabala dirudite: zubi-hatz desesperatuak hedatzerakoan Bilboren gorputz osoa ukitzeko nahian. Nola hiri ustelduaren odol kakaztua edo eta enbor zahar baten sabia, ibai anarko eta zerbait punkia narrasten da saihets azpitik. Zeru gris moreak harrapatzen ditu hauts eta keaz eginiko taupadak.

 

 

        Arenalean ezki destintatuek bizirik irauten dute, inausketa jasan ondoren. Barne muinetan Done Jakue katedrala, orain garbiturik, orain zikindurik.

        Zazpi Kaleen oihuak horma guztietan: eskuma-ezkerreko esaldi klandestinoa, pintaegile aprendizaren mezu ideologiko sutsua, gaztetxoaren hitz gorria, oroitgarrizko plaka gertaeraren tokian...

 

 

        Haginka eginda daude erakusleihoaren zuloak. Izerdiaz pizten dira iluntzean taberna eta dendetako argiak. Eguneroko zapalketaz astintzen da Zazpi Kaleen gorputza, xirimiriak eginiko putzuetan zipriztinduz, lauxazko zoluan ildoak urratuz.

 

 

        Haginka, izerdiaz, zapalketaz eratzen dute Zazpi Kaleen pertsonek Bilbo deituriko hiri surrealista honen bihotza. Eta egia da, pertsonez osaturik dagoelako. Hortik ibiltzen direnek arrastoa uzten dute —uzten dugu— marraskilo eta bareek muki urrats itsaskorra uzten duten bezala, historiaren begiek ikus dezaten.

 

 

Agur eta ikus arte.