Lau sasoitako zipriztinak
Lau sasoitako zipriztinak
1985, nobela
112 orrialde
84-398-3107-2
azala: Sempere
Eukene Martin Sampedro
1948, Bilbo
 
1986, nobela
 

 

Isilunea nabaritzeak oraingo errealitatera narama, ikasgelan mahai eta umeez inguraturik berriro oroipenek nire bizitza gorpuzten duten bitartean. Ume askok nik bezalako letargoa pasatu dute edo, gehienek burua jaso, diharduten lana eten eta elkar arteko begiradak jaurtikitzen dituzte aurpegi harrituez, espazioan lekutzeko asmotan. Isiltasunak esnatu erazi gaitu. Bostak eta hamabi dira: udaberri eta uda oso batek hamabi minutu soilik iraundu dute.

 

 

        — Zer diozue? Musika hau zuen gustukoa izan da,

ala?

        — Bai!! Oso polita.

        — Orain udazkena, ezta ande?

        — Bai. Orain udazkena dator. Eta azkenean negua.

 

 

        Zergatik jakin gabe, hotzikara sakon batek nire gorputza astintzen du. Automatikoki zintari buelta ematen ari natzaio esku trebez eta «play» jotzerakoan magnetofoi txikia dardaraka hasten da.

 

 

        Udaberriaren lehenengo sarrerak agurtzen bagaitu ere, nik, neuk —hainbeste bider entzunez gero— badakit lehenengo aldean soinua trinkoagoa izan dela, sasoi hartako txorien hegaz egitea trinoen eitearekin sentituz, musikazko landetan lore usaina entzun ahal dela melodia osoa sendoago mantenduz.

 

 

        Orain, aitzitik, udaberriaren freskura galtzen ari da eta seriotasuna gehituz doa, tristura pixka bat ere bai. Txirula eta bibolinen gardentasunaren faltaz, onden ildoak asimetrikoak dira, doinua deskonposatzen ari da zenbait unetan. Tristura, sentimendua, kamutsa da. Frustrazioa beharbada. Baina gogoa. Txirularen bakarrizketa negarra da. Oroipen mingarria. Malenkonia.

 

        Nahitaez udazkena etorri zait. Udazkenean nago.