Aurkibidea
Vivaldiren "Lau sasoiak" entzuteko magnetofoia entxufatzen dut...
Bilbo zentroko etxe zahar bat, nire aita...
Durangon, 1975ean. Elizaren ondoan jende pila...
Udaren amaieran ezkondu ginen Begoņako basilikan...
Isilunea nabaritzeak oraingo errealitatera narama...
Gaur Jose oso goiz etorri da lanetik...
Aurkibidea
Vivaldiren "Lau sasoiak" entzuteko magnetofoia entxufatzen dut...
Bilbo zentroko etxe zahar bat, nire aita...
Durangon, 1975ean. Elizaren ondoan jende pila...
Udaren amaieran ezkondu ginen Begoņako basilikan...
Isilunea nabaritzeak oraingo errealitatera narama...
Gaur Jose oso goiz etorri da lanetik...
Azkenean Bego deitu nuen. Ez nekien non bizi zen, eta telefono zerrendan gurasoen telefonoa bilatuz gero, deitu egin nuen. Harrituta nengoen, une horretan etxean ez zegoela baina gauerako etorriko zela esan zidaten. Gauean berriz deitu eta berarekin hitz egin nuen. Mari Jose nintzela, Mari Jose Rebolledo esan nionean, hutsaldia pasatu ondoren, bere abots indartsu eta hunkitua entzun nuen hariaren zehar: Marijo... aspaldiko. Nola da posible? Hainbat urte zutaz ezer jakin gabe... Berarekin egoteko gogo handia neukala esan, eta hurrengo egunerako arratsaldeko bostetan gelditu ginen Patxon, Zazpi Kaleetako sarreran zegoen kafetegian.
Gau osoan bere irudia oroitzeari eman nion: uniforme madarikatu eta orain maitegarriaz, txima zeriola agin zuri inguruan. Zenbat asmo egin genuen elkarrekin! Baina gero Jose ezagutu nuen eta gure harremana moztu egin zen.
Ez dakit gehiagorik berataz.
Hurrengo eguna luze iruditu zitzaidan zortzirak heldu arte. Mari Carmeni lagundu eta nire janzkera aukeratzen aritu nintzen. Zortzirak baino lehenago toki berberan nengoen, sartzen zen jende guztia aztertuz. Eta Bego etorri zen.
Zutik barraren albotik, sartzerakoan ikusi nuen. Berak gainbegiratu bat bota eta nigan finkatu zuen begirada, gero alboan zeudenengan eta berriz nigan. Astiro zetorkidan, pauso zabalak emanez.
Marijo! Zu zara? Ez da posible!
Ez neukan zer esateko. Elkar besarkatu genuen. Gero barre algarak.
Gure kafesnearen atzetik zeharretara begiratzen nuen etengabeki hitz egiten zuen bitartean: ile motza, begi txiki dizdiratsuen aurrean, alkondara kuadroduna eta panazko frakak. Atzazal laburrezko esku luzea higitzen zuen elkarrizketarekin. Bitxirik bat ere ez. Hau aldaketa!
Lagunak oso serioski izanik ere, ezkondu gabe zegoela esan zidan. Urte pare bat kanpoan eman zuen, orain gurasoen etxean lanik ez baina euskara ikasten jarraitzen zuen, Erriberako eskola batetan. Pozik zela zirudien.
Nire kanpoko egoera gainetik kontatu nion. Ezkonduta, ume ederra, lanik ez baina diru problema gabe. Bien bitartean adi-adi begiratzen zituen nire begi iheskorrak.
Ya se ve que vives bien. Tienes un aire erdi aristocrático, erdi hortera, perfecto.
Ez nuen gorritasun larregirik igotzen utzi, baina buruz nire itxura birpasatu nuen: larruzko gainekoa zabalik, jantzi lerrodun eta laburra erakutsiz nire koloretako galtzen artean. Belarri eta lepoko perladuna, eskumuturrean gangarra handia. Benetan erridikuloan sentitzen nintzela bere naturaltasunaren aurrean. Nire familia ezagutu nahi zuela esan zidanean intuitiboki ezetza eman nion; ez nuen nahi nire barne osoa ikus zezan.
Topaketa horretatik bi gauza behintzat argi atera nuen; bata, Begoren laguntasuna behar nuela eta bestea, euskara ikasten jarraitzeko gogoa.
Hurrengo egunean, janzkera soil batez, Erriberako euskal eskolara matrikulatzera joan nintzen.
Jose, he decidido ponerme a trabajar.
¡Vaya, por fin! Debí suponerlo. ¿Y puede saberse en dónde?
En una ikastola. Me han dado plaza para enseñar música.
Poztasuna begietatik irteten zitzaidan. Euskaraz hitz egitean beldurra sentitu arren, hizkuntza nahiko ondo menperatzen nuela esaten zidaten. Ikastoletan irakasle eta titulu falta zegoenez, nahiko erreza izan zitzaidan lanpostua topatzea. Euskara eta musika, nire bizitzako asmoak!
Joseri ez zitzaion hainbeste gustatu, baina umea nagusia zenez, ez zegoen oztoporik. Inoiz baino maitagarriago egon nintzen senarrarekin, beharbada onartu zuelako; edota gogor eta benetan hartu bainuen, ezetza ematera ez zelako ausartu.
Egoera berrira moldatzea asko kostatu zitzaidan, ez nuen umerik ezagutzen eta laster musika ikasketa soilik ez zela nahiko konturatu nintzen. Baina eratzen ziren ikastaro guztietara apuntatzen nintzen: horrez gainera ordu nahiko, metodologia liburuak irakurtzen. Zer esanik ez, ez nuela astirik ere beste gauzak egiteko, etxera heldu eta justu nire semearekin egoteko pixkat: eta gero prestatzeari ekiten nion.
Holan eta guztiz, pozik nengoen.
Irakasleek ondo hartu ninduten. Ordu horretarako nire janzkera behintzat asko samar aldatu nuen, beti frakekin eta erropa erosoa, farfaileri guztia baztertuz.
Gero eta gehiago, Jose eta biok deselkartuz goaz. Sasoi honetan nire buruari planteiatzen diot zer daukagun batera, semea ez bada besterik. Nire gustoko lana lortu badut ere, bizitza ez da horretan bukatzen, asti libretan elkarrekin gaudenean ezberdintasuna nabaritu ahal da. Ez dakit zer eskatuko niokeen hustasun hau bete zedin; su biziago maitasunean, egia handiagoa bizimoduan, asmapen gehiago egunerokoan, helburu zabalagoak etorkizunari hegira, askatasuna eta bildur guttiago bide berriak frogatzerakoan... Baina hau erabat inkonkretua da, nahia eta premia sentitu, baina zer eta nola jakin ez.
Hauxe bakarra daukat argi: niretzat Jose koloretako puxika da, kanpoko itxura ederrak estaltzen duen haize barnea.
Eta neuk, mamira jotzen dut.
Eguraldi ederra atera zen, udazkenaren sarreran geunden eta eguzki izukorra etxe bloke eta garabien artetik agertzen zen emeki. Lanik ez geneukan larunbata zelako.
Jose eta umea telebistan futbol partidua ikusten zeuden, ez dakit nortzuk nortzuren kontra, niri futbola ez zait gustatzen, ez dut ulertzen tutik ere.
¿Qué haremos esta tarde, Jose?
Telebistako zalapartak nire galdera ito zuen. Futbol tentsioa besterik ez zen entzuten.
¿Eh? ¿Qué dices? ¡Mira Beñat!, se acerca el cuatro... mira... ¡Ay! ¡Se le ha escapado...! ¡Qué lástima!
¿Ha sido córner, aita?
Alferrik zela banekien, futbolarekin ezin daiteke burrukatu. Askotan bezala, besaulkian eseri futbola ulertzeko asmoz. «Egun batetan gogoaturik ikusiko banu, zihur azkenean gustatuko litzaidakela. Oso kirol interesgarria dela esaten omen dute. Zergatik ez zaigu andreoi gustatuko...?»
Zer da «korner», Beñat?
Uf, ama! Ez dakit azaldu. ¡Mira aita, avanza de nuevo él sólo! Es un chupón.
Nire ustez jokalari guztiak berdinak ziren, guztiek berdin egiten zuten... Aharrausi luzea bota nuen, behin betiko gogait gaiztoa sentitzen nuen.
Mari Jose, mesedez, cierra un poco las persianas, que no se ve bien.
Pero... ¿Cerrar las persianas con esta luz...?
Hark ez zidan erantzun, bere begiak, eta umearenak, aparailuan iltzez josiak zeuden. Barrenkale Barrenako taberna batetan porro erretzen geundenean Anderren begiak bezalakoak ziren.
Anderri zer gertatuko ote zitzaiokeen? Porro gaian aditua zen, sarritan Ibizara zihoan salgai bila. «Chicos, tengo un talego de los buenos» esaten zuen. Arratsaldean, guztiok urduri, Anderrek patxadaz kanutoa liatu eta gero eskuz esku pasatzen zigun zeremoniaz. Hirugarren kaladan botatzeko gogoa sartzen zitzaidan eta ezin gehiago «Eres novata, pequeña. Eso se pasa con la experiencia» esaten zidan bere begiak ixten ziren bitartean.
¡Cierra las persianas!
Ander azkenaldean ikusi nuenean ez nuen ezagutu ere egin, aurpegi makal ingurutik kuskuila kizkurtuak disparatzen zitzaizkion, Santon janzkera gainean. Begiak betirako geldituak zituen.
¡Ya voy, me estáis hartando con vuestro fútbol!
Kasurik ez. Beñat txikitatik futbolzalea izatea ez zitzaidan batere gustatu; bere aita, ordea, harro zegoen.
Pertsianak bajatzera joan nintzen. Eguraldi horrekin etxean gelditzea astakeria hutsa zela pentsatu nuen. Leihotik beste leihoak, etxe blokeak, antenazko oihana eta aparkalekuak ikusten ziren. Leihoaren alboan eseri nintzen pertsianaren azpitik gauzak ikus nitzan.
Telebista iragarkiek bonbardeatu gintuzten: deterjente majikoak, konpresa estrafinak, gizonezko kolonia jasanezinak... Neska ederrak kristalezko edalontzi zoragarrietan bermuta edaten zuten bitartean. «Neuk ere edango nuke oraintxe bertan» pentsatu nuen.
«Zer egiten dut hemen honelako arratsaldean?» galdetu ondoren, atzo edo eta bihar zer? gauza bera zela konturatu nintzen. Komunera joateako eta gizon otsoaren orrubia botatzeko gogoa sartu zitzaidan, baina higitu gabe gelditu nintzen. «¿Qué tiene de malo quedarse tranquilamente en casa a ver la tele? Casi todo el mundo lo hace y nosotros somos personas normales». Ez dakit noiz, Josek esandako gauza horiek lehenagotik entzunak nituen. «Gure inguruan bizi diren bezalakoak» zehaztatu nuen nik.
Hustasunak bete ninduen. «Gehiagorik aspertzen ez banaiz astirik ez dudalako da». Baina hustasuna eta frustrazioa elkartu ziren, barregiten, nire inguruan.
Pertsianaren zirrikitutik zehar begiratu nuen, hara, mendi tontor zirriborratuak zeuden tokira.
Me voy a dar una vuelta. Igual voy al cine.
Futbol zelaiaren dunbots artean Josek entzun zidan, bere aurpegian atsedenaldi zirriztada igarri nuen.
Me parece muy, bien. Luego nos cuentas la película.
Kalera atera nintzen, eta kotxea hartu nora joan jakin gabe. Kotxea hotz zegoen. Arratsaldea ere hozten hasi zen. «Udazkeneko eguzkia gezurrezkoa da». Arrankatu eta nire pentsamenduetan guztiz abstraiturik kaleak eta semaforoak igaro nituen, hiria atzean utziz. Gero eta etxe gutxiago. Oharkabean mendietarantz nindoan.
Kotxeak eta biok gauza bat egina, berdetasuna topatu genuen. Abiaduraz hegaz egiten nuela sentitu nuen, mendi koskorrek konpainatzen ninduten, urdinak urrundik, ilunak nire aurrean zeudenean.
Bukaezineko pinadi beltzak nirekin komunikatzen ziren, zeru masa gris eta zuriek nire burua ukitzen zuten etengabeki, zein bide eraman behar nuen inposatuz zerraizkidan. Ez zegoen etxerik, gizonik, gauzarik. Natura bakarrik. Eta neu natura eginez.
Lasaitasunezko mina etorri zitzaidan.
Kontsumozko eragipenaz irrifarrez pentsatu nuen: «Berdura, izpirituaren krema hidratantea da».
Edozein bazterretan kotxea utzi eta landa leun batetan jaitsi nintzen. Gogoz belar xamur eta hezea zapaldu nuen. Aire bustiak aurpegian jo eta nire ile luzea eta gonak astintzen zizkidan bortizki. Hotza baino gauza guztiak sentituz, enbor bihurripean geldi-geldi plantatu nintzen.
Nitaz erreflexionatzea nahi nukeen, bizitzaz arrazoitzea nahi nukeen, baina ez zetorkidan Logika, sentsatzioak baizik. Nire bakardadea batez ere gogorki nabaritzen zen.
«Andreok irrati nobelak entzuten gauden bezala nago», halako batetan burutik pasatu zitzaidan, Errealitateak eta Logikak esnatu nahi zuten, halaere, fite ideia horiek nigandik atera nituen.
Gaua eta bere ingurua zetozenerako nire hustasuna bigundu egin zen, eta gorputzak bereganaturik zeukan tristura hura.
Kotxera joan nintzenean ez nintzen pertsona. Gorputza hankakin.
¡Vaya por Dios, por fin apareces! ¿Pero... se puede saber dónde has estado? ¡Vienes chorreando!
Jose esku, ile eta abotsaz egina transformaturik zegoen, amak erregalatutako setazko brusa dindilik alkondara tximur gainean.
¿Tan tarde es? sukaldeko erlojuak hamabi t'erdiak jotzen zituen. ¡Pues sí que se me ha hecho tarde!. Fui al cine y luego me he encontrado con unos viejos amigos. Hemos estado tomando unas copas y paseando.
Joseren aurpegi harrituak ezin zuen hitz egin. «Siempre tus amigos ¡Y qué amigos! ¿No puedes ser como las personas normales?» asmatu nion nire baitan.
Desgraciadamente soy demasiado normal bota nuen konturatu gabe.
Eta ohera joan nintzen.
Josek ez zuen dibortzioa onartuko. Oso katolikoa kontsideratzen baitzen, agian ezkontzaren anulazio erlijiosoa. Baina horretaz ez dugu ezer konponduko. Ez gaude, ba, aspalditik bananduta, pentsamendu eta bizimoduaz behintzat? Gure problema garratza, semea da.
Nahitaez Beñat begiratzen dut, modulozko jostailua armatzen duelarik. Amamak erregalatu zion tresneriaz kotxe izugarriak eratu eta zarata imitatuz, lasterketaz darabiltza.
Zer izango ote da berataz, ama edo aitaren faltaz?
Hotzikarak astintzen nau. Josek ez luke inolaz ere seme gabe gelditzea permitituko, legea ez da nire aldean izango zeren ez baitago arrazoirik etxetik semearekin irteteko. Ez, egia da, kanpoko begietaz ez dago zergatirik baina barnetik Jose eta biok guztiz ezberdinak garela egia hutsa da.
Behin eta berriz gauza bera errepikatzen nion nire buruari; behin eta berriz zalantza beltza; behin eta berriz aukera berdina: semea nagusitu arte elkarrekin egongo ginen guztiok. Beranduegi izan arren.
Nire nortasuna garraztatzen ari zelarik, Jose nitaz bete eta Beñatekin amaren etxera joan zedila, beldur nintzen. Berarekiko sexo-harremanak jasanezinak izanik ere, pairatzen nituen, erabat desesperaturik.
Musika, hizkuntza eta lanak ez ziren nahiko, depresio'eta hustasunek urraturiko zauriak betetzeko, ezta Begoren laguntasuna ere. Guztien aurrean nengoenean beti maskara batez disfrazaturik nindoala, suposatzera heldu nintzen. Eta nire logelako bakardadean semea, senarra, neskamea, lagun guztiak urrun zeudelarik maskara kentzen nuen, minez.
Momentu honetan gelan bakarrik nago eta nahi dudana egiten dut. Momentu honetan ahal dut, bakarrik, egin nahi dudana. Astiro, minez, maskara askatzen dut. Nire eguneroko koraza apurtu egiten dut. Azkenean.
Mediku batek operatzen duen bezala, bisturiz giza-okela ebaki eta barneko guztiak kanpora atera, presioz, hatsaz.
Zauri gorra sentitzen dut barrenean. Urdailetik ahora igoz, eztarrian gelditzen da. Buruan ez dago oraindik. Hutsa. Hutsaren mina. Besterik ez. Kotxe zaratak amatatu dira, edo behintzat ez ditut entzuten. Gelditzen diren txori apurrek zeharkatzen dute zeruburua. Polizi-sirena zaratek eguzki izpiak dardaratu erazi dituzte. Inguruak mugatzen nau, baina fisikoki. Orain burutik espazio ikugaitzetara ihes egingo dut. Libre! Libre?
Koittadua! Libre izatearen prezioa oso garestia da. Baina oraindik ez nekien.
Ez dut nahi sakontasunaren barrea entzun, ezin dut. Minutu bat, bat soilik behar dut. Gero berriz kalera, ikastolara, semea datorkit, ama, amaginarreba, neskamea, atezaina, dendaria, ... eta Jose.
Norbait dator. Arineketan maskara jarri behar, koraza. Ez dut astirik. Kareta dindilixka dago eta koraza muntatu gabe. «¡Ya voy! ¡Ya voy!».
Zer gertatzen zaizu, andereño? Oso arrarua zaude. Eta hotza. Ez zaude ondo?
Carlosen begirada harritua, begi urdinak nigan hunkituz, tintaz zikindutako esku txikian papera zintzilik.
Ez, maitea. Ez da ezer. Hoztu egin naizela edo. Zer dakartzu eskuan?
Musika entzuterakoan olerkia egin dut. Hona hemen.
Eta idazkera okertuaz, ortografia faltaz beterik, baina euskaldun zaharra denez, hizkuntza onaz, bere ametsa erakusten dit. Dardaraka hartu eta irakurtzen dut:
«Udaberria jaio
kulun-kalera
lorez estaliriko landa
egun berean.
Uda heltzen da:
hondartza, harea
eta arboletan fruta
hoberen eraz.
Udazkena zahartu.
Landaturikoa,
Natura eta gizona
bukatzera doa.
Badator negu beltza
euria, ekaitza,
gelditzen den apurra
dena heriotza.
Jaio, heldu, zahartu,
hil lau sasoiak dira.
Hasi, lortu, galdu, ezin
gizonaren bira.
Baina ni
azkarra naizenez gero
ez naiz horretaz makurtu.
Naturari tranpa egin
eta mendia bihurtu.
Mendiak betidanik
inoiz bukatu gabe
tontorretan bizi dira.
Ze poza, gizonak bizi
mendiak izan bailiran!»
Zur eta lur utzi nau mutilak. Umearen pasadizu primitiboarengandik edan dut, duda gabe, nire bizitzaren oroipena. Natura eta giza-zikloaren paretasuna betidanik gizonarengan datza, hortaz, intuitiboki hartu dut nirea ere.
Erabat galdurik, garbira pasatzeko agintzen diot, gero eman diezadan. Aldi madarikatu hau etetzeko nahiean, nekatuak ote direla suposatu erazten diet, eta «stop» tekla jotzen dut ezer gehiago gaberik.
Protestak. Beste halakoetan harro sentituko nitzatekeen, baina oraintxe ez.
Jope, ezin dut amaitu nire lana, sasoi bat falta da eta.
Egia da, ande. Zergatik ez dugu bukatzen, e?
Beste egun batetarako utziko dugu negua.
Ba, orduen, ez du pegatuko ezer. Negua solterik...
Nire koldarkeriaz lotsatzen naiz. «Gertatutakoa errealitatea da, eta hauxe da dugun bakarra» pentsatzeaz, ea indartzen naizen, baina alferrik. Haientzat ezagun eta maitagarri den kantaren bila noa. Haritzek, lotsagabeki, eten egin nau.
Hori gero, ande. Gero kantatuko dugu. Lehenengoz negua entzun nahi degu.
Bere begietan desafioa irakurtzen ari naiz. Bizitzaren desafioa. Ezer esan gaberik, «play» jotzen dut berriro.
«Bien!! Ondo!!» entzuten dudan bitartean burua bueltatzen dut, nire malko izukorrak ikusi ez ditzaten.