Aurkibidea
BEZPERA
HEMEN NAUKAZUE
BEILA
GOIZEAN
Aurkibidea
BEZPERA
HEMEN NAUKAZUE
BEILA
GOIZEAN
BADAKIT
Mundualdi zentzatzaile oso baten ostean
konformidadera bezatutakoen
ilaran egin dugu topo,
probetxuzko dotorezia daramagu jantzita,
zuk grisetan,
nik urdinetan
Etsiki eutsi diogu
elkarren begiradari,
irribarrearekin mozorrotu ditugu
kiste egindako penak
Ahoskatu gabe,
ahotsik gabe,
mutu,
hau guztia esan dizut:
Gogoratzen duzu nola jolasten ginen amazonetan?
Nola eranzten genituen blusa loredunak
eta azpiko elastiko lixibatan zurituak?
Nolako kilika sentiarazten zigun haizeak
oraindik azal eta hezur ziren titi puntetan?
Nola zamalkatzen genuen etxe atzeko orube porlandua
behor basati eta azkarrenetan?
Nolako gogoz egiten genuen irrintzi?
Nola oldartzen ginen menderatu
nahi gintuen edonoren kontra?
Nolako ausardiaz jaurtitzen genituen geziak
noranahira
indartsu eta aske
plazer hutsez?
Gogoratzen nola kiskaltzen ginen eguzkitan
lanbrotan blai?
Are, erregutu dizut:
altxa,
etorri,
goazen berriz!
Baina badakit zure belarri
ardurek sorgortuetara
ez dela sartu
segurtasunak eztarrian ito didan
hitz horietako bakar bat…
eta badakit
nire otoitz mutua,
tarteka,
burrunba bihurtzen dela zure erraietan