Aurkibidea
BEZPERA
HEMEN NAUKAZUE
BEILA
GOIZEAN
Aurkibidea
BEZPERA
HEMEN NAUKAZUE
BEILA
GOIZEAN
IKUSI
Ez, begiratu ongi,
ez naiz begitarte maskaldu hori,
makillajea
ezpain ertzeko erroitzean
erdoka,
adatsa errauts,
sorbaldak zama,
beso-zangoak korapilo,
urdaila garratz,
sabela lehor
Ez, ez dira nireak
helbidez okertzen ez diren urrats zehatzak,
praka beltzak, jertse beltza, beroki beltza
(eta beti arrastaka poltsa,
egunerokotasunera aingura:
karnet, diru, txartel, giltza, parazetamol,
kleenex, valeriana, begietako arkatz,
umeen toallatxo, kolpeentzako ukendu,
galleta, agenda, tirita, telefono...
bizimoduaren containerra)
Ez, ez,
begiratu ongi, ez dira nireak
ihesari iheska dabiltzan urrats neurtuak,
hitz zuhurrak,
keinu eutsiak,
ez dira nireak kalkulua eta antolaketa
Begiratu, begiratu ongi,
eta ikusi...
Ikusi nola nabilen oinutsik belarretan,
ez helburu eta ez helmuga,
nola amiltzen zaizkidan kizkurrak sorbaldan behera,
zeinen urtsuak ditudan ezpainak,
jostariak begiak,
biribilak bularrak,
hegalariak eskuak,
iheslariak oinak
Ikusi nola bustitzen zaidan soineko zuria olatuetan
axolagabe,
nola kresalak marrazten didan azal goria
pinporta zuriz,
nola egoten naizen inurriei begira,
sugandilekin etzanda eguzkitan,
nola jaten ditudan masustak eta pikuak,
nola lehertzen naizen algara malkotan,
nola esku hutsik noan
Ikusi,
ikusi nola kantatzen ditudan erraietako doinuak
arbolen gerizpeetan,
haitz muturretan,
taberna zaharretan,
eta nola aterpetzen ditudan
naufrago alderraiak nire magalean
(hara, lur usaina du nire izerdiak)
Ikusi,
ikusi nola ez dudan beldurrik...
Ikusi...