Aurkibidea
BEZPERA
HEMEN NAUKAZUE
BEILA
GOIZEAN
Aurkibidea
BEZPERA
HEMEN NAUKAZUE
BEILA
GOIZEAN
MUGA
Etxera itzultzeko bidean
topatu zaitut,
espaloi berean
Ihesa irakurri dizut
kalea fosildua zaizun
azazkaletako ugerrean
Jende eredugarriarena egin dut:
diruzorroko xeheetan
txanponik handiena apartatu,
tetrabrikezko kutxatxora bota,
leun,
zure aurrean belaunikatuz,
irribarrea eskainiz
Ihes egin dizut, ordea:
arnasari eutsi diot
aldendu naizen arte
larrumintzeko tolesetan pilatuta
igarri dizudan
izerdiodoltxizakakalistuzorneen
hatsarekin okatzeko beldurrez
Hankartea uzkurtu
eta goizean orbangabe jantzitako
kulero zurien ferekan
bilatu dut antidotoa
Ihesa irakurri dizut,
ihesean noakizu
itzulerako bidean,
zure ihesa pentsakizun:
adio esan ote zenuen, esan ote zizuten,
inork hartzen ote zaituen faltan,
atzera begiratu ote zenuen atea gurutzatzean
Itzulerako bidean
ihesa:
non hasi ote zen zurea,
amaitu ote den nirea