Aurkibidea
BEZPERA
HEMEN NAUKAZUE
BEILA
GOIZEAN
Aurkibidea
BEZPERA
HEMEN NAUKAZUE
BEILA
GOIZEAN
ZORIONA
Merkataritza zentroan
gertatu zait errebelazioa
kosmetika bio, organiko eta ez-kutsatzailean
espezializatutako saltoki
berri eta zen-ean
begi ondoko zimurrak lisatzeko seruma
edo kokospeko okelak irmotzeko ukendua
zein lehenetsi
erabaki ezinik nabilela,
orduantxe ailegatu zait memea,
whatsappez,
eta argi ikusi dut Argia:
Zoriona
(eskuin zein ezkerreko politikarien
agindu programatikoa,
aberrigintzaren zutabe berria)
ez dute gaztetasunak eta edertasunak ematen
ezta diruz eros daitezkeen
gainerako zirtzilkeriek ere
Zoriona
ez baitu ezerk ematen
Zoriona
nigan baitago
Zoriona
neu bainaiz
ni
ni neu
Bentrilokuoaren panpinak
bezain arin errezitatu ditut
meme mandamentuak:
Zoriona da
daukadanaren gainetik ni naizen hau preziatzea
Zoriona da
trukean ezer jasotzeko asmorik gabe asko ematea
Zoriona da
unean unea bizitzea gerokoaz kezkatu gabe
Zoriona da
beldurrak, nahiak eta itxaropenak eranztea
Arima berriturik
abiatu naiz mundura,
aingurak itzulikatuta,
biluzik:
ez dut hartu ez begietarako serumik
ez kokosperako ukendurik
titiak teinkatzeko olioa bakarrik
—baina hori must bat da—
Errebelazioa lankideen
whatsapp taldera berbidali dut,
kuadrillakora,
eskolako amenera,
sindikatukora
eta Lucianari,
konketa ertza hobeto garbitzeko
mezuarekin batera
Zoriona
opa diet