Sinplistak
Sinplistak
2012, poesia
120 orrialde
978-84-92468-42-3
azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2021, poesia
2008, poesia
 

 

HOGEITA BAT PROLETARIO

 

 

Gure belaunaldiak ez du amestu ere egiten

klase ertaina izatea. Gurasoek baino papergintza

maila altuagoarekin nomina murriztua

eta diru-sarrera ezegonkorrak izango ditugu.

 

Gure belaunaldiak ez du alienazioa suarekin

konpontzeko zilegitasunik: ez ditu ez bat-bateko

insurrekzioa ez bortizkeria mitikoa praktikatuko,

ez kutxazainen ez enpresaburuen aurka.

 

Gure belaunaldiak ez ditu emantzipazioa

edo erreakzioan esku laua edo ukabila

hodeietara altxatuko, ez ditu haizatuko

armiarmak, elefanteak edo mailuak.

 

Gure belaunaldia ez dute droga hilkorrek

aurretik eramango. Ez dugu epikarik,

bidaia iniziatikorik, proiekturik, errebeldiarik.

Mediokreak gara, Alderdi Ekologistaren aginduz

 

geure anai-arrebak Afganistango gudan

hiltzen ditugunean. Mediokre nahi gaituzte,

Duisburgen hiltzen gaituztenean tankerik ez den

desfile batean. Gure musikek ez dute hitzik.

 

Ez da 2010a proletarioek Verdi

    abesten dugun garaia,

ez da 2010a Wagner barrikadetan

    langileekin dabilenekoa,

ez da 2010a komunetan Beethoven

    kantatzen denekoa,

gure musikek ez dute erritmorik

    binario alienatutik landa,

gure jaiek ez dute zoriontasunik eta tristeziarik,

gure jaietan ezin da dantzatu, ezin da lardaskatu,

ezin da narkotikorik kontsumitu, gure jaietan

ezin da jendea ezagutu, ez dago geuretzako lekurik.

 

Mediokre nahi gaituzte eta guk

airerik gabe gelditu arte nahi dugu maitatu.

Zabortegiko hitzen gose gara eta

ezagutza errondan arduradunak identifikatu ditugu.