Aurkibidea
BAT
Terrorista suizidak ginen biok baina neuk bakarrik leherrarazi dut neure burua
Ni neu naiz nire aukera kaskarrena
Interludioa
BI
Psikologoa eta poeta eta Pertur
Gaur goizeko poema saialdiaren kontaketa zehatza
Jasaten ez ditudan elkarrizketak
Interludioa
"Hemen hobeto gaude" diotenen kontra
HIRU
Masturbatuaren galderak bideo pornoaren ostean
Aurkibidea
BAT
Terrorista suizidak ginen biok baina neuk bakarrik leherrarazi dut neure burua
Ni neu naiz nire aukera kaskarrena
Interludioa
BI
Psikologoa eta poeta eta Pertur
Gaur goizeko poema saialdiaren kontaketa zehatza
Jasaten ez ditudan elkarrizketak
Interludioa
"Hemen hobeto gaude" diotenen kontra
HIRU
Masturbatuaren galderak bideo pornoaren ostean
DENONTZAKO EGUNKARIA
Prentsa aske bat sortu nahi dugu —eta sortuko dugu—;
askea ez soilik zentzu poliziakoan, baita arribismoetatik
eta, are, indibidualismo anarkiko burgesetik askea ere.
Lenin
Iruñerriko Hitza egunkariko zuzendariaren
maitalearen bizilaguna zen U behatzailea.
1993an sortu zenetik Iruñerriko Hitzaren
goiburu eta filosofia bi hitzetan sintetizatzea
lortu zuten: Denontzako egunkaria.
Hain zen garrantzitsua leloa ezen
izen ofizialtzat ere hartzen baitzuen askok:
Iruñerriko Hitza, Denontzako Egunkaria.
U behatzaileari sinestezina iruditzen zitzaion
«Nola da posible denontzako ezer egitea?
Kantina berdinzaleenean ere ezin da kafe bera
atera langile guztien dastamen papiletarako».
Txantrea behe-lainoak jota zegoen batean
Iruñerriko Hitza egunkariko zuzendaria
maitalearen etxetik irten zen makur antzean.
Ezker-eskuin begiratu zuen konpetentziako
paparazziek ez zezaten pixel bilduma bihur.
U behatzaileak Iruñerriko Hitzako zuzendaria
ikusi, espartinak jantzi eta korrika jo zuen
bere atzetik. Izutu egin zen zuzendaria.
—Nor zara!
—Zu Iruñerriko Hitzako zuzendaria zara, ezta?
—D jauna naiz, bai. Zer nahi duzu?
—Egun on, D jauna. Kontutxo bat. Ezin dut ulertu nola zuena bezalako egunkari aurrerakoi batek baietsi dezakeen denontzako egunkari bat egiten ari dela. Egun batean 168 langile kaleratu dituen Inasako burua elkarrizketatu duzue herabeki. Eta biharamunean kaleratutako langileen sindikatuko ordezkaria elkarrizketatu duzue espazio berean neutraltasun tonu berarekin. Eta handik bi egunera langile horietariko baten andrea elkarrizketatu duzue Inasaren buruarekin izan zineten bezain atsegin.
—Bai, hala da. Hori da Iruñerriko Hitzaren filosofia.
—Baina badakizue JS aktore ospetsuari hiru orri eskaini dizkiozuenean ez duzuela deus ere esan egun horretan bertan Nafarroako antzezleku txikietan egiten ari diren antzezlanei buruz. Beraz ez dago distantziakidetasunik JSren eta Nafarroako antzezleku txikietako gidoigileen, aktoreen eta ikusleen artean.
—Ados. Baina hori ez du Iruñerriko Hitza, Denontzako Egunkariak erabakitzen. Nor den handi eta nor den txiki ikusleek erabakitzen dute.
—Barkatu. Uste nuen egunkari aurrerakoia zela Iruñerriko Hitza.
—Eta hala da. JS eta jende handia aurrera eramatearen aldekoa da Denontzako Egunkaria. Agian aurrerakoitasun mota hori dugula ez dugu esaten. Hautapen naturalaren aurrerakoitasuna.
—Tira, agian lan handiegia da egunero denontzako egunkaria ekoiztea. Eta horregatik, azkenean, jende handiarena da Iruñerriko Hitza.
—Bai, jauna. Lan handia da Iruñerriko Hitza denontzako egunkari egitea. Erredakzioan sail berezia sortu genuen orain bost urte. Sail horretan lau behargin daude. Beharginen helburua zehatza da: txikiek handien aurka eginiko erasoen identifikazioa. Modu sofistikatuenak aurkitzen dituzte. Handien Defentsarako Saila deitzen da. Beharginak oso jantziak dira. Gerta dakiguke zutabe ziztrinenean, normalki txepelkeria biografikoak kontatzen dituen horietako batean, ezkutuko erasoren bat egotea. Ez dugu Txikien Defentsarako Sailik sortu behar izan. Txikiek handiak bai, baina handiek ez dute txikia kolpatzeko joerarik. Jelosia izango da. Begira, esaterako, Lautadako Albistarian ez dute lan hori egiten. Jende handiaren aurkako artikuluak argitaratzen dituzte. Ez dute ongi bukatuko.
—Ez dakit ongi bukatuko duten, D burkidea. Egun ona izan dezazula.
—Baita zuk ere. Eta ez ahaztu Iruñerriko Hitza, Denontzako Egunkaria —begia kliskatu zion D jaunak.
Hiru kale igaro behar izan zituen
U behatzaileak atzera etxera itzultzeko.
Hotz egiten zuen. Dar-dar egin zuen.
U behatzaileak argi zeukan: hankabikoen %1
aberastasunen %44aren jabe zen lekuan
denontzat lan egiten zutenak laguntzea
lepoen %80aren gainean
uztarria ipintzearen aldeko jarrera zen.
Posta-kutxatik Lautadako Albistariaren
eguneko alea atera zuen.