Bulkada
Bulkada
2010, poesia
120 orrialde
978-84-92468-25-6
azala: Oihana Leunda
Jon Benito
1981, Zarautz
 
2001, poesia
 

 

SOLARIS

 

 

Nekeak babesgabe harrapatzen duenean,

joandakoaren mamua etortzen zaio bisitan

denbora eta distantzia gaindituta.

 

Memoriaren ateak zabaltzen ditu

eta min-haizeak barruak irakurtzen dizkio

zauri zaharrak gaiztotzeraino.

 

Biharamunaren zain,

ezagutzen dituen jendeak ikusten ditu

eta inoiz zeharkatu zituen bideak.

 

Gaua ilun da kanpoan,

hor zehar galdu da loa.

Denbora batean ez da etorriko.

 

Beste mutil batzuen besoetan irudikatu zaitu.

Sabeletik estutzen zintuen lotarakoan

eta besoaz titiak igurzten.

 

Zure zilbor etenaz oroitu da

eta zakiletik heltzen zioten

esku-ahur handi haiez.

 

Gogo txarrez masturbatzen hasi da

zeurearen antzeko larruekin fantaseatuz.

Ohea utzi eta telebista piztu du:

 

hontzentzako albistegiak,

luze doan tenis partida,

iragarki merke batzuk.

 

Egongelako leihotik

Donostiako argiak asmatzen dira,

kotxe bakanen bat autobidean.

 

Atzera ohera itzulita,

besoak buru azpian jarri

eta loa ehizatu nahian

 

erlojuaren seinalearekin

amorruz itxi ditu begiak:

«Lau ordu eguna argitu arte».

 

Zuk hartu ohi zenuen aldera jiratu,

han ote zauden haztatu eta

inoiz itzuliko zaren pentsatu du,

 

barruei arnasa eman,

baraila mindu arte hortzak estutu

eta bere bihotza entzutera gelditu da.