Bulkada
Bulkada
2010, poesia
120 orrialde
978-84-92468-25-6
azala: Oihana Leunda
Jon Benito
1981, Zarautz
 
2001, poesia
 

 

GINENEAN

 

 

Gu Imanol, Asier eta Nerea ginenean

gure muga zen gure indarra

eta aitaren ogibide bera izan nahi genuen.

 

Auzoko ume izatea,

erreketan frantses jana harrikatzea,

fabriketako hondakinekin etxola egitea.

 

Gu Ekaitz, Migel Anjel eta Andoni ginenean

hodeiak patriketan sartzen saiatzea

eta «besteak ala gu!» harrotzea.

 

Emeek galtza azpian zutena asmatzea,

gauean begiak erre arte irakurtzea,

inoiz gehiago azkenak ez izatera jolastea.

 

Gu Haritz, Gorka eta Eneritz ginenean

maite genuena galkorra zela

eta helburu genuena amets.

 

Nonbaitekoak ginela sinestea,

norbaitekoak ginela ulertzea,

zergatik ote zen pentsatzea.

 

Gu Gari, Jurgi eta Iñaki ginenean

nahia ez dela ahala

eta bideak behar duela oztopo.

 

Bilatu gabe ez dela aurkitzen,

erori gabe ez dela zutitzen,

sentitu gabe ez dela bizitzen.

 

Gu Mikel, Aitziber eta Gartzen ginenean

mundua kartzela dela

eta kartzela mundu.

 

Preso ez dena ez dela libre,

baina preso dena ere ez dela aske,

biharko egunkarietan zuen izenak irakurtzea.

 

Gu Aina, Xabier eta Ibon ginenean

galtzea eta galtzea

porrotaren poza eta zorionaren negarra.

 

Eta ondo ulertzen ez diren hitzak

azkeneraino zaindu beharraren garrantzia:

maitasuna, errespetua, mina.