Aurkibidea
EZIN AHAZTU NOR NAIZEN
AZKENAK IZATEA
Libre izatea ("Y" belaunaldia)
Bi aulki eta mahai bati begira
PAPEREKO LAGUNAK
Vladimir (Maiakovskiren poema batean)
Lau post-it 21. mendean poema liburu bat idazteko
GEZUR ETA HARAGI
BARRURANZKO BIDAIA
ATZERA LUR HARTZEN
KOORDENADA BERRIAK
Aurkibidea
EZIN AHAZTU NOR NAIZEN
AZKENAK IZATEA
Libre izatea ("Y" belaunaldia)
Bi aulki eta mahai bati begira
PAPEREKO LAGUNAK
Vladimir (Maiakovskiren poema batean)
Lau post-it 21. mendean poema liburu bat idazteko
GEZUR ETA HARAGI
BARRURANZKO BIDAIA
ATZERA LUR HARTZEN
KOORDENADA BERRIAK
WILDER SHORES OF LOVE
Kontra datorren haizearen bandera dira zuen aurpegiak.
Eskuturra jiratzen du motorraren abiadura bizkortuz.
Hegan egitetik hurbilen egongo zaren eguna izango da.
Gerritik estutzen duzu bihurguneetan errazago etzateko.
Zure titiak bizkarrean igartzen ditu
eta zezen harro bat sentitzen da.
Bidegurutzean gora hartu duzue,
eguzkiari jarraika, mendebalderantz,
han zerua, egunaren azkenetan, distiratsu baita.
Bere sorbaldan okotza bermatu eta,
bide-babesetik landa, mendi malda ikusten duzu;
beherago itsasoraino heltzen den mundua.
Inor ez dabil.
—Pentsua garraiatzeko kamioiek eta
baserritarrek besterik ez dute erabiltzen bide hau.
Non zaudeten galdetuko balizute
ez zenuke jakingo mapan jartzen:
etxetik urrun, norbaitengandik gertu.
Atzean zuhaitzak eta errepidea
eta mulko pilo bat besterik ez,
erreferente eta loturarik gabe.
Eskua luzatu duzu haizetara
ia hostoak ukitzeraino.
Barruek arnasa hartu dute.
—Ondo zoaz?
Laster ilunak bildua,
senaren manatuetara utzia.
Errepideak asfaltoa galdu du,
karezko segida ere amaitu da,
higatuaren markak jarraitzen dituzue
kargaleku zahar batera ailegatzeko.
Harrizko soilgunea du atarian.
Motorra galgatuta, ingurua mutu da.
—Alice Munroren ipuin batean
antzeko zerbait gertatzen da...
baina Ameriketako Estatu Batuetan.
Zubi bat zeharkatzen dute gauez pick-upean
eta etxaldearen kanpoaldeko urmael ilun batean
izarren islari begira geratzen dira.
Non bikoiztuta ikusi behar dituzue zuek
ez bada elkarren begietan?
—Ipuina nola amaitzen den jakin nahi duzu?
Eskua eman dizu eta, motorretik aldenduta,
soilgunetik aurrera eraman zaitu oinez.
Esku bat da, esku bat besterik ez. Momentuz.
Mendian zulo eginda, sasiekin estalia,
gaurik luzeena baino ilunago,
harrobi zaharraren galeria.
—Zer dago behean? —Ezer ez!: ez lur ez ur...
Hondakinetatik hartutako harri bat bota eta
sakonak oihartzun egin gabe erori erori erori da.
Besoa pasa dizu sorbaldatik,
bizkarreko desertuan behera eskua.
Begiak itxi dituzu.
—Ziur zaude ez dagoela ezer?
Bere barruetan zure hitzek ere ez dute kolpe egiten.
Baina jausi da.
Berriz giltzari ematean
eztul egin du motorrak,
etorriko denaren mehatxu.
Oinak airean, barrua bero,
eskuekin bihotza laztantzeko asmoz
inguratu duzu atzealdetik.
Bidegurutzean ez du zalantza egin
eta barruan duzun iparrorratzak
galdu egingo zaretela esaten dizu.
Behera jarraitu duzue ausaz.
—Esadazu nik sentitu dudana
sentitu duzula zuk ere.
Motorrari gehiago eskatzen dionean eztul egiten du.
Gau da, ilun da, bihar da.
Urrun zaudete, baina zerbaitetik gertu.
Motorra zamatuta joan beharko du gero,
baina sekulako plazera da
behera bultzatzen zaituzten erorkizun hau, ezta?