Aurkibidea
EZIN AHAZTU NOR NAIZEN
AZKENAK IZATEA
Libre izatea ("Y" belaunaldia)
Bi aulki eta mahai bati begira
PAPEREKO LAGUNAK
Vladimir (Maiakovskiren poema batean)
Lau post-it 21. mendean poema liburu bat idazteko
GEZUR ETA HARAGI
BARRURANZKO BIDAIA
ATZERA LUR HARTZEN
KOORDENADA BERRIAK
Aurkibidea
EZIN AHAZTU NOR NAIZEN
AZKENAK IZATEA
Libre izatea ("Y" belaunaldia)
Bi aulki eta mahai bati begira
PAPEREKO LAGUNAK
Vladimir (Maiakovskiren poema batean)
Lau post-it 21. mendean poema liburu bat idazteko
GEZUR ETA HARAGI
BARRURANZKO BIDAIA
ATZERA LUR HARTZEN
KOORDENADA BERRIAK
DURDUZATU NINDUTEN LAU EGUN
1
Hamahiru urte nituen
bi gorpu-hezurren
aurkikuntzaren berri eman zutenean.
Foya de Coves, Busot, Alacant.
1995eko martxoa. Kare bizia.
Informe toxikologikoaren arabera
Lasa eta Zabala izan zitezkeen.
Ez nituen ezagutzen eta hala ere
ezin askatuzko zerk lotzen ninduen eurekin?
2
Beste herri batean beste garai batean jaio izan banintz
zer zentzu ote luke Kortaturen kantuan abesten genuen
estoy metido en una causa perdida hark?
1995eko apirila. Lehergailu bat
eskuetan zerabilela hil zen
Eduardo Lopez polizia
Guardia Zibilaren Endarlatsako kuartel zaharrean.
Egunkariko argazkian
zulo bat ageri zen horman.
3
Maiatzean egin nituen hamalau
urrutiko intxaurrak ez ziren lau.
Madrilgo Carmen kalea. 1995eko ekaina.
60 kilo amosal eta samin hotsa.
Ehun metro harago, Callao plazan,
Jesus Rebollo udaltzaina hil zen
eztandak jaurtitako burdina puskak jota.
Ezagutzen nituen askatasunaren esanahi guztiak?
Non zegoen beste
aldean jartzen ninduen marra?
4
Izan naiteke libre bestearen aurka?
Zer dio amorruaz justiziak?
Udaberriaren azkeneko izkina hautsia.
Hondarribiko aireportua.
Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren
senideen kontra oldartu zen Ertzaintza.
Manifestazioa deitu zuten biharamunerako.
Zerbait gertatzen zen hor kanpoan
eta erantzunen bila ari zitzaizkidan galderak.
Denbora luzez iraungo zidan
sukar baten lehen beroak ziren.