Aurkibidea
EZER GERTATU EZ BALITZ BEZALA
Itsasadarrera bota zuen bere burua,
hiria laztantzen duten ur beltzetara,
gaueko ordu txikietan
inguruko tabernaren bateko komunean
sudurrak zurituko zituzten aldi berean,
inguruko zubi aldean
sama eta beso ubelduak zulatuko zituzten aldi berean,
eta tabernetako barretan
zurrutadak, musuak, bafleetako erritmoak eta
berba ozen zein leunak esango zituzten aldi berean.
Mareak Zorrotzaurreko bazter abandonatuetaraino jaitsi
eta handik gutxira berriro igo zuen itsasadarrean gora,
maiteminduen mihiak olgetan zeuden moila zaharreraino,
gurpil gastatu eta zulatu baten antzera.
DYAkoak etorri ziren,
argiak eta sirenak garrasika,
eta munipak kotxe bitan,
besteak baino lasaiago,
aho zabalka, logura begiradetan.
Jende zirimola inguruan, ur beltzei begira, berbetan:
«Ura ez dago esaten duten bezain garbi».
«Gure aititek hemen ikasi zuen igeri egiten».
«Aurten angula gutxi sartu ei da».
«Polita izango da Txinbito horretan gauez nabigatzea, ezta?».
«Horiek potroak halakorik egiteko!».
Potroak baino, pentsatu nuen, mina,
min itzela harena,
ondoko leiho batean
Cesaria Evoraren ahots gozoa entzuten ari zela.
Handik gutxira hilotza atera zuten uretatik,
eta jendea sakabanatu egin zen
tabernetarantz, etxetarantz,
lasai, berbetan,
ezer gertatu ez balitz bezala.