Aurkibidea
UDAZKENA
Asun, hirurogei urteko emakumea,
hiri honetako zuhaitzen hostoak
zelan jausten diren begira.
Asun, hirurogei urteko emakume
oraindik oso ederra,
bere udazkenean.
Gizonik topatzeko
ez zenuen momenturik izan?
galdetu diote hainbatetan,
eta irribarre triste batez
ezetz
erantzuten du halakoetan.
Asun, hosto jausiei begira,
bere oroitzapenetara bildu da,
eta bihotz minez gogoratu du
ez zuela une egokia topatu
Begori
maite zuela esateko,
ez zuela adorerik izan
Begoren
ezpainak musukatzeko.
Asun,
hosto jausi berriei begira,
bere udazkenean.