Aurkibidea
LA NAJAKO ARKUPEETAN
La Najako arkupeetan,
rastroa egiten zen arkupeetan,
koltxoi zahar, zikin, urratu eta zulatuak,
eta jonkiak eta etxebakoak,
eta mozkorrak eta gerobakoak,
batzuk isilik, mutu,
garrasika beste batzuk,
batzuk hilak baino lasaiago,
beste batzuk, berriz, dardaraka,
zementuzko zoru hotzetik
nekez altxatu,
nekez pauso batzuk eman
eta berriro nekez etzaten direnak.
Eta kaioak itzulinguruka,
euren gainean zalantzan,
mokoka hasiko ote zaizkien
azokatik botatako arrain ustelduei
ala La Najako arkupe horietan
biltzen diren giza hondarrei.
Ohol kraskatuak itsasadarrean,
mareak dantzan ibilitakoak,
ez dira auskalo nongo kostetan
naufragatutako ontziren batenak,
hori poeta ezin itsuago batek baino ez luke ikusiko.
Itsasadarreko ur lohia
La Najako arkupe horietan
biltzen diren giza hondarren ispilu bihurtua.
No future! ez da batzuentzat modaz pasa.
Herioski bidaia agentziak
doan antolatzen du
La Najako arkupeetan biltzen diren
giza hondarren patua.