Bilbo dub kronikak
Bilbo dub kronikak
2004, poesia
88 orrialde
84-95511-65-7
azala: Paddy Rekalde
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2006, nobela
 

 

NORA DEIKA?

 

Turistez jositako zubia zeharkatu zuen, astiro,

joan-etorrian zebilen jende oldeari erreparatu barik,

ezer espero ez duenak bezala,

denborari gupida barik barre egiten dionak bezala.

 

Beroki ilun eta zarpailtsu bat,

gerri aldean soka mehe batez lotua,

txandal praka koadrodunak hanketan

eta behatzak agerian uzten zituzten zapatilak.

Erosketak egiteko karro gurpildun gainkargatu bat,

plastikozko poltsa pare bat

eta itsasadarretik zetorren haizeak

alde batetik bestera inarrosten zituen

bere adats urdin eta kirrutsu haiek.

Hura guztia zebilen berarekin batera.

 

Begirada?

Esan dizuet,

ezer espero ez duenarena.

 

Jende zirimola hartatik igaro eta

zubi osteko telefono kabina batean sartu zen,

ni nengoen lekutik bi metrora edo.

Telefonoa hartu eta belarrira eraman zuen,

dirurik sartu gabe,

zenbakirik markatu gabe,

eta berbetan hasi zen

burua kristalean jarrita,

begiak bilduta,

irribarre bortxatua ezpainetan.

 

Nora deika?,

zeru aldera?

ala infernu aldera?